Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-29 -- 1818.zenb


AURTEN, UDAKO FESTETAN "TRIKI MEX" EZIN FALTA

Zer ote litzateke festa, dantzan hautsak harrotzeko aukerarik gabe? Zer edo zer kamutsa, bistan da. Horregatik saiatu da Elkarlanean festarako kanturik alai eta freskoenak biltzen «Triki mex» diskoan, udako erromeri edo jaietara inguratzen den guztiari dantzarik etengabeenean murgiltzeko gogoa pizteko asmoz. Hamabost kantu ezagun ditu, denera: Alaitz eta Maiderren «Mila galdera» eta «Txanpon baten truke»; Zabaleta eta Imanolen «Antton eta Anttoni»; Imuntzo eta Belokiren »Sorgindu» eta «Pena dut»; Etzakiten «Izar iheskorra»; Epelde eta Larrañagaren «Mahasti baten ondoan»eta «Kupela»; Maixa ta Ixiarren «Emakume jaio nintzen», «Tximosak» eta «Eguna jaio arte»; Gozategiren «Narama», «Pakia beyau» eta «Bizi»; eta Triki ta keren «Trini».

TRIKI MEX
Batzuen artean
ELKARLANEAN
15 kanta
2.195 pezeta
87 libera

LIBURUAK

NORA HOA?
JOXEMARI ITURRALDE
EREIN
129 orrialde
1.700 pezeta
68 libera


JOXEMARI ITURRALDEREN IPUIN ANTOLOGIKOA

Mamiz, egituraz eta hizkeraz oso ezberdinak diren zortzi ipuin bildu ditu Joxemari Iturraldek Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen «Nora noa?» liburuan: «Ene Ixabel maiteari gutuna martxoaren 10ean gaitzak jota natzan ohetik», «Uda gau bateko ametsa», «Euskal Herriak sortu ninduen honelakoa», «Amodio gero eta ilunagoa», «Hamasei urte bete nuenean hiriko argiak iraungi ziren», «Bizitza jitoan», «Erromesaren aztarna galdua» eta «»Noa-Noa». Tradizio oso luzeko narrazio laburrak dira, egileak liburu hau argitaratu arte ipuingintzan izan duen norabidea agerian uzten dutenak. Munduarekiko ikuspegi ziklikoa du Joxemari Iturraldek, eta gustuko dituen gaiak etengabe errepikatzen dira bere idazlanetan: sexu harremanen plazerra zein atsegin eza, amodioa eta desamodioaren gorabeherak, umorea, zibilizazioaren injustizia, bere borondatez edota halabeharrak bultzatuta norberarena ez den lurraldean izan ditzakeen sentimen eta portaera arrotzak, euskal herritarra izateak aldean ekar ditzakeenak, elkarren arteko laguntza, besteekiko axolagabezi neurrigabea... Gai horiek eta gehiago aurkituko ditu «Nora noa?»ren irakurleak.

EUSKAL HERRIKO DANTZA TXAPELKETA 1977-2001
Lierni Elorza/
Mª Isabel Elorza
SEGURAKO UDALA
84 orrialde


SEGURAKO DANTZA TXAPELKETAK 25 URTE

Hogeita bost urte bete ditu Segurako dantza solteko Euskal Herriko Txapelketak. Hori dela-eta, Lierni Elorzak eta Mª Isabel Elorzak epealdi luze horren gorabehera guztiak jasoko zituen idazlana osatzeari ekin zioten, beren lanaren emaitza «Euskal Herriko Dantza Txapelketa 1977-2001» delarik. Liburuaren irakurleak jakin edo gogoratu ahal izango du, argazki ugariren laguntzarekin, nolakoa izan zen dantza solteko txapelketa horren hasiera, nortzuk izan zituen sortzaile, geroztik izan duen bilakaera, nola eskura daitekeen saritzat eman ohi den Basterretxearen eskultura, zeintzuk parte hartu duten urtez urte txapelketan, dantzari horiek txapelketari buruz duten iritzia, txapelketaren arlo musikala, dantzarien jantziei ematen zaien garrantzia, epaileen betebeharra, Segurako alkate eta herritarren lana eta abar.

ROCK'n'ROLL
Aingeru Epaltza
ELKARLANEAN
404 orrialde
3.750 pezeta
162 libera


AINGERU EPALTZAK SORTURIKO ISTORIO BELTZA

Oporretarako irakurketa ezin aproposagoa izan daiteke Iruñea bezalako hiri batetan gertatzen den istorio beltz hau. Aingeru Epaltzak asmatuak dira bertan agertzen diren hilketak eta, hatz mutilatuak, atsoen gorpu desagertuak... eta hori guztia gogo handirik gabe ikertzen ari den kazetariaren istorioan, «Rock'n'roll» izenarekin bataiatu duena. Aipatu kazetari mozkorti samar hori dugu narrazioaren protagonista. Bizitza ez doakio oso ondo, gizonari: andreak etxetik bota du eta erredakzioan nahikoa baztertua sentitzen da. Nolanahi ere, lagunak baditu behintzat, betikoak gainera, berezi samarrak badira ere. Eta hain zuzen, Lou Reeden «Rock'n'roll» kantua da denentzat sinbolo bat, gaztetako errebeldiaren eta oraindik lotzen dituen elkarkidetzaren ikurra balitz bezala. Edo hala uste du gure kazetari horrek, bederen...
XX.MENDEKO POESIA KAIERAK: JOXEAN MUÑOZ
ANTOLOGIA EGILEA, KOLDO IZAGIRRE

SUSA
62 orrialde
700 pzta/28 lib


JOXEAN MUÑOZEN «PARENTESIAK»

Esperimental ukitu nabarmena izan arren, errazkeria edo espantutik ezer ez duen poesia da Joxean Muñozena, gure olerkigintzan egin den saiorik pertsonalenetakoa, Koldo Izagirreren iritziz. «Parentesiak» deritza bere poesi bilduma bakarrak, baina Joxean Muñozen parentesiak posibilitate berrien aukera dira, testuaren bestelako interprezio baterako iradokizunak, ez autore orojakilearen deiak. Poeta parentesi artean kokatzen baldin bada, idatzi duenari bizi autonomoa ematen saiatu delako da, berak idatziak irakurlea aktore bilakatu dezan. Halere, parentesiak zalantza ere adierazten du, egilearen poema ez baita poema nagusiago baten zati edo aldaera besterik, deus ez da betiko, behin eta berriz zuzentzen den hiperpoema baten adarrak baino ez dakarzkigulako poetak, Koldo Izagirreren hitzetan.

EL MUNDO DE LOS PIRINEOS
Batzuen artean
SUA EDIZIOAK
130 orrialde
750 pezeta
30 libera


PIRINIOEI BURUZKO ALDIZKARIAREN AZKEN ZENBAKIA

Dagoeneko kioskotan da «El mundo de los Pirineos»en uztaila-abuztuko zenbakia. Javier Pascual Otalorak zuzendu eta Sua argitaletxeak kaleratzen duen aldizkari honek, jakina, berak antolatuta, joan den ekainean Otsagabia aldean ospatu zen Pyrene festa erraldoiaren oihartzuna eskaintzen du, uda honetan Pirinio bazterretan egiteko oso aproposak diren ibilbide frankoz gainera. Adibidez, Ori mendiaren magalean, Zaraitzu haranean aurki daitezkeen herri txiki politak, irudimenarekin besterik ez bada ere, bisitatzeko aukera ematen du, Pirinioetan zehar dauden bederatzi aintziretara joateko erarik aproposenak, Anayet eta Midi dÆOssau bezalako sumendi zaharrak ikusi ahal izateko hartu daitezkeen bide ezberdinak... Eta bertan azaltzen dira, baita ere, «Ronda de Boltaña» deituriko musika talde aragoarraren inguruko zehaztasunak.

EUSKAL HERRIA GLOBALIZAZIOA-REN AURREAN
Patxi Juaristi Larrinaga
EUSKALTZAINDIA/
BBK FUNDAZIOA
131 orrialde
1.000 pezeta
40 libera


AZKEN MIKEL ZARATE SARIKO SAIO IRABAZLEA

Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatu ohi duten «Saioa» Mikel Zarate sariaren 2000. urteko irabazlea dugu Patxi Juaristi Larrinagaren «Euskal Herria globalizazioaren aurrean» lana, non egileak globalizazioaren emaitza eta eraginei buruz dagoen ezadostasuna azaltzen duen. Izan ere, globalizazioaren ondorio ekonomiko, politiko eta kulturalen aurrean aldeko zein aurkako argudioak sortu dira, eta horiexek azaltzen ditu Patxi Juaristi Larrinagak, Euskal Herriak aurrean dituen erronka eta aukerak ezagutarazteko helburuarekin. Horretarako, euskal gizartean eragina duten zenbait alor ere ikertu ditu (demografia, ekonomia, teknologia), hala nola barne politika, kultura eta baloreak, eta datorkigun egoera berriarentzako behar bezala prestaturik egoteko hartu beharreko norabideen inguruko gogoeta eskaintzen du.

ZIGOR
BATZUEN ARTEAN
ARTOLA
154 orrialde
5.995 pezeta
239 libera


KEPA AKIXO «ZIGOR»EN ESKULTURAK ETA POESIA

Kepa Akixo «Zigor»en eskulturen argazkiak eta egile beraren poesiak jasotzen ditu Artola argitaletxearen liburu eder honek. Pago zein platanondoaren enborrez eginiko Ekaitza, Dantzak, Harpe, Botari, Sistiagaren eskua, Loturak, Zuhaitzak, Kabiak, Su eta Gorputzak, hamaika Ateak, hamaika Hilabeteak, zortzi Bikoteak, Txoriak, Eguzkiloreak... Brontzea eta beruna erabiliz sorturiko Zuhaitz, Burua, Pelotari... Horrez gain, Miarritzen bizi den eskultore aretxabaldar honek eginiko marrazkiak eta bere lana eta bilakaera pertsonalaren inguruan idatzitako lau lan, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz eskaintzen dituzte: Lucien Etxezaharretaren«Zigorren zuren poesiaz», Paul Haimen «Zigor eta amodioaren goraipatzea», Jean Irigarayren «Eta eskuetan bularrak...» eta Iñaki Ruiz de Eginoren «Zizelkariari begira».

hemeroteka

1817. zenbakia | 2001-07-22
1816. zenbakia | 2001-07-15
1815. zenbakia | 2001-07-08
1814. zenbakia | 2001-07-01
1813. zenbakia | 2001-06-24

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan