Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-01 -- 1814.zenb

ERRUAREN ZAMA EZ DA BESTEENA BAKARRIK

Katixa Garate

Antzerkira joaten garenean barre egiteko asmoz joaten gara askotan, baina gogoeta egiteko mediorik egokienetakoa ere bada. Kontatzen diguten istorioa entzun, asimilatu eta gure ondorioak ateratzen ditugu beste askotan. Horixe da Enzo Cormann dramaturgo frantsesaren «Sigue la tormenta» antzezlanarekin gertatzen dena.

Ekaitza hastear dago Ur taldearen «Sigue la tormenta» antzezlanaren hasieran. Nathan Goldring Berlineko Neue Bühne antzokiko zuzendaria Theo Steiner aktore ohiaren bizilekura joan da. 1996. urtea dugu eta Steiner antzerkitik eta bizitzatik aldendurik egon da hogei urtetan. Nathan Goldringek William Shakespeareren «Lear erregea» taularatzea du buruan eta Steinerrek erregearen papera joka dezan, jo du berarengana. Goldringek 15 urte zituenean, Steiner ikusi zuen antzoki batean eta liluratuta geratu zen. Goldring gazteak ez du bere nahia beteko ordea. Izan ere, Theo Steinerrentzat antzerkia bi ahoko arma baita.
Jose Tomek jokatzen du Nathan Goldring zuzendari gazte austriarraren papera. Theo Steinerren larrutan, aldiz, Walter Vidarte uruguaitarra sartu da. Tome Ur taldean aritu izan da haren sorreratik. Vidarterentzat Ur taldearekin lan egiten duen lehen aldia da.
Ez gaude ohituta «Sigue la tormenta» bezalako obra bat ikustera Ur taldearen eskutik. Izan ere, azken hamarkadan Shakespeareren antzezlanak taularatu ditu, «Sueño de una noche de verano», «Romeo y Julieta« eta «Trabajos de amor perdidos», hain zuzen. Obra hauekin arrakasta handia lortu du Ur taldeak Euskal Herrian nahiz atzerrian. Horren adierazgarri dira Espainiako Antzerki Sari Nazionala (1993), eta El Cairoko Nazioarteko Antzerki Jaialdian (1993) nahiz Habanako Arteen Jaialdian (1995) jasotako sariak. Aipatu ikuskizunak pertsonaia ugariko lanak ziren, akzio gehiago zegoen. Oraingo proposamena ezberdina da, obra garaikidea da eta testu antzerkia izaten jarraitzen badu ere, eszenografia xume batean, bi pertsonaia daude aurrez aurre eta hitza da nagusi.
Steinerrek badu arrazoirik «Lear erregea»ri uko egiteko. Hogeita bi urte zituela, II. Mundu Gerra betean, bere guraso musikariekin batera, Terezineko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Esaten zutenez, Hitlerrek juduentzako hiri bat eraiki zuen Praga iparraldean gerraz babesteko: Terezin. Arte eta kulturako pertsonaia ugari deportatu zituzten hara, eta bertan kontzertu, antzezlan eta bestelako ekitaldi ugari egin ziren. Propaganda pelikula bat eta guzti filmatu zen: «Hitlerrek hiri bat oparitu die juduei». Bertan hasi zen Theo Steiner antzezten eta horrexek salbatu zuen heriotzetik. Terezinetik judu ugari, Steinerren gurasoak tartean, Auschwitzeko gas ganberetara eramanak izan ziren. Esparruko Karl Rahm komandantea liluratuta geratu zen Steiner «Lear erregea»-n Edgardoren paperean ikusi zuenean eta horrek heriotzetik libratu zuen.


EDERTASUNA ETA IZUGARRIKERIA.

Terezinetik alde egin zuenean, aktore lanetan jarraitu zuen Steinerrek. 1976an «Macbeth»en muntaian hartu zuen parte Vienan. Laugarren emanaldia egin ondoren, antzerkia uztea erabaki zuen. Egun hartan Rahm komandantearen bisita jaso zuen, egindako emanaldiagatik zoriontzeko. Eta gertakari hark antzerkia uztea eragin zion Steinerri. Errudun sentitzen zen eta sentimendu hura gogorregia zen berarentzat. Horrek dena uztea eragingo dio eta baserri batera joango da, bakarrik eta pintatzen emango ditu orduak.
Aurrez aurreko antzezlan honetan holokaustoa da hizpide eta ez da saihesten gizakiak historiaren atal ilunenetan duen erantzukizuna. Bai Goldring bai Steiner juduak dira, baina bi belaunaldi ezberdinetakoak eta euren bizipenak ezberdinak dira. Halaber, ikuskizunak antzerkiaz dihardu, zuzendari eta aktoreen gatazkaz, eta antzerkiaren beraren edertasun eta izugarrikeriaz. Hori guztia esaldi erabatekoez eta Tome eta Vidarteren aktuazio intentsoez lagunduta. Dena den, aktoreen indarra nolabait galduta ikusten da, gogoeta eginarazten digun arren, ikuslea hotz uzten duelako, ez dio barrua mugitzen. Lehen emanaldiak direlako izango da segur aski.
Estreinaldia Donostiako Antzoki Zaharrean izan zen ekainaren 14 eta 17a bitartean, eta ondoren Alcala de Henaresen izan da taldea. Irailean berriz ere ekingo diote birari eta Gasteizen, Iruñean eta Santurtzin izango da ikuskizun gogor eta sakon honetaz gozatzeko parada

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan