Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-22 -- 1817.zenb

Pilar Iparragirre

Gaur arte idatzi den euskal kulturaren historiari erreparatu besterik ez dago honek elizgizonei zenbat zor dien ohartzeko. Elizgizonei, bai! Moja jendea auskalo zertan zebilelako, herri xehea alfabetatu gabe zegoelako, jauntxoak gerran edo negozioan buru-belarrià auskalo zergatik, euskal kulturaren historia elizgizonen izenez eta egitez betea dago. 1971ko uztailaren 18ko Z. ARGIA dugu lekuko. "Aita Agustin Kardaberatz euskal-idazle"aren omenez On Manuel Lekuonak eskainitako xehetasunek garbi uzten dute esandakoa. Ez pentsa erraz egin zezaketen lana zenik. Irakurri, irakurri, zenbaki berean Jesus Gaztañagak Plazido Mujikaren hiztegiaz esandakoak!


MUJIKAREN HIZTEGIAZ

"Nork ez du MujikaÆtar Plazido jesuslagunaren entzuterik?" galdetzen zion bere buruari Gaztañagak, irakurle guztiak jakinaren gainean egongo zirela onartuz bezala. Baina ez zuen hura hain ziurtzat emango, jarraian jakin beharreko guztiak eskaintzeari ekiten zion-eta: "Hogei ta bost urtez jardun zan A. Mujika lantegi ortan. Urte pilla aundia, aspertu gabe jarraitzeko. Norbaitek uste dezake azkarrago bukatu zitekeala iztegi ori. Nola ez? Beste lanik gabe ortara jo ezkero, bai noski". Plazido Mujika, ordea, "bere eguneroko lan guztiak egiñaz. Bere nagusiek emandako arloetan jo ta ke, ezertan ere baztertu gabe" aritua zen, nonbait. "Iztegi lanak? Oriekà denbora-pasa bezela: orduen buruen tartetxoak arrapatuaz egunari". Ez zuela jesuitak egiteko makala hartu, eh! Nolakoa izango zen lan hura, Gaztañagak bere buruari galdetzeko: "Esango al dut guztia? Badakit ez diodala batere pozik emango. Ziur nago: ez da arrotuko, asarretu egingo da baizik, agian. Onenean, mingarri izango zaio. Baiñaà bera baiño gazteagoko guzion ikasbiderako gertatuko dan uste osoan, esan egingo dut". Eta hara hemen hainbeste buruhausteren ondoren esan beharreko zuena: "Hogei ta bost urte luze ta astunen buruan etzuan bazkal-ondoko lo-kuluskarik egin. Zergatik? Loari ostutzen zion ordu-erdia Iztegiari eskeintzeko. Hogei ta bost urtez etzuan bere lagunekin batere lasai afaltzeko astirik artu. Afaritakoa artu eskuan -puska legorra noski- eta, bere gelaraezkutatzen zan, æjan da lanÆ biak batera egiteko". Egingo al zenuke zuk beste hainbeste, irakurle?


KARDABERATZI ZOR ZAIONA

Dena dela erantzuna, har ezazu astia "Lekuona'tar Manuel'ek" Agustin Kardaberatzi eginiko omena irakurtzeko, arren. Hauxe zioen oiartzuarrak: "Ekain-illaren 20'an, Loyola'ko Eliz Nagusian izanak gera, zor bat ordaintzen. Zor aundi bat, euskaldun guztiok euskal-idazle ospetsu bati geniona. Euskaldun guztiok zordun; A. Agustin Kardaberatz, artzekodun». Ziurtzat ematen zuen, On Manuelek ere, Kardaberatzen ezagutza, baina duda-mudaren bat geldituko zitzaion, horrelaxe ekiten baitzion bere egitekoari: «Gauza jakiña da, Jesuita erneniar ura, bere baitan mistiko aundi izan zana; Euskalerriko jendeentzat sermolari bikaña izan zana; idazle aberats ta bero sutsua izan zana. Azkeneko alderdi oni elduko diot nik gaur; eta alderdi ontan, aren idazlan ugarietan ogeitatik bat dan puntu bati: EUSKERAREN BERRI ONAK deritzan liburu bitxi bati alegia». Letra larritan agertzen zuen On Manuelek Kardaberatzen lan gogoangarri hura, eta nik kopiatu besterik ez dut egin.
Halere, hortaz mintzatu aurretik, nahiago zuen Lekuona jaunak "XVIII gizaldiko idazlea bere giro-saltsan" azaldu. "XVIII gizaldia, «euskal idazleen» Bigarren Gizaldia izan zan: gipuzkoar kutsuko Gizaldia, izan ere".
Eta antza denez, Agustin Kardaberatz jesuita «bere bizitzan, Euskeraren problematika berezi baten aurrean aurkitu zan: Idazle-problematika».

Haatik, hura ere bere testuinguruan agertzeko beharra sentitu zuen On Manuelek: «XVI Gizaldian Bernat Decheparek æEuskara: ialgi adi plazaraÆ esan zuen ezkero, (...) Euskerak æidaz-giroaren plaza berriraÆ atera beharra zeukan. Eta eliztar batek XVI Gizaldian egindako enbite arri, XVII Gizaldian beste eliztar adoretsu batzuek asi ziran, adoretsu, erantzuten. Bidasoaz beste aldeko apez-jendeak osotu bait zuten XVII Gizaldiko idazle-sail ura; sail berezia, orain arte izan dugun saillik ederrena, Axular aundiarekin».
Behin XVIII. mendera iritsita, «iru gipuzkoar Jesuita» gogoratzen zituen: Larramendi, Mendiburu eta «gure A. Kardaberatz». Hiruen artean, azkena zuen maiteen, «Euskeraren berri onak» idatzi zuelako, batik bat. «Zer liburumueta da gure Liburu au? Zer dakar bere 62 orrialdeetan?».
Aurretiaz, ohar bat irakurleari: «Gure Aitaren beste amalau-amabost liburuak Jaungoigozkoak diran arren, au ez dala -onen gaia ez dala- Jaungoikozkoa. Au, Gramatikazkoa eta Erretorikazkoa degu». Eta hartaz esan beharrekoen artean, altxorra! «Ortografiari dagokion zatian, gure Aitak hÆrik ez duala ontzat ematen. Ez praktikan erabiltzen, ez teorian ontzat ematen. Orra aren itzak gai oni buruz: `Ken ortik! Gure Euskera suabe eztizkoarentzat ez da (h) soñu ori»

Lore Agirrezabal

Baiona, XVIII. mendea. Santa Maria katedralaren atarian, gizon eta emakumez osaturiko lagun talde bat dantzan ari da, «La Pamperruque» deiturikoa ari dira dantzatzen. Kolore biziko soineko luzeak, kapelu hego-zabalak, ohialez apaindutako zapata dotoreak eta ileorde eder zuri-zuriak dituzte emakumeek soinean. Bienbitartean, Aturri ibaiaren ertzean Frantziaren kolonietatik ekarritako produktuak ari dira porturatzen.

Errenteria, XXI. mendea. Kaleetan garai bateko baionesak agertu dira. Soineko luze, ileorde zuri eta kapelu dotoreen azpian, aurpegia zuri-zuri dutela datoz Iraultza dantza taldeko kideak. «La Pamperruque» berpiztu egin da, eta horren erantzule Ramon Garcia diseinatzailea.
«La Pamperruque»rako egin dituen jantziekin Ramon Garciak, guztira, garai bateko euskaldunen jantzien seiehun bat diseinu egin ditu; XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko euskaldunen janzkerak bilatuz eta aztertuz. Horretan hasi zenean frogatu ahal izan zuen euskaldunak moda-modako jantzi direla beti. XVIII. mendeko arropei buruz dugun ustea oso bitxia dela deritzo Garciak: "Jendeak uste du euskaldunak txapela edo buruko zapiarekin jaio direla, ezin dute ulertu XVIII. mendean euskaldunak ere ileordearekin eta abanikoekin ibiltzen zirenik. Euskalduna baserritarrarekin bakarrik lotzen dute, baina euskaldunak hirian ere bazeuden".
Tradizioari zor zaion begiruneak eta jakinminak bultzatu zuen Ramon Garcia aspaldiko euskaldunen janzkerak diseinatzera. Baina Baionako «La Pamperruque» bezalako dantza erakustaldi bat kalera atera aurretik ikerketa eta eskulan handia egin behar izan du Garciak. Orain arte egindako jantzi guztiekin ere antzerako urratsak eman ditu.


ARGAZKIETATIK KALERA.

Hasteko, aztertu nahi den garaiko argazki artxiboetara jotzen du diseinatzaileak: udaletako artxiboak, diputaziokoak, ezagunen batek emandakoak... Azken horiek, batez ere, familia dirudunen argazkiak izan ohi direla dio, hau da, argazki estudio batera joan eta ezkontzako edo jaunartzeko argazkia ateratzeko aukera zuten familienak. "Hortik informazio dezente ari gara biltzen, Errenteriako Udaletxean ez baitago ia argazki artxiborik, eta daudenak kale eta eraikinenak dira", azaldu digu. Liburuetara ere jotzen du informazio bila, baina are iturri pobreagoa omen da hori: "Jantzigintza ikasgai madarikatua da, inor ez da kezkatu jantziak aztertzeaz. Etnografo eta etnologo handiak tradizioaz eta kulturaz arduratu dira, baina jantzigintza baztertuta egon da".
Argazkia aurkitu ondoren, jantzien xehetasunen fotokopia handituak ateratzen ditu. Jantzi askotan erraz ikusten omen da jostura non dagoen, batez ere, marrak eta koadroak dituztenetan; jostura dagoen lekuan irudia hautsi egiten baita. Eta bestela, fotokopia ahalik eta gehien handituz oihalak non batzen diren ikusteko aukera izaten dela azaldu digu Garciak.
Argazkiak ez badu zehaztasun handirik, arropa nola geratzen zaion ikustearekin bakarrik asmatzen omen du jostura non dagoen. Dioenez, garai bakoitzean moda jakin bat egon da, bakoitza patroi eta korte batzuen araberakoa izan da, eta hori ezagutzeak lana izugarri errazten omen du: "Antzinako jantzi batetik patroia aterata garai hartako beste jantziak ere diseinatu daitezke, beraz, ez dut esango ehuneko ehun atera daitekeenik baina ehuneko larogeita hamabost bai".
Bestalde, XVI. mendetik aurrerako patroiak ere baditu; oso lagungarri zaion Janet Arnold idazle britainiarraren «Paterns of Fashion» liburu-sortaz baliatzen da bestelako iturririk ez duenean. Hain justu «La Pamperruque»ko diseinuak egiteko Arnolden liburura jo du, eta horko patroietan adierazi bezala, patroiak jantzia eramango duenaren neurrira egokituz sortu ditu diseinuak.
Patroia egina dagoenean oihala aukeratu, patroia oihalean markatu, zati hori moztu eta josi egiten du. Bakoitza hiru neurri desberdinetan egiten du; taldean ez dute inoiz bakoitzaren neurrira egiten.
Ondoren bitxiak kokatu eta azken xehetasunak jartzen dizkio. Eta amaitzeko, jantzia izango dena muntatu eta josi egiten du, baina albaindu aurretik: "Jositakoan probatu egiten dut, jostun batek erakutsi zidan ez probatzeko albainduta, zeren albaindu eta jositakoan, askotan, ez baita neurrira geratzen".
Dena dela, jantzi bakoitzak argazkitik soinera egiten duen bidea ez da beti bera izaten. Argazkia aurkitu ondoren, oihalak eta bestelako osagaiak bilatzen ere denbora luze eman dezake. Gainera, Ramon Garcia zorrotza da kontu horietan eta ez da konformatzen argazkikoaren antzerako ohiala aurkitzearekin; estanpatuak ezezik, materiala ere ahalik eta berdinena izatea eskatzen du. Baina antzina ez omen zeuden gaur egun dauden konposizioak: "Lehen dena naturala zen, orain, berriz, %100 kotoia edo artilea bilatzea ia ezinezkoa da". Beraz, ahalik eta material naturalenak erabiltzen saiatzen dela esan digu: "Talde askok poliesterra erabiltzen du, noski, askoz erosoagoa da eta ez da zimurtzen, baina nik ez dut hori ia batere erabiltzen, inoiz estanpaturen bat ez badut aurkitzen, bada, hartuko dut poliesterrezkoa, baina marrazkiengatik bakarrik, bestela ez".
Gaur egun, lehen baino oihal-denda gutxiago omen daude, eta horrek burukomin dezente ematen dizkio Garciari; metro bat denda batean, bestea hurrengoanà horrela erosten omen ditu. Bidaiatzen duenean atzerritik zerbait ekartzen saiatzen da: "XVI. mendeko jantziak diseinatu nituenean asko kosta zitzaidan oihalak aurkitzea, eta Italiara egin nuen bidaia batean oihal zati bat ekarri nuen; Mendietaren XVI. mendeko kuadro batean agertzen zenaren oso antzerakoa".
Dena dela, azken boladan, garai haietako marrazki zehatzak lortzea ez omen da hain zaila, izan ere, orain tapiz-dendatan XVIII. mendeko estanpatuak asko saltzen omen dira eta garai aproposa da horiek erosteko. Modarena kontu bitxia dela dio: "Marra modan baldin badago bostehun mila marra desberdin topa daitezke, baina une horretan koadro bila baldin bazabiltzaà Horregatik, orain gustatzen zaidan oihalen bat ikusten badut, erosi egiten dut beste noizbait behar dudanerako".
Oihalek ezezik, koloreek ere lan pixka bat ematen dutela aitortzen du. Argazki gehienak zuri-beltzekoak direnez, arropen kolorea asmatu egin behar izaten du maiz. Hala ere, gorria -ematen duen beltz tonuagatik- nahikoa ongi bereizten dela dio, baina urdinilunak edo berdeilunak, ia tonu bera dute eta zehazteko nahikoa omen da garai hartako modara jotzea: «Horiak eta laranjak esaterako, ez dira inoiz erabili, eta XX. mende hasieran tonu grisaskak, zuriak, bexak, arrosak eta beltz asko eramaten ziren. Gorria desagertu egin zenà", azaldu digu Garciak.
Botoiak eta bestelako bitxiak bilatzea ere ez da lan makala. Sarritan, ixtera doazen mertzeriatara joaten dela esan digu: "Horrelakoetan askotan ateratzen dituzte biltokian dituzten aspaldiko gauzak: gerra garaiko botoiakà nik erosi izan ditut 20ko hamarkadakoak, baita mende hasierakoak ere".



TRADIZIOAREN PISUA.

Iraultza Dantza taldeak, eta bereziki Ramon Garciak, izugarrizko garrantzia ematen diote tradizioari. Ahalik eta gutxien aldatzen saiatzen dira: «Emakumezkoek kiloak eta kiloak daramatzate soinean, eta ezin estuago joaten dira; zenbait dantzatan kortsea ere erabiltzen dute». Dantzarako deserosoa dirudi, baina Garciak dio dantza egin egin daitekeela: «Bai noski, baina antzinakoen moduan, guk egiten duguna oso autoktonoa denez, primeran egin daiteke, eta zuk dantzatzeaz gain, jantzia dantzatu behar duzu».
Ramon Garcia aspaldi hasi zen honetan. Egindako bilaketa lanean jantzi original ugari eskuratu du eta Iraultza Dantza taldearen egoitzan, sotoan, ditu gordeta kontserbaziorako baldintza onean. Baina egunen batean museoan ikusi nahiko lituzkeela aitortu digu.

Dantza taldeen jantzi uniformatua garai batekoen janzkera izatetik urrun samar zegoelakoan hasi zen euskal jantzitegia aztertzen, eta hogeita hamar urte hauetan ikusi ahal izan du euskaldunak oso dotore jantzi izan direla beti. Hona horren azalapena: "Moda Frantziatik Madrilera iritsi aurretik hemendik pasatzen zen, beraz, lehenengo informazioa euskaldunek jasotzen zuten. Baina ez zegoen diseinatzailerik eta sorkuntzarako joerarik ez zutenez, kopiatu egiten zituzten, eta ongi egin ere; euskalduna zoragarri jantzi da beti» l

Daniel Udalaitz

Euskal merkataritza portuetako arduradunek 2000. urteko azken ekitaldiari buruz eskainitako datuek diotenez, euskal ekonomiak hobera egin zuen eta 2001. urte honetarako itxaropenak ere onak dira, %3,5aren inguruko batez besteko hazkundea aurreikusten baita. Gure portuetako merkataritza jardueren bilakaera gure ekonomiaren osasun egoera neurtzeko termometroa da. Euskal Herrian birmoldaketa industrialak izandako urteetan euskal portuetako merkataritza trafikoa nabarmenki gutxitu bazen ere, orain, azken urteotan, bizkortu egin da eta pixkanaka gorantz egiten ari da.

Itxitako azken ekitaldia, 2000. urtea, euskal ekonomiaren pixkanakako hobekuntza horren adibide garbia da. Izan ere, 2000. urtean Hego Euskal Herriko merkataritza portuek 32,5 milioi tona mugitu zituzten, eta beraz %3,4ko hazkundea izan zuten 1999arekin alderatuz. Euskal hiru merkataritza portuek, Bilbok, Pasaiak eta Bermeok hobetu egin zuten beren egoera eta beren trafikoa. Bilbokoak, 27,5 milioi tonarekin, %5,7ko hazkundea izan zuen, Pasaiakoa, 4.671.377 tonekin, %2,6 igo zen, eta Bermeokoa, azkenik, 461.477 tonekin, %16 hazi zen. Eginahalak egin arren, ezin izan ditugu eskuratu Euskal Herriko beste merkataritza portuari buruzko datuak, hots, Baionakoak.
Euskal portuek 2001. urte honetarako dauzkaten itxaropenak onak badira ere, urtearen hasieran behera egin du merkantzia trafikoaren kopuruak, nahiz eta ez duen berdin behera egin portu guztietan. Horrela, urteko lehenengo bi hilabeteetan, Bilboko portuak %0,6ko murrizpena izan zuen, eta Pasaiakoak %10ekoa.


PRODUKZIO INDUSTRIALAREN GORAKADA.

Bilboko portuak sendotu egin du Espainiako Estatuko rankingean merkantzien trafikoan betetzen zuen hirugarren postu hori, Algeciras eta Bartzelonaren atzetik, eta halaber, produkzio industrialak eta kanpo merkataritzak 2000. urtean gora egin dutela egiaztatu du.

Bilboko portuak 27,5 milioi tona manipulatu zituen joan den urtean (ontziratu gabeko solidoak, likidoak eta merkantziak oro har), eta horrek, joan den urtearen aldean %5,7ko hazkundea ekarri zuen. Trafiko guztia kontuan izanik, barrukoa (portuen artean egiten dena) eta hornidurarena (ontziak hornitzekoa) ere barne, 28,6 milioi tonakoa izan zen, eta beraz, %5,8ko igoera izan zuen.
Ontziratu gabeko likidoak Bilboko portuko trafikoaren %50 baino gehiago dira. 14,7 milioi tonatara iritsi ziren, aurreko urtean baino %3 gehiago, beraz. Arlo honetan aipatzekoak izan ziren petrolio gordinaren trafikoa, %2 igo baitzen, fuel-olioa, %13ko igoera izan zuena, eta gasolina, %9 gora egin zuena. Ontziratu gabeko solidoak, berriz, 4,4 milioi tonatara iritsi ziren. Horien artetik nabarmentzekoa da ikatza, %29 hazi baitzen, baba eta soia irinek %6ko gehikuntza izan zuten, eta txatarrak, aldiz, %7ko beherakada.
Era guztietako merkantzien barruan -horrexek izan zuen hazkunderik handiena, %13 ingurukoa- aipatzekoa da edukiontzietako merkantzia, 4,4 milioi tonakoa izan baita, %11ko igoera izanik. Edukiontzietako merkantzien barruan ardoak, edariak eta alkoholak nabarmendu ziren, %2 hazi zirelarik. Eraikuntzako materialek %10eko gehikuntza izan zuten, eta siderurgiako produktuek %18ko igoera.
Eremu geografikoen arabera, Bilboko portuko trafiko garrantzitsuena, osoaren %40, Europa Atlantikokoa da, eta merkantzien xede edo jatorri garrantzitsuenak ondokoak dira: Erresuma Batua, Errusia, Holanda, Finlandia eta Belgika. Afrika Atlantikoko portuetako trafikoak, berriz, %53ko gehikuntza izan zuen. Herrialde garrantzitsuenak Ekuatore Ginea, Nigeria eta Gabon izan ziren. Afrika Mediterraneokoa %27 hazi zen, Hego Amerikakoa %23, Ipar Amerikakoa %23 eta Ozeano Pazifiko aldeko Asia %22. Jaitsi zirenak Ozeania (%57), Ozeano Indiko aldeko Afrika eta Asia eta Mediterraneo aldeko Europa izan ziren.
Orain berriki Uniportek egindako batzar nagusiak plan estrategiko bat aurkeztu zuen 2001-2003 urteetarako, eta bertan, azpiegitura berriak bultzatu eta garatzea proposatu dute, hala bideak nola trenbideak, logistikoak eta portuetakoak. Aldi horretan Uniportek bere gain hartu du enpresen arteko lankidetza eta erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, Bilboko Portuaren lehiakortasuna hobetzearren. Uniporten iritziz, bidaiarien garraiobidea erabiliko ez duen merkantzien trenbide loturarik ez izatea eta trafiko gutxiko errepiderik ez izatea lirateke hutsune nabarmenenak.
Epeak betetzen badira, trenbide trafikoarentzako Serantes tunela 2004. urterako amaitua egongo da. Eta 2010. urterako, berriz, tunel berri horren eta Bilbotik Mirandara doan trenbide sarearen arteko trenbide loturari ekitea espero da, Ezkerraldeko bizilagunei zuzendutako egungo trenbide komunikazioagatik gelditu behar izan gabe. Bestetik super A-8 proiektua ere aztertzen ari dira autobide horretako trafikoa arintzeko.


BERMEO PORTU INPORTATZAILEA.

Bermeoko merkataritza portuko merkantzia trafikoa %16 hazi zen 2000. urtean, guztira 461.477 tona izan zirelarik, eta 2001eko urte honetan 500.000 tonatik gora izatea espero dute. Euskal portu hau 1996. urtean 302.206 tona izatetik 2000. urtean 461.477 tona izatera igaro da azken bost urteotan.

Mugitzen den merkantzia kopuruari eta horren jatorri eta xedeari buruzko datuak kontuan izanik esan daiteke Bermeoko merkataritza portua batez ere inportatzailea dela. Horrela, joan den urtean mugitutako 461.477 tonetatik 419.439 tona lehorreratze eragiketak izan ziren. Hau da, portuko instalazioetan manipulatutako merkantzia guztien %90,8 inportaziokoak izan ziren. Horrela, aipatzekoak izan ziren siderurgiako produktuak, eraikuntzakoak eta 4,75 cm baino lodiera handiagoko bobinak. Multzo hau Bermeoko portuko merkantzia-trafiko guztiaren %75,6 da eta 344.288 tona mugitu zituen.
Ontziratutako bolumenik handiena fosfatoek, porlan ontziratuek eta soda kaustikoak osatu zuten, guztira 17.646 tona. Multzo horren ondotik, izoztutako haragia, papera bobinetan, aluminio landugabea edo hainbat eratako makineriak osatutako multzoa egongo litzateke. Hain zuzen ere, produktu horien 14.151 tona esportatu ziren guztira.


PASAIAKO PORTUAREN ZABALTZEA.

Pasaiako portua txikia geratu da, oso mugatua dago eta bertan ezin daiteke edukiontzi edo merkantzia arriskutsurik mugitu. Horixe da, hain zuzen ere, Pasaiako portuko arduradunek behin eta berriz diotena, eta kanpoaldeko portu bat eraiki beharra aldarrikatzen dute egungo portu azalera mugatu horrek berekin dituen arazo larriei irtenbide bat bilatzeko. Dagoeneko hainbat azterketa eta txosten egiten ari dira asmo hori aurrera eramateko, baina horrek 75.000 milioi pezetako (3.000 milioi libera) inbertsioa egitea esan nahiko luke. Gauzatu litekeen hedapen hori, halere, kezka bihurtu da Bilboko portuko agintarientzat; izan ere, Uniport bezalakoentzat ondorio larriak ekar ditzake.

Pasaiako merkataritza portuak 4,6 milioi tona mugitu zituen iaz, aurreko urtean baino %2,6 gehiago. Bertako jarduera garrantzitsuena "zama lehor" delakoa izan zen, hau da, era guztietako merkantziak petrolioaren eratorriak izan ezik. Joan den ekitaldiko datu esanguratsuenak txatarraren igoera, ongarrien gorakada eta petrolio gaien gutxipena izan ziren.
Lehorreratutako txatarra kopuruak %20ko igoera izan zuen, eta ongarrien trafikoa, berriz, %80 hazi zen. Igoera horiek, nolabait ere, petrolioaren eratorriak %37 jaitsi izana arintzeko balio izan dute, azken urteotan petrolio gaiek poliki-poliki behera egin baitute gaur egungo egoeraraino iritsi arte, eta egun portu-inguruneko kontsumora murriztua dago.
Merkantzien jatorri eta xedeari dagokionez, estatistikek diote alderantzizko joera dutela lehorreratzeko eragiketek eta ontziratzeko eragiketek, lehenengo horiek igo eta bigarrenak jaitsi egin baitira. Horrek guztiak erakusten digu Gipuzkoako portu hau nagusiki inportatzailea dela. Merkantzia guztien seiren bat bakarrik ontziratu zen portu horretan iaz.
Uniportek, Bilboko lehiakortasuna hobetzeko lanean ari den elkarteak, dagoeneko publikoki adierazi du beldur dela Pasaiako Portua handitzeko planek kalte egin diezaieketelako Bilboko portuaren interesei. Horrela azaldu dute orain berriki egin duten Batzar Nagusian. Batzar Nagusi horretan bertan onartu dute 2001-2003 urteetarako plan estrategikoa.
Uniporteko lehendakaria den Alfredo Espinosak Batzarraren aurrean aitortu zuen merkataritza portu gehiegi daudela estatu mailan, eta portu estrategikoak edukitzearen alde hitz egin zuen, jarduera hau egokitzeko edo indartzeko erabiltzen diren fondo publikoak barreiatu daitezela eragozteko. Testuinguru horretan Espinosak Pasaiako portua handitzeko aukera aipatu zuen, eta adierazi zuen, bere iritziz, zeren oraindik gai hori ez baitzuen Uniportek sakonki aztertu, "beren kudeatzaileek -Pasaiako portukoek- jakingo dutela hori errentagarri egiteko merkantzia bilketa eta bolumen nahikoa duten. Hori ez da Pasaian bakarrik gertatzen, baita beste portu nagusi batzuetan ere. Egia esateko -amaitu zuen- ez dakar inolako onurarik portu alternatiboak hain hurbil egoteak, ezta esportatu eta inportatzeko ere»

Iñaki Guridi

Askoren iritziz zaharkituta dagoen musika hezkuntza sistemari ari zaio amaiera iristen. Datorren ikasturtean 1966ko Hezkuntza Artistikoen Legea desagertu, eta dagoeneko hainbat urte indarrean daramatzan LOGSE legeak hartuko du etorkizuneko musikari izango direnak formatzeko ardura. Hobekuntzak omen dakartza lege berriak, baina musika ikasleek botako duten izerdiak ere gora egingo du.

Oraindik prestaketa atzeratu xamar dagoen arren, Euskal Herrian posible izango da datorren ikasturtetik aurrera goi mailako musika ikasketak egitea. Polemikaz inguraturik jaioko bada ere, urrirako prest egongo omen da Donostian Goi Mailako Musika Kontserbatorioa.
Espainiako Estatuan, 1966an indarrean sartu zen Hezkuntza Artistikoen Legeak gidatu du musika irakaskuntza azken hamarkadetan. Lege honen ezaugarri nagusienetariko bat, masifikazioa izan da. Zeuden musika zentro apurretan, ikasle ugari pilatzen ziren eta ikasleak jasotzen zuen arreta mugatua zen.
Bestalde, jende askok bere kabuz ikasten zuen, eta ikasketak ofizialtzeko kontserbatorioan egiten zituen azterketak. Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan, baziren 22.000 azterketa egiten zituzten urteak ere. Donostiako kontserbatorioan ere, antzekoa gertatzen zen. Kanpoko jende asko etortzen zenez, ia ekain guztia azterketak egiten igarotzen zuten bertako irakasleek.
Askok zalantzan jartzen dute 1966ko lege honen bidezko musika ikasketen kalitatea. Beste askorentzat, erabat zaharkiturik dago. Uritze Lakak, esaterako, 66ko legeak araututa gauzatu ditu bere musika ikasketa guztiak; datorren ikasturtean amaituko du Goi Maila. Bere esanetan, hezkuntza orokorrean eta musika ikasketetan jaso duen hezkuntzak, ez dute zerikusirik izan: «Musika ikastetxeetan jaso dudanak nire gurasoen garaikoa ekarri izan dit gogora".
Musika irakaskuntza eraldatzeko asmoarekin, LOGSE legea 92-93 ikasturtean sartu zen indarrean. Lege honek, musika irakaskuntza hiru mailatan banatzen du: oinarrizkoa (lau urte), erdi mailakoa (sei urte) eta goi mailakoa (lau edo bost urte).
92-93 ikasturtean musika ikasten hasi zirenak, LOGSE barruan hasi ziren eta lege berriak ikasle hauekin batera egin du gora, mailaz maila. Aurtengo ikasturtean erdi mailako azken urtera iritsi da, eta datorren ikasturtetik aurrera, goi mailako musika ikasketak lege honek gidatuko ditu. 1966ko Hezkuntza Artistikoen legea aldiz, datorren ikasturtean desagertuko da erabat, orain goi maila lege zaharrarekin egiten ari direnak euren ikasketak bukatzean.
LOGSEk zerbaitetan aldaketa ekarri badu, irakasgaien antolaketan izan da. Legeak argi azaltzen du ikasturte bakoitzean zeintzuk diren, nork bere musika tresnaz gain, ikasi beharreko irakasgaiak. Ikasleak ez du beraz, lehengo moduan, zikloa bere nahietara egokitzerik.


Ikasleen izerdia.

Antolakuntzan hobera egiteak, neurri handi batean ikaslearen ahaleginaren gehitzea esan nahi du. Uritze Laka, esate baterako, 66ko legearen barruan ari da gauzatzen bere flauta ikasketak eta baita gainerako irakasgai osagarriak ere. Ikasturte bakoitzean, egokien ikusitako irakasgaiak aukeratu ahal izan ditu, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, beti ere zeukan denboraren arabera.

Hariaren beste muturrean dago Jorge Pacheco, 19 urteko gaztea. Perkusioa ikasten ari da LOGSEko erdi mailan eta asteko egunik gehienak kontserbatorioan ematen ditu. Berak asmo argia dauka musikaren bidetik jarraitzeko eta horregatik utzi ditu gainerako ikasketak, baina bere ikaskide asko oso larri ikusten ditu. "Goizean institutura joan eta gero, astean hiru edo lau aldiz etorri behar izaten dute kontserbatoriora. Hiriburukoentzat gogorra bada, zer esanik ez probintziatik etorri behar dutenentzat. Horretaz gain, etxean ordu ugari eskaini behar dizkiote beraien musika tresnari".
Ordu pilaketak ondorio negatiboak omen ditu musikarien formakuntzan. Francisco Ibañez, Gasteizko kontserbatorioko zuzendariaren iritziz, "instrumentuarekin erdi mailan ikasleek lortzen duten maila, lehen baino baxuagoa da, denera iristea zaila egiten baitzaie".
Zailtasunak dituzte ikasleek Batxilergo eta musika ikasketak bateratzeko eta horregatik askok bertan behera utzi dituzte musika ikasketak. Ikasturte honetan, Donostiako Kontserbatorioan 30 lagunek utzi dituzte musika ikasketak, bi hezkuntzak uztartu ezinda. Ordu pilaketari eta bideetan igarotako denborari irtenbidea emateko, LOGSE legeak Batxilergo musikala aurreikusten du, hezkuntza orokorreko ikasketak eta musikalak bateratzen dituena.
Leioako Kontserbatorioa da batxilergo mota hau eskaintzen aitzindarietako bat. Jose Miguel Barandiaran institutuko irakasleak, kontserbatoriora bertara joaten dira, batxilergo musikaleko ikasleei derrigorrezko irakasgaiak eta hautazko bat ematera. Musika ikasketak ere ikastetxe horretan bertan gauzatzen dituztenez, ez daukate lekuz mugitu beharrik. Hau egin ahal izateko ordea, beharrezko baldintza da hezkuntza orokorreko eta musikako ikasturteak parean eramatea.
Aurtengoa izan da Leioan esperientzia hau aurrera eraman den lehen urtea eta bost neska jardun dira batxilergo musikalean. Balorazio sakona egiteko arin den arren, arduradun eta gurasoak gustura ageri dira lehen emaitzekin.
Erdibidean legoke aurten Gasteizko hiru ikasle egiten ari direna. Batxilergoan derrigorrezko diren irakasgaiak beren institutuetan egiten dituzte, eta hautazko moduan, musika irakasgaiak gauzatzen dituzte kontserbatorioan. Francisco Ibañez, Gasteizko kontserbatorioko zuzendariak oso positibo ikusten du esperientzia hau: "Hautazko asignaturak kontserbatorioan egiten dituzten ikasleak, hobeto dabiltza musikan. Dena den, hori egiteko, argi izan behar dute musikaren bidetik jarraitu nahi dutela".
Batxilergo musikalak ikasle hauetako askoren zama arintzen duen arren, ez dirudi horrelako zentroak ugarituko direnik. Gurasoak beldur dira, musikaren bidetik abiatu eta seme-alaben hezkuntza orokorra kaltetuta aterako denentz eta ondorioz, eskaria oso txikia da.


Talde izaera.

Musika ikasleak etorkizunean izan dezakeen aterabideetako bat, irakaskuntzarekin batera, orkestraren bateko partaide izatea da. Hori kontuan harturik, LOGSE legeak musikari talde izaera barneratu nahi die haurrei txikitatik. 66ko legearekin geroago hasten baziren, lege berriarekin oinarrizko mailan parte hartzen dute haurrek instrumentu talde batean. Maria Pura Graña, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko idazkari teknikoaren iritziz, "orkestra praktikari lehenago ekiten diotenez, taldean lan egiten ohitzen dira haurrak eta belaunaldi izaera ere barneratuago dute".

Beraien musika hezkuntzan aurrera egiten duten heinean, taldean gero eta gehiago jotzen dute eta honek jendaurreko emanaldiak egiteko aukera ere zabaltzen die. Jorge Pacheco ikaslearen esanetan, "ikasleak ohitu beharra dauka taldean jotzen. Orain arte, sarri ikastetxetik kanpo aurkitu behar izaten zen taldea eta lege berriarekin eskolan bertan taldea osatu eta jotzeko aukerak daude".

Amaitu da libretik ikastea.

Ikasketak era ofizialean egiteko aukera bakarra kontserbatorioa da. Orain arte indarrean zegoen legearekin, asko ziren kontserbatorioan matrikulatu eta beste ikastoki ez ofizial batean edo beren kabuz ikasten zutenak. Kurtso bukaeran kontserbatorioan azterketak eginez, ikasketa horiek ofizialtzea lortzen zuten. Hori, ordea, amaitu da eta LOGSE legearen barruan ezinbestekoa da klaseetara joatea. Ikastokietan kontrolatu egiten da nor joaten den eta nor ez.
Kontserbatoriora joan gabe musika ikasi eta ikasketa horiek ofizialtzeko aukera bakarra dago: ikasleak bere kabuz erreglatu gabeko ikasketak egin eta azterketa bidez LOGSEko ikasketetara sartzea. Erdi mailako edozein kurtsotara eta goi mailako musika ikasketetara egin daiteke jauzi hori. Aurretik ofizial ez diren ikasketak egin dituztenek, eskatutako maila dutela uste izanez gero, LOGSEk arauturiko ikasketetara sar daitezke.

Goi Mailan aldaketak.

Oinarrizko eta erdi mailako zikloak igaro ostean, datorren ikasturtean iritsiko dira goi mailara LOGSE legeak gidaturiko musika ikasketak. Orain arte, ugari ziren Goi Mailako Musika Kontserbatorioak. Euskal Autonomia Erkidegoan esaterako, hiru hiriburuetakoek zeukaten maila hori eta Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioa ere maila berdinean zegoen. LOGSE legea indarrean sartzearekin, ordea, maila hori gainditu egiten dute. Kepa de Miguel, Donostiako kontserbatorioko zuzendari ordearen esanetan, "katedratikoek ere galdu egin dute beraien katedra. Kontserbatorioan orain arte katedratiko zirenak, musika irakasle dira orain".
Lege berriarekin, goi mailako zentro gutxiago ezarri nahi dira, daudenen kalitatea hobetze aldera. Euskal Autonomia Erkidegoan bakarra ezarriko da eta Nafarroan ez da goi mailakorik izango.
Kontserbatorioen ezaugarriak aldatzearekin batera, bertan emango diren ikasketek eraldaketa sakona izango dute. Orain arte bi urtetan gauzatzen zen goi maila, lau edo bost urtetara luzatuko da hemendik aurrera, beti ere musika tresnaren arabera.
Unibertsitateko beste ikasketa batzuren egitura hartuko du datorren ikasturtean indarrean sartuko den goi mailak, kredituen sisteman oinarrituriko irakasgaiekin. Kepa de Miguelen hitzetan, "66ko legearekin exigentzia maila oso handia da goi mailako bi ikasturteetan, dena oso kontzentratuta dagoelako. Orain materia berri batzuk izango dituzten arren, ez da lehengo kontzentraziorik egongo. Exigentzia maila, hala ere, handia izango da".
Aipatu beharrekoa da aurreko legearekin goi maila bi ikasturtetan aurreikusten bazen ere, ikasleen portzentaje handi batek urte gehiagotan banatzen zituela ikasketak.


Goi Mailakoa Donostian.

LOGSEk ezarritako erronka begibistan edukita, Euskal Autonomia Erkidegoan hasieran ez zegoen goi mailako kontserbatorio bat egiteko asmorik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, musika ikasketekin jarraitu nahi eta kanpora joan behar zuten ikasleei, diru laguntzak ematea pentsatzen zuen. Azkenean, ordea, goi mailako musika kontserbatorioa egitea erabaki du, kontserbatorioetako arduradun, ikasle eta irakasle askoren harridura eraginez.

Bere garaian agindutakoa betetzeak, ordea, badauka bere lana. Izan ere, LOGSE legea zorrotza da goi mailako kontserbatorioak nolakoa izan behar duen argitzean. Eraikin bereizi batean kokatu behar da kontserbatorioa eta bertan ezingo dira oinarrizko eta erdi mailako musika ikasketak eman. Gainera gutxieneko neurri jakin bat izan behar du, gela insonorizatuak, kontzertuetarako auditorioak, fonoteka, liburutegia...
Eusko Jaurlaritza goi mailako kontserbatorioa egitekotan zela jakitean, erkidegoko hiru hiriburuek beren proiektuak aurkeztu zituzten, zentroa berauetan koka zedin. Jaurlaritzak azkenean, Donostian jartzea erabaki du. Gasteiz eta Bilboko kontserbatorioetako arduradunak ez dira ordea gustura ageri bat bateko erabaki honekin.
Kontserbatorioa jartzeko erabakia hartuta dagoen arren, prestaketak atzeratu xamar daude. Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko hautaprobetan, ikasleek hiru ariketa egin dituzte, obra bat interpretatzea, aurretik prestatu gabeko obra bat irakurtzea eta froga teoriko bat egitea. Kepa de Miguelek dioenez, "irakasle eta ikasleak oso kezkatuta daude. Goi mailako kontserbatorioa Donostian jarriko dutela kaleratu dute, baina nork gestionatuko du? Zein titulaziodun irakasle egongo dira?". Ikasle asko orain arte zain egon dira hemengo kontserbatorioan izena ematekotan. Baina orain kezkatuta daude, ez baitakite hemengo kontserbatorioaren kalitatea nolakoa izango den. Gainera beste herrialdeetan jadanik izena emateko epeak itxita daudenez, kanpora joateko aukerak ere murritzagoak dira.
Maria Pura Graña Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioko idazkari teknikoaren iritziz "lehenago ezagutu behar zituzten irakasleak, zentroa bera, hautaprobak... Kontserbatorioa jartzea ongi dago, baina kalitatezkoa behar du izan". Gai honen inguruan desinformazio handia egon dela salatzean, bat datoz kontserbatorioetako arduradun denak. Donostiako agintariek azaldu dutenez, Miramar Jauregia izango da Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren behin-behineko egoitza. Hiru urteren buruan, behin betiko egoitza prest egotea aurrikusten dute. Ez dago argi, ordea, non izango den.

Nafarroan Goi Mailakorik ez.

Nafarroako Gobernuak goi mailako kontserbatoriorik ez egitea erabaki du, ikasleen eskaria urria izango dela argudiatuz. Pablo Sarasate Kontserbatorioko arduradun, irakasle eta ikasleak, haserre dira neurri honekin. Are gehiago, erdi mailako kontserbatorioarentzat eta Pablo Sarasate Orkestrarentzat egoitza berria eraikiko dutela jakinda. Ramon Garcia ikasketa buruaren aburuz,"behin eraikin berria egiten hasita, egin dezatela goi mailarako balio duena. Hamazazpi katedradun dauzkagu, puntako irakasleak dira...". Aurten erdi mailako ikasketak amaitzen dituztenak gutxi badira ere, azken urtean ehun ikasle inguruk hasi dituzte ikasketok. Agintariek kontserbatoriorik ez jartzeko erabili duten argudioa zera izan da: dauden ikasleekin ezingo litzatekeela LOGSEk eskatzen duen moduko orkestrarik sortu. Ramon Garciaren iritziz, ordea, "hori ez da horrela, kurtso bakoitzeko ikasleekin eta irakasleen laguntzarekin osa baitaiteke. Musikari ez direnek hartzen dituzte erabakiak. Kulturari kolpe handia emango dion erabaki oker bat da".
Nafarroako Gobernuak, goi mailako musika ikasketak egitera kanpora doazenei diru laguntzak emateko asmoa azaldu du. Garciaren iritziz, "hemen ikasten jarraituko zuketen ikasle asko musika ikasketak sakondu gabe geratuko dira, kanpora joaten ausartuko ez direlako"

Mikel Asurmendi

Hizkuntz Kontseiluaren genesia ezagutzeko 1992. urtera jo behar dugu. Urte hartan sortu baitzen Euskal Herria 2010 Lurralde Eskema Iparraldean. 1994an, eskema honen arian, Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren elkar lanaren bitartez Ipar Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema finkatzen eta garatzen hasi zen. Lurralde Eskema bezala ezaguna den plangintza honetan zazpi atal lantzen ari dira egun: formakuntza, ingurunea, ekonomia, azpiegitura, hirigintza, kultura eta hizkuntza atalak. Hizkuntza atalaren antolamendua izan da tirabiratsuena orainokoan. Atalik atal, hizkuntza atala funtsezkoenetariko bat baita Ipar Euskal Herrian euskara biziko bada.

KONTSEILUA eratu da. Hizkuntza atala garatu ahal izateko Hizkuntz Kontseilu baten beharra aldarrikatu izan dute euskaltzaleek. Gutxienezko berme batez arituko den Hizkuntz Kontseilua eratu bitartean Estatuko botereen eta euskaltzaleen arteko gorabehera franko izan dira. Administrazioaren eta herri elkarteen arteko adostasuna ez da berehalakoan gauzatu, hots. Kontseiluaren antolamenduaren erdian EKEko (Euskal Kultur Erakundea) Erramun Baxok presidentea izan da. Erramun Baxok bera dugu Kontseilu berriaren presidentea.
Hizkuntz Kontseiluaren sorrera blokeatua izan da hainbat urtez. Joan den apirilean burutu zen EKEren biltzar nagusian Pirinio Atlantikoetako Andre Viau prefetak desblokeatu zuen afera. Prefetak uztailaren erdialderako Kontseilua gauzatua izan behar zela agindu zuen. Harrezkero, EKEren esku utzi zuen Kontseilu honen gauzapena eta Erramun Baxok presidentea askeago aritu izan da eginbide honetan. Kontseilu honen antolamendua burutu bitartean Estatuak kudeatzen duen Hizkuntz Hitzarmenean «erdiespen berriak» izan dira.
eke-rEN PROPOSAMENA. Erramun Baxok-ek hiru partaidetzaren arteko Kontseilu baten proposamena ahalbidetu izan du: erakunde publikoak, euskalgintzako sektoreak eta elkarte federatuak akomeatu eta bildu ditu kontseiluan. Presidenteak «euskalduntze plangintza» eta «lurralde garapena» lotu beharra adierazi du bere eginbidean. Hots, Kontseilu hau eraginkorra izanen bada, administrazioak demografia eta ekonomiaren garapena ziurtatu beharko du.

Uztail honen 3an Baionako Merkataritza Ganberan buruturiko biltzar berezian eratu zen azkenik Hizkuntz Kontseilua. Estatuaren izenean Jean Michel Drevet suprefeta, kulturako eta euskalgintzako ordezkariak bertan zeudelarik izendatu zen hizkuntza atalaz arduratuko den Administrazio Kontseilua. Euskalgintzako hainbat sektorek ez dute begi onez ikusi Paueko prefeta eta Akitania eskualdeko agintariak biltzar honetan egon ez izana. Agintariek hainbeste laudatzen duten Garapen Eskema gauzatzeko funtsezkoa den Hizkuntz Kontseiluaren sorrera ekitaldian instituzioetako buruak ez izateak agintariek hizkuntz atalari garrantzia gutxi ematen diotela agertu bide du.



BERROGEI MILIOI LIBERA.

Hizkuntz Kontseiluak hiru xede nagusirekin abiatu du bere ibilbidea. Lehena, Hitzarmen Berezian hitzarturiko ekimenak kudeatzea da. Euskaraz diharduten elkarte, erakunde eta ikastetxeen egitasmoak aitzina eramaten lagundu beharko du Kontseilu berri honek. Kontseiluak 40 milioi liberako (1.000 milioi pezeta) aurrekontua erabiliko du horretarako. Datozen sei urteetarako Estatuarekin sinaturiko Obragintza Publikoaren eskutik heldu da dirua. Bigarrenik, Hautetsien Kontseiluak 1997an aurreikusi zituen sei ildo landu beharko ditu Kontseiluak. Ildo hauek hizkuntz antolaketaren karietara hitzarturiko hitzarmenetik at gelditu dira orain arte. Kontseiluaren hirugarren xedea, agintari publikoekin harremanak ontzea, euskarak behar dituen egitasmo berriak lantzea eta berauek Obragintza Publikoari aurkeztea da.
Hizkuntz Kontseiluak Garapen Kontseiluaren araudia hartu du oinarritzat. Garapen Kontseiluak gaineratiko erakundeekin duen harreman mota bera izanen du Hizkuntza Kontseiluak; Obragintza Publikoarekin, konparazione. Ibilbidean izaniko gorabeherak ahantzi gabe, oro har, bertako administrazioa nahiz euskalgintzako ordezkariak kontent agertu dira. Hizkuntz gutxituak oraindik ofizialak ez diren Frantziako Estatu demokratikoan, bederen, euskaldunak aitzindari izan dira euskararen Hizkuntz Kontseilua sortzen. Hizkuntz Kontseilua euskarak behar duen hauspoa izanen ote?

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan