NIKOTINARIK GABEKO GIDOIAK
Iñigo Bidetxea
Zigarrokinen konpainian, tabakoaren ke urdinak inguratzen duen betaurrekodun tipoa, idazmakina zaharra eta bourbon botila azpian zenbait pertsonairen arteko elkarrizketez betetako folio pila. Marlboro zigarroa ezpainekin laztantzen duen gidoilari bakarti eta frustratuaren irudia bikain pantailaratu zuen Nicholas Ray zuzendariak "En un lugar solitario" filman. Bogartek errebolberra alde batera utzi eta idazteari ekiten dio Hollywood ustelean. Gaurko gidoilariak Lauren Bacall bezalako emakumea seduzitzeko gai ote dira?
50eko hamarkadaz geroztik, gauzak asko aldatu dira, azken aldian tabakoaren aurka egiten ari den kanpainari esker, gidoilari askok erretzeari utzi diote, whiskya ez da jada irudimena pizteko erabilitako edabe magikoa eta askok ez dute bakardadean lan egiten, taldeko eginkizuna bihurtu da.
Idazmakinaren tekla zaharren ohiko hotsa ez da jada inon entzuten, gidoilarien hatzak ordenagailu bizkorraren arratoia erabiltzera ohitu dira. Eta hau guztia gutxi balitz, gainera, telebistak fikzioaren garunak lapurtu dizkio zinemari.
Telebistak aldaketa ugari eragin ditu gidoilarien jardueran. Egun ETBn emititzen diren telesailen atzean gidoilariez osatutako koadrilak aurkitzen ditugu. Guztien artean pertsonaiek jokatuko duten nortasun eta izaera erabakitzen dute eta egunero biltzen dira kapitulu bakoitza antolatu asmoz. Gidoilariek telesailak jarraituko duen bidea erabakitzen dute baina elkarrizketak egiten dituzten idazle ezkutuek mamia zehazteari ekiten diote. Talde lana da, irudimen bizidunek elkarrekin aritu behar dute, emaitza borobila izan dadin.
Estatu Batuetako telesailak genituen orain lauzpabost urte audientzietako errege, berton ekoiztutako lanak jendearen onespena lortzen hasi diren arte. Azken aldian emititu telesail kopurua nabarmen handitu da, Euskal Herrian "Gure familia eta beste piztia batzuk" telesailak ireki zuen bidea. Pausoka ekoiztetxearen eskutik Euskal Telebistak emititu zuen lehen telesaila izan zen. Horren ondoren fenomeno soziologiko bihurtu den "Goenkale"k marka guztiak hautsi ditu. Mila kapitulutik gora emititu dira eta seigarren denboraldiari ekin diote aurten gidoilariek.
PROFESIONALEN BILA.
Zine industria oraindik Euskal Herrian errotzeko dagoela ez da sekretua inorentzako eta gutxiago Isabel Alba, Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkarteko presidentearentzat. Albaren ustetan, gabezia horrek gidoilariei telebistan soilik lan egiteko aukera eskaintzen die, "gidoilari onak normalean Euskal Herritik alde egiten dute, beraien proiektuak errealitate bihurtzeko aukera gehiago dituztelako". Egun, Euskal Herrian bertan 120 gidoilari daude, hauetatik erdiak profesionalak, besteak ikastaroetan ikasitako esperientzia gabeko gidoilariak. Eta guztientzako hedabide bakarra, Euskal Telebista, alegia.
EHGPE-ko presidenteak azaldu digunez, gidoilari gehienak ETBrako edota beronentzako lan egiten duten ekoiztetxeentzako egiten dute lan, "Euskal Herrian ditugun mugak gaindiezinak dira, gainera, askotan ekoiztetxeek esperientzia gabeko gidoilariak kontratatzen dituzte kostuak murrizteko. Ondorioak sarritan begibistan daude, hots, lan kaskarrak ekoizten dira". Horrez gain, gidoilariak egoera ezegonkorrean egiten dutela lan azpimarratzen du Albak, "asko dira gidoiak egiteaz gain beste lan batzuetan aritzen direnak, gutxi irabazten dute eta sarritan esplotatuak ere badaude".
Etxea lantoki bihurtu duten gidoilariak ere badaude, egun dauden abantailekin, idatzitako gidoiak posta elektronikoz bidaltzen dituztenak. Albaren aburuz, egun telebistarako egiten den lana esportatzea ezinezkoa da, kalitate falta nabarmena dagoelako.
EUROPAKO FEDERAZIOA.
Ekainaren 26 eta 27an bildu ziren Atenasen gidoilari profesionalak Europako Federazioaren helburuak zehazteko. Bi dira batez ere aipatu erakundeak dituen helburuak, alde batetik Europako produkzioa babestu, alegia, Estatu Batuek egun duten produkzioaren aurrean bertako lana bultzatu eta bestea, hizkuntza gutxiagotuen ekoizpenen defentsa egin. Horrez gain, gidoilarien kode deontologikoa osatzeko asmoa dute Federazioaren bultzatzaileek. Albak azaldutakoaren arabera, gai honen inguruan Frantziak duen jarrera bereganatzea litzateke egokiena. Nouvelle vague-en jaioterriak, Hollywoodeko ekoizpenen emisioak mugatzea erabaki du bertako produkzioak bultzatu asmoz.
«TELELILURA».
Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkarteko kideen ekimenez, Euskal Telebistak ekoiztutako telesailei buruzko liburua kaleratzear dago. Bere izena "Telelilura" eta egilea, Ainhoa Irazu. Idazlearen esanetan, aipatu liburuan, azken hamar urteetan telebista publikoak abian jarritako telesailak aztertzen dira, "23 telesail egin ditu ETB-k egundaino eta ibilbide horretan jasandako bilakaera ikusgarria izan da, gidoi eta produkzio arloetan batez ere".
Fikzioa gaztelaniaz sartu zen ETBn, bikoizketak beharrezkoak ziren eta ez zegoen bertoko ekoizpenik, "azkenean beste bide bat lantzeko erabakia hartu behar izan zuten, bikoizketak hotzak ziren eta fikzioa euskaratu beharra zegoen".
Egun eta Goenkalek izandako arrakastari esker, formula berriak sortu dira, euskarazko fikzioak bizirik dirau, baina audientziek dute horretarako erabakia, "jendeak gustuko ditu bertoko ekoizpenak, æJaun eta jabeÆ, æBi eta batÆ edota æErtzainakÆen adibideak ditugu hor, kalitatezko produktuak dira eta hori jendeak eskertu egiten du". Iraila eta urria bitartean plazaratuko da "Telelilura" liburua Ainhoa Irazuk berak astekari honi eginiko adierazpenen arabera
Erantzunak
DBHO 1erako gidoiak nahi ditut!!!!!!!!!!!!
Norbaitek badaki nun aurkitu?????????
Maddi
2008-02-21 13:41:56
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.