2001-09-02 -- 1819.zenb
Erantzunik ez dago. Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Bi gertaera historiko haietan gizon bat agertzen zaigu protagonista nagusi: Manuel Olaizola. Bietan joan zen mutilen patroi. Gizon hark eman zion, beraz, hasiera Orioko arraunlarien historiari; herri txiki baten historia handiari.
Ehun urteko historia horretan gauza asko aldatu da, bai Donostiako estropadan, bai Orioko traineruan. Orduan mutil guztiek herrikoak eta arrantzaleak behar zuten izan. Gaur egun ez dago arrantzale bakar bat oriotarren tostetan, beren lanagatik ezinezkoa dute eta denak lehorrekoak dira. Gainera, inguruko herrietako mutil batzuk ez ezik, Asturiaseko bat ere badoa oriotarren txalupan. Beste ontzi batean errumaniarrak ere badabiltza. Orain ehun urteko bandera hura soinean ator txuria eta buruan txapela zutela eskuratu zuten. Eta, orain ehun urteko patroia, Manuel Olaizola, euskaldun elebakarra zen: Donostiatik elkarrizketa bat egitera joandako «Ciaboga» aldizkarikoak erdaraz hasi zitzaizkion eta erantzuten ez ziela ikusita, euskaraz probatu eta orduan lortu zuten bestela sekula gauzatuko ez zen elkarrizketa hura; handik ehun urtera oriotarrek darabilten patroi donostiarra euskaldun berria da, jator askoa bera! Manuel oinez etorri omen zen orain ehun urte bere mutilekin Donostiatik, Igeldotik barrena. Oskar automobilez etortzen da Donostiatik Oriora egunero entrenamendua egitera. Hain zuzen, ibilgailu hori izan da, automobila, historia horretako punturik beltzena, oriotarrei hainbat arraunlari kendu diena; horien artean, izan duten patroirik handienetakoa: «Txiki». Hain zuzen «Txiki»k ematen dio izena oraingo traineruari; azken urteotan erabili duten ontziari ere errepidean galdutako mutil batek eman zion izena: «Kanpa»k.
Aurten betiko grina bera jarriko dute irabazteko oriotarrek, beharbada handixeagoa mendeurrena dela-eta. Grina horrexek eraman ditu oriotarrak historia handi hori osatzera. Ehun urteotan 87 bider jokatu da Kontxako estropada. 13 aldiz ez zen izan; gerragatik batzuetan, Donostiako agintari kaskarin batzuengatik 1901etik 1909ra, arraunlariek ematen zuten ikuskizuna zarpailegia zelako orduko turistentzat. 87 urte horietan Oriok 30 aldiz irabazi du bandera. Bandera horiek erakusten dute, beste ezerk baino hobeto denboraren iragana: kataluniarren senyeraren itxura du lehen bandera hark, geroztik hiru koloreko bi bandera errepublikar, Francok emandako hainbat bandera espainol eta azken urteetako bandera txuriek osatu dute ondarea.
Aurten ospakizun handiak izango dituzte herrian. Liburu bat argitaratu dute eta beste bi bidean dira; hiruen artean historia hori jasotzen dute. Erakusketa bat ere izango da, zabaltzear duten kiroldegian; besteak beste, dauzkaten 300dik gora bandera erakusteko. Bukatzeko, festa handi bat egin nahi dute, bazkaritan Orioko traineruan, noizbait, joandako mutil denak elkartzeko asmotan; ehunka izango dira.
Oriotar batzuei ikasteko falta zaien gauza bakarra hauxe da: norgehiagoka batean, edozein dela ere, inportanteagoa dela nor izatea gehiago izatea baino. Nolanahi ere, arraunak asko eman dio Oriori, ez dago zalantzarik, baina Oriok ere bai arraunari
Erantzunak
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa