Ibaiak, beste batean, itsasoan edo lakuetan amaitzen diren ur-korronte natural eta jarraiak bezala definitzen dira. Baina ekologia ikuspegitik, ibaiak hori baino askoz gehiago dira. Ibaiak ekosistema zabalak eta irekiak dira, zeintzuetan, bokalerantz hurbiltzen garen heinean garapen maila handiagoa azaltzen duten komunitate biologiko aberatsak eta interesgarriak aurkitzen baititugu.
Ibai zati desberdinak
Behe-ibilguan ibaia lautadara iristen da, eta horrek heldutasun eta konplexutasun handiagoa ematen dio. Han, aldapa leunetatik iragaiten du, denborarekin baztertuko dituen meandro zabalak deskribatuz. Ubideak zabalak eta sakonak dira eta korrontea motela izan ohi da, zenbait tokitan geratzera ere irits daitekeelarik. Ur geldiko alderdietan limo gehiago ageri da. Ibaiaren tarte horretan urte sasoi desberdinen artean hozbero aldaketa nabarmenak gertatzen dira eta disolbatutako oxigenoaren kontzentrazioak gorabehera handiak jasaten ditu. Oxigenoaren jatorria soilik fitoplankton eta uretako landareen fotosintesian bilatu behar da, aldapa-leuntasuna dela eta, uherdura eta ur lasterrei esker lor daitekeen oxigenoa hutsaren hurrengoa baita. Horretan datza ertzetako basoak ongi mantentzearen arrazoi nagusietakoa: hauek ematen duten itzalak uraren tenperatura gehiegi ez igotzea ahalbidetzen du eta horrela oxigenoaren galera askoz ere txikiagoa da. Hala ere, gauetan, landareek fotosintesia egiten ez dutenean, oxigenoa eskasiak gerta diatezke, uda aldean batez ere.
Espero daitekeen modura, behe-ibilguan ibaiertzetako basoak garapen eta konplexutasunik gorena lortzen ditu. Gizakiak oraindik eraldatu ez dituen ertzetan (baten bat gelditzen bada), eskualde eurosiberiarrean, haltzadien atzean, ibarretako lurzoru sakon, heze eta emankorretan garatzen den lizardi izeneko basoa agertzen da. Lizardiak baso itxi eta trinkoak dira eta bertan, lizarrez gainera, beste hainbat zuhaitz espezie bizi da: astigarrak, zumarrak, ezkiak, haritzak... Eskualde mediterraneoko ibarbasoetan, makaldien atzean, zumardi izenez ezagunak diren baso jori eta hezeak aurkitzen ditugu. Bertan zumar hostotxikia da nagusi den zuhaitza, baina berarekin batera lizar hosto txikiak, elorri espezie desberdinak eta hainbat lahar eta arkarats bizi dira.
Bestaldetik, kutsadura handia ez bada, ornogabeen fauna aberatsa eta anitza izaten jarraitzen du. Ornodunak ere, geroz eta ugariagoak dira, iraungipen arriskuan dauden igaraba eta bisoi europarra bezalako espezieak leku horietan agertzen direlarik. Hauekin batera, hegazti komunitate ikusgarriak agertzen dira, batez ere, Euskal Herriko hegoaldeko ibaien ibarbasoetan.
Ibaiak eta gizakia
Testuinguru honetan kokatu behar dira udaro, gehien degradatutako ibaietan gertatzen diren arrainen heriotz masiboak. Guztion atsekabea sortzen duten egoera tamalgarri hauen aurrean arduradun politikoen ahotan «arrazoi naturalak» esaera entzutea ohikoa bilakatu da. Ezin da ukatu, heriotz masibo hauetako gehienetan ez dagoela gizakiaren aldetiko ekintza zuzenik, baina egia da ere arrainen heriotza eragiten duten faktore «natural» horiek gizakiak ibai eta ibaiertzetan burututako eraldaketen ondorio direla. Lehenago aipatu den moduan, ibaien erdi eta behe ibilguetan, udan batez ere, oxigeno eskasiak gerta daitezke modu naturalean, baina egia da ere, ibaiek badutela egoera horiei aurre egiteko baliabiderik eta ongi kontserbaturiko ibaietan, egoera horiek ez direla kezkagarri bihurtzera iristen. Hala ere, gure ibai gehienetan burutu diren kanalizazio basatiek, ibaiertzetako landaredia suntsitzeaz gain, kasu askotan ubideak ikaragarri zabaldu dute. Honi, zentral hidroelektrikoen ondoriozko ur-emariaren urritzea eta kutsadura organikoaren ondorioz, ibai-hondoek azaltzen duten elikagaien kontzentrazio handiak gehitzen bazaizkio, udan, uraren tenperatura ikaragarri igotzea eragiten duen eguzkitzapen handiko egunetan edo ekaitz gogor batek hondoak nahasten dituen egunetan, oxigenoaren gora-behera handiak gertatzen dira eta, zenbait kasutan, gauean, ura oxigenorik gabe gelditzera irits daiteke, honek arrain eta uretako gainontzeko faunaren heriotza eragiten duelarik.
Errealitate latz honen aurrean ibai eta ibaiertzekiko politika ekologia parametroak kontuan hartuz diseinatu eta burutu behar dela aldarrikatzen duten ahotsak geroz eta ugariagoak diren arren -azken hilabetetan baita administrazioko hainbat arduradunen aldetik ere, era honetako adierazpenak entzun ahal izan dira-, kanalizazioak eta ibaiertzen suntsidurak bultzatzen jarraitzen dute gure geografian zehar. Neurri hauek defendatzeko erabili ohi diren argudio nagusia, kanalizazioek uholdeetatik babestu egiten dutela dioena da. Baina beren ibaiak erabat kanalizatuak dituzten hainbat herrialdetan maiz gertatzen diren ur-gainezkatzeek errealitatea bestelakoa dela frogatu digute. Herrialde horietako zenbaitetan, kanalizazioak bota eta ibaiertzak leheneratzeko burututako esperientzia arrakastatsuak zeozer erakutsi beharko liguketelakoan nago.
Hala ere, gure arduradun politikoen buruetan ikuspegi ekologikoa sekulan kontuan hartu ez duen ingeniariaren mentalitatea nagusi da eta orain arte alferrikakoa izan da ibai-kanalizazioak baino modu originalagoak, eraginkorragoak eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa erakusten dutenak erabiltzeko egindako lana.
Komunikabideetan ere, ibaien errekuperazioaz hitz egiten denean, ura garbitzeko aurrera eraman diren eta eraman nahi diren egitasmoak baino ez dira aipatzen. Ibaiekiko politikak orain arteko dinamika jarraitzen badute, etorkizunean, agian, ibai garbiak izatea lortuko da, baina nekez lortuko dira ibai biziak
![]() |
|
||||
1814 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa