Oporrak ibaian
Uda, beroa, eguzki kixkalgarria... itzal bila gabiltza baina aurkitzen garen parajean ez dugu horretarako aukerarik. Ez litzaiguke hori gertatuko ordea, gure atseden egunak ibaian edo ibaiertzean igaroko bagenitu. Hortxe bai aurkituko genukeela bilatzen gabiltzana, freskotasuna, ura eta lasaitasuna. Ez dugu urrutira joan beharrik, Euskal Herrian ibai ugari baitugu, baina bila gabiltzana etxetik aldentzea bada, hemen, abentura kitzikagarriak bizitzeko moduko zenbait proposamen. Errusiako Volga ibaiaren iruzurrak ezagutuz hasiko gara, Coloradoko Arroil Handia, Ganges, Ebro... eta gure inguruko ibaien aberastasun geografiko eta biologikoa ezagutuko ditugu, hori bai, kirola eginez, bizikletan, piraguan edo igerian. Merezi du oraintxe bertan uretan murgiltzea.
Igande arratsaldeak arintzeko, Astrakan hiri errusiarreko biztanleak itsasontziz paseatzen dira Volgan gora eta behera. Merkea da, ordubeteko txangoa sei errubloren truke (35 pezeta inguru) eta Europako ibai luzeenari arreta eskaintzea ere ez da derrigorrezkoa. Barkuaren barnealdeko mahai bakoitzaren inguruan familia bat dago, edo gazte talde bat, edo bikote isil bat. Familiek saskietan dakartzate patata eta arrautz egosiak, arrain lehorra, pepinotxoak, vodka botilak. Gazteek garagardoa edaten dute, zigarroa itzali eta zigarroa piztu. Bikoteak aspertu egiten dira.
Volgari ez dio ia inork jaramonik egiten. Urruti utzi dugu, irla nagusian, Astrakango Kremlin panpoxa űtarta txuri-berdea osatzen dute gotorleku, jauregi, elizek- eta periferiako auzo zatarren parean nabigatzen dugu. Porlanezko blokeak -hogeita hamar solairu-, domino-fitxa sobietarren moduan lerrokatu zituzten. Armiarma erraldoien hankak diruditen garabiak kai ertzetan; fabrika herdoilduak ilunpetan; plastikoak eta gasoilaren ostadar puskak urazalean. Itsasontziaren goiko kubiertatik tabako paketeak eta vodka botila hutsak botatzen dituzte, pluf, Volgara.
Europako ibairik luzeenaz ez dakigu ezer, agian bere 3.688 kilometroak txintxo-txintxo betetzen dituelako Errusiako mugen barruan kaiolaturik. Horixe diote atlasek, Volga ez dela sekula Errusiatik ateratzen, baina ibaiak baditu bere ihesbideak: kanal sistema korapilotsu batek itsaso Baltikoraino eraman gaitzake Volgaren iparraldetik, eta beste ubide batek Don ibai anaiarekin lotzen du Volga, elkarren arteko zilborrestea balitz bezala. Vodkazale jakintsuenek diotenez, Volga beti Kaspion itsasoratzeaz aspertzen denean, eta Don ibaia itsaso Beltzarekin eta Mediterraneoarekin bat egiteaz nazkatzen denean, ubide horren bitartez urak trukatzen dituzte bi ibaiek isilpean. Eta Errusiako erakunde hidrologikoetako agintariek ezer ez dakitela, Volgak ihes egiten du Mediterraneora, eta haren ordez Donen urak iristen dira Kaspio itsasora.
Agintari hidrologikoek zerbait susmatuko balute ere, ezinezkoa litzaieke Volga kontrolpean mantentzea: Astrakandik aurrera, urak izkin egiten dio bide markatuari eta ibaia mila adarretan zatitzen da, itsasoratu aurretik delta handi bat sortuz. Ur eta lurrezko labirinto honek Nafarroaren tamaina dauka, eta 150 kilometro bete behar ditugu padurak zeharkatu eta Kaspiar itsasora iristeko.
Volgaren delta nahaspilatuan galdutako herrixka da Olya. Ibai ondoko aterpean jarri dugu gure kanpamendutxoa, eta bisitan etorri zaizkigu aitona mozkortiak, txalupaz vodka erostera iristen diren soldaduak, lotsa gutxiko haurrak... Alona, Rania, Tania eta Fatima neskek 8 urte dauzkate; Pasha, mutilak, 10, eta mimika bidez elkar ezagutzen ibili gara. Laster ikusi dugu, hizkerangatik eta
azal ilunarengatik, errusiarrak ez direla. Ijituen itxura hartu diegu, baina kalmikiarrak dira, inguru hauetako puzzlearen beste zati bat: Astrakango probintzian, errusiarrak, ukrainarrak, kazakiarrak, tartariarrak, kalmikiarrak, nogaitziarrak, txetxeniarrak eta turkmeniarrak bizi dira. Volgaren itsasoratzera ez da ia inoiz kanpotarrik iristen, eta motxiladun estralurtarrei bezala begiratu gaituzte Vishkako kaian. Militar harroputz batek etxola batean sartu gaitu eta pasaporteak eskatu dizkigu. Gure izenak hartu ondoren, itsasora sartzeko txalupa bat alokatzeko asmoa dugula esan diogu, eta 100 dolar eskatu dizkigu (20.000 pezeta inguru). Diru gehiegi dela erantzun, eta militarrak vodka botila bat ireki du gure ohoretan. Txaluparen kontua alde batera utzita, vodkari ekin dio, hizketan hasi da, eta gero eta gehiago hurbildu zaie neskei. Ordubete pasa dugu militarraren ezkontza proposamenak entzuten, solasaldia txaluparen gaira eramatea lortu dugun arte. Oraingoan 30 dolar eskatu dizkigu eta baiezkoa eman diogu, haren ondotik alde egiteagatik batez ere.
Denis arrantzale gazteak gidatu du txalupa, Volgaren deltatik Kaspion barrena. Itsasoko fauna eta flora aberatsak baditu espezie ugari, militar gogaikarriez gain: ur gaineko irla flotanteetan loto landarea da nagusi, eta han ibiltzen dira kastorrak, mapatxeak, azeriak... Airean, kaioak, enarak, lertxunak eta flamingoak ikusi ditugu. Uretan ez ditugu sumatu, baina hortxe dabiltza igerian gaizkata (esturión) arrai preziatuak.
Kabiarraren etorkizun beltza
![]() |
|
||||
1814 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa