Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-08 -- 1815.zenb

- Arnaldo Otegi Batasunako bozeramailea: «Gure erronkarik handiena eszeptikoak eta konbentzitu ez ditugunak erakartzea izango da. Baina Zutik eta Batzarrek iragarri dituzten jarreretan, autonomiarik ez dugula esateak min egiten digu. Hori Baltasar Garzonen tesia dela gogorarazten diegu».
- Araitz Zubimendi, Segi-ko kidea: «Drogaren inguruan egiten diren hainbat gogoetek legalizazioa dute mezuaren oinarri nagusi eta bakarra. Baina argi gelditzen ez dena, zera da, drogen legalizazioa zein marko eta lurraldetan proposatzen den. Espainiar Legeriaz edo Euskal Herria aintzat hartzen duen marko subiranoaz ari diren zehaztu beharko lukete lehenik, eztabaidaren nondik norakoak guztiz aldatzen baitira».
- Xabier Mikel Errekondo, Portland eskubaloi taldeko jokalari ohia: «Espainiako selekziora ez joanez gero aukera betiko galtzeko arriskua nuen. euskal selekzioaren aldeko iritzia zabaltzeko onena deiari baietz esatea zela erabaki nuen. Ordutik zortzi urte pasa dira eta urte guzti hauetan nire iritzia eman ahal izan dut».

Segi gazte erakundeak aurkezpen publikoa egin zuen Donostian ekainaren 30ean. Baltasar Garzon epaileak legez kanpo utzitako Haikaren urratsak jarraitzen dituen Euskal Herri mailako erakundea da segi eta bere burua iraultzailetzat jotzen du. Eraketa prozesuan 4.000 gaztek esku hartu dutela azpimarratu dute Segikoek.
Sergio Fernandez, æReguÆ euskal preso politikoa askatzearen aldeko kanpaina abian da eta jadanik egin izan dira zenbai ekitaldi, tartean manifestazioa Gasteizen. æReguÆ duela lau urte kutsatu zen Hiesaz Langraitzeko espetxean eta horregatik eskatzen da bere askatasuna, kanpoan behar bezalako tratamendua jaso ahal izan dezan.
Marcelino Iglesias da Piriniotako Lan Elkartearen (PLE) presidente berria. Aragoiko Autonomia Erkidegoaren lehendakariak Alain Rousset-en (Akitaniako lehendakaria) lekua hartu du uztailetik aurrera. PLE delakoa Frantzia eta Espainiaren arteko mugaz gaindiko lankidetzaz arduratzen da. Euskadi, Nafarroa, Akitania, Languedoc-Roussello, Midi-Pirinioak, Andorra eta Aragoi biltzen dira elkarte honetan.

Jakoba Errekondo

Azkenaldi honetan pinuak gorritu eta pinudiak arretzen direla eta, basogintzan eta zurgintzan dihardutenen kopetak inoiz baino zimurrago somatzen ditut. Denetatik entzuten da: birusak, kutsadura, euri azidoa, negu beroak, lurreko onddoak... Pinuak erabat ahultzea eta baita hiltzea ere eragiten duen "arerioa" zehazteko ikerkuntzetan gehien aipatu izan direnak Fusarium eta Phytium onddoak dira oraingoz.

Arborikulturan ari direnen artean beste eragile baten izena entzunen hasia da: Bursaphelenchus xylophilus, alegia. Bai itsusia izena! Itsusiagoa, ordea, pinuengan sortzen duen ihartualdia. Bursaphelenchusa nematodo bat da eta berak eragindako kalteak Japonian deskribatu ziren lehengo mendearen hasieran. Egun ere txikizio handienak Asian sortzen ditu baina 1984az geroztik Suedian, Norvegian, Frantzian eta Portugalen aurkitu da. Pinus generoko P. sylvestris, P. nigra eta P. pinaster errazago eta P. pinea, P.halepensis eta P. radiata nekezago erasotzen ditu.
Nematodo honen zabalkundea Monochamus alternatus koleopteroari lotua dago. Honek zura zulatu eta jan egiten du eta bizkarrean daraman nematodo apopiloz zauriak kutsatu. Hasiera batean gaitza ere berak eragiten zuela uste izan zen. Zumarren gaitzarekin gertatu zen antza, hemen ere biren arteko konbinazioa kontuan hartu beharrekoa da. Izen itsusiko bisitari berrion berri

Jabier Agirre

Izenburu bitxi samarra irudituko zitzaizuen bati baino gehiagori, gure artean ortodontziak duen arrakasta ikusita (nork ez du etxean edo inguruan hortz-haginak konpontzeko aparatuarekin dabilen ume bat?) eta baita ere kontuan hartuz Osakidetzak gaur egun oinarrizko hortz osasuna bere gain hartzen duela, eta beraz, ortodontzia ez bezala, dentistarengana joatea doako kontua dela.

Izan ere 1990. urtean jarri zen martxan Haurren Hortz Asistentziako Programa bat (PADI izenarekin ezagutzen dena), eta horrek hortz-haginetako oinarrizko asistentzia doan eskaintzen die 7-15 urte bitarteko gaztetxoei (berrikuspen periodikoak, enpasteak, edo baita hortz iraunkorren kontserbazio eta zainketarako beharrezkoa den beste edozein tratamendu ere). Kanpoan geratzen den kontu bakarra ortodontziarena da.
Eta hala ere, 15 urteko euskal gazteen % 13,43k dio sekula ez dela joan dentistarengana, eta PADI programaren bidez horretarako aukera eduki arren ere, umeen % 37,28a bakarrik dira urtero-urtero dentistari bisita egiten diotenak. Esaterako, iaz (2000. urtean alegia) 90.137 ume edo gazte (7 urtetik 15era bitartekoak) izan ziren asistentzia hori erabat doan jaso zutenak, eta horrek doako zerbitzu hau jasotzeko eskubidea duten haur guztien % 60 besterik ez du suposatzen. Esker txarrekoak gu, behin asistentzia egokia eta doakoa eskaini eta horri ere muzin egiten diogunak!!!!


ARALARREN ABIADA

Ildoarena utzi eta Aralarrek indar politiko bat gehiago izatea erabaki du, ezker abertzaleko beste aukera bat beraiek zehaztu duten bezala. Erabakiak ez du inor harritu, eta Batasunaren mugak bere modu gordinenean agertu ditu. Orain ikusteko dago Aralarrek jarduera politikorako duen gaitasuna eta ezker abertzalearen baitan lor dezakeen sostengua norainokoak diren. Hori ikusteko adierazle ugari izango dira egunerokotasunean, baina hauteskundeetakoa izango da neurgailurik esanguratsuena. Bi urtera izango da horretarako lehen termometro garrantzitsua, Hegoaldean udal hauteskundeak izateaz gain Nafarroan Foru Legebiltzarra ere hautatuko baita.


IBARRETXE EZKER BATUA BARIK

HILAREN 11n Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatuko du bigarrengoz Gasteizko Legebiltzarrak, ezkenean Ezker Batuaren (EB) sostengurik gabe. Duela hiruzpalau urte desagertze doinuak ere entzun zituen EBrentzat ametsezkoa izan zitekeen Gobernuan egotea eta Ibarretxeren Gobernuarentzat abiapuntu ezinhobea bakegintzan iragarritako lanari ekiteko. Oso garbi geratu ez diren arrazoiak arrazoi, Gobernu kontuetan behintzat ez dira ados jarri. Bestalde, Ibarrtxek uztaila amaitu aurretik ezagutaraziko du Jaurlaritza berriaren eraketa.


ETA-K GENERAL BAT ZAURITU DU MADRILEN BIZIKLETA-BONBAZ

DUELA hilabete eta erdi pasatxo auto-bonba bat jarri ondoren, bizikleta-bonba bat erabiliz ETAk Justo Oreja generala larriki zauritu zuen, bere bizitza heriotz arriskutik kanpo bada ere. 1990ean ere ETAk polizia nazional bat hil zuen Galdakaon beste bizikleta bonba bat erabiliz. Moto-bonbak aldiz, hirutan erabili ditu, 1980an soldadu bat hil eta general bat zaurituz, 1990ean Pasaian bi guardia zibil zaurituz eta 1998an Manuel Zamarreño PPko Errenteriako zinegotzia hilez. Madrilgo atentatu honetan, halaber, lehergailuak beste 19 pertsona zauritu zituen.


BERRIZ ALARDE ISKANBILATSUA

GATAZKA giroa eta Ertzaintzaren bortizkeria izan dira aurtengo Irungo Alardearen ezaugarri nagusienetakoak. Emakumeak eskopetero gisa desfilatzearen aldekoek udalak antolatutako Alardean partehartzeari uko egin zioten, honek arazoari irtenbiderik ematen ez ziolakoan; eta berriz ohiko Alardean partehartzen saiatu direnean, Irundik kanpoko ulerkortasuna eta elkartasuna lortu bide dute, baina irundarren gehiengoa, epai judiziala eta ertzaintza aurrez aurre izan dituzte. Konparazioak egiteko inongo asmo barik, halako arazo bati irtenbiderik ematen ez zaionean, euskal gizarteak bizi duen gatazkari irtenbidea nola emango zaion pentsatu liteke.


GUTXIENEKO SOLDATA %4,05 IGO DA IPARRALDEAN

FRANTZIAKO Gobernuak % 4,05 igo du langileen gutxieneko soldata, soldata hau SMIC deitu alokairua da. Neurri berria asteko 39 ordu lan egiten dutenentzako da. 35 orduko astea burutzen dutenetzako, berriz, %2,85ko igoera aurrikusi du gobernu honek. Hartara, uztailaz geroztik, Iparraldeko langileen gutxieneko soldata 7.388 liberakoa (185.000 pezeta) da. Espainiako Gobernuak, berriz, % 2 igo du. Hegoaldeko langileen gutxieneko soldata 72.000 pezetakoa izaki (2.880 libera)


ESTATUTUA BERRIZ ERDIGUNEAN

HUMANIDADEEN erreforma, langileen formazioa, transferentzia berrien eza, negoziazio kolektiboaren marko aldaketa. LOAPA zaharrekin ekin zionetik, Estatua modu askotan saiatu da dezentralizatutakoa berriz bereganatzen eta bere agintaldian PPk gogor ekin dio zeregin horri. Honen harira, Xabier Arzalluzek PPren eta EAJren arteko enfrentamendu politiko gogorra iragarri du. Oraindik batere heldu gabe eta urte bukaerarako itxita egon behar duen Kontzertu Ekonomikoaren negoziazioa izango da enfrentamendu horren mailaren termometroetako bat.


ELKARRI: BAKE KONFERENTZIA

BAKE Konferentzia urriaren 1ean hasiko da eta sei hilabete iraungo du, 2002ko maiatzaren 31ra arte. Helburua, euskal gizartea egiten duten oinarrizko faktoreen inguruan folio batean adostasun maila bat lortzea da. Elkarrik jakinarazi duenez, horretarako erabiliko den metodologian ez zaie alderdiei zuzenean partehartzera deituko eta aniztasuneko talde moderatzaile bat beraiekin bilduko da. Horrez gain, gizarte eragileen partehartzea bultzatzeko mintegi, foro eta halakoak eratuko dira. Orain arte ez dago argi agente desberdinek erakutsiko duten jarrera, baina zenbait ezpal antzematen dira jada: PPko zenbaitek ez duela partehartuko iragarri du, ezker abertzaletik eta PSEtik susmo handiz ikusten bide da ekimena, eta gainerakoak bultzaka ari bide dira.

hemeroteka

1814. zenbakia | 2001-07-01
1813. zenbakia | 2001-06-24

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan