EUSKALTZAINDIAREN BILTZARRA
Datorren iraileko bigarren hamabostaldian XV. Biltzarra egingo du Euskaltzaindiak Bilbon eta Baionan, «Euskalgintza XXI. Mendeari buruz» lelopean. Euskararen iragan eta etorkizunaz hausnartzeaz gain, Resurreccion Maria Azkue, Julio Urkixo eta Piarres Lafitteri egingo diete gorazarre. Euskalduna jauregia eta Baionako Fakultatea izango dira biltzarraren egoitzak.
HIZKUNTZA EREDUEN SISTEMA EZTABAIDAGAI
EAEko Eskola Kontseiluko presidente Pello Ellakuriak hizkuntza ereduak desagerraraztea eta hizkuntza eredu bakarra ezartzea proposatu zuen berriki, oraingo ereduak diskriminatzaileak direla argudiatuz. Horri erantzunez, Inaxio Oliveri Hezkuntzako jarduneko sailburuak hiru ereduen balorazio ona egin zuen eta ezabatzeaz baino, sistema egokitzeaz mintzatu zen. Bere hitzetan, «euskalduntzen duten A ereduak daude eta batere euskalduntzen ez dutenak ere bai».
HIZKUNTZ KONTSEILUA SORTU DA
Joan den asteartean Hizkuntz Kontseilua sortu zen Iparraldean. Duela sei urte Hautetsien Kontseiluan, Ipar Euskal Herriko Garapen Eskemaren baitan, berau abiatzea onartu zen. Euskara sustatu eta zabaltzea izango du helburu sortu berri den Kontseiluak. Erramun Baxok (irudian eskuinean) izango da kontseiluburua. Euskal Konfederazioa pozik agertu da erakundearen sorrerarekin eta lehenbailehen lanari ekiteko beharra adierazi du.
LAZKAOTARREN HIRU LAURDENAK EUSKALDUN
Siadecok Lazkaon euskararen erabilera neurtzeko ikerketa egin du bertako udalarentzat. Horren arabera, lazkaotarren ia hiru laurdenak euskaraz daki eta kopurua handiagoa da gazteen artean: %90a euskalduna da.
ARMENIA ETA EUSKAL HERRIA
ARMENIAK eta Euskal Herriak elkarren artean dituzten ezaugarri kultural komunak oinarri hartuta dokumental bat errodatuko dute armeniar aditu batzuek irailean. «Euskaldunak eta armeniarrak» izenburuko lana Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan errodatuko da.
BILDUMA BERRIAK MARTXAN
BILDUMA berri bana jarri dute martxan Tarttalo eta Gatuzain argitaletxeek. Tarttalok «Abra» izenekoa aurkeztu zuen joan den asten Donostian. Bilduma honen baitan argitaratuak daude dagoeneko Toti Martinez de Lezearen «Señor de la guerra: por más valer en la tierra», Pablo Antoñanaren «Último viaje y otras fábulas» eta Juan Mari Irigoienen «Consummatum est». Gatuzainek berriz, haurrei zuzenduriko «Gatuberdeak» sail berria jarri du martxan. Amaia Hennebutte Millardek idatzi du sail honen lehen lana.
ZAMAREN AZTERKETA
EHUko Arkitektura Eskolako talde batek «Donostia» izeneko metodo berritzaile bat jarri du martxan. Honen bitartez eraikuntza historikoen elementu estruktural batek jasan dezakeen zama kalkulatu daiteke. Metodo hori dela-eta hainbat lan egin du Santiago Sánchez Beitia irakasleak zuzentzen duen taldeak. Besteak beste, Gasteizko Katedralean, Bilboko hiru eliza gotikoetan, Hondarribiko harresietan edota Kairoko El Ghouri akueduktuan lan egin dute. Eta datozen bi urteetan Espainiako sei monumentu garrantzitsuen azterketa egiteko enkargua jaso dute.
ERROBIKO JAIALDIA
HILAREN 18tik 21era burutuko da Errobiko Festibala. Lehen eguneko ekitaldiak Baigorriko Urdoze auzoan eskainiko dira eta hurrengoak, Itsasun izango dira. Dantza, jazza, poeta eta ipuin kontalariak, solasaldiak... izango dira bertan. Aipatzekoak dira Marokoko eta Tibeteko dantza eta kanta emanaldiak, Rokia Traore afrikarraren kantaldia edota Artze anaiek, Beñat Amorenak, Beñat Axiarik eta Mixel Etxekoparrek eskainiko duten «Oihana auhenka» ikuskizuna.
OLBE-REN ALDAKETAK
IRAILAREN 12an hasiko du Opera Lagunen Bilboko Elkarteak hurrengo denboraldia, baina dagoeneko 2001-2002 egitarau osoa finkaturik du. Aldaketa ugari egin ditu gainera aurreko urteekin alderatuz: orain arte zortzi opera egiten bazituzten ere, aurtengoan, soilik sei taularatuko dituzte Euskalduna Jauregian, eta bakoitzaren lau emanaldi eskaini. Gainera, sarreren prezioa %6,5 igoko da. Guztia arrazoi ekonomikoengatik.
BELARRETAKO FILMA
«BELARRA» izena du Koldo Almandozek zuzendutako laburmetrai berria. Egun bakarrean eta Leitzan errodatua, gertakari baten aurreko uneak laburbiltzen ditu. Napartheid-ek eta MK filmak-ek ekoiztutako lan hau muntaketa prozesuan dago egun. Bertan, Ainara Gurrutxaga, Iker Pernas eta Peru Almandoz aktoreek parte hartu dute, eta Iñaki Olaziregi arduratu da soinuaz.
HITZ BITAN
- Karlos Linazasororen iritziz: «Ipuina nobela baino askoz gutxiago irakurtzen da. Ez nuke esango marjinatua dagoenik baina jendeak nahiago ditu nobelak». «El Pais» egunkarian eginiko adierazpena da hori.
- Jon Lopategiren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n jasoak: «Bertsolari izan banaiz, beharbada, txapelketari esker izan naiz. (...) Txapelketa ezinbesteko bidea da bertsolariak bere burua ezagutzera emateko».
- Luis de Pablok honela zioen «Gara»n: «Gizarte batek ezin du onartu sendagile txarrak trebatzea bere larrutik ordaintzen duelako, baina erdipurdiko musikariak hezi ditzake, musika oso gutxi interesatzen zaiolako. (...) Gizartean musikarekiko interes falta orokorra dago».
- Vicente Ameztoy pintorearen adierazpenak dira hauek «Euskonews & Media»n eginak: «Nire ustez nahiko zaila da gaur egun irizpide bakar bat izatea, joera eta estilo desberdin asko daude-eta. Uste dut jendeak askotan lapurtu egiten dituela ideiak. Egungo gazteek asko bidaiatzen dute, eta askotan plagiatzen dituzte topatzen dituzten ideiak eta lanak».
Asteburuan irteeratxo bat egiteko asmoz, Interneten nabigatzen aritu gara informazio bila. Best Travel agentziaren www.turismopaisvasco.com zerbitzua aurkitu dugu. Informazio ugari topatu dugu, baina guztia gazteleraz dago. Horrez gain, bada datu bitxi bat, Euskal Herriak lau probintzia bakarrik omen ditu.
Arantxa Urretabizkaia suertatu da Rikardo Arregi Kazetaritza lehiaketako sari nagusiaren irabazle «Zabalik»en argitaratutako elkarrizketengatik. Agerkari berean plazaratutako kronikengatik Ander Izagirrek kazetari berrien saileko saria jaso du.
Egoitz Eizagirrek nagusietan eta Beñat Gaztelumendik 14 urtetik beherakoetan eskuratu zuten txapela Mungian, Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean.
Jasone Osorok eta Eduardo Mendozak eskuratu berri dute Zilarrezko Euskadi Saria, «Tentazioak» eta «El tocador de señoras» liburuek Euskadiko Liburu eta Diskoaren Donostiako Azokan izandako salmentengatik.
Haurrock taldeak «Bertsoa Dantzan» izeneko lehenengo lana argitaratu du Agorila diskoetxearen eskutik.
Edorta Jimenezek «Europako mugetan barrena» liburua aurkeztu berri du Txalapartaren eskutik.
Koldobika Jauregi artistaren iritzia da hau «Euskaldunon Egunkaria»k jasoa:
«(...) Beti izan gara nahiko burgesak. (...) Eta gaur egun Estatuari esker bizi da artisten parte handi bat. Horiek egiten dituzten gauzak ez ditu inork ere erosten. Erakundeek erosten dituzte, museoetan sartzeko. Baina galeria pribatuetan ez daude, ez dituelako inork nahi. Eta hori ez da gertatzen artista horien lanak oso abangoardistak direlako, inori ez zaizkiolako interesatzen baizik.
Euskal Herrian, gainera, arte mundua asko aldatu da urte batzuetatik hona. (...) Garai batean, jendeak gizartearekin loturik zeuden lanak egiten zituen, gizartea zen gaia nolabait ere. Gaur egun, gizartea desagertu egin da arte mundutik. Gizabanakoa da orain gunea. (...) Eta konturatzen zara eskuineko zein ezkerreko udaletan jarrerak berdinak direla. Kulturarekiko harremanetan gauza bera dira. (...)
Artean diru asko mugitzen da, inork pentsatzen duen baino gehiago, diru beltz guztia bertan mugitzen delako. Orain, euroarekin, kontrol gehiago dago, baina hemen ez da mezenas legerik, arte inbertsiorako edo babeserako legerik. Negozio bat da. (...) Duela hamarkada bat edo bi, urtean sei mugimendu-edo sortzen ziren, bata bestearen atzetik. Baina ez ziren artistek berek sorturikoak, galeriek, museoek, kritikoek sorturiko mugimendu fiktizioak baizik. Orduan, gauza berri bat ateratzen dizuten bakoitzean, dirua barra-barra mugitzen da».
Hegoaldeko osasun publikoa euskalduntzeko asmoz, Udal Euskaldunen Mankomunitateak, Osakidetza Euskalduntzeko Erakundeak eta LAB eta ELA sindikatuek, irailean kanpaina bat egitea adostu dute. Halaber, Kontseiluak, Euskal Herrian Euskarazek eta Udalbiltzak euren kezka agertu dute.