Berezia izan da aurtengo Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran. Izan ere, 25 urte bete ditu ekainaren 16 eta 17an burutu zen Txapelketak eta urteurren hori egitasmo berezien bidez ospatu nahi izan du udalak, antolatzaile nagusiak.
Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta oholtza gainean izan diren dantzariak eta baita dantza egiteko moduak ere aldatuz joan dira.
gipuzkoartasuna.
Seguran egiten den Euskal Herriko Dantza Txapelketak, maila eta ospe nabarmena lortu dituen arren, kritika nagusi bat ere jaso izan du: Euskal Herri mailako txapelketa izanda, Gipuzkoaz kanpoko parte hartzaileen eskasia duela. Epaimahaiko kide guztiak gipuzkoarrak izaten dira eta parte hartzaileak ere halatsu. Aurtengoan, antolatzaileek eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak ahalegin berezia egin, eta lortu dute Hego Euskal Herriko lau lurraldeak Txapelketan ordezkatzea.
Herrien artean, badira beraien partehartzaile kopuruagatik nabarmendu izan direnak. Bergara, Hernani eta Azkoitia dira hiru herri nabarmenenak, 25 urtetan zehar Segurara dantzari asko eraman dituztenak. Honez gain, aipamen berezia merezi du Osintxuk, hain eremu txikia izanda eman dituen dantzari ugariengatik. Txapelketan parte hartu duten gipuzkoarren %7 Osintxukoak izan dira.
tamainako sariak. Segurako Txapelketan ematen ziren sariak azpimarratzen zituen Basarrik «La Voz de España» egunkarian, 1977an: "Begira zer sari zoragarri banatuko diren. Askotan salatu izan deguna da auxe. Sari kaxkarregiak jartzen zirala dantza libreko bikoteentzat. Zorionez hasi dira gauzak aldatzen".
Begitik sartzekoa.
Liburu honen bi egileek zerbait argi izan badute, lanaren erakargarritasuna izan da. Bazekiten hasieratik datu pilaketa handiegia eginez gero atzeraka egingo zuela irakurlearen gehiengoak, eta gaia oso gertutik bizi izan dutenek soilik irakurriko zutela.
Datu horiekin, ordea, irudi eta argazki zaharrak tartekatu dituzte, hedabide desberdinetan Txapelketari buruz ateratakoak eta jende jantziaren iritziak: "Badakigu jendeak datuei baino gehiago begiratuko diela bitxikeriei. Sariak elizan emateari, Garaikoetxea argazki batean gazte agertzeari.... Horri erreparatuko dio gehiago, eta hori ere, Txapelketaren historia da"
Euskal Herri mailako txapelketa izan arren, Segurako herria izan da Txapelketari, abiatu zenetik, arnasa eman diona.Txapelketaren hastapenetatik, Udalak eta bide batez Segurako alkateek, txapelketari sostengu guztia eman diote. Hasieran esaterako, Guillermo Areizagak emandako bultzada ezinbestekoa izan zen. Esker onez, 1994az geroztik, bere izena daraman saria ematen da, lehen aldiz Txapelketan parte hartu eta puntuazio altuena lortzen dutenen artean. Elorza ahizpek idatzi duten liburuak gerora alkate izan diren Ramon Leturia, Karmentxu Etxeberria eta Luis Mari Telleriari aipamena egiten die. Migel Telleria izan zen hasieratik Txapelketaren alde lan egin zuen beste herritar bat. 1981ean hil zen. Aurkezle lanak egiteaz gain, herritarrak parte hartzera animatzen omen zituen.
Liburuaren egileek lau gizonen izenak dakartzate gogora, txapelketaren bueltan egiten duten lan isilagatik: Laureano Telleria, Krux Mari Intxausti, Jexux Mari Ormazabal eta Joxe Luis Etxeberria.
Irabazleei eman izan zaizkien txapela eta lepoko zapia ere Seguran bertan bordatu izan dira. Segurako mojek hartu zuten bere gain lan hori hasieran, eta gerora Milagros Agirrek egiten du.
Txapelketa honen inguruan Segurako herriak nolako erantzuna eman izan duen ikusita, gauza bakarra egiten da harrigarri. Historia guztian, behin bakarrik parte hartu izana bi kideak segurrarak zituen bikote batek. 1979an Rafael Gerriko eta Mari Karmen Elorzak osatutako bikotea izan zen bakarra
![]() |
|
||||
1815 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa