DIRUA BILTZEKO KANPAINA
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak «Azken pezeta/libera eta lehenengo euroa euskararen alde» ekimena abiatuko du. Helburua jendeak urtarrilaren 1etik aurrera azken pezeta eta liberak eta lehen euroak euskararen aldeko proiektuei ematea da eta Kontseiluak bere proiektuetarako finantziaketa lortzea.Abendu eta otsaila artean egingo den ekimenari buruz baikor agertu da Kontseilua: «Euskararen aldeko jarrera zabal eta anitza erakusteko aukera ona izango da».
ADMINISTRAZIOKO HIZTEGIA KALEAN
Arabako Foru Aldundiak «Administrazioko Hiztegia» izeneko liburua argitaratu du. Andoni Etxebarria itzultzailea arduratu da liburua osatzeaz. Bertan administrazioarekin loturiko 47.000 hitz eta esamolde biltzen dira. Etxebarriak liburua burutzeko erabilitako iturrien artean «Agintaritza Aldizkarietako Hitz-Bilduma» eta «Euskaldunon Egunkaria»ren «Estilo liburua» daude.
ZIBURUKO KOLEGIOA UZTEKO AGINDUA
Pirinio Atlantikoetako Ogasun Zuzendaritzak Ziburuko Piarres Larzabal ikastetxea abuztuaren 31 aurretik husteko agindua ematen zuen gutuna bidali zuen kolegiora uztailean. Apirilean kolegioak ikastetxearen alokairua luzatuko zuela esan zion frantziar administrazioari, ordea. Horren aurrean, kolegioak eraikuntzan jarraitzeko asmoa agertu du aldizkaria ixterakoan (abuztuak 31 aurretik) eta Hezkuntza Ministerioak proposatutako integrazio proiektua zuzentzeko presiobidetzat jo du.
EKOMUSEOA EUSKARAZ BISITA DAITEKE
Abuztutik Donibane-Lohizunen dagoen Ekomuseoak euskarazko zerbitzua eskaintzen du. Izan ere, Euskal Herriko ohituren museoko azalpenak euskaraz ere ematen hasi dira. Museo honetan hilabetero erakusketa ezberdinak izaten dira. Abuztuan eztiari buruzko erakusketa izan da eta irailean herri kirolena zabalduko da.
KOSTAKO MUSIKA
IRAILAREN 2tik 19ra burutuko da Ipar Euskal Herriko Itsasaldeko 42. Musikaldia. Jaialdiak musikari gazteak izango ditu ardatz. Guztira hamabi kontzertuk osatuko dute. Besteak beste, irailaren 3an, Cedric Thiberghien piano joleak Chopin eta Debussyren lanak eskainiko ditu Ziburuko elizan. Hurrengo egunean Tolosako Capitoleko Orkestra Nazionala izango da Donibane Lohizuneko elizan, eta Marie Nicole Lemieux Quebeceko sopranoa arituko da bakarlari lanetan. Hilaren 5ean, goizez Melina Burlau organojolea arituko da Donibane Lohizunen eta gauez, Renaud Capucon eta Franck Braleyk Mozart, Schubert, Beethoven eta Ravelen obrak eskainiko dituzte Azkainen. Hurrengo bi egunetan Christian Zacharias izango da protagonista. Jaialdia Orchestre National Bordeaux Aquitaniek amaituko du.
DE CHIRICOREN LANAK
GIORGIO de Chirico, italiar margolari ospetsuaren bi aurpegiak, alegia, bere obraren bi epe ezberdinak jaso ditu Bilboko BBKren erakusketa aretoak. Batetik, 1912tik 1919ra bitartean egin zituen pintura metafisikoetatik «Il vaticinatore» edota «Due manichini» bezalako lanak biltzen dira erakusketan. Hain zuzen ere, garai horietako lanek egin zuten de Chirico pintura metafisikoaren sortzaile. Bestetik, ordutik aurrera, surrealisten arbuiapena eragin zuten lanak, jada klasizismotik gertu, daude baita ere ikusgai. Azken hauek, ez hain ezagunak. Guztira, «Giorgio de Chirico 1908-1959» erakusketak 35 olio eta gouache biltzen ditu urriaren 14ra arte.
INDUSKETAK GORABEHERA
OKA-Iruńan urteak daramate indusketa lanetan. Izan ere, bertan dagoen Veleia hiria da Erromatar Inperioaren garaian Euskal Herrian zeuden hiri garrantzitsuenetako bat. Udako lanen ondorioz, hainbat aurkikuntza egin da. Adibidez, zabortegia bihurtu zen taberna baten indusketa lanen ondorioz, haur ehorzketa batekin topo egin dute. Egun, abuztuaren 20tik, edonor joan daiteke indusketa lan hauek ikustera, publikoari irekita egongo baitira irailaren 7a arte. Ordutik aurrera, eta udako denboraldia amaiturik, 620 milioi pezetarekin lagundutako hamar urteko plana jarriko da martxan, Eusko Trenbideakek lagundurik.
GETXOKO FOLK JAIALDIA
IRAILAREN 5etik 9ra egingo da aurten Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia. Hamazazpigarren ekitaldiak honakoak izango ditu gonbidatu nagusi: Mestre Ambrósio Brasilgo taldea, Fanfarria Ciocarlia errumaniarra, Sally Nyolom kamerundarra, Cherish The Ladies estatubatuarra eta gainera, Kepa Junkera, zeinek bere azken proiektua aurkeztuko duen. Horrez gain, aurten goizeko kontzertuak egingo dira Erromon publiko gazteari zuzenduak.
VERDIK ELKARTU DUENA...
BERROGEITA hamar urte inguru dira Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Iruńeko Orfeioak ez zutela elkarrekin jotzen. Verdiren urtea eta honen «Requiem» obra izan dira horretarako aitzakia. Irailaren 16an, Iruńeko katedralean eskainiko dute obra ospetsu hori. Eta beste behin abenduan, Bilboko Euskalduna Jauregian.
- Josune Ariztondoren adierazpena da hauxe «Euskaldunon Egunkaria»n jasoa: «Une erabakigarrian gaude, eskolan euskaldundutakoek etxeko hizkuntza aukeratu behar dutelako».
- Lucia Lakarra dantzari zumaiarrak honela zioen «El Pais»en: «Europan arimarekin lan egiten da gehiago, bihotzarekin dantza egiten da gehiago gorputzarekin baino; Estatu Batuetan logika askorekin, baina hotzegi dantza egiten da».
- Kutxi Romero, Marea taldeko kide eta idazleak honela definitzen zuen poesia «Zazpika» aldizkarian: «Eromena eta sentimendua. Aldarte bat. Jarrera bat. Norberaren aurkako borroka. Ihes bat. Suizidio editoriala. Batzuentzat itxurakeria».
- Carlos Gil-ek «Gara»n egungo antzerkiaren inguruan: «Antzerkia, hain erabilia hezkuntza, terapia edo publizitatea bezalako funtzioetarako, helburu batengatik borrokatzeko erreminta ona ere bada. Manifestazio guztietan daude antzerki ekintzak (...). Antzerki mota hau oso gaizki tratatua izan da kritikarengatik, beti finkatutako antzerkiengana eta instituzionalengana gerturatzeko joera baitu azken honek (...)».
Batzuek aurrerapausoak ematen dituzte eta eta beste batzuk bere horretan geratzen dira. Horrelako gehiegi dago zoritxarrez. Ońatiko Zahor txokolate enpresa dugu horietako bat. Webgunean bere produktuen informazio ugari eskaintzen du, baina hizkuntzari dagokionean zero patatero. Ez dago hitz bat ere euskaraz.
Patxi Zubizarreta idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak «Musuka» liburua plazaratu berri dute SM argitaletxearen «Piratak» bilduman. Euskarazko bertsioaz gain, argitaletxeak gaztelaniazko itzulpena kaleratu du.
Txuma Murugarrenek bere bigarren bakarkako lana plazaratuko du urrian. Abuztua eta iraila bitartean grabatuko du diskoa Tio Pepe Urdulizgo estudioetan.
Manuel Irujo hil zela hogeigarren urtemuga ospatzeko Eusko Ikaskuntzak jardunaldiak antolatu ditu irailaren 20 eta 21ean Donostiako Miramar Jauregian.
Jon Manzisidorrek «I.U eta bere lagunak» komiki liburua plazaratu du Zumaiako Baleike Elkartearen eskutik. Manzisidorrek «Baleike» aldizkarian eta «Euskaldunon Egunkaria»n ere komiki bandak egin izan ditu.
Onddo taldeak pop estiloko bere lehen diskoa plazaratuko du irailean Gaztelupeko Hotsaken eskutik.
Joxemari Iturralderen aburuz hauxe da euskal literaturaren egoera, «Euskonews & Media»n zioenez:
«Egia da azken urte hauetan euskal literaturgintza asko aldatu dela. Izugarri eta, gehienetan, hoberako izan da. (...) Orain badirudi ordea (...) sapaia jo dugula, eta hemendik aurrera egoera hau bere horretan mantentzearekin nahiko lan izango dugula. Hori ez bagara gainbehera hasten. (...)
Azkenaldi honetan askotan entzuten ari gara halako herri txikia izateko liburu asko eta asko ari dela argitaratzen eta ea ez ote den gehiegi. Niretzat hori ez da arazoa; izan ere, garai batean, gu idazten hasi ginenean guztiz kontrakoagatik kexatzen baikinen, hots, ezer gutxi kaleratzen zelako euskaraz. Hemen arazoa, (...), irakurle gutxi izatearena da. (...) Bada proba txiki bat nik beti egiten dudana (...). Ia egunkari eta aldizkari guztietan ateratzen dira astero edo hilabetero pertsona ezagunei egindako halako test edo inkestak (...). Har itzazue horrelako bat eta errepara egiozue erantzunari honen antzeko galdera bat dagoenean: «Zer liburu ari zara orain irakurtzen?» edota «Liburu bat?» Erantzuna ia beti antzekoa izan ohi da eta ia beti gaztelerazko liburu baten izena emango dute -normalean best-seller horietako bat, ia inoiz ere ez euskerazko liburu baten titulua (badira batzuk eskolan irakasleak duela urte dexente derrigortuta irakurri behar izandakoa aipatzen dutena, tituluaz gogoratzen badira)».
Pasaiako Portuko Agintzaritzak hiru urteko euskara plan bat abiatu du. Lehen aldia da Espainiako Estatuaren menpeko erakunde batek euskararen erabilera zabaltzeko halako plan bat egiten duela. Elhuyar enpresa izan da planaren egilea. Euskara menperatzen duten 34 langilek emango dute aurrera plana.