- Aingeru Mayor Martinez, informatikaria: «Bushek Aznarri bere zelatatze sistema erabiliaz æETAren komunikazioak atzematenÆ lagunduko diola agindu dio. Hau da, bere antenak euskal herrirantz fokatuko dituztela eta euskal herritarron komukazioetan arreta berezia jarriko dutela . Euskal herritar guztion komunikazioetan. (...) Inor ez dago Echelon sarearen begietatik kanpo. Hau bai da Orwellek idatzi zuen Anaia Handiaren profezia, eta ez telebistako zabor-saio hori».
- Nicolas Redondo Terreros, PSE-EEko idazkari nagusia: «Akats larria da autodeterminazioa eta bakearen helburua nahastea eta ETAri zelanbaiteko jantzia ematen ari gara».
- Jaime Mayor Oreja, PPko buruzagia: «Eusko Jaurlaritzak autodeterminazioa helburu nagusitzat hartzea astakeria bikoitza da, honek milioika espainiarren beldurra eta kezka handitu eta areagotzen du».
- Javier Madrazo, Ezker Batuko koordinatzailea: «Harrigarria da 40.000 milioi pezetagatik EAJ eta EArekin gobernu akordiorik egon ez izana»-
Patxi Zabaleta eta Pablo Muñoz Aralar talde politikoko kideek 1999ko hauteskundeetan EHren izenean lortu zituzten karguak utzi egin dituzte. Zabaleta Iruñeko alkategai gisa aurkeztu zen eta zinegotzia izan da orain arte. Pablo Muñoz, ordea, foru parlamentaria. Aralarreko bi kargu esanguratsuenak ziren.
Udal Hitza hileroko buletina kaleratzeari ekin dio ezker abertzaak kudeatutako Udalbiltzak. Oraingoan naziotasun aitormena, kirola eta diaspora ditu aipagai nagusienak, beste zenbait albiste txikiagorekin batera. Udalbiltzak jakinarazi duenez, dagoeneko 1.000 pertsonek eskatu dute EHNA, nagusiki Hernani, Etxarri Aranatz, Usurbil, Zaldibia, Oiartzunen eta Zestoako herrietan.
AUTODETERMINAZIOA EZBAIAN
MADRILGO «El País» egunkariak piztu zuen iragan igandean autodeterminazioaren eztabaida, EAJ eta EAren gobernuak EAEko herritarrei autodeterminazioaren inguruko zenbait kontsulta egingo ziela zabaldu ondoren. EAk hala izatea nahiko lukeela iragarri du eta EAJk oraindik goiz dela halakorik egiteko, eta albistearekin lehendakariaren hautaketaren unea desitxuratu nahi izan dela. PPk eta PSE-EEk astakeriatzat jo dituzte iragarritakoak, eta EHk autonomia eta autodeterminazioa bateraezinak direla dio eta gobernu akordioan ez dutela bigarrenaren aldeko apustu garbirik ikusten. Antza, eta aspaldian ez bezala, legealdi honetan behin baino gehiagotan eta modu sakonean mahaigaineratuko den eztabaida izango da autodeterminazioarena. Autodeterminazioa beren programetan zuten alderdiek botoen %60tik gora lortu zuten maiatzaren 13ko hauteskundeetan.
EA-KO BI KONTSEILARI BERRIAK
EUSKO Alkartasunatik Ester Larrañagak eta Joseba Azkarragak ordezkatu dituzte Iñaxio Oliveri eta Patxi Ormazabal aste honetan Ibarretxe Lehendakariak osatuko duen gobernu berrian. EAko hirugarren kontseilaria Xabin In txaurraga izango da. Aurreko gobernuko banaketa errepikatuko da legealdi honetan, zazpi kontseilari EAJkoak eta hiru EAkoak. Ormazabal eta Oliveri EAko sektore kritikoak dira.
LAB: 30.000 AFILIATU
AURTENGO lehen sei hilekoan lortutako afiliatuekin (2.580) LABek 30.000ko muga gainditu du, sindikatuak emandako datuen arabera. Horrela bada, 2001eko uztailaren 1ean 11.193 afiliatu zituen Bizkaian, 10.587 Gipuzkoan, 4.579 Nafarroan, 3.406 Araban eta Iparraldean (iaz sortu zen) 140. Kide berrien %21 gazteak dira eta %10 emakumeak. LABen hazkundea handia izan da 90eko hamarkadan, hala ere, oraindik urruti da sindikatu abertzale nagusitik, 1998ko datuetan ELAk 88.000 afiliatu inguru zituen eta.
GERRA ZIBILEKO ONDAREA
1996AN EAJk eta PPk egin zuten gobernu itunean gerra zibilaren ondorioz frankismoak hartutako ondarea itzultzeko legea egin zuten. Harrezkero, eskatutako kalte ordainen %90 atzera bota ditu Espainiako Ogasunak, froga nahikoen eza argudiatuz. PSOEk, adibidez, 15.000 milioi pezeta jaso beharko lituzke eta bakarrik 107 milio pezeta hartu ditu. EAJk ere milaka milioiko eskaera du baina oraindik ez du pezetarik jaso. Bi alderdiek helegiteak jarri dituzte Espainiako epaitegietan.
ERTZAINEN UNITATE BEREZIA
UDAN izaten diren kale istiluak aurreikusteko Ertzaintzak unitate berezi bat sortuko du, orain arte daudenetatik aparte. Istiluen ugaritzeari erantzuteko ertzain kopuru arazoak izaten ditu Ertzaintzak eta hutsune horri erantzuna ematea da ekimenaren xedea. Beren oporrei uko egingo lieketen ertzainez osatua legoke 12 furgonetako unitatea eta taldea hala osatzeko arazorik izanez gero, komisaldegietako ertzainei ere partehartzera behartuko litzaieke.