- Jon Idigoras, ezker abertzaleko militante historikoa: «Nire ustez, su-etenarekin ETAk oso ondo asmatu zuen; nire iritziz su-etenaren apurketa izan zen akatsa. EAJk neurri handi batean Lizarran sinatutakoa bete ez bazuen ere, nire ustez ETAk su-etena mantendu behar zuen, eta itxaron ikustera ea EAJ aurreko egoerara itzultzeko gai zen. Honek, ematen ari zen aldakuntza prozesuaren lidergoa eramateko askoz egoera hobeagoan utziko zuen ezker abertzalea».
- Miren Azkarate, Jaurlaritzako Kultura Kontseilaria: «Nik ez dut uste gauzak bat batean konpondu daitezkeenik, ETArekin poliziaren eraginez bukatzea ezinezkoa dela pentsatzen dudan moduan».
- Roman Knörr, Confebaskeko lehendakaria: «Autodeterminazioarena gai izugarri sentsiblea da eta ez dagokigu enpresariei hortaz aritzea, hori alderdi politikoen kontua da».
- Fernando Savater filosofoa eta Aski da! plataformako kidea: «Euskal Herrikoa bukatzen denean, ez dut inoiz lerro bat irakurriko horretaz, ezta ezer idatziko ere».
Jose Luis Arrieta ćAzkoitiĆ ETAko militante eta errefuxiatu historikoa zendu zen joan den astean 55 urterekin, bihotzekoak jota. Azpeitiarra jaiotzez, 11 urterekin Eibarrera joan zen bizitzera familiarekin eta 25 urte zituela errefuxiatu zen 1969an. 1986an atxilotu zuten lehenbiziz polizia frantsesak Sokoako sarekada ospetsuan, eta preso izan zen 1992ra arte. Perpignanen konfinatu zuten gero eta ondoren Tolosara eraman zuten eta 1993an berriz atxilotu. Urte berean askatu eta Parisen konfinatu zuten, eta 1994ko otsailean klandestinitatera jo zuen berriz.
Jaime Ignacio del Burgok jakinarazi zuenez, Jose Javier Mujika ETAk Leitzan hil zuen UPNko zinegotziaren aurkako lehergailua ez zegoen auto azpian jarrita, motorean baizik eta jarri zutenek horretarako kapota ireki behar izan zuten.
ZUZEN EKINTZA TALDEAK DESOBEDIENTZIA LANDUKO DU
EUSKAL presoekiko alkartasuna eta aldarrikapena zabaltzen aritu ondoren, presoekiko Solidarioen kolektiboa Zuzen Ekintza Taldea izango da aurrerantzean. Desobedientzia zibilaren eremuan jardungo du eta beren zeregina giza eskubideak eta eskubide nazionalak errespetaraztean oinarrituko da; autodeterminazioa, euskal presoak Euskal Herriratzea eta euskararen normalizazioan zehazten dira eskubide horiek. Buzo berdea, txapela eta aurpegian mozorroa eramango dute, eta kideek taldeko izenarekin ondo identifikatuak egingo dituzte ekintzak. UEUk desobedientzia zibilalari buruz antolatutako udako ikastaroetan eman zen honen guztiaren berria.
300 BIZKARZAIN GEHIAGO BEHARKO DIRA NAFARROAN
NAFARROAN ETAren helburu izan daitezken kargu publikoak babesteko 300 bat bizkarzain pribatu kontratatu beharko dira, JAIME Ignacio del Burgo UPNko diputatuak eta Pedro Morenes Estatuko segurtasun idazkariak sinatutako babes planaren arabera. Gastu guztia Madrilgo Administrazioaren menpe geratuko da, EAEn ez bezala -erdia Jaurlaritzak ordaintzen du- Nafarroan segurtasunaren eskumen guztia Madrilen esku dago eta. EAEko bizkarzainei dagokionez -800 bat eta gehienak enpresa pribatuetako zinpekoak-, beren lan baldintzak hobetzeko eskaria egin dute, irailerako greba mehatxua luzatuz.
CORREO TALDEA SALMENTA JAITSIERAREKIN KEZKATUTA
URTE hasierako hilabeteetan «El Correo» eta «El Diario Vasco» egunkariek izandako salmenta jaitsiera garrantzitsuarekin kezkatuda agertu dira Correo Taldeko zuzendaritzan. Notizia Euskaldi interneteko buletinean jakinarazi da. Albistean azaltzen denez, euskal komunikazio talde handieneko batzuek egunkariak Internetan izateari egotzi diote beherakada; beste batzuek, aldiz, egunkarion ćpolitizazioaĆ aipatzen dute.
EMILIO BOTIN ETA JAVIER ORTIZ
JAVIER Ortiz «El Mundo»ko kazetaria eta Iritzi Saileko arduradunari -eszedentzian zegoen egun- Emilio Botin BSCH bankuko lehendakariari buruz hitz egiten zuen zutabe bat idaztea galerazi zion egunkariak. Josep Manuel Novoa kazetariak Emilio Botinen amarrukeriak kontatzen dituen «El Poder» liburuari buruz aritzekotan zen. Ortizek gertatutakoaren berri eman du eta kazetaritza utziko diola ere iragarri du Interneten zabaldu den idazki batean. Egun Radio Euskadin ere aritzen da analista politiko gisa.
PP-REN BETOA EAJ-RI
MARGARITA Uria ez da Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kide izango PPk organu horretan egoteko betoa jarri diolako EAJri. Kide hauek Espainiako Legebiltzarrak izendatzen ditu eta PPk gehiengoa osoa badu ere, Kontseiluko kideak PSOErekin negoziatu ditu, hori bai jeltzaleei atea guztiz itxiz, eta azken hauen ustez Aznarren aginduz gainera.
GABI MOUESCA ASKE
GABI Mouesca IK-ko kidea aske geratu da hamazazpi urte espetxean izan ondoren. Alta, Ipar Euskal Herrian bizitzeko debekua jasan beharko du beste bost urtez. Parisen lana aurkitu du eta bertan biziko da oraingoz. Preso ohia Baionako Polo auzoan -bere sorlekuan- omendua izan zen joan den igandean. Gabiri eginiko omenaldi kari kantaldi bat burutu zuten bere adiskideek. Hauen artean, Guk musika taldearen berragerpena izan zen. Espetxeko azken boladan, lagun talde bati astero zuzendutako eskutitzaren bidez, Mouescak sakabanaketa salatu du eta espetxeko egoeraren berri eman izan du Interneteko web orrialde batean.
TORTURA SALAKETA FRANTZIARI
TORTURAREN aurkako Europako Batzordeak Frantzian atxilotuei ematen zaien tratu txarra eta espetxeen egoera tamalgarria salatu du eta Frantziako Gobernuari atxiloketen legea alda dezala eskatu dio. Txostena, 2000ko maiatzean Frantziako kartzeletan egindako bisitaldien ondorioa da.