Javier Ortega, arkitektoa
Javier Ortega, arkitektoa
Bere esanetan munduan pilotaleku gehien egin dituen pertsona izan daiteke. Historian zehar frontoiak altxarazi dituzten pertsonak ugariak izan badira ere (asko auzolanez ere bai) arruntena arkitekto batek hiruzpalau proiektatu eta aurrera eramatea da. Javier Ortegaren kasuan bere sinadura dagoeneko 40 bat pilotalekuk daramate.
n Nola egiten da frontoi bat?
Antzinako frontoia tailatutako harriez altxatzen zen, baina gaur egun egitura porlanezkoa da, harrizkoa garestiegia litzatekeelako. Frontisaren kasuan honen gainetik harri-kapa bat jarri behar zaio (homogeneotasun handiko kareharria, edozein harrik ez baitu balio), gutxienez 10 bat zentimetroko sakonera duena, bestela pilotak zuzenean porlanaren aurka joko lukeelako eta honek batetik ez lukeelako indarrez itzuliko eta bestetik porlana bera kaltetuko litzatekeelako. Azkenik, harri-plaka hauen eta porlanaren artean tarte txiki bat utzi behar izaten da, bertan masa likidoago bat isurtzeko, harriaren eta porlanaren arteko kola gisa funtziona dezan. Azkenik, zorua ere oso garrantzitsua da, baina Castor Uriartek zoru perfektua asmatu arte denetarik aurki zitekeen, batez ere oso laua geratzen ez zen harria; Uriartek asfaltozko zorua asmatu zuen eta gaur egun pilotaleku guztietan horixe erabiltzen da.
n Dena den, hori guztia kontutan hartuz ere, gero alde handia dago frontoitik frontoira.
Egia da, ez daude bi frontoi berdin, eta zaharren artean denek daukate nonbait akats txikiren bat, botea hemen edo han egin bote normala egitea eragozten duena; bertan ibiltzen direnek ezagutzen dute hori eta jokatzeko orduan erabili egiten dute, noski. Anoetako pilotalekuak esaterako azpian aparkalekua du; pilotariek badakite hori, eta azpiko habeak bilatzen dituzte pilota bideratzerakoan, habe baten gainean bote egin ala beste nonbaiten bote egin pilotaren mugimendua oso ezberdina izango delako.
n Zer da frontoien eraikuntzan gaur egun modan dagoena?
Une honetan Hegoaldean trinketak bultzatzeko asmotan ari gara, jokoa bera bizitzeko helburuaz; izan ere, niri pareta beraren aurka behin eta berriz jotzeak azkenean aspertu egiten nau. Beste alde batetik pilotaleku-konplexuak ere garatzen ari gara, frontoi luzeak, motzak, trinketak eta abar integratzen dituztenak.
n Eraikuntza-materialak ere azkar eboluzionatzen ari dira, beiraren erabilpena esaterako.
Hemendik aurrera egingo diren trinket guztiak beiraz egingo dira, frontisa ezik, horrela espazio txiki berdinean ikusle gehiagok gozatu ahal izango dutelako ikuskizunaz, baina beira trinketerako material gisa erabiltzea ez da berria, horrelako lehena duela 20tik gora urte eraiki baitzen, Parisen. Beira etorkizuneko materiala da; artekatzeko zaila da baina balei eusten badie pilotari ere ezin hobe eutsiko dio.
n Azkenik, zein da pilotaleku baten kolore naturala?
Orain arte, Hegoaldeko frontoietan behintzat, kolore nagusia zuria izan da, herriko jendeak erabiltzen dituen pilota argiak denborarekin zikindu eta ilundu egiten direlako; orduan, paretekiko kontrastea lortzeko hauek zuriz margotzen ziren. Profesionalek erabiltzen dituzten pilotak berriz, ez dira zikintzen, behin eta berriz aldatzen dituztelako, eta orduan ez dago paretak zertan zuriz margotu behar. Beste alde batetik, mundu honetan telebista indar handiz sartu denetik frontoiak berde ilunez pintatzeari ekin diote, telebistaren estetikari (pilota eta paretaren arteko kontrastearen bila) eta psikologiari (berdea oso kolore lasaia, atsegina delako) egokitu asmoz.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.