2001-07-22 -- 1817.zenb
Gauza orok du seksual alderdirik, lurrak ere bai noski. Euskal Herriko lurra ar ala eme ote da? Itsasoa emea omen da. Baina lurra...? Ez dut ezeren segurantzirik, eta gaur gaueko ene zorabioan, lurrak zernolako seksoa ote duan kezkatan eta galdezka jardun naiz. Ni goierritarra naiz eta nere lurra arra deritzat. Nere lurra aita-lurra litzake, eta ez ama-lurra. Baina nola nahi ere poetarentzat uzten dut, galdera honi erantzun ematea. Ni beste alor batetik noakizu. Badakizu nor den Edipo? Ba... Edipo greko zen, mutiko xelebrea benetan. Bere aita hil ondoren, bere amaz maite mindurik ibili zen. Etzuan bere ama "ezagutzen" eta enamoraturik zebilen. Arrats batez, bortizki maitatu eta ezagutu zuen bere ama. Ai! nolako kezkak gero gure Edipo gizajoarenak. Bere buruaz beste egin beharra izan zuen. Delako Freud, Vienako bizardun harek zioenez, gizon orok luke bere amarenganako haragizko gutizia, eta hortatik iragan ez den gizonik ez omen da egundaino sortu. Freudez gero, "Ediporen Konplejua" sikologo guztiek jaso eta onarturik dute. Euskaldunok geure lurraz maitemindurik gabiltza, geure ama-lurraz maitemindurik, baina hori ezin bestekoa dugu, zeren ama horrek badu senarrik, aita hain zuzen. Geure ama lurra maite ahal izateko, geure aita hil beharrean arkitzen gara. Baina nor da gure aita? (...) Euskaltzaleen jainkoa hil behar dugu (ikus Freud eta Marcuse), honela zion R. Arregi zenak. Behar bada esaera hau, argitu behar dudan giro eta inguru honetan konpreni beharrekoa litzake. Alegia, zenbait Abertzaleren jainkoa hil behar dugu, geure lurra maite ahal izateko. Hil beharreko aita hori, halako "sasi-jainko" bat litzake. Ene baitarako argi dakusat sasi-jainko hori nor den eta baita ere uste dut, irakurle, zerorri ere jabetua zarela nor den hil beharreko aita edo sasi-jainkoa (...) (1971-VII-18)
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa