2001-07-29 -- 1818.zenb
Eugenio Ruiz irakasleak dioenez, aldaketa handiak gertatzen ari dira arabar populazioaren kokapen fisikoan, makina bat baitira hirietatik, Gasteiztik nagusiki, herrietarat bizitzerat abiatu direnak. Paradigmatikoa, alde honetarik, Uda-Trebiņon gertatzen ari den prozesua, zeren eta nonahi txalet edota adosatu urbanizazioen bidez bertako nekazal herri tikietako populazioa biderkatzen ari baita. Hor dira, ildo beretik, aspaldi Argantzunen "kolono" izena jaso ohi dutenak, ordurarteko egoera soziodemografiko historikoa deseginarazi duen helduberrien sarrera masiboa, alegia. Arabar udal batzuek aldaketa horien eragina saihesteko ahaleginak egin dituzte, berezko nortasuna gal ez dadin. Joera, halere, bizkortzen ari da etengabe, eta kritika batzuk isuri dira jadanik.
Honela, Alberto Frias gasteiztar legegizonak Basandereren "Euskal Herria 1000-2000" liburuaren baitan plazaraturiko "Ekologia aņo 2000, de Euskal Herria a Euskal Hiria" hausnarketan jaso duenez, gertatzen ari den aipaturiko nekazal inguruen hiritartze prozesua iraultza sakona eragiten ari da eguneroko bizitzan.
Testuan, Araban hedatzen ari diren horietako urbanizazio bat deskribatzen da. Hogeita hamar txalet, denak berdinak. Etxeko jaunaren gosaria: Kolonbiako kafea, Frantziako gurina, Alemaniako mermelada. Arazoa esnea eskuratzea omen da. Bertako herrixka zaharrean autopistak behiak izateko aukera deuseztu eta orduz geroztik esnea kanpoaldetik ekartzen dute: irauteko landuriko ekoizpena Suitzatik helikopteroz, Marsellaraino kamioez eta handik arabar Lautadarat abiadura handiko trenaz. Berriz ere kamioez Elorrioraino eta handik itzuli hipermerkatuetarat. Urbanizaziotik harat hogei kilometro dagoenez, kotxez ordubete behar izaten omen du pasadizuaren protagonistak etxean koipe tantarik gabeko esne "osasungarria" gosaldu ahal izateko.
Egileak izen bat asmatu du urbanizazioko pertsonak erdaraz deitzeko: "rururbano". Ez du "hiri nazkagarrietan" bizi nahi, belardi pribatua duen txaletan baizik. Izan ere, turismoari begira berrantolaturiko ondoko azken baserrian pottoka bat badute, bere alabatxoaren aisialdia pozten duena... eta ingelesa ere bertan praktikatzen ahal du!
Alberto Friasek, egoeraren karikatura burutu ondoren, hogeita hamar orrialdeko gogoeta mamitsua eskaintzen du, dagoena aztertu eta jorratzen ahal diren bideak aurkeztuz, euskal ekologia eta etorkizuna, betiere, ardatza izanik.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa