Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-29 -- 1818.zenb

Herri bako Batasuna

Mikel Basabe

Euskal Herritarrok taldeak Batasuna izeneko prozesua martxan ipini zuenean, haren helburuen artean zegoen nazio guztia hartuko zuen erakunde bakarrean biltzea ezkerreko abertzale guztiok. Prozesua amaitu da, eta Euskal Herritarrok osatzen zuten taldeetako batzuk Batasuna erakunde berrian sartu dira: Ekin, Piztu... Beste batzuek, ostera, ez dute urrats hori egin gura izan: Abertzaleen Batasuna, ANV-EAE, Batzarre eta Zutik ez daude bakarra izateko borondatetik sortu zen erakunde horretan. Horiek legez, Aralarrek ere Batasunako parte ez izatea erabaki zuen, Iruņean, ekainaren 30ean eginiko batzarrean. Egun horretako batzarrera Aralarreko kide izateko izena eman dugun guztiak geunden deiturik; horrela egin izan du Aralarrek, beti: dela Batasuna prozesuan parte hartzea erabakitzeko, dela prozesu horretara aurkezturiko txostenak idazteko, dela Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetara ez aurkeztea erabakitzeko... horietan guztietan, Aralar kideon eztabaidaren osteko bozketak erabaki du une bakoitzean eman beharreko urratsa zein zen. Etorkizunean ere, horrela egingo du.

HORREGATIK, guztion artean erabaki izan dugulako eta erabakiko dugulako, ez dago esaterik Aralarrek zer egingo duen irailetik aurrerako ikasturte politikoan. Aukeren artean dago alderdi politiko bihurtzea, eta ezker abertzalearen barruan dauden hauteskunde-aukeretan beste bat izatea Aralar. Aukeren artean dago iritzi ildo izatea; aukeran dago egiturarik ez osatzea. Aukeran egon beharko luke, azkenik, ezker abertzalean erakunde politiko bakarra sortzeko bideari ekitea. Izan ere, Batasunan sartu diren ezker abertzaleko kideek sarritan adierazi dute ezker abertzalearen zatiketak arerioari baino ez liokeela egingo mesede. Hori horrela, beharrezkoa da zatiketa kosta ahala kosta ekiditea. Gauza bat argi izan behar dugu guztiok: banaketak gertatzen direnean, alde biak izan ohi dira erantzule. Hau da: banaketarik gertatu ez dadin, alde biek ipini behar dute euren aldetik zer edo zer.

Aralar eta Batasunaren artean dagoen alde bakarra ez da borroka armatuaren erabilera. Ez da Iruņeko legebiltzarrean eta Gasteizkoan berdin-berdin parte hartu behar den ala ez. Ez da XXI. mendeko Euskal Herrian historiari begiratu, eta zazpi herrialde garela onartu behar den ala ez. Ez da herrialde bakoitzeko bizilagunek izan behar duten euren etorkizunaz libre erabakitzeko eskubidea ala ez. Ez da, barrura begira, ildoek benetako eraginkortasuna izateko militanteen errolda beharrezkoa den ala ez. Ez da borroka bideak bitartekotzat ala helburutzat hartzea, eta eraginkor direnak (indar metaketa, aurrerapauso objektiboak dakartzatenak) bultzatu eta besteak alde batera lagatzeko hautua egitea ala ez. Aralarren eta Batasunaren arteko aldea hori guztiori da. Horregatik diot, berriro: erakunde bakarrean jarraitzeko, guztiok ipini beharko genuke guretik zer edo zer.

AMAITZEKO, Euskal Herritarrok erakundearen izenean lorturiko karguen gainean egin gura dut berbaren bat edo beste. Herri Batasuna baino gehiago izateko sortu zen Euskal Herritarrok, eta Herri Batasunak lorturikoak baino emaitza hobeak lortu zituen. Politika egingo zuela agindu zuen, giza eskubideen errespetuaren alde behar egingo zuela, erakundeetan parte hartuko zuela. Zalantza barik, beste sasoi bat zen hura.
Aralarrek ez du hautetsiak lortzeko borrokarik egingo: ezkerreko abertzale guztion izenean aukeratu ziren karguak, ezker abertzale osoarenak dira. Norbaiti eskatzea Batasunan sartzeko, eta horrela egin ezean bere kargua asanbladaren esku lagatzeko, hori ez da ezkerreko jokabidea: karguak, inorenak izatekotan, asanbladarenak dira, eta hari baino ez dagokio horiekin zer egin behar den erabakitzea. Eta asanblada horretako kide ezkerreko abertzale guztiok gara, egon Batasunan, ANV-EAEn, Batzarren, Abertzaleen Batasunan, Zutiken ala Aralarren.
Ala Batasuna ez da besterik, aspaldiko erakunde zaharra Herri barik baino?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan