Tostartekoak beren eskubideen defentsan
Pilar Iparragirre
Dirudienez, baxurako arrantzan lanean zebiltzan marinelak haserre ziren beren patroi jendearekin 1971ko uztaila hasiera hartan. Atunetara irteteko zorian zeuden arren, ezer baino lehen Gizarte Segurantzarekin zuten gorabehera bati konponbidea aurkitu nahi zioten. Ontzi jabeek, ordea, muzin egiten ei zieten haien eskakizunei, eta hara hor arrantzaleen arazoa! ZERUKO ARGIA ere kezkatu zen hartaz, eta «S.» bezala bere burua ezagutzera ematen zuen norbaitek idatzitako lanari eskaini zion lehen orrialdea. «S.» sinadurarekin inork gutxik ezagutuko zuen egilea, beharbada, baina trukean «S.»k ezin hobeto ezagutzen zuen baxurako arrantzan zegoen buruhausteriaren arrazoia, eta hori zen garrantzitsuena.
DIRU KONTUAK GARBITZEN
Marinel ororen bizimodu garratzari errepaso txiki bat egin ondoren, "berarizko itxas-gizonak ditut gogoan, bajurako arrantzaleak alegia", argitzen zuen S.-k. Izan ere, "Euskalerrian asko dira lanbide au darabilten gizonak. Auen irabazieri esker famili aunitz bizi da Kantauri itxasbazterrean. Baita berek dakarkiten arraiari esker ere. Zenbat on familietara eskabetxerietatik! Eztira gutxi atzerritik gure artera etorri diranak or ateratzen diran txanponen utaian" (sic: apika "usaian" jarri beharko zuen han, bainaà tira!).
Gauza da, ikuspegi orokor hau eskaini eta gero, behin-behinean esateko zuenari bide egingo zion gaia ukitzera erabakitzen zela idazlea. "Bajurako arrantzaleek gizarte gaietan eta diru gaietan eralguntza eta antolabide oso berezia dute" azaltzen zion hartaz tutik ere jakingo ez zuen irakurlegoari, lehorreko langileen artean ohiz ematen zena eta arrantzaleen artekoa bereiziz. Lehorrean, "batzuek, lantegia jartzen dute (erderaz capital) eta besteek lantegi ortan lan-egin ta eguneroko lan-saria jaso eta kitto" baina, "eztago bajurako arrantzaleen artean orrelakorik".
Nolakoa ote, bada, baxurako arrantzaleen egituraketa hori? Horrelakoxea: "Norbaitek edo norbaitzuek (askotan bat baiño geiago izaten dira ontzi jabeak) itxasontzia jartzen dute arrantzarako bear diran tresna guztiekin. Auek dira nagusiak. Bear dituzten gizonak artzen dituzte eta aueri, mutillak eta baita tostartekoak ere deitzen zaie. Badijoaz itxaso zabalera eta egiten dute (egiten badute jakiña, askotan utsik itzultzen bait dira)". Dena dela "arraia dakartenean aren dirua bi zati egiten dute. Erdia ontziarentzako (ori leenago, gero esango degu zerbait oni buruz), beste erdia ontzian dabiltzan guztientzako. Emen badute parte nagusiak ere, arrantzan badabiltza".
ARAZOAREN MUINA
Derrigorrezko zitzaion «S.»ri xehetasun hauek guztiak ematea, ondoren zetorrena uler ziezaioten: "Orain dala amabi urte, aurrerapen asko egin zan itxas-ontzietan (radar, sonda, gonio) eta nagusiek mutil baten partea eskatu zuten ontziarentzat". Gauzak horrela, "ez dira % 50 ontziarentzat, % 52,70 baizik gutxi gora beera". Hortaz gainera, "mutillentzako gelditzen dan zati ontatik ontzian jateko ta abar bear diranak artzen dira. Baita ere jela, arrai kaja eta abar".
Bizimodu latza, arrantzaleena, eta gutxi ordaindua, gainera! Baina bazuten gehiagorik ere. Gizarte Segurantzaren beharra begibistakoa da denon kasuan, eta arrantzaleenean areago, esango nuke. Eta hori izaki istilu sortzailea:
"Leenago seguru social au estaltzeko, nagusiek eta mutillek erdibana ordaintzen zuten. Baiña orain urte bete, 1970'go uztaillean, urrengo abuztutik aurrera, seguru au estaltzeko, nagusiek % 30,47 eta mutillek % 6,99 eman bear zutela agindu zuten goitik. Eta emen dator koxka. Nagusiek eta mutillek segurorako eman bear zuten onekin etzuten irutik bi besterik estaltzen seguroa. Irugarren partea zintzilik gelditzen zan". Hau da, "illeko ogei egun bakarrik gelditzen ziran seguropean".
Honek ondorio larriak zituen tostartekoentzat eta haien familientzat, zeren "norbait elbarritzen bazan" edota, okerrago oraindik, "iltzen bazan, bere emazteak esate baterako, etzuan seguro osoa jasoko".
Jakina, "ez zuten arrantzaleek au orrela, utsune onekin utzi nai eta asi ziran, laneko ordezkariak bitarteko zituztela, itunbe bat egin nairik. Mutillak, nagusiekin erdibana ordaintzeko konforme zeuden, baiña ez ontzi jabeak". Hauek "gelditzen dan utsune ori betetzeko irabazien banaketa egitean ontziari (kapitalari) % 52,70 eman bearrean % 57,70 erantsi bear zitzaiola adierazi zuten" eta bistan da "onekin etzeuden konforme tostartekoak eta or sortu zan auzia".
Eta gerorako uzterik ez zegoen auzia zen hura, antza. "Atunetara joateko garaian arkitzen dira, bainan tostartekoek ez dute atera nai auzi au erabakitzen ez dan bitartean. Garrantzi aundia ematen diote mutillek zintzillik dagon seguro arazo oni". Ulertzekoa!
Marinel soilak eta patroiak aurrez aurre. Nola bukatuko ote zen hura? Ez «S.»k ez Z. ARGIAk ez zeukaten gauza oso garbi: "Nola erabakiko ote da auzi au? Ba dirudi bide onean dijoala, itxaropen ori daukate beintzat, tostartekoek"
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.