Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-29 -- 1818.zenb


«EUSKARAZZZZ» ARITZEKO

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak «Euskarazzzz» sentsibilizazio kanpaina abiatu du, euskararen normalizazioa sustatzeko. Dagoeneko martxan zeuden «Kirola euskaraz», «Euskarazko irakurzaletasuna» eta Euskarazko bideojokoak» programak bere horretan diraute. Kanpainaren baitan, eulitxoz mozorrotutako abioneta bat hondartza eta jaietan izango da euskaraz hitz egiteko gonbita eginez.


EUSKARA ETA ABERTZALETASUNA HIZPIDE

UEUko ikastaroen baitan, Mikel Belasko hizkuntzalariak euskara eta abertzaletasunaz jardun zen. Adierazi zuenez, euskalgintzari egiten zaion kritika bat euskaltzaletasun eta abertzaletasunaren arteko lotura egotea da. Bere hitzetan, «euskararen kontra zerbait egiten denean gertakaria azaltzen da komunikabideetan eta ondoan alderdi abertzaleen kritikak, baina gainerako partiduen kritikak falta dira», esan zuen Belaskok. Hala, praktikan lotuta agertzen direla adierazi zuen.


TREBIÑO HERRIKO SEINALEAK EUSKARAZ ERE

Trebiñoko Udalak kaleko eta Udaleko errotulazioa euskaraz eta gaztelaniaz egitea onartu zuenean, Estatuak helegitea aurkeztu zuen. Oraintsu jaso du Udalak Gaztela-Leongo Auzitegiaren ebazpena. Auzitegiak ontzat jo du Trebiñoko Udalak hartutako ebazpena eta errotulazioa ele bitan egin ahal izango da. Trebiñoko Udala pozik agertu da erabakiarekin.


EUSKALTZAINDIAREN EGOITZA BERRIA

Orotariko Euskal Hiztegia egiteko baliatuko du Euskaltzaindiak Donostiako Antiguan dagoen egoitza berria. Donostiako Udalak utzi dion lokalean hiru liburuki egingo ditu. Orotara hamasei liburukiz osatua egongo da hiztegia eta hamahiru eginda daude jada. Aurrerantzean hiztegi gehiago egingo ditu akademiak bertan.


GALPARSOROREN LAN BERRIA

DANIEL Galparsorok grabatu du dagoeneko bere bostgarren filma. «Guerreros» izena duen lan honek Kosovo du eszenatoki. 2000. urteko neguan, NATOren bonbardaketaren ondoren kokatu du Galparsorok bere filma. Eta Espainiar Ejerzitoko soldaduak dira protagonista. Hain zuzen ere, gerra baten sortzen duen beldurra du aztergai film berriak. Horretarako, protagonistak abentura gosez joango dira lehenengo Kosovora, ondoren, abentura ikara eta bortizkeria bihurtuko delarik.


ARKEOLOGIARI BURUZKO ZINEMA

ZINEMA Arkeologikoaren Nazioarteko Lehen Erakustaldia burutuko da datorren azaroaren 7tik 9ra bitartean Irunen. Bertan, beste lehiaketetan sarituak izan diren munduko hainbat lekutan eginiko indusketei buruzko dokumentalak ikusi ahal izango dira. Irungo udalak eta Arkeolan elkarteak antolatu dute ekitaldia 2003rako Irunen bertan ateak irekiko dituen Bizkaiko Golkoko Erromanizazioaren Museoa sustatzeko xede nagusiarekin. Egitaraua hiru egunetan gaika banatua dago: hilaren 7an, erromatar munduari buruzko lanak erakutsiko dira; 8an, burdinaren ustiapenari buruzko bi dokumental eskainiko dira eta azken egunean ontzi eraikuntza jorratuko da.


MAITALDIKO DANTZAK

IRAILAREN 7tik 22ra burutuko da aurten ere Biarritzen Maitaldia Dantza Jaialdia. Dagoeneko egitaraua finkatua dago. Besteak beste, honako aukerak eskaintzen ditu: lehen bi egunetan, Florida Balletak Thierry Malandain Biarritzeko Baleteko zuzendariarekin elkarlanean, «La Fleur de Pierre» eskainiko du; irailaren 9an Choream taldeak hip hop berezia eskainiko du; 11n Herbeheretako Galili Dance taldearen lau lan garaikide intimista ikusi ahal izango dira; 15ean eta 16an Madrilgo Victor Ullate baletak bost koreografia eskainiko ditu; eta azken bi egunetan Lyongo Opera Nazionalaren baletak «Mari Errauskin» taularatuko du. Gainera, ikastaroak, erakusketak eta filmen proiekzioak egingo dira.


ARTE ESZENIKOEN HEZKUNTZA

ARTE eszenikoen hezkuntzak Unibertsitate mailan duen egoera aztertzeko helburuaren Euskal Herriko Unibertsitateak irailerako kongresu bat antolatu du. Hilaren 25etik 27a bitartean Bilbon Arte Eszenikoen Unibertsitateko Hezkuntzari buruzko Nazioarteko Kongresua burutuko da. Bertan, Espainian eta mundu mailan arlo honetan hezkuntzak duen egoera arakatuko da.


IKA-MIKAK ARTE ARETOETAN

BESTE behin ere Gasteizko Artium Museoaren sorrerak polemika sortu du. Izan ere, Ramon Rabanerak Amarika arte aretoa ixteko asmoa adierazi du, hain zuzen ere, Artiumek Amarikaren funtzioa bere gain hartuko omen duelako. Berehala erantzun dute artistek. Diotenez, Amarikak bertako artista gazteen lanak erakusteko arriskua hartu du bere gain urteetan eta zalantzan jarri dute Artiumek funtzio bera beteko ote duen.
Bestalde, Donostiako San Telmo Museoak ere ika-mika sortu du. Odon Elorzak aurkeztutako behin-behineko proiektuaren arabera, San Telmon Hiriko Ondarearen Museoa egingo da. Eta ez, aurreikusi zen bezala, Euskal Kulturaren Museoa. Proiektuak dagoeneko kritikak jaso ditu.

- Eugenio Arraiza UEUko irakasleak honela zioen «El Diario Vasco»n: «Esango nuke Euskal Herrian nekazal gizarteak indarra izan duen bitartean kultur tradizionala izan dela oso garrantzitsua (...). Gizarte horren indarra apurtu egin da orain eta komunikabideen gizartean transmisioa egiteko irakaskuntza edo komunikabideen bitartez egiten da, hemen eta mundu osoan, baina Euskal Herriko kasuan guztiz desantolaturik daude».
- Juan Luis Zabalak «Euskaldunon Egunkaria»n: «Kezka zaharra da literatur sariak irabazitako lanen argitalpenaren ingurukoa. Idazlearentzat sari dena liburuarentzat zigor da maiz. Sarien babesleak ohartarazi dituzte horretaz, baina alferrik».
- Patxi Zubizarretaren hitzak dira hauek «Hika»n bilduak: «Orain modan dago esatea euskal literatura oso ondo dagoela, beste literaturen aldean ez duela ezer inbiriatzekorik».
- Ibon Sarasolak «El Pais»en adierazitakoaren arabera, «hemen dirulaguntzarik gabe inork ez daki ezer egiten (...) Kataluniako jendeak hizkuntzari eta hizkuntzarekin lotua dagoen kulturari badio atxikitasun bat hemen ikusten ez dudana, oso sektore txikietan ez bada».

Interneten nabigatzen ari ginela, ADEGIren, Gipuzkoako Enpresarioen Elkartearen web orrialdea topatu dugu. Informazio ugari eskaintzen du, besteak beste, enpresen katalogoa eta elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak. Edukiak, ordea, gaztelanian datoz eta euskarazko orria eraiki gabe dago oraindik.

Miguel Sánchez-Ostiz iruindarrak lehengo astean jaso zuen aurtengo Kulturako Vianako Printzea saria. Nafarroako Gobernuak ematen duen sari honek kultur arloan eginiko lana saritzen du.
Kepa De Diego bilbotar biolontxelo jole gazteak irabazi du Gipuzkoako Diputazioak eta Kutxak ematen duten Nicanor Zabaleta beka aurten. Saria dela-eta jasoko dituen bi milioi pezetekin (80.000 libera) Amsterdameko kontserbatorioan bere musika ikasketak hobetu ahal izango ditu.
Miren Azkarate da kultur sailburu berria. Azkarate euskaltzain oso eta Euskararen Aholku Batzordeko kide da, eta euskara errektoreorde izana da EHUn.
Karra Elejaldek Leonel Vieirak zuzentzen duen «La Selva» filman parte hartuko du. Horregatik, Brasilen dago orain errodaketan. Filma Espainia, Brasil eta Portugalen artean dago ekoiztua.

PRINTZA

Alfonso Sastrek «Euskonews & Media»n egin zioten elkarrizketan honako hausnarketak egin zituen euskal antzerkiari buruz:
«(...) Euskal antzerkiak ez du nortasun markaturik izan. Espainiar antzerkiari buruz esandako guztia euskal antzerkiari ere aplika dakioke, beti beste lekuetan gertatzen denari menpekotuta egon delako. (...) Euskadin Estatu espainiarreko joerei jarraitu zaie beti; ez du ekarpen originalegirik egin. Hemen gertatzen dena, beste lekuetan gertatzen dena izango da. Izan dezakegu antzerki euskaldun bat izateko itxaropenen bat, baina ezinezkoa da horrelako zerbait mantentzea, euskaldun gehienak ez direlako euskarazko ikuskizunetara joaten. Horregatik, Maskarada bezalako taldeek bi hizkuntzatan prestatu behar izaten dituzte beren ikuskizunak. Menpekotasun horren ondorioz, ezin da euskarazko antzerki bat izan. Gehienez ere, antzerki elebidun bat izango genuke. (...) Zaletasuna egon badago. Aktore eta talde batzuek oso lan ona egiten dute, bainaildo zehatz bat falta zaie, ez baitago oso garbi norantz doazen euskal antzerki taldeak. Behin, Koldo Mitxelenan antzerkiari buruz solasean ari ginela, programazioari buruz hizketan hasi ginen, eta orduan han ziren taldeei zein joera jarraitu nahi zuten galdetu genien, ea zein esanahi eman nahi zieten beren obre, eta azkenean antzerkiarekin zer egin nahi zuten jakin gabe gelditu ginen. Baina fenomeno hau nahiko orokorra da».

Batzuek orduak eta orduak igarotzen dituzte euskara ikasten eta askotan ez dugu haien esfortzua baloratzen. Horrexegatik euskaltegietan eta barnetegietan oporretan ere euskara ikasten ari direnei eskaintzen diegu aste honetako urrea. Ondo pasa eta euskaraz hitz egin dezazuela urte askotarako!

hemeroteka

1817. zenbakia | 2001-07-22
1816. zenbakia | 2001-07-15

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan