GRADUONDOKOAK EUSKARAZ
Euskaraz eta euskaran sakontzeko asmoz, hiru graduondoko jarriko dituzte martxan datorren ikasturtean. «Hiztek» da lehena, UEUren lehen titulazio ofiziala da eta hizkuntza eta teknologian adituak treabatzea du xede. Bigarrena «Hiznet» ikastaroa da eta Eusko Ikaskuntza, EHU, UEU eta SEI elkarteak antolatu dute. Euskara teknikariei zuzendua dago eta euskararen normalkuntzan laguntzea du xede. «Euskaldunon Egunkaria»k eta EHUk antolatu dute azkena, «Hizkuntza, Informazio eta Komunikazio» deritzona eta bereziki kazetariak prestatu gura du.
EUSKARA ZIURTAGIRIA 26 SALTOKIRENTZAT
Andoain, Deba, Eibar, Hernani, Lasarte-Oria, Orio, Tolosa eta Villabonako 26 saltokik udalaren Euskara Ziurtagiria jaso dute. Agiri hauek zortzi udalek eta Siadecok iaz abiatutako «Euskara Merkataritzara» egitasmoaren baitan emandako sariak dira. Bezeroarekin harreman eta komunikazio guztiak eskaintzeko gai direla adierazten du ziurtagiriak. Berau lortzeko hainbat baldintza bete behar izan dituzte saltokiek, esaterako, langileen %50 euskaraz aritzeko gai izatea eta errotulazio elebiduna izatea.
BAZTANDARREN BILTZARRA 01
Uztailaren 21 eta 22an, urtero bezala, Baztandarren Biltzarra ospatuko da Elizondon, «Eskuarak Batzen Gaitu» lelopean. Aurtengo festa Mariano Izeta idazleari eskainiko diote. Ekitaldi ugari izango dira larunbat eta igandean. Besteak beste, laxo partida, artisau erakusketa, eta kantari, bertsolari eta musikoen emanaldiak. Horrez gain, besta finantzatzeko asmoz, zozketa bat antolatu dute.
OTB LAGUNDUKO DU OIARTZUNGO UDALAK
Oiartzungo Udalak Oarso Telebistari urtero bost milioi pezetako diru laguntza ematea onartu du. Bi aldeek adostu dutenez, Udalak OTBren diru kontuen berri jakiteko eskubidea izango du. OTBk, bere aldetik, Oiartzunen euskararen inguruan egiten diren ekimenak sustatuko ditu eta kultur adierazpenak jarraituko.
UROLALDEKO BERTSOLARIAK
UROLALDEKO bertsolaritzaren errepasoa egin du Joxin Iturriozek «Urolaldea bertsolari» izeneko liburuan. 1912an hil zen Sokin bertsolaritik hasi eta Lizasotarren azken belaunaldira arte arakatu ditu Iturriozek liburu honetan. Urolaldean izan diren bertsolariez gain, hauen bertsoak ere jaso ditu, guztia modu kronologikoan 35 kapituluren bidez.
LEHEN TITULAZIO OFIZIALA
EIBARKO Markeskoa jauretxean, UEUko Ikastetxe Nagusian alegia, ikasi ahal izango da datorren urrian hasi eta hurrengo maiatza arte «Hiztek» graduondokoa. Hain zuzen izen hori baitarama Udako Euskal Unibertsitateak martxan jarri duen lehen titulazio ofiziala. Graduondoko honek hizkuntza eta teknologian adituak trebatzeko helburua izango du eta filologo eta hizkuntzalariei, informatikari eta ingeniariei eta alor honetan lanean ari direnei zuzendua dago.
INDIGENAK BIARRITZEN
URRIAREN 7a arte dago ikusgai Biarrizko Bellevue kasinoan «Orinoco» izeneko erakusketa. Berrogeita hamar urtez Venezuelan dagoen Cisneros Fundazioak osatutako bilduma etnografiko erraldoitik, laurehun bat obra daude ikusgai. Erakusketak Amazoniako Orenoke ibaiak zeharkatzen duen eskualdean kokatuak dauden hamabi etniren eguneroko bizitzako objektuak, artea eta apaindurak biltzen ditu. Bi ataletan dago banatua: Lehenengoan, etnia bakoitzaren ezaugarriak agertzen dira. Bigarrenean berriz, beren bizimodu eta tradizioei loturiko gaiak jorratzen dira.
GUGGENHEIM-EN AURREAN
ZORTZI urtez aritu dira Emilia Epelde eta Mikel Mardaras Bilboko San Frantzisko kaleko La Brocha aretoa gidatzen. Oraingoan, ordea, Guggenheim Bilbao museoaren pare-parean, kokatu dira, bertan galeria berria irekiz. Hain zuzen ere, Mazarredo zumarkalean kokatu dute Epelde & Mardaras galeria. Helburu nagusia finkatu dute ibilbide berrirako, hots, Euskal Herriko artisten paperezko zein eskulturazko lanak erakustea. Eta ibilbide berriari Juan Luis Goenaga, Jose Luis Zumeta eta Fito Ramirez Escuderoren margolanekin ekin diote. Ondoren, Goenagaren erotismoari buruzko erakusketa zabalduko dute; Juan Miege izango dute gonbidatu azaroan eta urte amaieran Juan Caros Egilleorrek «Bilbo: mehatxaturiko barrualdeak» erakusketa paratuko du. Horrez gain, udaberrian, Zumetaren lanak New Yorkera eramateko asmoa dute.
LEHEN KARTELAK
ARRAZOI batengatik edo bestearengatik itsasoa dute protagonista Donostiako Aquariumean irailaren 3a arte ikusgai dauden 45 kartel eta marrazkiek. 1928-1953 urteen bitartean eginak, turistak erakartzeko, kirol frogak iragartzeko edota produkturen baten salmenta bultzatzeko helburua zuten. Eta hauetan, Aurelio Arteta, Agustin Ansa edo Eduardo Lagarde bezalako izenak ageri dira.
- Belen Kruz Hika antzerki taldeko kideak honela zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Haurrentzako antzerkiari oso diru gutxi ematen zaio; eta gainera, normalean, diru gutxien dutenek egiten dituzte eskariak: auzoetako jai-batzordekoek, ikastolek... Benetan baliabideak dituztenek, aldiz, ez dute dirua horretan xahutzen».
- Edu Murumendiaraz, «El Diario Vasco»n: «Argazkirako bakarrik gustatzen zaizkie dantzariak. Maiatza Dantzan desagertu da eta ez da ezertxo ere gertatu».
- Antonio Campos Ikastolen Konfederazioko lehendakariaren aburuz, «Ikastola, berez, ez da euskaraz irakasten duen ikastetxea soilik, irakasteko formula ezberdina eta eskola ulertzeko ikuspuntu bat da». Adierazpenok «Euskonews & Media»n eginikoak dira.
- Evaristo, La Polla taldeko kideak honakoa adierazi zuen «Putz» aldizkarian: «Kritika musikalari dagokionez, zera: iruditzen zait kritika dela kakajario lasterketa berde bat, bolante eta zintzilikario isotonikoduna. Zuk badakizu zertarako balio duen kritika musikalak? Ba al da inor hor? Bakarrik ote gaude unibertsoan?».
Bilboko Panda Software enpresak Panda biruskontrakoa katalanera itzuli du, produktu hori ez dago euskaraz ordea. Enpresak esan duenez, katalanera itzultzeko Generalitatearen laguntza izan du. Laguntza publiko edo pribaturik izanez gero, euskarazko bertsioa egingo lukeela esan du enpresak, hala ere...
Tanttakak irailaren 10ean estreinatuko du Donostian Dario Fo-ren «Muerte accidental de un anarquista» lana. Pere Planellak zuzenduko du Antzoki Zaharrean taularatuko den lan hau.
Pello Ruiz izango da Iruńeko Ganbera Abesbatzaren zuzendari berria, Koldo Pastorren lekua betez.
Juanan Urkolak eta Ainhoa Goikoetxeak amaitu berri dute «Making off» laburmetraiaren errodaketa. Paco Sagarzazuk eta Kike Díaz de Radak hartu dute parte bertan, besteak beste. Irailean estreinatuko da.
Euskal Herriko Nazioarteko Txotxongilo Elkarteak Euskal Txotxongiloaren I. Eguna burutu zuen joan den larunbatean Abadińon.
Koldo Izagirreren nobela berriaren laugarren kapitulua sarean da dagoeneko. Martxoaren 13an hasi zen Izagirre webnobelaren lehen atala Susaren orrian jartzen.
Juan Luis Zabalaren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n idatziak:
«Zintzo edo zuri, esker onez, goraipamenez eta adiskidetasun edo mirespen aldarrikapenez beteak izan ohi dira kulturaren arloko elkarrizketak. Baina batzuetan elkarrizketatua kritiko agertzen da inguruarekin eta bere arloko gainerako sortzaile gehienekin. Gusturago irakurtzen edo entzuten dira, dudarik ez, elkarrizketa horiek, zenbat eta gogor eta gordinagoak adierazpenak orduan eta gusturago.(...)
Ika-mika apasionatu eta oldarkor askoren berri ematen du giza sormen artistikoaren historiak; polemika batzuen historia da, azken batean, kulturaren historia. Egun eta hemen, alabaina, ez dago aberastasun handirik arlo kitzikagarri horretan. Polemika kultural gehienak edo guztiz azaleko kontu pertsonalen ingurukoak dira edo, bestela, polemika politiko bati lapa harkaitzari bezala edo ardagaia pagoari bezala atxikiak.
Sormenari eta sormenaren funtsari buruzko eztabaidarik apenas baden. Sormena librea da, dena da zilegi sormenaren zelai mugagabeetan. Baina aspergarri samarra ere bada denok zelai horietan nor bere kasa ibiltzea ere, eguraldia eta eguraldiaren mapa beste eztabaida gairik gabe».
Bilboko Zenbat Gara elkarteak oporrak euskaraz igarotzeko asmoz, «Oporraldia euskaraz Urrobi kanpinean» ekimena antolatu du. Xede bera izanik, Deustuko Berbaizu eta Gasteizko Bagare elkarteek Txekia-Polonia, eta Bretainia eta Herbehereetara bidaiak antolatu dituzte. Euskarari kale egin ez diezaiogun.