WADADA EGUNERO
Doktor Deslai
GP RECORDS
10 kanta
2.295 pezeta
91 libera
EUSKAL ZUBIPEAN SORTUTAKO DOINU JAMAIKARRAK
Doktor Deslai musika taldeak, dagokion bezala, deslaiaren kantuak eskaintzen ditu bere «Wadada egunero»n, Donostiako GP Records diskoetxearen eskutik kaleratu duen disko berrian. Berezko soinua du Doktor Deslaik, bai raggamuffin estiloan jo eta abestutako kantuetan («Deslai baten kantua» dugu adierazgarrienetakoa horietan), bai rockaren klasikoei eginiko bertsio berezietan, edota Ezkiaga eta Artze bezalakoen testuetatik sorturiko piezatan («Bizi dugun aroa» eta «Lapurrak eta zekenak», kasu). Hamar kantu jostari bezain salatzaileek osatzen dute maitasunez betetako CD hau: aipatu berri ditugun hiruez gainera, «Kotoi zelai», «137. salmoa», «Eh txo!», «Niotipia shalom», «Wadada egunero» eta «Katuaren bizitzak».
HOMO FABER
Max Frisch
ELKAR
397 orrialde
2.850 pezeta
114 libera
«HOMO FABER» JOXE AUSTIN ARRIETAK EUSKARATUA
Hogeigarren mendeko nobela europear esanguratsuenetariko bat, alegia Max Frisch suitzarrak 1957an alemanez plazaratu zuen «Homo Faber», euskaratu du Joxe Austin Arrietak. Modernitateko mentalitate berriaren arazoak planteatzen ditu Frischek nobela honetan. Walter Fasber, eleberriko protagonista, mentalitate berri horren adierazgarri dugu. Ingeniaria da, gauzak diren bezala ikusten ohitua, hau da, mito, erromantizismo edo sineskeria ukiturik gabe. Ilargia erakusten badiote, masa kalkulagarria ikusten du, eta ez «bizipen» bat. Errealismoz dena ikusteko modu berria du, emoziorik gabe, sentimendurik gabeà Alabaina, bere izaera pragmatiko hori pitzatu egingo da ezustez tragediarekin topo egiten duenean. «Homo Faber»ek gizonezko protagonistaren psikologia teknikoa du ardatz, baina gizarte teknikoak ez du gizona bakarrik aldatu, emakumea ere aldatu du, nahiz honek ez dituen sentimenduak itotzen. Beraz, gizon zein emakume, naturarekiko menpekotasunetik askatu egin dira, nolabaiteko independentzia bat lortu dute, baina halabeharretik zintzilik daude. Eta hain zuzen ere halabeharra zen modernitatearen mentalitate honek gainditu egin nahi zuena...
XX. MENDEKO POESIA KAIERAK: BITORIANO GANDIAGA
Antologia egilea,
Koldo Izagirre
SUSA
62 orrialde
700 pzta/ 28 lib.
GANDIAGA, PANTEISMOA DAKARREN FEDEDUNA
Bitoriano Gandiagaren poemagintza dakarkigu gogora Koldo Izagirrek Susa argitaletxearen «XX. mendeko poesia kaierak» bilduman. Poeta frantziskotarrak idatzitako «Elorri», «Hiru gizon bakarka», «Egun batez Madrilen», «Denbora galdu alde», «Gabon dut anuntzio» edota «Ahotsik behartu gabe» aztertzeaz gainera, haren autoexijentzia nabarmentzen du Izagirrek; asko idatzi zuela, baina originaltasuna inoiz galdu gabe. Eta horrela deskribatzen du kantagintzak hainbeste gai sozialeko poemak hartu izan dizkion gizona, tabernako pareten ohorea ere ezagutu duen Bitoriano Gandiaga: «Bere produkzio oparoan erritmoa hizkuntzaren barne-pleguetan ebakitzen dakien poeta, kontzeptuak gozo ematen dakien hausnartzailea. Eta beti apal, amorratu behar duenean ere"
EUSKAL ROCK'N'ROLL. HISTOIRE DU ROCK BASQUE
Batzuen artean
ARTOLA
329 orrialde
3.299 pezeta
131 libera
EUSKAL ROCK'N'ROLL-AREN HISTORIA ELEBIDUNA
Euskaraz eta frantsesez argitaratua dago Colette Larraburuk eta Peio Etcheverry-Ainchartek Moliéren hizkuntzan idatzi eta Kattalin Totorikak eta Ekaitz Bergaretxek euskaratu duten «Euskal rockÆnÆroll. Histoire du rock basque» liburua. Haatik, nahiz eta beren lanaren ardatza rockak batik bat Euskal Herriaren iparraldean izan duen eragina, emandako fruituak eta horren guztiaren inguruan sortutako mugimenduaren ezaugarriak aztertzea izan, askoz atzerago bilatu dituzte horren ulermena posible egiten duten aztarnak, «Rocka baino lehen, euskal kantua» atalak garbiki adierazten duen bezala. Eta «proto-euskaldun»en musika tresnak gogoratzeaz gain, lehen euskal kantariak eta bertsolariak, XIX. mendea, 1936ko gerrak euskal kantuan izandako eragina, eta 1960-1970ean sortutako «euskal kantu berria» ere kontuan izan dituzte.
EUSKALDUNAK ETA ONDASUNAK
PATXI JUARISTI LARRINAGAPAMIELA
125 ORRIALDE
1.600 pezeta
64 libera
ESAERA ZAHARRAK ETA ONDASUNEKIKO HARREMANAK
Bide berri bat jorratu du Patxi Juaristi Larrinagak euskaldunen ondasunekiko harremanak eta hauek gidatu dituen fisolofia aztertzeko orduan, Pamiela argitaletxean argitaratutako lan honetan. Desadostasun handiak nabarmentzen ziren gai hori aurretik ikertzen aritutako autoreen artean, eta horretaz oharturik, hizkuntzan oinarritutako ikerketa burutu du soziologo bizkaitarrak «Euskaldunak eta ondasunak» saioan. Beraz, euskaldunek baliotsuak eta urriak izan diren gauzekiko harremanak antolatzeko izan dituzten ohitura, araudi eta ikuspuntuen inguruan Patxi Juaristi Larrinagak aurkezten dituen ondorioak euskal esaera zaharren azterketan oinarritzen dira, hizkuntzaren bihotzean bizi eta herriak erabiltzen dituen adierazpideak izanik, iraganeko bizimodu, xede eta pentsamoldeak aztertzeko material ezinhobea direlaren ustean.
ITSAS-LABARREKO ETXEA
Miren Agur Meabe
AIZKORRI
91 orrialde
995 pezeta
39 libera
MAITASUNA ETA HERIOTZA ITSASLABARREAN
Hamasei urte besterik ez zituen Joanak, Miren Agur Meabek gazteentzat idatzitako nobela honetako protagonistak, maitasuna eta heriotza ezagutu zituen udan. «Itsaslabarreko etxea» neska horrek koaderno more batean idatzi zituen orduko oroitzapen gozagarri eta aldi berean mingarrien kontaketa da. Nortasun handiko pertsona izatea nahi zuen neskatxak, eta horretarako prestatzen hasi zen. Koadernoa besazpian zuela, bakardade bila itsaslabarrera joateko ohitura hartu zuen, eta han, eguraldiak txarrera egin zuen batean, ustekabean antzinako etxe bat aurkitu zuen. Harpa soinua zetorren hartatik, baina argi izpirik ez zeukanez, noiz atertu zain kanpoan gelditzea erabaki zuen Joanak. Tximista baten sigi-sagak ikaratu eta alde egitera behartuta ikusi zen arte. Zoritxarrez, koadernoa galdu zuen bertan. Itzuli egin beharko zen...
BIZIAK BIZILAN
Juan Manuel
Etxebarria
IBAIZABAL
118 orrialde
1.450 pezeta
58 libera
HIRU BELAUNALDI UZTARTURIK
Juan Manuel Etxeberriak Ibaizabal argitaletxearen «Gailurrean» sailean aurkeztutako nobela honek euskal izaeraren gurdiari tiraka ari garen hiru belaunaldien arteko jarduna islatzen du. Izan ere, gaur egun, hiru belaunaldi bizi dira maiz batera, baina ez lehengo moduan, bizimodua aldatuz doalako, gizartearen aldaketa sozio-ekonomiko-politikoak bitarteko. «Biziak bizilan» narrazioan, amona batek bere bilobarekin izandako elkarrizketa agertzen da. Elkarrizketa horren bidez, zahartzarora heldutako emakumeak ordura arte bizitako garaiaren adierazgarriak azaltzen dizkio bere familiako kimu berrienari; gazteak, berriz, bizi duen egoerarekin eta aitak kontatu izan dizkion gauzekin bestelakotuko du hori guztia; eta ondorioz, ikusiko da hiru belaunaldien elementu bateratzaileak aldatzaileak baino ugariagoak direla.
KARMEL.
234. ZENBAKIA
Batzuen artean
EUSKAL HERRIKO KARMELDARRAK
127 orrialde
1.800 pezeta
72 libera
KARMENGO AMAREN ESKAPULARIOAREN 750. URTEAN
Aurten ospatzen du Eliza Katolikoak Karmengo Amaren eskapularioaren 750. urteurrena, eta jakina, Euskal Herriko karmeldarren aldizkaria den «Karmel»ek garrantzi berezia eman dio gertakizun honi bere azken zenbakian, hogeita hamaika orrialde eskainiz gaiarekin zerikusia duten hainbat artikulu eta lanei. Halere, ez ditu bere ohizko sailak horregatik bazterrera utzi eta, besteak beste, bertan aurkitu ahal izango dituzue Patxi Uribarrenek Olaetan 1915ean jaio eta iaz Begoñan hil zen Pedro Pujana Agirregabiriari buruz idatzitako lana, edota egile beraren «æKorrikaÆ gogoeta bide»; eta baita Luis Baraiazarraren «Gora Kili-Kili», Patxi Juaristiren «Euskaldunon kontsumo portaerak aldatzen» eta Bostak Bat deitu taldeak «Hiztegia-3000»ren eskolarako bertsioa dela-eta osatu duen «3000 eskola hiztegia» ere.