2001-09-02 -- 1819.zenb
Kontxako bandera dago jokoan eta estropaden eguna da Donostian. Asko dira goizeko lehen ordutik Urgul mendira igotzen direnak irratia eta ardo zahatoarekin, aspaldiko ohitura jarraiki. Hala ere, gero eta gehiago dira etxeko egongelan eseri eta telebista pizten dutenak. Jarraitzaile beteranoek diotenez, ez du zer ikusirik giroan murgilduz estropadak ikusteak edo zure etxetik lasterketa jarraitzeak. Baina egia hauxe da: eguraldi ona, txarra, haizetsua edota sargoria, estropadak badira, bertan da telebista. Horregatik gero eta zale gehiagok etxean gelditzea aukeratzen du. Lehen planoak, protagonistekin elkarrizketak edota helikopterotik jasotako irudien ikusgarritasunak badute aukeran eragin zuzena. Baina nola egiten dute telebistako profesionalek lan konplexu hori? Nola egiten dute uretako lasterketa honen iruzkin zuzena, esatari baten ahotsarekin? Helikopteroko planoak, Donostiako portuan bizi den giroa, arraunlarien gertuko planoak, patroiekin elkarrizketak. Lehenengoan ongi egin behar den lana, zuzenean izanik, ez baita errepikatzeko aukerarik. ETBko iruzkinetan, Mikel Olazabalek eta Basarrik -Koxtapeko arraunlari izandakoak- egiten dute kontakizun nagusia. Honetaz gain, beste bi edo hiru kazetari izaten dira toki ezberdinetan; barruko balizetatik gertu, uretan kazetari bat izaten da, lasterketa gertutik jarraituz; beste kazetari bat epaileekin egoten da, denborak ezagutu eta taldeetako presidenteei elkarrizketak egiteko, eta hirugarren lankidea portuko arrapalan izaten da, arraunlariak lehorrera iritsiko zain. Irudiak jasotzeko ordea, 8 kamera erabiltzen ditu ETBk: lehenengoa helikopteroan, hurrengoa, katamaranean eta beste sei kamerak lehorrean izaten dira. Kamera eta giza baliabide hauek guztiek unitate higikorrari lotuak egon behar dute, bertan errealizatzaileak behar dituen irudiak eta ahotsak aukera ditzan. Hau guztia, zuzenean.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa