artikulu nagusira itzuli
Liburua jakintza-gordailu izatetik kontsumo-objektu izatera
Idazkera eta liburua agertu zirenetik, gizakiaren pentsamenduak askatasun handia lortu zuen; jakintza, lehen, memoriaren mende zegoen, tradizioa gordetzeko bera baitzen gordailu bakarra; liburua agertu zenean, betebehar horretatik aske geratu zen burua, eta beste alor batzuk lantzeko aukera izan zuen. Idazkeraren sorrerak eta liburuak jakintzaren garapenean berebiziko eraldaketa ekarri zuten, lehenalditik etorkizunera aldatu zuten enfokea; liburuetan gordetzen zenez betidaniko jakintza, burua aske geratu zen bide berriak abiada handian jorratzeko.
Hori izan da oraintsu arte liburuaren funtzioa: tradizioko jakintza gorde, eta bai halaber aurrerapausoak. Orain ere jarraitzen du funtzio hori betetzen; hala ere, oinarri elektronikoa gailentzen ari zaio, gero eta gehiago, gordailu funtzio horretan. Beraz, liburuaren betekizun nagusia beste alor batera igarotzen ari da.
Beste faktore bat ere kontuan hartu behar da bilakaera horretan: kulturara iristen den jende-kopurua izugarri handitu da, alfabetatzea orokortzen joan den heinean. Gainera, jakintza alorrak hainbeste garatu dira, non banaketa izugarria gertatzen ari baita hala gaietan nola moldeetan. Horrek guztiak zenbait ondorio dakar:
-Alde batetik, alorren banaketa handiak eta garapenak, horiei atxikitako liburu-produkzioaren atalkatze izugarria ekarri du, eta hori da produkzioaren ugaritasunaren arrazoietako bat.
-Bestetik, horren guztiaren haritik, liburuaren industriaren ugaritzea ere etorri da. Baina zer esan nahi du industria hitz horrek? Bada, liburua produkzio-kontsumo merkatuko legeen mende geratzen Juan Kruz Igerabide*
dela. Industria kapitalista behar batzuei erantzunez jaiotzen da, eta, bere burua etengabe garatzen jarraitzeko, behar berriak sortzera beharturik dago. Hots, bere burua bihurtzen du helburu.
Zer esan nahi du horrek? Kultur beharrari erantzuteko sortzen den industriak bere burua bihurtzen duela helburu (kontsumo gizartearen lege bat da hori, eta kulturaren arloan ere bete egiten da); orduan, produkzioa ez da gizartearen beharren araberakoa, industriaren garapenaren araberakoa baizik.
Hortik ondorio bat dator: liburua jakintzaren eta artearen gordailu izatetik kontsumo-objektu izatera pasatzen da. Industriak urtean zehar hainbeste liburu ateratzen ditu merkatura, objektua mugi dadin, eta horrek garapen etengabearen bidetik jarraitu behar du, beste industria alorretan gertatzen den bezalaxe.
Liburu gehiegi? Kalitatearen arazoa
Liburu gehiegi ateratzen al da? Bai, noski. Tomateak edo autoak edo telebistak bezala. Kontua da, industriak merkatuak zabaldu behar dituela, eta ekoizten dituen produktuak saldu. Liburuaren produkzioa ez da salbuespena; beste produktuak bezala, garapen etengabean doa, eta merkatu berriak bilatu behar ditu. Gaur egun ikuspegi intelektual batetik egiten da galdera: liburu gehiegi ateratzen da; beraz, tartean txar asko. Baina argumentazio horrek ez du funts handirik: lehen, liburu gutxiegi ateratzen zenean, orduan ere txar ugari ateratzen zen. Liburu gehiegi edo gutxiegi ateratzea, gaur egun, merkatu kontu bat da, eta produkzio hori ezin da kalitate artistiko edo intelektualen legeetara makurtu.
Kalitatearena besterik da: liburua kontsumo-objektu bihurtzen denetik, jakintzarekin edo artearekin duen lotura eta betekizun nagusia eten egiten da. Lotura hori badago, jakina, baina bigarren mailara pasatzen da. Zer ondorio dakar horrek? Bada, hauxe: liburuaren arrakastak eta salmenta handiak gero eta zerikusi gutxiago du liburuaren kalitatearekin, zeren arrakasta eta salmenta gero eta lotuago baitaude marketinarekin eta merkatu-trikimailuekin.
Hala ere, nik esango nuke liburuaren kalitatearen neurketa lehen zihoan bidetik doala: denbora pasatzen utzi behar da, alde batetik, liburu batek bere buruari eusten dion ikusteko; bestetik, azterketa kritikoa sakondu behar da, ikuspegi historiko zabal samarrekin, unean uneko modetatik urrunduz; eta, azkenik, irakurlea hezitzeko kultur ekintzak indartu behar dira, hala eskoletan nola kulturguneetan; irakurle jantzia, ohartua, ezinbestekoa da liburu baten kalitatea neurtzeko; irakurle horren lana ezinbestekoa da liburu on bat historian zehar nabarmendu edo klasiko bihurtuko bada. Irakurle landua eta idazle landua dira literaturaren etorkizuna eta liburuen kalitatearen bermea. Gainerakoa, industria da; haatik, industria hori gabe, literatura, idazlea eta irakurlea katakumbetara kondenaturik leudeke.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.