«EUSKARARI, ZOR ZAIONA»
Oinarriak plataformak «Euskarari, zor zaiona» kanpainaren barruan, bi milioi eta erdi pezeta (100.000 libera) bildu ditu. 550 pertsonek egin dute bat objekzio fiskalerako kanpaina horrekin. Laguntza eman duten elkarteen artean, Sortzen-Ikasbatuaz, IKA, Euskara Kultur Elkargoa eta Karrikiri elkartea daude. Dirua biltzen hasitakoan, lehen milioia Udako Euskal Unibertsitatea ematea erabaki zuten.
OBRAGINTZA PUBLIKOARI KRITIKA
Euskal Konfederazioak Obragintza Publikoak Hitzarmen Berezian euskal atalari buruz proposatutako egitasmoak kritikatu ditu. Izan ere, Obragintza Publikoaren antolamendua ez da egonkorra, Euskal Konfederazioaren ustetan. Halaber, euskalgintzako taldeak Obragintza Publikoaren erabakietan parte hartzea eskatu zuen erakunde euskaltzaleak. Uztailaren 3an sortzekoa den euskararen Kontseiluak dirurik jaso ez izana ere kritikatu zuen.
HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA
Hizkuntz eskubideak arlo pribatu eta publikoan errespetarazteko, Behatokia jarri du martxan Kontseiluak. Batetik euskararen telefonoaren bitartez, kexu eta salaketak jasoko dituzte. Bestetik, euskararen egoeraz txostenak idatziko dituzte urtero. Eta azkenik, prebentzio lana egingo du.
HIZKUNTZ ESKAKIZUNAK JUSTIZIAN
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak EAEko Justizia Administrazioko hizkuntza normalkuntzarako dekretua onartu du. Horren arabera, langileen %40k hizkuntza eskakizuna lortu beharko dute hamar urteko epean. Lehentasuna euskara zerbitzu hizkuntza izatea ziurtatzea izango da, dena den, zenbait tokitan lan hizkuntza ere izan dadin lan egingo dute.
KULTUR MAIZTASUNA
Euskal Irrati Telebistak pentsatu eta martxan jarri du. Ekainaren 26tik, FM 90.5ean Donostialdean, 100.1ean Bilbo inguruan eta 103.4an Gasteizen entzun ahal da. Radio-EiTB-irratia jarri diote izena. Eta jaiotze une beretik da berezia. Izan ere hori da bere helburua: bereziki kulturara eta musikara eskainitako irrati emisora izatea. Programazio tematikoko irrati berriak udan zehar EHUko udako ikastaroen inguruko hainbat eduki eskainiko du; Gasteizko Jazzaldiari eta Donostiako Musika Hamabostaldiari ere programazio bereziak eskainiko dizkie. Bestelako orduetan EITBko fonotekatan dauden musika eta kultura edukiak zabalduko ditu. Frekuentzia bidez. Maiztasunez.
ARTE AKTIBOA PAPERERA
GASTEIZKO Arte Activo 2000 sustapen zentroak arte eta literaturari buruzko «Arte Activo» lauhilabetekaria plazaratuko du aste honetatik aurrera. Agerkari honen xede nagusia zentroaren kide diren 55 artisten lanen sustapena izango da. Baina horrez gain, aldizkarian artisten estudioetan eginiko erreportajeak, artistei eta idazleei eginiko elkarrizketak eta artikuluak ere argitaratuko dira. 800 pezetatan salduko da aldizkari berria eta 2.000 aleko tirada izango du.
BAIONAKO EUSKAL MUSEOA
GUZTIRA, 4.000 metro koadro ditu orain hamabi urte itxi eta joan den astean berriz ateak zabaldu zituen Baionako Euskal Museo eraberrituak. 76 milioi liberako (1.900 milioi pezeta) inbertsioa burutu da Maison Dagourette izeneko eraikinean kokaturik dagoen museoa berritzeko. Denera, hogei gela prestatu dituzte museoan, guztiak ere gaika antolatuak. 20.000 tresna, 30.000 liburu eta 50.000 ikonografia eta artxiboren bitartez, agro-pastoralismoa, etxe baten arkitektura, jokoak, kirolak, dantzak, erlijioak, itsas jardunak eta Baionaren inguruko gaiak jorratzen dira. Eta honen guztiaren bidez, Museoak euskal gizartearen eta historiaren berri eman nahi du.
JAURLARITZAK LAGUNDUTA
EUSKARAZKO kultur sormena eta ekoizpena sustatzeko xedez Eusko Jaurlaritzak hamar milioi pezetako diru laguntza emango dio Euskal Idazleen Elkarteari. Diru hori besteak beste literatur tailerrak, web orria, Galeusca eta «Idazleekin solasean» programarako baliatuko du elkarteak. Bestalde, Jaurlaritzak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak datozen lau urteetarako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Horri esker, 11 milioi pezeta jasoko ditu elkarteak eta gainera, Azkoitiako Insausti jauregian jarriko du bere egoitza.
EGO-REN UDAKO BIRA
UZTAILAREN 15ean hasiko ditu Euskadiko Gazte Orkestrak udako denboraldirako entseguak Euskalduna Jauregian eta Barakaldoko Kontserbatorioan. Kontzertuak hilaren 26an hasiko dituzte Algortan; ondoren Gasteiz, Donostia, Deba eta Bilbora joango dira. Eta abuztuaren 6an amaituko dute bira Donostiako Musika Hamabostaldian. Lehenengo bost kontzertuetan Tomas Araguesen «Min Eresia», Jesus Guridiren «Diez melodías vascas» eta Nikolay Rimsky Korsakof-en «Scheherazade» obrak eskainiko dituzte.
UDAKO IKASTALDIA
HASIAK dira EHUko XX .Udako Ikastaroak Donostiako Miramar Jauregian. Irailaren 14an amaituko diren kurtsoetarako 182 miloi pezetako aurrekontua baliatu da. Ekitaldien artean, 59 ikastaro, seminarioak eta jardunaldiak, bi kongresu, hiru udako eskola, lau tailer eta hainbat hitzaldi, mahainguru, erakusketa eta kontzertu izango dira. Guztira, 6.000 ikaslek hartuko dute parte 600 irakaslek eskainiko dituzten kurtsoetan.
- Koldo Izagirrek honakoa zioen «Deia»n: «Prosa gehiago argitaratzen da baina hor dago poesiaren edertasuna, salduko ez dela jakin arren, zer misterio ote dauka jendeak poesia idazteko, korrontearen kontra joateko? (...) Genero eternoa da eta baloratuko da noizbait. Nire uste apalean edo harroan, euskal literatura ezin da ulertu poesiarik gabe».
- Zihara Enbeitak adierazitakoa da honakoa «Gara»n: «Bat-batekotasunak bizirik eta indartsu dirauen bitartean idatzia krisian dagoela esan genezake(...)».
- Koldo San Sebastian Hegaz ekoiztetxeko arduradunaren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n jasoak: «Dokumentaletan aukera guztiak Europan daude. EEBBek neurri zorrotzegiak dituzte, eta Hego Amerikak dirurik ez».
- Bernardo Atxagaren aburuz, «euskal literaturak hasierako distira pixka bat galdu du, jada ez gaude maiteminaren fasean. Momentu lasaia da, baina baita arruntagoa ere. æBest-sellerÆak idazten ari direnak ere badira. Lurralde konkistatua da, publikoa dago, argitaletxeak daude». Adierazpenok «Deia» egunkarian egin zituen.
Argazkiak gaztelaniaz dioen bezala, larrialdi egoeran gaude. Izan ere, Osakidetzako euskalduntze plana 1998an hasi zen lantzen eta oraindik ez da argitara eman. Laster aprobatuko da berau arautuko duen dekretua, jarduneko Kultura sailburu Mari Carmen Garmendiak esan zuenez. Ea hala den.
Itxaro Bordak «Entre les loups cruels» izeneko liburua plazaratu berri du Maiatz elkartearen eskutik. Liburu hau da elkarte honek martxan jarri duen sail elebidun berriaren lehen lana. Bertan, «Gara»n argitaratutako bi ipuin eta Herri Urratsentzat eginiko beste istorio bat biltzen ditu Bordak.
Eugenio Aginaga arkitekto arrasatearrak Xabier María de Munibe Arkitektura saria jaso du. Besteak beste, Galeako Golf Kluba eta Bilboko Etxezuriko dorreak berak eginak dira.
Aitor Arana, Juan Karlos del Olmo, Juan Ramon Madariaga eta Patxi Juaristiren lanak aurkeztu berri dituzte Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxak. Hain zuzen, hauen obrak suertatu ziren bi erakundeek antolatutako lehiaketan irabazle.
Eduardo Txillidaren ehun bat obra daude ikusgai Pariseko Jeu de Paume galerian iraila arte.
Gari Berasaluzeren hitzak dira hauek «Gara»n esanak:
«(...) Erdarazko idatzitako euskal literatura ez da existitzen. Ezinezkoa da, euskaraz ez dakien norbait euskalduna ezin izan daitekeen modu berean. Euskaraz ez dakien euskal herritarra, horixe da: euskal herritarra. (...) Nola esan daiteke, beraz, erdaraz idatzitako euskal literatura badenik ere? Erdaraz idatzitakoa ezin da euskal literatura izan, sekula santan. Gurean idatzita baldin badago, asko jota, literatura euskal herritarra izanen da, gazteleraz, frantsesez, portugesez edota erromantxeraz idatzita egon arren. Inoiz ez euskal literatura. Orduan, euskal literatura zer den galde dezake oraindik ideiak oraindik erabat nahasita dituen norbaitek. (...) Euskaraz idatzitakoa da euskal literatura, Euskal Herrian, Nikaraguan, Korean edota Kamerunen idatzi arren. Zer dira euskal liburuak? Euskaraz idatzitakoak, nobelak, poemak edota fisika kuantikoaz ari diren liburukoteak, berdin dio, baina euskaraz idatzitakoak. Erdaraz idatzitako zenbait euskal gaiei buruzkoak izan daitezke, edota Euskal Herrian idatzitakoak. Baina erdaraz idatziak badaude, logika hutsez, ezin euskal liburuak izan. (...) Eta gainera, ohartzeke, zenbait erdararen atzean dauden nazionalismo zapaltzaileei jokoa egiten diete horrelako ideiek. Izan ere, euskararik ez dakiten euskaldunez bete dizkigute bazterrak eta batzuen buruak (...)».
Euskal Herrian Euskaraz taldeak manifestazioa egin zuen Gasteizen, ekainaren 23an, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Alderdi, sindikatu nahiz talde ugarik egin zuten bat EHEekin, besteak beste, LAB, AEK eta IKAk. 2000tik gora pertsona Gasteizen egungo legeekiko desadostasuna agertzeko.