Askoren iritziz zaharkituta dagoen musika hezkuntza sistemari ari zaio amaiera iristen. Datorren ikasturtean 1966ko Hezkuntza Artistikoen Legea desagertu, eta dagoeneko hainbat urte indarrean daramatzan LOGSE legeak hartuko du etorkizuneko musikari izango direnak formatzeko ardura. Hobekuntzak omen dakartza lege berriak, baina musika ikasleek botako duten izerdiak ere gora egingo du.
Antolakuntzan hobera egiteak, neurri handi batean ikaslearen ahaleginaren gehitzea esan nahi du. Uritze Laka, esate baterako, 66ko legearen barruan ari da gauzatzen bere flauta ikasketak eta baita gainerako irakasgai osagarriak ere. Ikasturte bakoitzean, egokien ikusitako irakasgaiak aukeratu ahal izan ditu, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, beti ere zeukan denboraren arabera.
Ordu pilaketak ondorio negatiboak omen ditu musikarien formakuntzan. Francisco Ibañez, Gasteizko kontserbatorioko zuzendariaren iritziz, "instrumentuarekin erdi mailan ikasleek lortzen duten maila, lehen baino baxuagoa da, denera iristea zaila egiten baitzaie".
Zailtasunak dituzte ikasleek Batxilergo eta musika ikasketak bateratzeko eta horregatik askok bertan behera utzi dituzte musika ikasketak. Ikasturte honetan, Donostiako Kontserbatorioan 30 lagunek utzi dituzte musika ikasketak, bi hezkuntzak uztartu ezinda. Ordu pilaketari eta bideetan igarotako denborari irtenbidea emateko, LOGSE legeak Batxilergo musikala aurreikusten du, hezkuntza orokorreko ikasketak eta musikalak bateratzen dituena.
Leioako Kontserbatorioa da batxilergo mota hau eskaintzen aitzindarietako bat. Jose Miguel Barandiaran institutuko irakasleak, kontserbatoriora bertara joaten dira, batxilergo musikaleko ikasleei derrigorrezko irakasgaiak eta hautazko bat ematera. Musika ikasketak ere ikastetxe horretan bertan gauzatzen dituztenez, ez daukate lekuz mugitu beharrik. Hau egin ahal izateko ordea, beharrezko baldintza da hezkuntza orokorreko eta musikako ikasturteak parean eramatea.
Aurtengoa izan da Leioan esperientzia hau aurrera eraman den lehen urtea eta bost neska jardun dira batxilergo musikalean. Balorazio sakona egiteko arin den arren, arduradun eta gurasoak gustura ageri dira lehen emaitzekin.
Erdibidean legoke aurten Gasteizko hiru ikasle egiten ari direna. Batxilergoan derrigorrezko diren irakasgaiak beren institutuetan egiten dituzte, eta hautazko moduan, musika irakasgaiak gauzatzen dituzte kontserbatorioan. Francisco Ibañez, Gasteizko kontserbatorioko zuzendariak oso positibo ikusten du esperientzia hau: "Hautazko asignaturak kontserbatorioan egiten dituzten ikasleak, hobeto dabiltza musikan. Dena den, hori egiteko, argi izan behar dute musikaren bidetik jarraitu nahi dutela".
Batxilergo musikalak ikasle hauetako askoren zama arintzen duen arren, ez dirudi horrelako zentroak ugarituko direnik. Gurasoak beldur dira, musikaren bidetik abiatu eta seme-alaben hezkuntza orokorra kaltetuta aterako denentz eta ondorioz, eskaria oso txikia da.
Musika ikasleak etorkizunean izan dezakeen aterabideetako bat, irakaskuntzarekin batera, orkestraren bateko partaide izatea da. Hori kontuan harturik, LOGSE legeak musikari talde izaera barneratu nahi die haurrei txikitatik. 66ko legearekin geroago hasten baziren, lege berriarekin oinarrizko mailan parte hartzen dute haurrek instrumentu talde batean. Maria Pura Graña, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko idazkari teknikoaren iritziz, "orkestra praktikari lehenago ekiten diotenez, taldean lan egiten ohitzen dira haurrak eta belaunaldi izaera ere barneratuago dute".
Amaitu da libretik ikastea.
Ikasketak era ofizialean egiteko aukera bakarra kontserbatorioa da. Orain arte indarrean zegoen legearekin, asko ziren kontserbatorioan matrikulatu eta beste ikastoki ez ofizial batean edo beren kabuz ikasten zutenak. Kurtso bukaeran kontserbatorioan azterketak eginez, ikasketa horiek ofizialtzea lortzen zuten. Hori, ordea, amaitu da eta LOGSE legearen barruan ezinbestekoa da klaseetara joatea. Ikastokietan kontrolatu egiten da nor joaten den eta nor ez.
Kontserbatoriora joan gabe musika ikasi eta ikasketa horiek ofizialtzeko aukera bakarra dago: ikasleak bere kabuz erreglatu gabeko ikasketak egin eta azterketa bidez LOGSEko ikasketetara sartzea. Erdi mailako edozein kurtsotara eta goi mailako musika ikasketetara egin daiteke jauzi hori. Aurretik ofizial ez diren ikasketak egin dituztenek, eskatutako maila dutela uste izanez gero, LOGSEk arauturiko ikasketetara sar daitezke.
Goi Mailan aldaketak.
Oinarrizko eta erdi mailako zikloak igaro ostean, datorren ikasturtean iritsiko dira goi mailara LOGSE legeak gidaturiko musika ikasketak. Orain arte, ugari ziren Goi Mailako Musika Kontserbatorioak. Euskal Autonomia Erkidegoan esaterako, hiru hiriburuetakoek zeukaten maila hori eta Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioa ere maila berdinean zegoen. LOGSE legea indarrean sartzearekin, ordea, maila hori gainditu egiten dute. Kepa de Miguel, Donostiako kontserbatorioko zuzendari ordearen esanetan, "katedratikoek ere galdu egin dute beraien katedra. Kontserbatorioan orain arte katedratiko zirenak, musika irakasle dira orain".
Lege berriarekin, goi mailako zentro gutxiago ezarri nahi dira, daudenen kalitatea hobetze aldera. Euskal Autonomia Erkidegoan bakarra ezarriko da eta Nafarroan ez da goi mailakorik izango.
Kontserbatorioen ezaugarriak aldatzearekin batera, bertan emango diren ikasketek eraldaketa sakona izango dute. Orain arte bi urtetan gauzatzen zen goi maila, lau edo bost urtetara luzatuko da hemendik aurrera, beti ere musika tresnaren arabera.
Unibertsitateko beste ikasketa batzuren egitura hartuko du datorren ikasturtean indarrean sartuko den goi mailak, kredituen sisteman oinarrituriko irakasgaiekin. Kepa de Miguelen hitzetan, "66ko legearekin exigentzia maila oso handia da goi mailako bi ikasturteetan, dena oso kontzentratuta dagoelako. Orain materia berri batzuk izango dituzten arren, ez da lehengo kontzentraziorik egongo. Exigentzia maila, hala ere, handia izango da".
Aipatu beharrekoa da aurreko legearekin goi maila bi ikasturtetan aurreikusten bazen ere, ikasleen portzentaje handi batek urte gehiagotan banatzen zituela ikasketak.
LOGSEk ezarritako erronka begibistan edukita, Euskal Autonomia Erkidegoan hasieran ez zegoen goi mailako kontserbatorio bat egiteko asmorik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, musika ikasketekin jarraitu nahi eta kanpora joan behar zuten ikasleei, diru laguntzak ematea pentsatzen zuen. Azkenean, ordea, goi mailako musika kontserbatorioa egitea erabaki du, kontserbatorioetako arduradun, ikasle eta irakasle askoren harridura eraginez.
Nafarroan Goi Mailakorik ez.
Nafarroako Gobernuak goi mailako kontserbatoriorik ez egitea erabaki du, ikasleen eskaria urria izango dela argudiatuz. Pablo Sarasate Kontserbatorioko arduradun, irakasle eta ikasleak, haserre dira neurri honekin. Are gehiago, erdi mailako kontserbatorioarentzat eta Pablo Sarasate Orkestrarentzat egoitza berria eraikiko dutela jakinda. Ramon Garcia ikasketa buruaren aburuz,"behin eraikin berria egiten hasita, egin dezatela goi mailarako balio duena. Hamazazpi katedradun dauzkagu, puntako irakasleak dira...". Aurten erdi mailako ikasketak amaitzen dituztenak gutxi badira ere, azken urtean ehun ikasle inguruk hasi dituzte ikasketok. Agintariek kontserbatoriorik ez jartzeko erabili duten argudioa zera izan da: dauden ikasleekin ezingo litzatekeela LOGSEk eskatzen duen moduko orkestrarik sortu. Ramon Garciaren iritziz, ordea, "hori ez da horrela, kurtso bakoitzeko ikasleekin eta irakasleen laguntzarekin osa baitaiteke. Musikari ez direnek hartzen dituzte erabakiak. Kulturari kolpe handia emango dion erabaki oker bat da".
Nafarroako Gobernuak, goi mailako musika ikasketak egitera kanpora doazenei diru laguntzak emateko asmoa azaldu du. Garciaren iritziz, "hemen ikasten jarraituko zuketen ikasle asko musika ikasketak sakondu gabe geratuko dira, kanpora joaten ausartuko ez direlako"
- Kepa de MiguelDonostiako kontserbatorioko zuzendariordea
"Garrantzitsuena Euskal Herrian Goi Mailako Musika Kontserbatorioa izatea da".
"Azken mementoko erabakia izan da, ez dio inork usainik hartu. Donostiak badu hainbat gune erakargarri: tradizio musikal handia, Europako atean dago geografikoki, hemen dugu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza, Musika Hamabostaldia, Donostiako Orfeoia, Donostiako Nazioarteko Piano Lehiaketa, Kursaala... Normala da, bat aukeratu ostean, kaltetuek protesta egitea. Nire ustez garrantzitsuena Euskal Herrian Goi Mailako Musika Kontserbatorioa izatea da".
- Francisco Ibañez
Gasteizko Kontserbatorioko zuzendaria
"Gasteizek Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren premia zuen".
"Bilbok bere orkestra du, Donostiak Euskadiko Orkestra... Hemen ez dugu ezer, eta kontserbatorioko orkestrak beteko luke hutsunea. Hau administrazioaren hiria da eta ia ez dago kultur ekintzarik. Orain dugun kontserbatorioan diru gutxirekin koka zitekeen behin-behineko egoitza. Bestetik Donostiaraino joatea oso deserosoa da guretzat eta Bilbokoentzat. Musikari batek ezin ditzake egunean lau ordu errepidean pasa. Azken finean, erabakia borondate politiko baten ondorioa izan dela iruditzen zait".
- Itziar Aldama
Bilboko Kontserbatorioko zuzendaria
"Kultur azpiegitura sendoagoa dugu Bilbon".
"Bilbon tradizio musikala handiagoa da. 1942an ezarri zen musika kontserbatorioa, Opera Lagunen Bilboko Elkartea dugu, iragan hilean sei opera izan genituen, Bilbao Orkestra Sinfonikoa ere badugu. Azpiegitura kultural sendoagoa dugu. Gainera ikasle kopururik gehien dugu Bizkaian. Bestetik geografikoki oso gaizki kokaturik dago Donostia. Kanpotik datozenek (Errioxa, Kantabria, Nafarroa, Araba...) nahiago dute Bilbora etortzea"
Musika zaletasuna hemen bezainbestekoa izan arren, Iparraldean erabat desberdina da musika ikastegiek duten antolaketa.
Maite Idirin kantari ezagunak bildu digun informazioari esker, badakigu ordea, musika ikasteko aukerak anitzak direla Iparraldean.
Beheko mailan udalek sustaturiko Musika Eskola Munizipalak daude, titulaziorik ematen ez dutenak. Maila beretsua daukate Musika Eskola Munizipal Agregatuek, udalak eta estatuak sostengaturikoek. Musika zaletasunak bultzaturiko haurrek kultur elkarteek bultzaturiko eskoletan ere ikas ditzakete solfeoa, kantua, akordeoia...
Maila altuagoan Baionako Herrialdeko Musika Kontserbatorioa dago. Musikaren bidetik jarraitu nahi duten gazteei bideratuta dagoen arren, ez du goi mailako ikasketarik eskaintzen. Orain gutxira arte, Baionakoa, Musika Eskola besterik ez zen, baina zegoen ikasle kopuru altuagatik, bertan ezarri zuten kontserbatorioa.
Goi Mailako musika ikasketak egiteko, Ipar Euskal Herriko gazteak kanpora joan beharrean izaten dira. Paris eta Lyonen daude Frantziako goi mailako musika kontserbatorio bakarrak. Maite Idirinek esan digunez, euskaldun gehienak Parisera joaten dira. Kontserbatorio hauen ezaugarri nagusienetariko bat irakasleak dira; musika munduan sona handia duten irakasleak biltzen baitituzte. Goi Mailako Kontserbatorioetan CAEM titulua jasotzen dute ikasleek, musika irakaskuntzan gaitasuna aitortzen dien titulua.
Goi mailako kontserbatorio hauez gain, badira sona handiko musika eskola pribatuak ere. Horren lekuko dugu Parisen dagoen "Escola Cantodum", 1894. urtean sortua eta euskal musikari askoren trebalekua
1966ko Hezkuntza Artistikoen legea
- Ikasleek bere nahien arabera banatzen dituzte ziklo baten barneko irakasgaiak.
- Astean ordu erdiko klasea musika tresnarekin.
- Libretik ikastea posible.
- Erdi maila amaitzean "instrumentu jole profesional" titulua.
LOGSE
- Zehaztuta dago urte bakoitzean zein irakasgai ikasi.
- Astean ordubeteko klasea musika tresnarekin.
- Ezin da libretik ikasi, beharrezko da kontserbatoriora joatea.
- Goi maila amaitu arte inolako titulurik ez.
![]() |
|
||||
1817 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa