Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-08 -- 1815.zenb

Iñaki Guridi

Berezia izan da aurtengo Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran. Izan ere, 25 urte bete ditu ekainaren 16 eta 17an burutu zen Txapelketak eta urteurren hori egitasmo berezien bidez ospatu nahi izan du udalak, antolatzaile nagusiak.

Ekimen nagusienetariko bat, Txapelketaren historia liburu batean biltzea izan da. Lierni eta Marixabel Elorzak hartu dute bere gain lan hori, eta 90 orrialdeko liburuan bildu dituzte honen ingurukoak.
Lanean aurrera zihoazen neurrian, gero eta argiago geratzen zen azken 25 urteetan Txapelketak izandako garapena. Hasieran, herriak beste azpiegiturarik ez zuelako, Txapelketa eliza ondoko frontoian egiten zen. Ahal ziren moduan oihalak ezarri eta eguraldi txarraren izua aldentzen zuten. Kamerino edo aldagelarik ere ez zen, eta bertako jatetxe bateko jangelan aldatzen ziren dantzariak. Egun, Baratze pilotalekuan egiten da Txapelketa, azpiegitura erosoago eta aurreratuagoekin.
Urtez urte gora egin du Segurako Txapelketaren arrakastak. 1981ean Segurako Udalak Eusko Jaurlaritzari Segurako Txapelketa Euskadiko Dantza Txapelketa izendatzea eskatu zion, azken bost urteetako arrakasta gogora ekarriz. Jaurlaritzak eskaria onartu eta Segurako Txapelketaren itzala handiagotuz joan da.
Ikusle kopuruak ere gora egin du. Ikusle hauen ezaugarriren bat aipatzeko eskatuta, Marixabel Elorzak publiko jantzia dela gogoratzen du. "Publikoa epaile bihurtzen da. Dantzari buruz asko dakite ikusleek eta pauso berri edo landu bat eginez gero, laster hasten dira txaloka. Tarteren batean hanka sartuz gero, hori ere nabaritzen dute".


Urteen joanean.

Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta oholtza gainean izan diren dantzariak eta baita dantza egiteko moduak ere aldatuz joan dira.

Lierni eta Marixabelek, Txapelketaren historian garaile izan diren bikoteetako kideak bildu zituzten mahai baten bueltan, beraien ikuspegiak alderatzeko. Liernik dioenez, "beteranoenen iritziz, oraingoek dantza egiteko modu akademikoagoa daukate. Perfektuago dantza egiten dute gaur egungoek, baina lehenagokoek emozio gehiago jartzen omen zuten. Gazteak noski, ez datoz honekin bat".
Txapelketaren joanean argi nabaritu den beste aldaketa bat, jantziena izan da. Dantzariek soinean eramaten dituzten jantziak ekitaldiaren ardatz nagusi bilakatu dira. Elorza ahizpek idatzitako liburuan, gai honek izan du islarik eta Axen Egaña Euskal Dantzarien Biltzarreko kidearengana jo dute iritzi eske. Dirudienez, Txapelketaren hastapenetan, dantzari gehienen janzkera antzekoa izaten zen. Orain, ordea, dantzarien artean jantzi aniztasun handiagoa dago eta ikusgarritasunak ere gora egin du. Eta Txapelketan bertan ere, ondoen jantzita dagoen bikotea saritua izaten da.

gipuzkoartasuna.

Seguran egiten den Euskal Herriko Dantza Txapelketak, maila eta ospe nabarmena lortu dituen arren, kritika nagusi bat ere jaso izan du: Euskal Herri mailako txapelketa izanda, Gipuzkoaz kanpoko parte hartzaileen eskasia duela. Epaimahaiko kide guztiak gipuzkoarrak izaten dira eta parte hartzaileak ere halatsu. Aurtengoan, antolatzaileek eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak ahalegin berezia egin, eta lortu dute Hego Euskal Herriko lau lurraldeak Txapelketan ordezkatzea.
Herrien artean, badira beraien partehartzaile kopuruagatik nabarmendu izan direnak. Bergara, Hernani eta Azkoitia dira hiru herri nabarmenenak, 25 urtetan zehar Segurara dantzari asko eraman dituztenak. Honez gain, aipamen berezia merezi du Osintxuk, hain eremu txikia izanda eman dituen dantzari ugariengatik. Txapelketan parte hartu duten gipuzkoarren %7 Osintxukoak izan dira.

tamainako sariak. Segurako Txapelketan ematen ziren sariak azpimarratzen zituen Basarrik «La Voz de España» egunkarian, 1977an: "Begira zer sari zoragarri banatuko diren. Askotan salatu izan deguna da auxe. Sari kaxkarregiak jartzen zirala dantza libreko bikoteentzat. Zorionez hasi dira gauzak aldatzen".

Lehen edizio hartan, Juanito Sarriegik eta Lurdes Lopetegik irabazi zuten. Urrezko domina, txapela eta lepoko zapia, 15.000 pezeta (600 libera) eta Nestor Basterretxearen eskultura bereganatu zituen bikoteak. Lierni Elorzak dioenez, "dantzariek Segurako Txapelketa ongi saritutako txapelketatzat daukate". Aurtengoan berriz, 110.000 pezeta, txapela eta zapia, makila, Palmarako 4 lagunentzako bidaia eta Nestor Basterretxearen eskultura jaso dute.
Lotura berezia du Nestor Basterretxeak Segurako Txapelketarekin. Hasierako urteetatik, ikusle izan da Seguran eta gainera, berak egindako eskultura bat sari moduan ematen da. Urte batean irabaziz gero, eskultura dantzariek ordezkatzen duten herriko udaletxera eramaten da eta han geratuko da hurrengo urteko txapelketa arte. Dantzariek eskultura behin betiko eskuratu nahi badute, hiru urtetan jarraian edo bost urtetan txandan irabazi behar dute Segurako Txapelketa.

Begitik sartzekoa.

Liburu honen bi egileek zerbait argi izan badute, lanaren erakargarritasuna izan da. Bazekiten hasieratik datu pilaketa handiegia eginez gero atzeraka egingo zuela irakurlearen gehiengoak, eta gaia oso gertutik bizi izan dutenek soilik irakurriko zutela.
Datu horiekin, ordea, irudi eta argazki zaharrak tartekatu dituzte, hedabide desberdinetan Txapelketari buruz ateratakoak eta jende jantziaren iritziak: "Badakigu jendeak datuei baino gehiago begiratuko diela bitxikeriei. Sariak elizan emateari, Garaikoetxea argazki batean gazte agertzeari.... Horri erreparatuko dio gehiago, eta hori ere, Txapelketaren historia da"

Pilar Iparragirre

Ikasturte amaierara iritsiak ziren ikasleak eta haien guraso zein irakasleak, eta Z. ARGIAri, gai horri heltzeko garaia zela iruditu zitzaion nonbait. Ez zeukan bere irakurleei azalkeriatan denbora galarazteko inongo asmorik, halere, eta heziketaren inguruko lan sakon baten atzetik ibiliko zen, ahalik eta Etxenikek izenpetutako "Irakaskintza arazoa" eskuratu zuen arte. Lan sakona ez ezik, hondoraino zihoan azterketa egina zuen Etxenikek, eskolan ikasleen artean egiten zen bereizkeria salatzen zuena gainera, esaten zuenagatik sor zitzakeen istiluak asko arduratu gabe, bere lanaren helburua horixe besterik ez zelako, ziur aski: alegia, benetan larria zen arazo baten aurrean kezka zabaltzea.


AZTERKETAREN ONDOREN, IRAKASKUNTZA AZTERGAI

"Bukatu da aurtengo ikastaroa. Guraso askoren galdera hau da: zer egin ote du gure mutikoak? Ondo aterako ote da gure neska? Datorren ikastaroan beste mallara pasako ote? Aurra, berriz, gehienetan beldurrez, zai dago notak azalduko. Ondo atera ez bada, etxean ez dira gustora izango eta aserre gogorren bat ere jasan beharko dualakoan dago".
Zertzelada hauexerekin laburbiltzen zuen idazleak "etxeko" giroa. Gurasoak urduri, eta ikaslea, hainbeste gorabehera eta estuasun jasan razi zizkioten azterketen ondorengoak itxaroten. Beldur, izuz, gehienetan, txarrenean gurasoek esan (edo egingo) zizkiotenaz jakitun. Gutxi gorabehera, honakoa esango baitzioten: "Alfer bat besterik ez aiz. Urte guzian jolasean ibiltzea besterik ez duk pentsatu. Aizea buruan eta ibilli mundan. Irekin etzegok ezer egiterik. Aurten lanean asi beharko duk. Orduan ikusiko duk ona zer dan". Ulertu, ulertzen zituen Etxenikek bere seme-alaben porrotaren aurrean horrela mintzatzen ziren gurasoak. Haatik ez zuen jarrera hori txalotzen, ezta gutxiagorik ere!
"Zenbat eta zenbat guraso, aurrak ikastolara bidali eta nahikoa egin dutela pentsatzen dutenak... Gero aurrari erritan egin eta beren burua zuritzen dute. Ez dira ohartzen eskolako eziketa etxeko eziketari oso lotua dagoela. Aurrak, nahiz eta azkarra izan etxean giro egokirik arkitzen ez badu, atzeraka dijoala gauza garbia da", adierazten zuen bipilki, zeren bere ustez "asieran, aur alferrik ez da. Denek dute ikasteko min bizia. Pixkanaka eta batipat giroaren eragiña dalata asten dira ikasketari uko egiten. Giroa esaterakoan familia giroa esan nahi dugu". Zoritxarrez, familia giro horretan utzikeria handia somatzen zuen: "Gurasoak urtearen zehar umeen eziketaz arduratzen diran ala ez jakiteko galde besterik ez dago zenbat aldiz gurasoek andereño edo maisuarekin elkar izketan jarduten duten. Asko ta asko urte guzian behin ere ez dira izan ikastoletan andereñoekin itzegiten. Horrela ezin diteke umea behar bezala ezi. Alferrikan gabiltz".


ERANTZUKIZUNAK ESKATZEKO ORDUA

Dena dela, Etxenikek ez zien gurasoei leporatzen haurraren porrot posiblearen arrazoi guztia. "Ez diezaizkigun erru guziak gurasoei erantsi" zioen, nabarmendu nahi zuena eriaz erakutsi aurretik: "Irakaskintzaren egitura barna aztertu behar da", eta ez hori bakarrik, "irakaskintzak gizarte batean duan eginkizuna" ere bai. Eta azterketa hori egiteari ekiten zion, besterik gabe: "Zein ume da atzera gelditzen dena? Zein ume da urtea berritu behar duena? Noren seme dira?". Antza denez, horrelako ikerketarik Euskal Herrian ez zen oraindik egin eta gure inguruko daturik ez zuten, baina "beste laterrietan" egindakoak garbi erakusten zutena kontuan harturik "zehatz eta mehatz ikusten da langille ta baserritarren semeak dirala atzean gelditzen diranak. Ta hori zergatik? Langillearen semea hain azkarra ez delako? Jainkoak doaiak desberdin zabaltzen dualako?".
Ah, baina Etxenikek bazekien hori ez zela horrela, Jainkoak ez duela inoren bereizkeriarik egiten! Horregatik, beste alde batera begira jartzen zen. "Langillearen semea gaizki ateratzen bada eskolak interes batzuk zaintzen ditualako da. Gaur eskola ez da denentzat berdin, eskolak ez ditu gizarteko diferentziak puskatzen". Areago, "gaur egun eskolak ez dio langillearen semeari aurrera ateratzen uzten. Eskolak gizartearen klase diferentziak zaintzen eta berritzen ditu. Begiratu besterik ez dago zenbat langilleren seme Unibersidade maillara iristen den. Baina hori bakarrik ez da. Egin dezagun langillearen semeek nahiko dirua dutela Unibersidadeko ikasketak egiteko. Ala ta guziz gure iritzia berdina izango litzake".
Zergatik hori? Honakoagatik: "Ikusi besterik ez dago zer kultura ematen dan eta nola ematen dan ere bai". Hor zegoen koska! Eta, jakina "honela langillearen semeak, danak aurka dauzka. Izugarrizko diferentzia dago bere kultura eta eskolako kulturaren artean".
Bukatzeko, ariketatxo bat proposatzen zion edonori udako "etxeko lan" gisa: "Ikastolak arazo hauei buruz nola dabiltza? Gure ikastolak bide al dira, euskal kultura zabalduaz diferentziak garaitzeko? Hau da gure galdera gogorra".
Nola erantzungo ote litzaioke, 2001. urteko uda honetan, Etxenikek 1971n egiten zuen galderatxo horri?

Mikel Asurmendi

Orain dela hogei urte sortu zen Herrikoa sozietate anonimoa: 1981ean. Hamar urte lehenago sortua zen Sokoa kooperatiba, Arrasateko kooperatiben ildoan. Esperientzia haren ondotik, 1979an aldean, enpresa eta ekonomiako hainbat eragilek kapitala biltzeko molde berri bat aurreikusi zuten Ipar Euskal Herriko enpresak sortzeko. Asmo haren karietara sortu zen Hemen elkartea. Elkarte honek gizartean sentsibilizatze lana burutu ondoren sortu zen Herrikoa. Hemen-eko Jean Louis Harinordoki idazkari nagusiak honela azaldu digu gertakaria: «Herrikoa S.A. Hemen elkartearen bidez sortu zen. Egun, formakuntza zentroak sustatzen ditugu (ACCEA Lan Berri), proiektuen ekarle eta aholkulariak gara. Ekonomiaren elkartasuna, sozializazioa eta komunikazioa lantzen dugu. «Ongi Heldu» kanpaina, kasu.æHemenÆ aldizkaria egiten dugu bestalde. Herrikoa Hemen-en tresna bat da, elkar osatzen dugu».



langile bateK KUDEAtUa.

Marie-Claire Salaberri heletarra da Herrikoaren bilakabidea hobekienik ezagu-tzen duenetariko bat. Bera da Herrikoa sortuz geroztiko idazkaria, kontuegilea eta enpresen koordinatzailea. Hogei urteotan Herrikoaren langile ordaindu bakarra izan da. Duela urte batetik Hervé Lanouguere merkataria ari da berarekin lanean.
Herrikoaren administrazio kontseilua -Mixel Etxebest lehendakaria buru- hilabetean behin biltzen da zuzendaritzaren txostenen aztertzeko. Enpresen eskaerak aztertzen dira eta zuzendaritzak erabakitzen du enpresa bati dirua ematea edo ez. Herrikoa zehazkiago zer den Marie-Claire Salaberrik berak azaldu digu: «Herrikoak banku baten gisara funtzionatzen du, baina ez da banku bat. Bere dirua 3.000 akziodunek emana dute, eta haiena da kapitala. 13.000.000 liberakoa (325 milioi pezeta) da bere kapitala. Duela 20 urte, ilusioz beterik sortu zelarik, 2.000.000 libera (50 milioi pezeta) zituen Herrikoak».
Herrikoaren zuzendaritza 14 lagunek osatua da, akziodunek hautatua. Akziodun gehienak Iparraldekoak dira, badago ere baten bat Hegoaldekoa. Frantzian barrena ere badira bakar batzuk, baita Londresen edo Suitzan bizi direnak ere. Edonork har dezake akzio bat, sozietate irekia baita Herrikoa.
Herrikoak 200 enpresa baino gehiago sostengatzen ditu egun, denak Iparraldean finkatuak. Dirua nonahitik ekarria ere, enpresak bertan eraikitzen dira. Zehazpen bat egin digu Marie-Claire Salaberrik: «Enpresek parte bat baizik ez dute har-tzen Herrikoatik, horregatik ez gara osotara banku bat. Enpresa batek bere kapitalaren parte bat ukaiten du guregandik, eta gero, bere kapitala beharren arabera osatzen du beste nonbaitetik».
Herrikoak sektore guztietako enpresak sustatzen ditu. Azken urteotan, industria sektoretik landa sortu dira enpresa berriak. Laborantzako mozkinak eralda-tzen edo transformatzen dituzten enpresak, konparazione. Baldintza bakarra Iparraldean garatu izatea da, lanpostuak bertan sortu behar dituzte. Herrikoa horren xedez sortu bai-tzen.


LAU PRESIDENTE eta zazpi kanpaina hogei urtez. 1981. urteaz geroztik lau izan dira Herrikoako presidenteak: Patxi Noblia (Sokoako zuzendaria egun), Andre Darraidou (Ezpeletako auzapeza egun), Jean Thikoipe eta Mixel Etxebest. Sokoa enpresa izan zen Herrikoaren erreferente nagusia, eta bera da egun ere Herrikoak sostenga-tzen duen enpresa handiena. Sokoa euskal enpresa eta ekonomiaren erreferente izan da, eta bere ibilbidean ezin izan du gertakari soziopolikoetatik at gelditu. Esate baterako, GALen garaian, bere bulegoei sua eman zieten. «Sokoa» deitu afera ere denon ezaguna da. Herrikoaren ibilbidea ez da afera guzti horietatik landa garatu halaber.

Hogei urteko ibilbidean zazpi kapital biltze kanpaina burutu ditu sozietate honek. Akzio batek 500 libera (12.500 pezeta) balio du egun, ia-ia etekinik ematen ez duen akzioa da. 1990Eko kanpaina hiru hilabetekoa izan zen, bi milioi libera biltzea aurreikusi zen eta hiru milioi pasa lortu zuten. 1993an burutu zen azken diru biltze kanpaina. Azkeneko hamar urteotan kanpaina bakar bar burutu izana eta aurreneko hamarretan sei, harritzeko moduko datu bat iruditu zaigu: «Herrikoaren baitan zegoen SEI enpresaren porrotak geldiarazi zuen akziodun berriak biltzeko kanpaina sistema. Baionako SEI lantegiaren porrota gertakari muga txarra izan zen Herrikoaren ibilbidean. Azkeneko kanpainan nekez ibili ginen eta kanpaina bat ontsa bideratzeko sinesgarritasuna behar dugu», argitu digu Marie-Clairek.
Etorkizunari begira, Akitaniako Kon-tseiluaren laguntza izan nahi du Herrikoak. Gauza berria da. Marie-Claire Salaberriren iritziz, Akitaniako botere politikoarekin akordio bat erdiesterakoan, beren boterea ez galtzea eta beren arima zaintzea dute erronka. Hastapeneko espirituari atxiki behar zaio Herrikoa, alegia. Politikak eragina du eta Herrikoaren espiritu herrikoia zaindu nahi dute. Molde ireki batez betiere. Herrikoan abertzaleak eta ez abertzaleak biltzen baitira.
Akziodunen artean Herrikoaren enpresako langileak daude eta ez direnak ere bai. Bi alditan baino ez dute jaso akziodunek dirua: «Dirua ezartzeko arrazoia, dirua nora doan eta honen erabilmoldea da. Akzioen mozkina erdiesteko Crédit Agricole edota La Poste bezalako entitateen akzioak erosi behar dira».
Hastapenean 600 ziren akziodunak eta 3.200 inguru dira egun. Frantziako estatuaren aldetik ez du inoiz diru lagun-tzarik ukan. Herrikoa bezalakorik ez dago Iparraldean ezta Frantzian ere -Korsikan salbu, han ere antzeko esperientzia garatu baita-. Denok eredu gisa hartzen dute Herrikoa, Euskal Herrian eginiko eredua : «Ez gara banku bat ez kooperatiba, baina honelakotzat hartzen gaituzte. Edo sartzen gaituzte ekonomiaren folklorean. Diru laguntza izpirik gabe, egun ordaintzen diren bi soldatak -Herveren eta nirea- enpresek ematen dituzten mozkinetatik ordainduak dira. Ez ditugu benefizio handiak, ez gara kutxak», adierazi digu Herrikoako idazki nagusiak.

kapital KANPAINA berria.

Hegoaldeko Euskadiko Kutxaren filosofia eta espirituarekin sortu zen Herrikoa. Hastapeneko nahia Hegoaldeko kutxekin lan egitea zen. Kutxa eta BBK Herrikoaren akziodunak dira gaur egun, baina zaila omen da harreman sendoak garatzea berauekin. Ez bide dira guztiz interesatuak: «Hegoaldearekiko esperantza Arrasateko MCCarekin (Mondragon Korporazio Kooperatiboa) dugu, hauek bai interesatuak direla, kutxak baino interesatuagoak. Kutxak diru kutxa besterik ez dira, MCC ez da berdin».
Ekonomiak politikan eragiten du eta alderantziz. Euskal Herriko egoera politikoak ez du proiektu komunak garatzen lagun-tzen, antza denez.
Anartean, heldu den larrazkenerako hiru hilabeteko kanpaina berria prestatzen ari dira Marie-Claire eta Hervé. Lehenik, jendearengana hurbildu nahi dute pren-tsaren bidez. Ondoren, bilkurak burutuko dituzte herri gehienetan. Bilkura herrrikoi hauek dira kanpainaren ardatza. Herrikoa zer eta zertarako den azalduko dute, baita egitasmoen berri eman ere

Erlantz Urtasun

Lingua vasconum, lingua navarrorum, ze arraroa euskararik gabe, Nafarroa". Honela abesten zuten, iragana geroari lotuz, Erribera aldeko Bianako ikastolako haurrek duela urte batzuetako Nafarroa Oinez arrakastatsuan.

Izan ere, eta Lizarrako historialari bikaina zen Jose Maria Lakarrak 1956an adierazi zuenez, "Euskal Herriko Erdi Aroa ikertzerakoan gauza batek kezkatzen nau, hain zuzen ere aztertzen ari naizen herriaren iragana agiri zaharretan erakusten zaigu, baina paper horietako hizkuntza ez da herri hura mintzatzen zena, berea hitz bakan batzuetan agertzen zaigu. Jendea euskaraz mintzatzen zen, euskaraz pentsatzen zuten, baina bertze hizkuntza batez baliatzen ziren idazteko unean".
Ordutik honat, baina, gauza anitz gertatu da. Errate baterako, duela hogeita hamar bat urte euskara ia Nafarroa osoan desagerrarazia zen. Orain, halere, euskal ereduak nagusi dira irakaskuntzan, eta txikienen artean euskararekin inongo harremanik ez duena "arraro" samarra azaltzen zaigu, hots, eta nafar euskaltzaleen harridurarako ere, edozein bazterretako belaunaldi berrietan euskara ez da arrotza izanen.
UPN eta PSN alderdiak, dena den, euskara bizitza publikotik kanpo uzteko aspaldi egin ez diren ahalegin ikaragarrienak protagonizatzen ari dira, irakaskuntza bera, osasungintza, administrazioarekin ukan beharreko harremanak, errotulazioak edota parkimetroak lekuko izanik. Ageri denez, bakarrik debekua da falta dena, betidanik indarrean egon den "napartheid" latzetik erabateko klandestinitaterat pasarazteko urratsa, alegia.
Hau guziarengatik, alta, Segundo Otazuk zuzentzen duen Mintzoa argitaletxeak 1167ko agiri baten 365 kopia faksimile egin du, non euskara "lingua navarrorum" zela adierazten baita. Bertze era baterat erran dezagun, XII. mendeko agiri administratibo ofizial batean gure arbasoek ez zuten zalantzarik izan euskara noren hizkuntza zen argitzeko unean: nafarrena, jakina. Eta alderantziz, zein zen nafarren hizkuntza: euskara.
Agiria Jose Goñi Gaztanbidek kausitu zuela idatzi da, 1965. urtean, berak zaintzen duen Iruñeko katedraleko artxibategian. Bertan originala dago, baita bi kopia ere. Jose Goñi berak 1997an argitaratu zuen. Idazkia Iruñeko apezpikua eta konde baten arteko komenioa da, "Orti Lehoarriz" eta "Azeari Umea" deitzen ziren bi lagunei artzantzaren inguruko hautaketak egiteko baimena ematen ziena. Honela dio: "Quod Orti Lehoarriz faciet ut lingua nauarrorum dicatur unamaizter; Azeari Umea, buruzagi".
Horren aurkezpen publikoa aurtengo apirilaren 26an izan zen, nafar hiriburuan. Argitaletxeak Euskaltzaindia, Kontseilua, Oinarriak eta Korrikari ale bana eman zien. Bertzeak salgai dira, luxuxko edizioan, 765 bat eurotan. Jose Goñi Gaztanbidek azpimarratu zuenez, "ekitaldi eta faksimilen argitalpenaren bitartez nabarmendu nahi izan duguna da euskara nafarren hizkuntzaren gisa adierazten duen agiri bakarraren aitzinean gaudela". Artxibozainak ere aitortu zuenez, "nik uste dut garai hartako nafar gehien-gehienak euskaldunak zirela".
Azken ideia hau da, zenbait ikerlariren artean bederen, nagusitzen ari dena. 1999ko udan Peio Monteanok honelako aitormena egin zuen, hau da, nafar erresumaren amaieran euskara duela urte batzuk uste zena baino hedatuagoa egon zela, Erribera barne. Aurtengo maiatzaren 20an ere, ildo beretik, Tomas Urzainkik hitz hauek sinatu zituen: "Europar estatua zen Nafarroan, erresumako populazio gehiengoarendako euskara elkarren arteko komunikazio tresna bakarra zen, bertze hizkuntza batzuk idazteko erabiltzen ziren arren (erromantzeak, latina, arabiera, hebraiera). Hala eta guztiz ere euskara hizkuntza nagusia zen. Talde sozial batzuk, hainbat girotan, erromantzeez baliatzen ziren, baina betiere orokorrean mintzatzeko erabiltzen zen hizkuntzarekin baterat".
Laburbilduz, eta aipaturiko Jose Maria Lakarrak idatzi zuenez, "Iratxeko monjeek, haien lurraldeetatik atera gabe, Urbasa-Andia mendietatik Mendabiako Imaz etxalderaino joaten ahal zuten, hots, Mendialdetik Ebroraino. Agirietan kausitzen ditugun bide horietako toki izenak euskaldunak ziren". Lakarrak ere, 1956an, "lingua navarrorum" azaltzen den testua plazaratu zuen, baita lehenago ere, 1927an, datua Arigita egilearen 1904ko lan batetik hartu zuela gaineratuz. Beraz, "lingua navarrorum" betidanik ezagutua, egunerokotasunak gaurkotu du

Iosu Etxaniz

Polimero: Unitate baten errepikapenaz osatutako makromolekula natural edo sintetikoa. Horrela irakurrita badirudi laborategi batean asmatutako material sintetiko berri batetaz bakarrik ari garela, baina, egia esan, hein handi batean inguratzen gaituen ia guztia polimeroa da, eta orain arte imajinatzen genituenak baino erabilpen askoz zabalagoak ditu, haur oihaletan hasi eta lehorte garaiei aurre egiteraino. Euskal Herriko Unibertsitatea horretan ari da gaur egun, polimeroen garrantzia eta erabilpen posibleak ikertzen alegia, eta bertako zientzi fakultateko kimika-fisika saila hainbat enpresekin elkarlanean dihardu gero erabilpen horiek komertzializatzeko.

Issa A. Katime katedraduna, material berrien taldeko buru bezala, ikerketa honen arduraduna dugu, eta hasieratik material ezezagun honen garrantziaz jabetzen gaitu: "Guk polimero bereziak sortzean egiten dugun gauza bakarra naturari imitatzea da, polimeroak edonon ditugulako, zuhaitzetako zelulosan hasi, giza gorputza osatzen duten proteina eta bakterietan jarraitu eta gorputz hori estaltzeko erabiltzen ditugun jantzietan bukatzeko".
Gure inguruan dugun ia guztia -metala eta zeramika bezalako materialak izan ezik- polimeroa da, bai, baina zerk bereizten du material hau beste batzuetatik eta zein da bere erabilpen praktikoa? Katedradun honek azaltzen digunez, molekula txikien batuketaz ezaugarri berezi batzuk dituzten makromolekula handiak bihurtu ahal izateak edonolako materialak sortzea ahalbidetzen du, plastiko ezberdinak bezalakoak. Hauek (polietilenoa, PVCaà), esaterako, polimero hutsei gehigarri batzuk bota ostean lortzen dira, funtzio zehatz batzuk bete ditzaten; izan ere, behar bakoitzaren arabera polimeroak eraldatu eta milaka funtzio izan ditzaketen milaka material ezberdin sor daitezke, substantzia hau edozein industriarentzat ezinbestekoa bihurtuz.


Hamaika beharren mesedetan.

Adibide argi batekin hastearren, Issa A. Katime-ren taldeak ekoitzi dituen materialen artean ura kopuru oso handitan bil dezaketen hidrogelak ditugu (kontaktu lenteen materiala), hots, izen arrotza duen baina ume txikien oihaletan adibidez mirariak egiten dituen polimeroa. Puzgarrien moduan funtzionatzen du, gelatinaren itxura du eta material honek (uretan urtezina, malgua eta biguna) gramo bakoitzeko bi litro eta erdi likido bil dezake; eta haur oihaletarako balio badu pentsatzekoa da zer nolako balioa izan lezakeen lehorteak jasan behar izaten dituen nekazariaren eskuetan, are gehiago materialaren gramo horretan uraz gain lurrak behar dituen abonuak ere barnera daitezkeenean, lur bakoitzaren arabera pixkanaka isurtzen joango diren ongarriak alegia.
Azken ezaugarri honengatik, besteak beste, polimeroei "plastiko inteligenteak" deitu izan zaie, eta hein batean ez da gehiegi esatea. EHUn ikertzen ari diren beste erabilpenetako bat polimeroetan botikak sartzearena da, frogatu duten bezala jadanik barruan eta lege fisiko batzuen ondorioz botika hori pixkanaka-pixkanaka eta bakoitzaren beharraren arabera isurtzen delako, giza gorputzean duen eragina leunagoa baina jarraikorragoa bihurtzen delarik. Bukatu da sukar baten aurrean aspirina bat hartu eta handik ordu batzuetara beste bat hartu behar izatea; hemendik aurrera botikaren eragina egunetakoa edo astetakoa izango da, hots, pilula bat hartu eta arazoa ahaztu.
Aurrera eramaten ari diren beste ikerketa bide batek ingurugiroarekin du zerikusia. Honetan, gure ibaietan zoritxarrez hain arruntak diren kontrolatu gabeko isurketen aurrean eta hirietara iristen den ura edangarri bihurtzeko aipagarria da depuradorek betetzen duten lana, baina hauen funtzionamenduan ezinbestekoa da ura garbitu aurretik likidoari bere partikula solido guztiak kentzea, hau da, likidoa eta solidoa bereiztea, ondoren geratzen den likidoa tratatzeko. Gaur egun, flokulante izeneko substantzia polimeroak horixe egiteko gai dira, industriguneetatik datorren urari honen tanta batzuk botatzea edonolako metalak (kobrea, beruna, magnesioaà) bildu eta harrapatzeko nahikoa delako.


Polimeroen iragana, oraina eta geroa.

Esan dugun bezala, polimero naturalak edonon ditugu eta betidanik izan ditugu (antzinako egiptiarrek jadanik beren ezaugarrietako batzuk ezagutzen zituzten), baina polimero kontzeptua ez zen zientzian 1939 arte erabiltzen hasi, eta gaur egun ari da ikerketan eta industrian benetako garrantzia hartzen, gero eta gehiago gainera. Izan ere, material hauen erabilpen posibleek bukaezinak dirudite, eta laster atzamar eta esku artifizialak egiteko ere balioko dutela azaldu digute: material zehatzaren osaketaren arabera, deskarga elektriko txikiak eginez gero material hori txikitu edo handitzeko gai izan daiteke, hots, eskuekin edo atzamarrekin egiten dugun bezala posizio bat edo beste bat hartzeko gai. Harrigarria ematen du baina Issa A. Katimek argitu digunez laster egia izan daiteke.
Etorkizun horretara heldu aurretik, dena den, gaur egun ere lan erraldoia egin beharra dago, ikerketa bideak oso ugariak direlako eta kontuan hartu behar delako denak ez duela denerako balio; erabilpen zehatz bakoitzerako polimeroa era zehatz batera edo bestera tratatu edo eraldatu behar da. Zientzien Fakultateko material berrien taldean horretan ari dira, eta beren lanean Euskal Herriko eta kanpoko enpresen laguntza dute, hala nola, Miñaoko Parke Teknologikoko Leia, Beca Graphics inprimaketa materialen ekoizlea edota Acideka S.A. koagulatzaileen ekoizlea.
Enpresa hauetako ikerle batzuk bertako ikasleak izandakoak dira, EHUko fakultate honetako lan egiteko modua ezagutzen dute eta noizbehinka lanean sortzen zaizkien arazo zehatzen konponbide eta laguntza bila ikasle garaian praktikak egin izan dituzten laborategietara itzultzen dira, hiru katedradunek eta zortzi bekadunek osatzen duten talde honengana alegia: "Pozik gaude elkarlan hau dela-eta, besteak beste gure lana unibertsitatean klaseak ematetik haratago doala eta gizarteari zerbitzua ematen diogula ikusten dugulako", bukau du Katime jaunak

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan