Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-29 -- 1818.zenb

Erlantz Urtasun

Euskal Herriko herrialdeen artean, neurriz zein biztanlegoz, Araba xikia dugu, bakarrik 2.800 km2, Nafarroaren seirena. Haatik, eta bere azalera Ipar Euskal Herria baino tikiagoa bada ere, hagitzez populatuagoa dago. Arabar biztanleria bizia baita, eta industriak jauzia eman ahal izateko garapen bizkorra eskaini dio, mendez mende eutsiriko kopurua denbora laburrean biderkatuz. XVI. mendean 60.000 biztanle zituen eta 2.000 urtean 280.000.

Populazioaren jatorriaren aldetik, bertzalde, estatistikek Euskal Herriko anitzena dela diote, soilik %37 bertakoa eta bertakoen seme-alaba izanik. Alta, hori baino kopuru handiagoa da kanpoan jaioena. Lehen, herrialdea industriaren faltan zelarik, Gasteizko egitura nahiz merkatalgune apalak erakartzen zuen nagusiki Gaztelatik zetorren etorkin poltsa. Tarte horretan, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiriek arabarrez gozatu zuten, XX. mendearen lehen erdi aldeko lantegiak arabar herrietako gazteez elikatuz (Bilbo Handia, Goierri, Tolosa). Gero Gasteizek jasaniko aldaketa izugarriak jokoaren arauak aldarazi zituen. Herrien behititze ezaguna hiribururat bideratu eta herrialdea, emaile izatetik altzo bihurturik, bertakoak ez ezik milaka eta milaka etorkin ere labe modernoen magalean jasotzeko aukeraz baliatu zen.
Herrialdearen desoreka, baldintza berberak eragina, ikaragarria da; Araba, hein handi batean bederen, Gasteiz baita, arabarren hiru laurdenak Euskal Herriko bigarren hirian biziz. Honen ondorioz, hiriburutik at gelditzen diren hirurogeita hamar mila lagunak eskualdeburu batzuetan nahiz hamaika herrixketan bizi dira.
Dena den, eta ene lagun baten erranetan, «aspaldian Arabako herriek bizitza propioa zuten, baina poliki-poliki hustu egin dira, hiriburuan eta herri handietan metatuz. Orain, berriz, alderantziz gertatzen ari dela dirudi». Honela da, eta jarraian historiak eskainiriko zenbait datu erakutsiko ditugu.


«La Reja de San Millan» (1025).

Izen hau daraman agiri zaharra garrantzitsua da arabar historian, zeren eta ordaindu beharreko zerga honek (burdin kopuru bat) Arabako lurralde gehienen berri emaiten baitigu. Eskualde eta, orokorrean txiki samarrak ziren herri izenak bertan agertzen dira, egun desagerturik dauden etxe multzoak edota hainbatetan deituraz dexente itxuraldatu direnak, garaiko hirixkak barne.
Ezin ahantzi, bertzalde, agiri horren testuingurua, orduko Araba Iruñeko erresumako lurralde bat baitzen, Antso IIIa, «Handia»ren eskuetan zegoena. Ildo beretik, herrialdea ez zen muga bat, nafar antolaketaren baitan kokaturiko eskualde multzoa baizik. Zenbait egile kezkatu da agiri honetaz, erraite baterako Fita, Knörr, Mitxelena edota Caro Baroja. Joseba Intxausti izan da, baina, duela hamar bat urte paper zaharraren datuen bitartez nahikoa kartografia definitiboa zehaztu duena. Bertan islatzen dena herrixka, auzo txikiz osaturiko mundu sakon itzela da, mendebaldeko euskaraz bizi eta bilgune handirik ez zuen hagitz dentsitate eskasako populazioa arabar konstelazioan barreiatua.
Egungo Andoin «Anduiahin» zen, oroit Gipuzkoako Andoain eta Biarnoko Andoins, duela 2.000 urteko Akitaniako «Andossus» gogorarazten duena; bidenabar egungo nafar Andosilla ere «Andossella» zen «reja»ren garaian. Halaber, «Angelu» izeneko herrixka dugu, lapurtarra bezala. Hor dira arabar Basauri («Basahuri», Uda-Trebiñon), Gernika, Lasarte, «Harizavalleta» (Aretxabaleta), Elgorriaga, Markina (egun, Markinez) eta bertze.
Denboraren poderioz buruturiko aldaketa, era berean, ongi jasotzen da. Izan ere, agiri honetan Biasteri, Dulantzi, Agurain eta Gasteiz deitzen ohi zirenek bizirauten zuten, oraindik ere Laguardia, Alegría de Alava, Salvatierra edota Vitoria modukoek ordezkatu gabe, alegia. Komunioi alderdiari «Ossingani» zeritzaion, errioxar mendebaldeari «Olhaerrea». Gasteizko eskualdeak «Malizhaeza» eta «Harhazua» zuen izena, Dulantzikoak «Hiraszaeza» eta Aguraingoak «Hegiraz».
Gerardo Lopez Gereñukoak erakutsi zuenez (1989), egungo erdarazko Antezana «Andiggana» zen, Alborcoin «Albergoihen», Ali «Ehari», Armiñon «Aramingon», Arrizala «Harrizavallaga», Uda-Trebiñoko Busto «Bustia»...

XVIII. mendeko proIektua.

1200eko konkista-guda pasaturikoan, 1348ko izurrite beltzak Erdi Aroko irabazpen demografikoak desagertarazi zituen moduan, XVI. mendearen gorakadaren ondorengo klima aldaketak eragin zuen XVII. mendeko eguraldi hotz-hezeak Araba lehenagoko egoerarat eramanen zuela zirudien. XVIII. mendean, berriz, hazkunde demografiko ikaragarria eman zen. Hasieran gerrate batzuk pairatu arren (1701-1714), aduanek Ebron jarraitu zuten, hamarkada luzeetan garapen sozioekonomiko baikorra gauzatuz. Honek, halere, ezin ditu jite handiko arazo larriak ezkutatu, arabar herrialdeak erakusten duen nolabaiteko ezintasuna lekuko, matxinadak barne. Era berean, hazkunde horren bidez aberastu ziren XIX. mendean foruen aurkako joera tinkoa plazaratuko zuten indarrak.


Gasteizko matxinadak.

Juan Madariaga Orbea ikerlariari jarraikiz (1995), frantziar iraultzaren aitzindaritzat hartzen ahal dugun Gasteizko matxinada 1738an hasi eta 1742-1748 artean gauzatu zen. Alta, bertako merkatariek handikien aurka burrukatu eta, jende xumearen laguntzaz udal karguetan ordezkatu zituzten. Espainiar armadak, dena den, hamar urtez luzatu zen aldaketa sozial hau deuseztu zuen, lehenagoko egoerarat itzularaziz.
Ez da harritzekoa, giro horretan, merkatalgintza murrizten zuen Madrilek 1802an sinaturiko dekretuak ezinegona areagotu izana. Módenes gobernadorea arabar garraiolariak espetxeratzen hasi zen, agindu zentralisten arabera denak kontrabandistak zirelakoan. Iskanbilaren ondorioz, halere, alde egin behar izan zuen, guda karlista arte tirabira konpontzeke geldituz.
Estatua ere egoeraz jabetu zen, asmaturiko zerga berrien bidez bere egiturak sendotuz. Horretarako, «nuevo estado borbónico» deitu ohi denak errealitatearen irudi zehatza behar zuen, ez ordurarteko ezosoa. Hori dela medio, 1787. urtean «Censo español executado de órden del rey comunicada por el excelentisimo señor conde de floridablanca, primer secretario de estado y del despacho» burutu zuten. Errolda horretan datu soziologiko interesgarriak irakurtzen ahal dira, adibidez oraindik nahikoa euskalduna zen Arabak 71.000 biztanle zuen, Lapurdiren gisa. Inoiz ezkontzen ez zen emakumeen multzoa Gipuzkoako kopuruaren erdia zen, eta arabar errioxan %3 bakarrik... Antza denez, bertze euskal lurraldeetan gorakada ekonomikoa nabarmenagoa zen Araban baino. Horregatik Gipuzkoa eta Arabako goi mailako kargodun batzuek projektu bat prestatu zuten, haien ustez ia tokirik gabe bizi ziren milaka gipuzkoarrendako herriak sorrarazteko plangintza landua, arabar herrialdea berpopulatu asmoz. Hori hagitz eraginkorra izanen zen, ekonomia arloan ez ezik, euskararen egoeran ere. Haatik, Madrilek projektua debekatu zuen. Mende haren amaierarako, aldiz, eta «eraztuna» moduko neurri errepresiboen bidez (Dulantziko testigantza, orduko Mendibilek idatzia), Uda-Trebiño nahiz Mendialdea erdaldundu eta Gasteizko Lautada elebidundu zuten.


Industrializazioa.

1936ko gerra ondorengo hamarkadan Bizkaia nahiz Gipuzkoako industria berpiztu eta haien ekoizpena biderkatu zen, langileen egoera, berriz, ikaragarri okertuz.
Interes ekonomikoek ordurarte nahikoa bazterrean utziriko Araba (argindar sare nagusi guti, trenbide ahulak Madril-Irun salbu), halere, esnarazi zuten. 1936 baino lehen Gasteizen metal eta kimika arloko lantegi xumeak zeuden, Araian bertze zertxobait, asfaltoa Maeztu alderdian eta arnoarenak Biasteri edota Oionen. Hots, Araba industria gutxien zuen euskal herrialdea zen, Zuberoaz landa. 1947an, baina, aldaketa deika ari zela erraiten ahal da, data hartan hamar elkarte anonimo sortu baitziren, aurreko urtetan agerturiko diru kopuruak hondarraren gisa geldituz.
Lehen bultzadatxo hark eztanda egin zuen 60ko hamarkadan. Izan ere, ordutik egun arte arabar populazioa Hego Euskal Herriko %7 izatetik %10erat pasa baita, eta zer erranik ez arabar populazio horren eguneroko lanaz ari bagara.
1960tik Hego Euskal Herrian lanean ziharduen lagun kopuruaren gorakada orokorra izan bazen ere, jauzirik aipagarriena Araban eman zen, frankismoaren amaieran aktibitate tasarik tikiena izatetik altuena erdiesterat egoera irauliz. Honela, industrian aritzen den arabar populazioa, ehunekotan, Hego Euskal Herriko handiena da, Bizkaiak zuen nagusitasuna 70eko hamarkadan bereganatuz. Alde honetatik Gasteiz eta Laudio aldea nabarmentzen zaizkigu.
Bertzeak bertze Ollora edota Zarateri jarraikiz, prozesu honetan Arabako Foru Aldundiak harturiko erabakia azpimarratu beharra dago, zeren eta 1960ko aldaketak garai hartan industria enpresariei lur merkea erosteko baliabide ezin hobeak eskaini baitzizkien. Era berean, 1963an «Plan General de Ordenación Urbana de Vitoria» izenekoa sinatu zen. Bigarren guda karlista aurretik (1875) Gasteizek 17.000 biztanle zuen eta 1965ean 105.000. Bada, egun azken kopuru hau bikoizturik azaltzen zaigu, bertze inon gertatu ez dena, alegia. Eta are gehiago, 1960-1970 tartean ere, hamar urte eskasetan, Gasteiz eskualdeko populazioa bikoiztu zen, 1972an bertako «Lakuako ACTUR» aprobatuz

Pilar Iparragirre

Badirudi ez dela oraingoa euskaldunoi inon diren gaitzizen mingarrienekin"oparitzeko" moda hori. Okerrena, ordea, baliteke ez izatea kanpotik datorkigun erasoa bera, "barrukook" horren plagiatzaile bilakatzea baizikà Hara Gurutz Ansolak 1971ko uztailaren 25eko Z. ARGIAn jasotzen zuen galdera: "Euskaltzaletasuna ez al da, gero, integrismo bihurtu?". Gaderatxoa euskaldun batek egina zion, "emakume prestu batek" zehatzago esateko, eta Gurutz Ansola nahikoa kezkaturik utzi zuen, jakina.


ERANTZUN EGOKIAREN BILA

"Bat-batean eman nioen erantzuna ez dakit zeharo egokia izan zenentz. Holako arazo larri batek patxada eta astia eskatzen du, ahal den alde eta sahiets gehienetatik, arloari atxekitu eta eztabaidatzeko. Egokiera hori ez genduen, orduan, izan, eta gaiak dadukan garrantziagatik, heldu diot".
Behin erabakia hartuta, zailena egina zegoela zirudien. "Gaur ez da iñor `euskaltzaletasun integrista´ bat ba dela ukatzen duenik", aitortzen zion "emakume prestuari", ondorengo zehaztasunarekin: "Kontzientzia makur hori, `euskaltzaletasuna ez ahal da atzerakoikeria billakatu´, galdetzen edo jaurtikitzen duen sendimendu larri hori, ez dela dirudi gertakizun edo fenomeno zaharra. Esango nuke, 1960-ko udaberritik honuntz gorpuztera heldu den gertakizun soziologikoa dela, nahiz azken lau ezpa bost urtetan eman beren frutuak, duela hamarren bat urte erein eta aldatu ziren hazi eta landareek".
Eta nor ote landatzailea? Bada, "sozial-inperialismoa", antza denez! "Sozial-inperialismoak erdietsi du zalantzarik gabe ezarri zuen xedea: euskal kultura barrutian nabarmen zeuden kontradiziorik bizienak jorratu eta sakabanaketa, nahaspilla, kinka eta gogogaltzea sortu euskal kultura barrutiko lankideen artean", baieztatzen zuen Gurutz Ansolak behintzat.


OKERRENAK, ERIAZ ERAKUSTEN

Ezin okerrago dabilena izan ohi da sarritan kritikatzailerik handiena, eta kasu honetan ere bai, dirudienez: "Baiña iñor baldin bada munduan euskal kulturaren kontradizioak garaitu ez ditzakeena eta euskal kulturaren gidaritza bere eskuetan har ez dezakeena, 'iñor' hori sozial-inperialismoa da".
Behin arerio zital horrena garbi utzita, euskalzaletasunaren panorama azaltzeari ekiten zion gizonak. Horrela ei zegoen banatua: "Integrismoan edo tradiziozkoan, alde batetik, eta aurrelarian edo kultura eta gizarte osoa batzen eta elkartzen dituen olde berrian, beste aldetik. Euskaltzaletasun aurrelaria non dago, bada? Langilleengan eta langilleriaren alde dagoen gogoetalariagan. Integrismo jokaerak, aldiz, duela berrogei urteko gizarte tradiziozkoari atxekiturik dauden euskaltzale zintzoetan nabarmendu dira. Ez haiengan, ez hauengan ez dago Kontzientzia makurrik, ez gogo-galdurik. Baiña bereiztasun sakona ba dago bi motariko euskaltzale hauen artean».
Zena zela, horren arrazoiak bilatu behar ziren. «Euskal integrismoaren gaur eguneko naturaleza ez dago konprenitzerik, haren aurrez aurre eta kontra, beste integrismo deseuskaldun bat parekatzen ez bada. Integrismo desuskaldun hau, gure kulturaren bi hauzitan, larru gorri agertu da, hots, hizkuntzaren eta erlijioaren gauregungo liskarretan. Nork uka dezake, bai hizkuntzan eta bai erlijioan hauzi eta hautsi sakonak dituela euskal kulturak? Sozial-inperialismoak, ordea, dogmakeriaren eta desdemokraziaren kotsuz kotsatu nahi izan ditu arazo bi larri horiek. Etzeukan, ez, horretarako bide egokiagorik, elkarrizketarako zubiak hautsi, eta, ideologia dogmatiko eta jokaera ez demokrata baten bitartez, euskal kulturako kontradizio horiek antagonista bihurtzen saiatzea baiño». Eta «hemen datza gure `integrista´ direlakoen errua, hots, sozial-inperialismoari, harek aukeratu duen plazan eta borrokan oldartzea».

Itxura guztien arabera, ahaztu zitzaien zitalkeriak beti galbidera eramaten duela... Zorionez, ez denei: «Putzu horretan ez dira erori, ez, langille euskaltzaleak eta langilleriaren aldeko gogoetalariak. Garbi ikusi bait dute hauek, arerio horri, euskaldungoaren sail eta arlo orotan, egin behar zaiola borroka. Izan ere,inperialismo horren gatazka maltzurra hontara bait dago zuzendua, hots, euskaldungoaren eta euskal kulturaren desegitera, suntsitzera».
Gauzak horrela, defentsa prestatu beharra zegoen. Nola, ordea? Garbi zeukan Gurutz Ansolak: «Beraz, `atzerakoitasunaren kontzientzia´ makurrak ausikitzen zaituen andre jator hori! Esan nizunez, berriro esan, euskaltzaletasunaren aurrerakoitasunak ukatzen du eta garaitzen, beldurtzen zaituen integrismo hori. Langille euskaldunen enborrean errotu behar dugu, zuk eta nik, gure herritasunaren nahi, gogo, bizitza. Gehiago esango dizut, ez dago beste biderik gure integrismoa garaitzeko, `integrismo deseuskalduna´ borrokatzea baizik. Borroka hau, ordea, ez da sozial-inperialismoak muntatu nahi duen plazan emango, ez herrikideen artekoa izango. Ekintza eta lehiaketa hori, euskal kulturaren alor zabalean eta osoan mugituko da, eta oiñarri hauek izango ditu beti: euskaltzaleen elkartasuna, euskal kulturaren mugimendua herrikoi, gizartekoi eta demokratiko billakatzera hel dadin, lankidegoaren bidetan"

Oier Araolaza

Ez dugu filma eszenifikatzen. Gidoi emozional bat da", dio Muñozek. Izan ere, hizkuntza desberdinak erabiltzen dituzte zinemak eta dantzak. "Hala ere, hasieran uste genuena baino gehiago geratu da pelikulatik koreografian. Pelikula ezagutzen ez duenak istorio bat ikusiko du, eta pelikula ezagutzen duenak erreferentzia asko identifikatuko ditu".

Bi aingeruk bere kargu dituzten lau gizon-emakumeren gorabeherak jarraitzen dituzte zerutik. Aingeruetako batek bere babestuarekin maitemindu eta zerutik lurrera jaistea erabakiko du. Aingeru izateari uko eginik gizaki arruntak bezala bizitzera jaitsiko da, bizitzaren miseria gorriei aurre eginez.
Giza harremanen konplexutasunak arduratzen du Damian Muñoz eta ikuskizun gogorra taularatu du hori islatuz. Protagonisten sentipen eta bizipen latzak zuzen zuzenean iristen zaizkio ikusleari. Istorioaren gordintasuna bete-betean sentitzen da eserlekutik eta protagonistek bizi duten deserosotasuna areto osora zabaltzen da. Heriotz batekin hasten da ikuskizuna eta bere buruaz beste egiten duenarekin bukatu.
Eusko Jaurlaritzaren «Dantzara» Plataformaren bidez babestuta estreinatu berri da Damian Muñozen azken lana Barakaldo antzokian. Erakundeen laguntza garrantzitsua da koreografoarentzat, baina dantzariek ausartak izan behar dutela defendatzen du. "Argi izan behar dugu ez dugula erakundetu, instituzionalizatu behar. Ez zait egokia iruditzen babesik ez badago, dantzarik ez dudala egingo esatea". Koreografo berrien erakusketak lehen urratsetan daudenei leihoa irekitzen laguntzen badie, «Dantzara» plataformak dagoeneko abiatuta dauden konpainien lanak Euskal Herrian ikusteko aukera eskaini nahi die. Honela bi egunetan A Deshoras, Ion Munduate, Nekane Santamaria eta Damian Muñoz Danzaren lanak ikusi ahal izan ziren Barakaldon uztaileko bigarren asteburuan.
Damian Muñozek aurkezpen txartel ikusgarria ekarri du oraingoan. Bartzelonako Grec jaialdiak koproduzitu du ikuskizuna. Uztailaren 25etik 29ra aurkeztuko da Gasteizko koreografoaren lana Grec jaialdian. Egitarauan, Damian Muñoz Danza konpainiaren ondoan egungo dantza konpainia entzutetsuenetako batzuek jardungo dute. Tartean Nederlands Dans Theatrek Jiri Kylian-en lanak aurkeztuz. Goi mailako jaialdia da, eta antolatzaileek Muñozen ikuskizunaren ekoizpenean parte hartu nahi izanak koreografoarengan ezarritako konfiantzaren neurria ematen du. Babes horiek dantza garaikidea pixka bat gehiago ezagutzera emateko balioko duten esperantza du Muñozek. "Dantza garaikidearen arazo nagusia ezagutzen ez dela da. Ezagutzen ez den produktua ez da erosten. Ezezagun handiak gara. Formazio eta publizitatean inbertsio handia egin beharra dago. Eta nik uste dut oso garrantzitsua dela telebistaren parte hartzea. Dantza gauza oso bisuala da, eta horren berri modu onean izateko modu bakarra telebista da. Eta egin diren gauzetan ikusi da funtzionatzen duela".
«Las mentiras del entusiasmo» koreografia sortzeko Virginia Garciaren laguntza izan du Muñozek. Bi horiekin batera Jorge Jauregi, Fernando Hurtado, Fernando Nicolás Pelliccioli eta Maria Rocak osatzen dute dantzari taldea. Orain arteko talde sendoena osatu du seikote horrekin. Dantzari indartsuak dira seiak, teknika desberdinak menperatzen dituzte eta ongi moldatzen dira Muñozek maite duen dantza erara. «Teknikoki oso irekia naiz eta saiatzen naiz ez geratzen teknika bakarrarekin. Nire formaziotik, gauza askotatik gustatzen joan zaidana hartzen eta nahasten joan naiz. Giza gorputzak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzea gustatzen zait". Dantzarien arteko kontaktu fisikoa atsegin du Damian Muñozek eta oraingoan bortxaz erabiltzen du ukimena. "Niretzat oso garrantzitsua da dantzarien arteko kontaktu lana, hori asko erabiltzen dut beti, eta orain ere horrekin jarraitzen dut". Adierazpen gaitasun handia du Muñozek darabilen lengoia koreografikoak. "Asko laburbildu beharra dago. Sentipen hau edo beste emozio hori adierazi nahi dudala erabaki eta mugimenduaren bidez hori lortzea da erronka. Noski, hau gauza konplexua da, emozioa gauza abstraktua baita, eta mugimendu fisiko baten bidez kontatzen saiatzea nahiko zaila da, baina horixe da erronka".
Damian Muñozen ikuskizunetan ohikoa den Borja Ramos arduratu da musika konposatzeaz eta Javi Ulla argiztapenaz. Bien artean eszena gaineko gertakizunei dagokien giro hotz eta gogorra ematen diete. Muñozen dantzak ez du gehienetan musikaren erritmo beharrik. Dantzak berak bere erritmoa izan ohi du eta gutxitan bilatzen du babesa musikan. Ohi bezala errekurtso eszeniko ugari erabili ditu oraingoan ere. Zerua eta lurraren arteko jokoak sabaitik taula gainera hamaika elementu erortzen uzteko bidea ematen dio. Horrek ikuskizunaren prestaketa lanak asko zaildu ditu baina emaitza oso zinematografikoa da. "Nik askotan nuen sentsazioa zen pelikula egiten ari ginela. Story board-a, eszenetaz hitz egiteko genuen modua... æhau pelikula bat da eta grabatu egin behar duguÆ, sentsazio hori daukagu guztiok".
Ikuskizun bat estreinatu berritan, eta beste bi ditu martxan dagoeneko Damian Muñozek. Urte asko daramatza dantza munduan, baina orain gutxi arte ezin izan du dantzan erabat profesionalki jardun, eta aisialdiko jarduera izan da dantza Muñozentzat. «Horixe da modu bakarra. Artea ez dela erakundetu behar uste dut, eta beraz, aurrera egiteko modu bakarra goizetan lan eginez eta gauez eta asteburuetan dantzatuz izan da. Poliki-poliki, joan gara hazten, hobbya lanari nagusitu zaion arte eta bien arteko posizioak trukatu arte". Damian Muñozek ez du bide samurra izan bere gogoa betetzera iritsi arte. Dantzaren munduan bizitzeak dituen zailtasunak ondo ezagutzen ditu. "Oso gogorra da. Gainera, ez zoaz gauza on batetik hobeago batera. Eszenatoki gainera iritsi arte dagoen prosezu osoa, alor ekonomikoa, enpresa antolaketa, hori guztia oso konplikatua da. Horrez gain, elkarren aurka dauden bi gauza nahasten diharduzu: artea eta dirua".
Traspasos konpainian eman zituen lehen urratsak dantzari profesional gisa, eta ondoren Moaré eta Puertas Abiertas taldeekin jardun zuen. 1995ean sortu zuen bere konpainia, Damian Muñoz Danza. Urte berean Madrileko koreografia lehiaketan lehen saria eskuratu zuen «Cuando me des un respiro» lanarekin. Ordutik hamaika lan berri sortu du, tartean «Humedades», «Daño» eta «Asiré», eta nazioarteko hainbat jaialditara gonbidatu dute.
Bide sendoa egin du, eta azken bi-hiru urteotan dantzara bete-betean emateko aukera lortu du. Ongi landu eta izerditutako aukera izan da eta ez dago alferrik galtzen uzteko. Bi proiektu berri ditu esku artean dagoeneko. Lehenengoa «Tres tristes Striptease» izenekoa da eta zinemarekin duen lotura berretsiz, film labur bat grabatuko du koreografia horrekin. Tonu alaia, tragikomikoa izango omen du eta udaberrirako estreinatzeko asmoa du. Bestetik, irailean koreografia bat aurkeztuko du Bartzelonako Miro Fundazioan

Daniel Udalaitz

Espainiako Estatuko ekonomiarentzat aurreikusitako bilakaera laburbiltzeko esan genezake "moteltzea eta inflazioa" nagusituko direla 2001. urtean. Horixe bera dio BBVAko Azterketa Zerbitzuak ekonomia eta finantza gaien inguruan argitaratzen duen eta adituen artean oso ezaguna den «Situación» aldizkarian, ekaineko alean, aurreikuspen ekonomikoei buruzko txosten batean. Aldizkari horrek Espainiako Estatuko ekonomia kontuan harturik egiten ditu bere txostenak eta aurreikuspenak; beraz, euskal ekonomia ez da inolaz ere zehazten azterketa orokor horretan. Dena den, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza ganberek, Confebaskeko patronalak eta Zubizarreta consulting-ak orain dela gutxi euskal lurraldeko ekonomi egoerari buruz argitaratu dituzten azterketetan ekonomiaren moteltze hori egiaztatu dute.

1996. urteaz geroztik goranzko hazkunde ekonomikoa eta beheranzko inflazioa nabarmendu dira, baina egoera izugarri aldatzen ari da 2000. urtearen erdialdetik hazkundeari dagokionez, eta urtebete lehenagotik BBVAk aurreikusitako inflazio joerari dagokionez. Ameriketako, Japoniako eta Alemaniako egoera ekonomikoa moteldu edo ahuldu egin da, eta ez dugu ahaztu behar herrialde horiek direla munduko gainerako ekonomiei benetan eragiten dietenak.


BPG BEHERA, INFLAZIOA GORA. 2001. urtean Barne Produktu Gordina (BPG) %2,8 haziko da, azkeneko bi urteetan izandako batez besteko hazkundea baino 0,33 puntu gutxiago, baina hazkunde potentzialetik gora egonik oraindik (%2,6koa izango dela jotzen da). Bestalde, inflazioak 2000. urtean baino 0.3 puntu gehiago izango ditu 2001. urtean, %3,7ko batez besteko tasa izanik. Horren ondorioz, Europako Monetaren Batasuna (EMB) osoan 2000 urtean 1,1 puntu izatetik 1,2 puntu izatera iritsiko da. «Situación» aldizkariak dioenez, jardueraren moteltze hori gorabehera, Espainiako Estatuaren ekonomiak EMBrekin bat egiteko prozesuari eutsiko dio.

2000. urtean Espainiako Estatuko ekonomiak %4 inguruko hazkunde-maila izan zuen BPGari dagokionez -euskal ekonomiak hamarrenen bat gehiago izan zuen-. Hala ere, iazko bigarren hiruhilekoaz geroztik, ekonomiaren moteltzea gero eta nabariagoa izan zen. Barne-gastua, bai kontsumoan eta bai inbertsioan, geldotzen hasi zen, bi urte lehenago hura bultzatu zuten faktoreak desagertu ahala. Alde horretatik oso kontuan hartzekoak dira egiazko interes tasen beherapena, euroaren balio galera, lehengaien "shock" positiboa eta soldaten neurritasuna, eta baita halaber 1999ko zerga aldakuntzak familien errenta baliagarriaren gainean izandako eragina ere. Euroaren balio-galerak bakarrik lortu du hazkundea "areagotzea", beste herrialde batzuetara gehiago esportatzen delako, nahiz eta aldi berean inflazioa handitu eta EMBren barruan salmentak gutxitu, Espainian benetako truke efektiboak euroaren esparruarekiko duen apreziazioagatik; hau da, lehiakortasuna etengabe galtzen ari delako.
Egoera hori kontuan izanik, apirila eta maiatza bitartean, Espainiako Gobernuak eta nazioarteko erakunde batzuek (ELGE eta FMI) Espainiako Estatuaren ekonomiari buruz sei hilabete lehenago eginda zeuzkaten aurreikuspenak eguneratu egin dituzte. Kasu guztietan 2001. urtean hazkunderako aurreikuspenak gutxitu egin dira. Europako Batzordean, esaterako, hiru hamarren gutxiago aurreikusi dituzte (%3,5etik %3,2ra) eta ELGEn, berriz, sei hamarren gutxiago (%3,5etik %2,9ra).
Egindako berrikuspen guztietan barne eskaeraren hazkunde beherakada (bai kontsumoan, bai inbertsioan) adierazten dute eta kanpo sektoreak hobera egingo duela espero dute. Horri dagokionez, uste izatekoa da ondasun eta zerbitzuen inportazioak gutxitzeak esportazioetan neurritasuna ekarriko duela. «Situación» aldizkariak gogorarazten digunez, BBVAk urtarrilean egina zeukan %3,2ko aurreikuspena berraztertu eta %2,8ra jaitsi zuen, inbertsioaren joerari buruz zituen itxaropenak zapuzten ari zirelako, batez ere ekipamenduen arloan eta etxeetako kontsumo gastuetan. Gehienbat ekipamendu ondasunetan izandako inportazio kopuruaren beherakadak, igurikapenen eta etxeetako gastuen adierazleen ahulaldiak, eta bestalde, inflazioaren gorakadak eta aurreko urteetako hazkundea bultzatu zuten faktoreak desagertu izanak 2001. urterako aurreikusitako moteltze hori areagotu zuten, ekonomiaren hazkunde potentzialetik goraxeago dagoen tasa batera iritsiz.


KONTSUMOA ETA INBERTSIOA GERO ETA GELDIAGO.

«Situación» aldizkarian argitaratutako txostenak dioenez, etxeetako kontsumoak eta errentak eta ekipamenduetako inbertsioak gero eta geldiago daude. 2001. urtean etxeetako amaierako kontsumo gastuak beheranzko joera izango du iazko urtearen erdialdean hartu zuen bideari jarraituz. Alde horretatik, 2000. urtean batez beste %4ko hazkundea izan zen eta 2001. urtean %2,9koa izango da, 1996. urteaz geroztik izan den hazkunderik txikiena. 2000. urtearen amaiera arte ekipamenduetako inbertsioak goranzko joerari eutsi bazion ere, 2001eko lehenengo hilabeteetan behera egin du nabarmen. Halaxe gertatu da industrietako ekoizpenean eta esportazioetan.

Industri Giroaren Indizearen arabera, industri enpresen igurikapenak ez dira batere onak, 2001. urtearen lehenengo seihilekoan eskabide zorroak izan duen beherakadaren ondorioz, batez ere barne eskabideen arloan, eta azken hauei dagokienez ekipamendu ondasunetan. Gauzak horrela, «Situación» aldizkariak ekipamenduetako inbertsioaren moteltzea aurreikusi eta 2001. urtean batez besteko hazkundea %0,5ekoa izango dela iragarri du. Ondasun eta zerbitzuen esportazioek 2,5 puntu gutxiago izango dituzte, %8,3ra iritsiz, munduko merkataritza gutxiago hazi delako (%6, 2000. urtean lau puntu gutxiago), eta Espainiako Estatuaren ekonomiak lehiakortasuna galdu duelako, EMBko herrialdeekiko duen inflazio-diferentziagatik. Bestalde, inportazioak ere gutxitu egingo dira, jarduera horien hazkunde txikiagoa dela-eta. Aurreikusten denez, 2001. urtean ondasun eta zerbitzuen inportazioak %7,7 igoko dira, 2000. urtean baino 3,4 puntu gutxiago beraz.
«Situación» aldizkariaren arabera, 2001. urteko lehen seihilekoan ondasunen kanpo merkataritzari buruz bildutako datuek argi erakusten dute lehen baino inportazio eta esportazio gutxiago izango direla. Kanporako ondasunen salmentek kapital-ondasunetan ere egin dute behera, 2000. urtearen amaiera arte izandako hazkunde azkarraren ondoren. Inportazioek ere joera bera erakusten dute, elikagaien erosketetan izan ezik.


ENPLEGUA ETA JARDUERA BEHERANTZ.

Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAI) emandako datuen arabera, "Espainiako ekonomiak" ez du enplegu netorik sortu 2000. urteko udaz gero. Enpleguaren hazkunderako urte arteko tasak ia bi puntu galdu ditu 2000. urtearen lehen seihilekoaren eta 2001. urteko lehen seihilekoaren artean: %4,7tik 2,8ra jaitsi da. Nekazaritzakoak ez diren jarduerak kontuan hartuz gero, tasa hori %5,4tik %2,8ra jaitsi da.


EAEko merkataritza ganberek adierazi dutenez, "ekonomi hazkundea nabarmen moteldu da, orain hilabete batzuk uste genuen baino askoz neurri handiagoan". Moteltze hori hiru sektoreetan nabaritu da: industrian, eraikuntzan eta zerbitzuetan. Kanpo merkataritza ere egoera berean dago; izan ere, aurtengo lehen seihilekoan esportazioek %1,6ko hazkundea izan dute eta iaz, berriz, %11koa izan zuten. Turismo jarduera gutxitu egin da eta portuetako salgaien garraioak bilakaera txarra du; baita enplegu tasak ere.

Confesbaskek ere argi ikusi du ekonomia moteltzen ari dela. Horregatik, aurtengo hazkunde tasak sei hamarren gutxiago izango dituela aurreikusi du (%3,1). Bestalde inflazioaren gorakada ere nabarmendu du, haren ustez "azkar eta etengabe" ari baita gora egiten. Industri sektoreak ditu igurikapenik txarrenak, %3,9ko hazkundearekin. Horrek esan nahi du aurreikusitakoa baino 0,8 puntu gutxiago izango dituela. Zerbitzuek %2,2ko hazkundea izango dute, aurreikusitakoa baino zazpi hamarren gutxiago. Enplegua sortzeari dagokionez, Confebaskek uste du aurreikusitako 20.000 lanpostuetatik 15.000 besterik ez direla sortuko

DANIEL UDALAITZ

Erlantz Urtasun

Sakanan, euskararen egoera hobetzeko Bierrik izeneko elkartea sortu zenetik urte luzeak pasa dira, eta ez alferrik, horrez geroztik hamaika harpidetzari, publizitateri nahiz udal, mankomunitate edota nafar gobernuaren laguntzei esker inguru hartako euskal komunikabideak ugaldu baitira. Izan ere, aspaldi "Guaixe" hilabetekari euskalduna martxan jarri eta, hilero, milaka ale sakanar etxeetan dohainik banatu ohi da. Ondoren, aurrekoa baztertu gabe, ekimen berriak sorrarazi dituzte, Etxarri-Aranatzen kokaturik dagoen Beleixe irratia kasu, Nafarroako bertze irrati euskaldunekin sarean elkarlanean ari dena, alegia.

Erraniko guzia guti balitz, hainbat tokitan jardun eta gero, eskualdeko hiriburuaren gisa aritzen den herri handienean, Altsasun, behin-betiko egoitza laster izanen dutela ziurtatu da, bertan bilduko baitituzte oraino sakabanaturik egon diren zerbitzuak. Hagitz toki erakargarrian eraikuntza burutu dute eta, behekaldeko solairuetan topaleku finkoa erdiesteaz landa, salduko dituzten goiko pisuak datozen urteotako plangintza aitzinerat eraman ahal izaitekotz funtsezkoa izanen zaizkie, telebistari ere inoiz ez baitiote muzin egin, horrelako jauzia emaitekotz kudeatu beharreko diru kopurua eskuratzea nahikoa zaila izan arren.
Edonola ere, Bierrik elkarteak bertze opari bat eskaini berri die Sakanako euskaldunei: "Oixe" astekariaren 0 alea. Irakurterraza, orri gutikoa eta testu laburrez osatua. Erronka handia da gero, zeren eta, urtero, hilabetekariaren 12 aleei astekariari dagozkion dozenaka ale gehitu beharko baitizkiete. Hori egiteko, baina, informazioa egon badago. Haien erranetan, "Sakanako kazeta" izenburuaz ere jantziarazi den "Oixe" astekarian eguneroko informazioa karrikaratuko dute, jadanik "Beleixe" irratian eskarmentu handia duen Alfredo Alvaroren ardurapean. "Agenda" sailari garrantzi handia eman nahi izan diote, hots, hilabetekari batean korapilatsuagoa suertatzen dena. Ondorioz, "Oixe" plazaratzeko egunik egokiena, asteburuko deialdiak zelatan, ortzirala dela erabaki da. Honek, halaber, "Guaixe" hilabetekaria askeago bilakatuko duela aitortu dute, bere orrialdeetan interes orokorreko gaiak, erreportajeak edota kronikak, era sakonagoan jorratzeko aukera irabaziz.
Hau guziaren berri "Guaixe", Sakanako hilabetekariaren 78. zenbakian irakurtzen ahal da. Batetik astekariarena, erreportaje nagusiaren gisa. Bertzetik, eta "Oixe"ren 0 alean ere nabarmendu dutenez, Bierrik elkartearen egoitza prest izanen da: "Bierrikena udazkenerako" lemapean.
Elkarteko kideek azpimarratu dutenez, "egunero Beleixe, astero Oixe eta hilabetero Guaixe". Izen hauek direla medio, Sakanan, eztabaidaren bat ere gertatu dela ezin ukatu. Egia da antzekotasunak nolabaiteko lotura eskaintzen diela, hurbileko bihurtuz. Halere, solasaldietan, hirurek itxura beretsuegia ez ote duten galde egin du jendeak. Hori izan da, alta, "Oixe"ri "Sakanako kazeta" moduko deitura gehitzearen arrazoin nagusia. Ea telebistarako zein izen asmatzen den!

Egituraketaren beharra.

Sakana eskualdea arabar eta gipuzkoar muga zabaletatik Larraun, Imotz, Lizarrerria eta Iruñerriraino hedatzen da. Esparru handi hartan, dena den, nortasun handiko hiru eremu historiko bereizten dira, Burunda, Aranatz eta Arakil, Sakanak haien harreman estua irudikatuz.
Eskualdearen erdi aldean, Lakuntzan, Mankomunitatearen egoitzak elkarrekin bizi izaitekotz gogoa erakusten badu ere, egungo errealitateak desbertebraziorako joera indartsua dela oihukatzen du. Autobideak direla medio, Gasteiz eta Iruñea inoiz baino hurbilago dira mendebalde nahiz ekialdetik; baita, laster, Etxegarateko lanen bidez, Goierriko hirixkak. Sakanan, ildo beretik, eta populazioa tikia bada ere (hemeretzi mila lagun inguru) jendearen jatorria gero eta anitzagoa da; herri ugari dago, hogei baino gehiago, hau da, udalak, konpetentziak, interesak, zenbaitetan leian aritzen diren alderdi politiko ezberdinen eskuetan direnak.
Euskararen egoera ere herri batetik bertzerat aldatzen dela kontuan harturik (batzuk UEMAn eta bertze batzuk guziz erdaldunak), "Bierrik" elkarteak Sakanako egituraketaren beharra islatzen du, euskal kulturaren aldetik eginiko saiakera sendoa, alegia. Etorkizun handiko elkarte eta komunikabideak direla erraiten ahal da, agerian utzi ditugun ezberdintasunak azken urteotako haur eta gazteen euskal matrikulazio masiboa leuntzen ari baita

Iosu Etxaniz

Euskal Herrian arkitektonikoki beste nazio batzuetatik bereizten gaituen eraikinik badugu, horixe dugu pilotalekua. Herrixkarik txikienak ere pilotan aritzeko horma altuago ala baxuago bat edo espazio zabalago ala estuago bat aurkezten dio zaletu edota bisitariari. Horregatik, eta pilota gure kirol nazionala izanagatik, harritzekoa da gure kirol-zelaiei buruz dagoen informazio eskasa; antzinako eta gaurko pilotari eta partidei buruzkoa zabalagoa da, noski, baina ez dirudi protagonistak abadeak eta mezak direlako elizek garrantzi gehiago izan beharko ez luketenik.

Beste alde batetik, azkeneko hamarkadetan gure herri zein hirietako frontoi zaharren alboan frontoi berri erraldoiak sortu dira, harria baztertuz material industrialez eraikiak, eguzki-izpiak saihestuz metalezko maskor batez estaliak, eta, ohiko estetikari jaramonik egin gabe, barrutik telebista helmuga eta kanpotik kolore biziz margotuak. Pilotaleku baino polikiroldegi gehiago, espazio berri hauen ondorioz betiko frontoiak haurren jolasetarako edo behin-behineko aparkalekutarako (Lapurdiko Sarako errebote-frontoi zoragarria honen adibiderik negargarriena izan liteke) baztertuta geratu dira. Hiritar bizimoduak eta usadioek ez dute barkatzen, eta orain arte Euskal Herriko topikoak «herri bakoitzeko frontoi bat» (gutxienez, eta zein baino zein ederragoa) bazioen, belaunaldi batzuetan hainbat mendetako historia bizi izan duten harriak modernitatearen biktima bihur daitezke.


Mendietako pilota-soroetatik frontoi industrialetaraino.

Euskal Pilota, Javier Ugarte adituaren esanetan, «lusus pilae cum palma» latindarraren eta «jeu de paume» frantziarraren eboluzioaren emaitza kontsideratzen da, baina hori baino lehen antzinako euskal artzainek (beste herri askok bezala, zerbait biribila hartu eta botatzea gauzarik naturalena baita) jadanik pilota baten antzeko zerbaitekin boleaz aritzen ziren, mendi edo zelaietan (zoruak, boleaz zenez, ez zuen garrantzirik) eta bata bestearen aurka.
Gauzak horrela, pilotari buruzko lehen agiria 585. urtekoa dugu, Leovigildo errege bisigodoaren garaian euskal presoen arteko partida bat izan omen zelako, baina erabilitako pilotalekuaz ez zaigu ezer iritsi. Beste zortzi bat mende itxaron beharko ditugu honetaz zerbait jakiteko. Izan ere, euskaldunak eta pilota nahasten diren bigarren erreferentzia idatzia 1331n helduko zaigu, Joana II Nafarroakoaren garaian alegia, bere aita Luis «Hutin»en pilotarekiko zaletasuna «ludus pilae» («pilotaren jokoa») izeneko kronikan jasoa geratzen denean. Honen arabera, erregeak eskuz, beste baten aurka eta Iruñeko dominikotarren klaustroan jokatzen zuen. Kontuan izan behar da Erromatar Inperioaren galeraren ostean, Erdi Aroan zehar, pilota eta kulturaren inguruko beste hainbat arlo monasterioetara mugatu zela, bertako monjeek iraunarazi zituztelarik.
Behe Erdi Aroan, berriz, pilota Europa osoan zehar zabaldu zen, Gaztela, Nafarroa (XIV. mende amaieran Erriberriko Gazteluak pilotaleku bat gordetzen zuen), Ingalaterra eta Frantziako gorteetan denbora-pasa nagusia bihurtu zelarik; batzuetan gazteluko lubakian edo harresien aurka jokatzen zen, baina askotan gaztelu barruan espazio bereziak sortzen ziren, oraingo trinketen aitzindari izan ziren «tripotak» alegia.
Hauen bien arteko ezberdintasun nagusia izena izan liteke, pilotaren munduan hauxe dugulako gutxien eboluzionatu duen jolastokia. Gaur egun ere pilotari arrotzak egiten zaizkion ûbaina jokoaren zati garrantzitsua bihurtu diren- elementuak gordetzen dira, hala nola, txiloa (burdinsareko leihatila) edota danborra (frontisa eta eskuineko paretaren arteko angelu ez-zuzena). Ziur aski gazteluren bateko lubaki edo patioak izango zituen eta hasierako tripot horretako zailtasunak jokoaren arau bihurtuko ziren, gaur egun arte iraunez. Bestalde, trinketen ezaugarri nagusi den ezkerraldeko teilatutxoaren justifikazioa (hau ere jokoaren ezinbesteko zati) zaldun jokalarien mugimenduak ikusgai zituzten gorteko damen segurtasuna izango zela uste da.
Eboluziorik handiena ezagutu duen jolas mota kanpoaldean jokatutakoa izan da, inolako eraikinik behar ez zuenez (herri orotan aurki zitekeen eta koadratzen zen zoru lau samar bat eta sakea egiteko harlauza bat besterik ez) herritarren artean arrakastatsuena zen-eta. Denborak aurrera egin ahala zelaiaren mutur batean erreboteko horma bat altxatzen hasi ziren, justifikazioa xisteraren erabileran aurkitzen zuena (lehenago eskularru batekin jokatzen zen); izan ere, xisterak hormaren aurka errebotatzen zuen pilota hartzea ahalbidetzen zuen.
Eskularru garesti eta astun horrekin aritzerik ez zuten haur eta gaztetxoak, bitartean, esku hutsez (geroago xisteraz) eta pilota txikiago eta biziagoekin jokatzen hasi ziren, aurkitzen zuten lehenbiziko horma lauaren aurka. Horma hauek eraikin garrantzitsuenetakoak izan ohi ziren, eliza eta udaletxekoak askotan, eta euria egiten zuenean jolastoki bihurtzen zirenak arkupeak eta kontzejupeak izaten ziren. Garai honetan pilotak kautxuz eginez gero biziagoak eta botekoak (ordura arte beti boleaz jokatzen zen, pilotak ez zuelako boterik egiten) bihurtzen zirela konturatzen hasi ziren, eta jokoarentzako zoru egokia prestatzen hasteaz gain erreboteko pareten neurriak handitu behar izan ziren. «Ble»aren edo hormaren aurkako pilotaren iraultza izan zen, batez ere Ipar Euskal Herrian.
Euskal Herri penintsularrean gehiago jokatzen zen elizako arkupeetan, eta ohituraren poderioz ezkerreko pareta bat erabiltzeak jokoari ekartzen zizkion aukera guztietaz ohartzen hasi ziren, batez ere II. Karlistadaren ostean eraikitzen hasitako ezker paretako (eta erreboteko, palaren eta xisteraren kasuan) frontoien sorkuntzan emaitza izango zutenak.

Iritsi zaizkigun pilotaleku ezberdinak.

Gaur egun Euskal Herri osoan zehar -beste leku askotan bezala- mota guztietako frontoiak aurki ditzakegu, beraien kopurua ezezaguna izateraino bezain ugariak. Mendietan, zelaietan, baserrietan, herrietan, hirietanà bakoitzak egitura eta itxura ezberdina erakusten du, baina, salbuespen gutxi batzuekin, denak inguruko osotasunean ezin hobeto integratuak agertzen zaizkigu.
Soropila pilotaleku-motarik sinpleena dugu. Gaur egun ia bakarrik Zuberoako zenbait mendi edo lautadetan aurki genitzake baina antzina artzainen arteko desafioek jende ugari erakartzen omen zuten, janari eta guzti astoen gainean hurbiltzen zirelarik, eta pasioak askotan gainezka egiten zuen, ikusleen artean ukabilkada edo makilakadaka amaitzeraino. Zelaian bertan, urrunetik ez dugu pilotalekurik nabarmenduko, baina hurbilduz gero aitzurraz eginiko eskasak ikusiko ditugu, 15-17 metro arteko marra paralelotan; marra perpendikular batek espazio hau bi erditan zatitzen du eta sakea egiteko harlauza bat dugu, besterik ez.
Basa-frontoiak aurrekoari lauzpabost metro altueran eta bospasei metro zabaleran izan dezakeen tailatutako harrizko horma bat gehitzen dio, eta baita hormaren ondoan sakea burutzeko harlauza ilara batzuk, hortik atzerako guztia zelai laua dugulako. Frontoi sinple honetan eskuz jokatu ohi da, egin zenean horretarako pentsatua zelako eta bere baliabideek ez dutelako gehiagorako ematen, beraz ez da oso sakona izaten. Hori bai, atzealdean eraikinik edo oztoporik ez badago erreboterako ere balio dezake. Euskal Herriko auzo askotan aurki daitezke, batzuetan alboetan ikusleak esertzeko hormatxoekin ala gerizpea eskaintzen duen zuhaitz handi batekin.
Eboluzio honetan hirugarren urratsa herriko pilotalekua genuke. Honetan, aurrekoaren hormatxoa alde bakoitzetik 10-12 metro erakusten duen frontisa bihurtu zaigu, eta lurreko harlauzak ere zabalagoak eta zainduagoak aurkezten zaizkigu, horrela sakearen nondik norakoak jokalariek eurek erabaki ditzaketelarik. Frontisean ona markatzen duten bi marra bertikal margotzen dira eta zelaiaren bi alboetan ikusleentzako harmailak ikus ditzakegu. Gaur egun Ipar Euskal Herriko herri gehienetan ikusten ditugun plazako pilotalekuak estilo honetakoak dira, eta bertan hainbat modalitatetan ari daiteke, hala nola esku hutsez, palaz, xisterazà Horretarako, 60 metrotik aurrerako sakonera izatea komeni da.
Erreboteko frontoia aurrekoa bezalakoa da, baina orain zelaiaren beste muturrean horma karratu eta txikiago bat altxatu dugu, eta bien artean 90-110 metro arteko jolaslekua geratzen zaigu, bi taldek batak besteari (tenisean bezala) xisteraz pilota bota diezaion. Joko hau pilota munduko denen artean ederrena dela diote, eta batez ere Ipar Euskal Herrian da oso sustraitua; Hegoaldean Zubieta, Billabona eta Doneztebeko kasuak ditugu.
Iparraldean aurreko biak baditugu jaun eta jabe, Hegoaldeko inongo herritan falta ez den pilotaleku mota frontoi irekia ala ezkerreko paretako frontoia izenak hartzen dituena dugu, frontis karratu eta altuera berdintsuko ezker horma erakusten dituena. Leku batzuetan hirugarren horma bat ere izan daiteke, errebotekoa, eta denetan zorua jadanik porlanezkoa (gaur egun asfaltozkoa) izan ohi da. Hauetako frontoi asko denborak aurrera egin ahala estaltzen joan dira, eta horietako batzuk pilotaleku industrial edo komertzialak bihurtu dira (Labrit, Beotibar, Astelehena), baina funtsean denek erakusten dituzte ezaugarri berdintsuak: Motzak (32-36 metro) ala luzeak (52-56 metro), bertan modalitate orotara joka daiteke, hots, eskuz, palaz, xisteraz, erremonteanà
Azkenik eta bukatzeko, lehenago azaldu ditugun guztiekin zerikusi handirik ez duten trinketak ditugu, desagertzear dauden irekiak (sabairik gabeko etxe karratu bat bezalakoak) edo arruntagoak diren estaliak, batez ere Iparraldean. Beste guztietatik xehetasun askotan desberdintzen dira, eta lehenago ere aipatu dugun bezala, bere elementuetatik askok (txiloa, sareak, teilatutxoaà) ez dute printzipioz erabilpen argirik erakusten baina denek dute garrantzi handia jokoan

Joxemi Saizar

Boise ondoan dagoen Nampan jaio zen Jim Jausoro Mallea 1920an. iazko abenduan 80 urte bete zituen eta horietatik 70 musika jotzen aritu da, 9 urterekin hasi zelako soinua ikasten. Nampara joaten zen irakasle frantziarrarekin ikasi zituen lehen notak eta gero bakarrik. Gurasoek, biak euskaldunak, zuten ostatuan hasi zen jendaurrean jotzen Jim, Spanish hotelean. «Belarriz ikasitako euskal musikaz alaitzen nuen ostatua».

Gero, 1957an, bere izena duen banda batekin hasi zen jotzen: Txomin Ansotegi bateria eta pandereta, Johnny Arregi saxofoia, Dick Lenhart tronpeta eta Jausoro bera akordeoiarekin. Idaho osoan eta inguruko beste estatuetan (Ontario, Oregon, Nevada...) ibiltzen zen laukotea, neguko asteburuetan batez ere. Euskaldunen jai eta ezkontzetan ez dira falta izan azken hamarkadetan. Asteburuetako lanbidea musika izan badu 40 urtetan zehar, astean zehar ferrokarrilean aritzen zen lanean. Arregi eta Ansotegi hil ziren eta orain saxofoijole amerikar bat eta Mendaroko mutil bat, Juan Zulaika, ditu taldean. Batez ere euskal musika jotzen dute, baina musika amerikarra ahaztu gabe, hori ere ondo menderatzen dute.

Euskal Herriko zati bat ozeanoz bestalde.

Dantzari txikiak laguntzen 1946tik ari da Boisen eta Caldwellen. Boisen Oinkari dantza taldea sortu zen duela 40 urte. Akordeoia eta trikitixa jotzen du bertan hasieratik Jimyk, nesken dantzak batez ere, mutilenak txistuz egiten dituztelako: Zortziko, Naparrako, nesken arkua, neska-mutilen arkua... Gehienak Bizkaia eta Gipuzkoako dantzak, baina Iparraldekoak ere bai.
Duela 33 urte Jausororen taldeak doinu ugari jaso zituen 45 reboluziotako disko txiki batean. Orain gutxi berritu dute disko hau. Jota alaiak, porrusalda, vals, dantza ikasteko doinu motelak... entzun daitezke bertan. Grabaketa berrian beste euskal musika taldeek ere parte hartu dute: Mary Lou Murelaga Guerricabeitia, Ordago taldea, Ray Mancisidor, Biotzetik abesbatza, Patty Miller&Chris Bieter...
Jausorok Idahoko Gobernuaren saria jaso zuen joan den irailean, hain zuzen ere bere bizitzan zehar euskal musikaren alde eginiko lanagatik. Baina ez da bizitzan zehar jaso duen aipamen bakarra: 1994an beste bat eman zioten, 1988an Basque Studies Program-ek saritu zuen eta 1983an Boiseko alkateak hiriaren izenean.
Jausororen akordeoietako bat Euskal Museoan ikus daiteke; baina hala ere, euskal musika Idahon ez dela galduko dio musikari zaharrak. Bera irakasten aritu izan da eta jotzen jarraitzen du, nahiz eta zutik egonda nekatu. Ia ezinezkoa iruditzen zaie Idaho eta inguruetako euskaldunei Jim Jausororen musikarik gabeko jai bat ospatzea. Euskaldunak amerikarrekin ezkondutakoan nortasun apur bat galdu arren, kultur ekitaldi hauei esker Euskal Herriko zati bat izaten jarraituko dute ozeanoz bestaldeko lagun hauek

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan