Daniel Udalaitz
TXANPONA
Abuztua, berriro ere, etorkinen hilabetea izan da. Bi mila etorkin inguru Marokoko kostaldeetatik Espainiara igaro dira pateretan eta beste batzuk, dezente, bidean hil dira. Gose grebak, atxiloketak eta poliziaren errepresio basatia etengabeak izan dira Espainiako Estatuko leku anitzetan. Hego Euskal Herria ere etorkin ugariren helmuga bihurtzen ari da (arabiarrak, errumaniarrak, asiarrak). Denek gosetik aldendu nahi dute eta paradisutzat jotzen duten Europarekin egiten dute amets, nahiz eta asko hemen esplotatuta eta baztertuta bizi diren. Beste batzuk hemen hiltzen dira.. Pasa den astean Bilbon segika zuen poliziatik ihes egiten saiatzen ari zela hil zen gazte aljeriarra kasu; antza denez auto batean lapurtzen ahalegindu zen. Gaizkile bat bezala hil zen. Gaizkilea al zen benetan? Aljeriarra zenez, etorkina, inork ez du bere heriotzan interesik agertu eta inork ez du ikerketarik eta erantzukizunik eskatu. Etorkinari ez zaizkio soilik lan eta hiritar eskubideak urratzen. Praktikan, bere heriotza ustezko gaizkile moduan justifikatzera iristen dira. Horren ondorio da Bilboko heriotz hau estali duen isiltasuna
Jose Luis Urrusolo euskal presoa estraditatu dute Espainiara Frantziako espe-txeetan ia bost urte espetxeratua egon ondoren. Baltasar Garzonek hartu zion deklarazioa Entzutegi Nazionalean eta Soto del Real espetxean gartzelara-tzeko agindua eman zuen. Hamaika sumario ditu irekita Entzutegi Nazionalean.
Milagros Rubio Batzarreko foru parlamentariak jakinarazi duenez, Batzarre urruti dago Batasunatik eta, aldiz, gertu Aralarretik; talde politiko biek antzekotasun ugari dituztela zehaztu du eta datozen hauteskundeetarako talde biak elkarlanean aritu beharko luketela uste du.
Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko lehendakariaren ustez, EA eta EAJ berriz aurkeztu beharko lirateke koalizioan datozen udal hauteskundeetan, besteak beste, hautesleei nazionalismo demokratikoaren zentralitate eta integrazio erreferentzia argi bat eskaintzeko.
ETA-REN AURKAKO SAREKADAK
ETA-REN bi komando garrantzitsu desegin dituzte Ertzaintzak eta Guardia Zibilak Gipuzkoan eta Bartzelonan, gertakizunei komunikazio sona handia emanez: erorketa hauekin ETA su-etenaren aurreko egoera ahulean omen legoke berriz. Batek daki, halakoen egiatasuna norainokoa den, jakin dakiguna da katua eta saguaren arteko joko latz honetan behin eta berriro errepikatzen direla antzerako argudio eta egoerak, eta euskal gizartean bizi den gatazkak, gorabeherak gorabehera, bere horretan dirauela azken 40 urteetan. Aurkariak, izan hauek armatuak ala ez, polizialki garaitu daitezke, munduan horren adibide ugari dago; gatazka politikoa gainditzea, ordea, beste kontu bat da, eta konponbide baten aldeko benetako urratsak norabide horretara bideratu beharko lirateke, horretarako elkarrizketa balore garrantzitsuena bihurtuz.
ESTATUTUAREN LEHIA
GERNIKAKO Estatutua bere osotasunean betetzea izango da legealdi honetan Ibarretxe lehendakariaren Gobernuaren eskakizun garrantzitsuenetako bat. Espainiako Gobernuarekiko akordioak, ordea, ez dirudi samurra, Espainiako Gobernuaren ustez Estatutuaren interpretazio desberdinak egiten direlako. Jesus Posada, Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoetarako ministroak esan berri du «Deia» egunkariari emandako elkarrizketa batean: «Estatutua nazionalistek nahi duten moduan betetzea Konstituzioa ez betetzea litzateke».
EZ DAGO ELKARLANIK
XABIER Arzalluz buruzagi jeltzaleak hankaz gora jarri du azken egunotan Ertzaintza eta Estatuko gainerako segurtasun indarren arteko elkarlanaz haizatutako guztia. Gipuzkoako ETAren Buruntza komandoaren atxiloketan ez dela elkarlanik izan eta Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak Ertzaintzari ez diotela inolako informaziorik pasatzen. Ertzaintzak alderantzizkoa egiten duen ez du zehaztu Arzalluzek, baina ez da baikor agertu; Ertzaintzak oraindik traba egiten diela esanez, gobernu arteko benetako lankidetzan itxaropenik ez duela zehaztu du.
SENATURAKO HAUTESKUNDEAK
IRAIL honen 23an burutuko dira Frantziako senaturako hauteskundeak. Pirinio Atlantikoetan bi dira orainokoan aurkeztu diren zerrendak. Lehen zerrendaren hautagai nagusia Didier Borotra da, Miarritzeko auzapeza eta egungo senatorea. Andre Darraidou, Ezpeletako auzapeza, Didier Borotraren alternatiba gisa agertu da, berriz. Borotra ez bezala, Darraidou euskal departamenduaren aldekoa da. Alta, Ezpeletako auzapez euskaltzaleak iragarri duenez, Biarnorako departamendu bat aldarrikatuko du bere kanpainan. Senaturako hauteskundeetan herriko hautetsiek bozkatzen dute soilik.
4.000 BIZKARZAIN UPN ETA PSN-KO KARGUAK BABESTEKO
BARNE Ministerioak 148 bizkarzain jarri ditu UPN eta PSNko 600 kargu publiko babesteko. 544 zinegotziak dira (319 UPNkoak eta 225 PSNkoak) eta gainerakoak parlamentariak eta alderdietako karguak. Zeregin honetarako Barne Ministerioak 4.000 milioi pezeta bideratuko ditu (160 bat milioi libera). Juan Francisco Eransus Atarrabiako UPNko zinegotziak, bestalde, astearen hasieran dimititu zuen, horretarako arrazoi pertsonalak argudiatuz baina jasaten duen presioari erreferentzia argia eginez. Abuztuaren 4an Eransusen familiak duen negozioak, ustez kale borrokari lotutako lehergailu arin baten erasoa jasan zuen.
ERREFERENDUM ALTERNATIBOA
IRAILAREN 29rako erreferendum alternatiboa antolatu du Iruñeko Gazteluko Plazaren aldeko batzordeak. Abuztuaren 1ean eta 23an, hurrenez hurren, egin ziren manifestazioak eta Riau-Riau jendetsuak, Gazteluko Plazakoa Iruñeko era guztietako herritarren artean oso sustraitutako dagoen arazoa dela adierazten dute. 300 bolondres beharko dira erreferenduma antolatzeko eta ez da baztertu behar, partehartzeari dagokionez berriz ezustekoren bat ematea.