Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • EB hurrengo legealdiaren aurrean

2001-07-22 -- 1817.zenb

EB hurrengo legealdiaren aurrean

Mikel Arana

Ez zen inolaz ere erraza izan baina, hala eta guztiz ere, Ezker Batuak (EB) erantzukizun ariketa argia eginik, eta hauteskunde kanpainan zehar esandakoarekin bat etorriz, barne erantzun ez gutxirekin, EAJ-EA koalizioarekin elkarrizketetan hastea onartu zuen, eta ez hori bakarrik, akordio batera heltzeko borondatea zegoen, baina, noski, gutxienezko zenbait baldin-tza ematen baldin baziren. Hasieratik antzeman genuen negoziazioa ez zela erraza izango, EAk ez zuen inolako borondaterik adierazten EBren partehartzearen alde, eta oraindik garrantzi handiagoa duena, ez ginen ezinbestekoak Ibarretxe lehendakari izendatzeko, eta, azken gai hau, lehen egunetik mahai gainean egon bazen, nahiz eta esan, ez zen behin ere ezer egin.

Inork ez du zalantzan jartzen EAJk EB hurrengo gobernuan nahi zuela, eta ezta ere, gure presentzia kualitatiboagoa zela kuantitatiboa baino, baina, jeltzaleak, kalitatezko presentzia horren truke ordaintzeko prest zeuden prezioa oso baxua zen. Beharbada, iraganeko esperientziatan oinarrituta, sailburu batekin dena eginda zegoela pentsatu zuten, eta Etxebizitza, Ongizate Soziala, Inmigrazioa eta Garapenerako kooperazioa barneratzen zituen sailburua eskaini ziguten; beste sailen arloak, ingurugiro eta energi politiketan dena ukitu ezina zelarik.
Beraz, hiru astetan zehar hitz egiten egon eta gero, adostasunak hasieratik zeudenak ziren: giza eskubideekiko errespetua, eta elkarrizketa eta autodeterminazioaren aldeko apustua euskal gatazka gainditzeko.
BAINA euskal gatazkaren inguruan diagnostiko berdina izatea arrazoi nahiko ahal da EAJ-EA koalizioarekin bat egiteko? Merezi al du gure programari uko egitea hurrengo Eusko Jaurlaritzan sail bat izatearren? Zein zen EBren helburua hauteskundetara aurkeztu zenean, gizartea aldatu edo gauzak bere baitan utzirik EAJ-EAren programa pean sail bati gorrixka itxura eman? EB Eusko Jaurlaritzan ez egoteak lehendakariak bake inguruan izan ditzakeen ekimenei indarra kendu ahal die? Eta azkenik, hala balitz, sail bat gestionatzeak ze diferentzia egingo luke? Galdera hauek eta beste batzuk izan ziren EBren zuzendaritzan gaudenok erantzun behar izan genituenak, eta jakina denez, erantzuna ezezkoa izan zen.
Ezker Batuak betidanik defendatu izan du -gure eguneroko politikagintzan ere gure asmoa hori izan da- Euskal Herriak gatazka politikoaz aparte, arazo sozial handiak dituela eta abertzale eta ez abertzaleen arteko dikotomia gainditu egin behar dela, ezkerra eta eskuinaren arteko dikotomia klasikora bueltatzeko, non eta diferentziak ez diren estatu ereduak baizik eta gizarte ereduak.
Politika ekonomikoa, fiskala, inmigrazioa, pobrezia, esklusio soziala, hezkuntza, emakumea, ingurugiroa, sanitatea, estatu eredua, Europa, globalizazioa, etxebizitza. Hauek ere politikak dira, eta guretzako garrantzi handiko politikak gainera, eta hauetan, EAJrekin ez gatoz inolaz ere bat.

HASIBERRI den legealdi honetan beraz, Ezker Batuak bere printzipioei fidela izanik, Eusko Jaurlaritzarekiko bi jokabide oso ezberdin izango ditu gaiaren arabera. Eusko Jaurlaritzan ez sartzeak ez du inolaz ere gure ikuspuntua aldatu bakea lortzeko bideari dagokionez, eta honen inguruko lehendakariaren eta gobernuaren ekimenekin bat egingo dugu, eta burubelarri arituko gara gainera, hauek aurrera atera daitezen, partehartzaile hutsak bezala, edo hala eskatuz, bultzatzaile bezala.
Baina, gu ez gara akordio preferenteen bila ari, EBk oposizioa izateko eskubidea eta obligazioa du, akordio preferenteak, legealdi akordioak eta abarrekoak gure militantzia eta bozkatzailei iruzur egitea litzateke, beraz, ez dugu inolako beldurrik izango baldin eta aurrekontuetan, adibidez, gure proposamenak jasotzen ez badira hauen aurka bozkatzeko; edota zenbait legeen aurkako bozka emateko, zeren, lehendakaria aukeratzeko ez gara beharrezkoak, baina dirudi EAJ eta EAk ahaztu egin dutela gehiengo absolutua ere ez zutela lortu.
Beraz, EAJ eta EAk, behin irabazlearen euforia desager-tzen zaienean, legeak aurrera ateratzeko parlamentari nahikoak ez dituztela konturatzen direnean, bidai lagunak bilatzen hasi beharko dute, eta nahiz eta Ezker Batua beti izango den oraingoan bertan behera geratu diren elkarrizketak berrartzeko prest, ez ditu bere planteamenduak aldatuko, eta honek, segur aski, bidaikide oso bitxiak ikusteko aukera emango digu. Adi ibili!

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan