Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-06 16:03:20
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-01 -- 1814.zenb

DANK

Dank
GOR
10 kanta
2.450 pezeta
98 libera

Nafarroako Burlata herrian dagoen «Ruido» estudioetan grabatua izan da Dank musika taldeak, Gor diskoetxearen eskutik, aurkezten duen disko hau. Mezu zuzeneko hamar kanta kañero, dantzatzeko modukoak eta inongo joera nabarmenik azpimarratzen ez dituztenak dira Imanol Goñiren ahotsaz, Ritxar Sanzen gitarra zein ahotsaz, Ion De Luisen gitarra, sanpler eta programaketaz, Ritxar San Martinen baxuaz eta Txema Belaskoren bateriaz osaturik dagoen Dank taldeak eskaintzen dizkigunak: «Malkoak, euria bezala», «Dena salgai dago», «Atsedenik ez», «Zorameneruntz bidaia», «Urrats bakoitzean», «Bukaeraren hasieran», «Laberintoan galduta», «Bazen garaia bizirik gaude», «Euskaldunberriak» eta «Ihes egin dezagun»en bertsioa, hain zuzen ere.

AZERI-ZULOA

Pello Esnal
ELKARLANEAN
223 orrialde
1.750 pezeta
72 libera


PELLO ESNAL, JOSEBA JAKA II. BEKAKO SARIDUNA

Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren Joseba Jaka Literatur Bekak bere bigarren edizioan saritutako lana dugu Pello Esnalek idatzitako hau, «Azeri-zuloa», adin txikikoek erreformatorio bezala ezagutzen diren askatasunik gabeko etxe horietan bizi eta jasan behar izaten dutena gaitzat daukan eleberria. Andoni, hamar bat urteko mutikoa da narrazioaren protagonista nagusia, eta bere ahotik ezagutu ahal izango du irakurleak Rokerfort ezizenez ezagutua den fraideak gobernatutako etxe itxi horretan giltzaperatua izatearen zergatia, eta nolako bizitza eraman behar izaten duen bertan. Bere herritik indarrez atera eta gero mutiko nafar horrek dauzkan galera guztiak islatzen ditu Pello Esnalek nobela hunkigarri honetan. Izan ere, askatasuna ez ezik, guraso eta senideak ere galduko ditu umeak, bera bezalako mutil zigortuak eta zaintzaile dauzkaten fraideak besterik ez dauden erreformatorioan. Galtzeagatik, izena ere galdu behar izango du, agintedunek Antonio deitura ofiziala ematen diotelako eta bere kideek Chacharolas izen mingarria. Eta hala ere, azpikerietan dabiltzanak bezala, irribarrea eta laguntza emateko prest dauden lagunak ere aurkitu ahal izango ditu bertan.

XX. MENDEKO POESIA KAIERAK: LAUAXETA

Antologia egilea,
Koldo Izagirre
SUSA
58 orrialde
700 pezeta
28 libera


ESTEPAN URKIAGA, LAUAXETA

Euskal poeten gorazarre izan nahi duen «XX. mendeko poesia kaierak» bildumaren hirugarren argitaldia aurkeztua du dagoeneko Susa argitaletxeak Aurrekoetan bezala, Koldo Izagirrek egina da poeta bakoitzaren antologia, bibliografia, diskografia eta haren lanari buruzko gogoeta. Lauaxeta handia dugu sorta berri honetan agertzen diren olerkarietatik bat. Eta ofizioko lehen idazle euskalduna, gure aurreneko balada modernoaren egile, Europako lankideen duintasun literario berdinean bizi izan zen poeta dugu, besteak beste, Lauaxeta, Koldo Izagirreren hitzetan. Bere lana ezaguna da gure artean, batik bat Antton Valverde, Imanol, Hibai Rekondo eta beste abeslariek eskaini dizkiguten bertsioengatik. Baina asko izan dira baita haren figura eta heriotza tragikoa kantatu duten poetak.
MATTIN MOTTELA

Jose Mari Satrustegi
IBAIZABAL
132 orrialde
1.450 pezeta
58 libera


JOSE MARI SATRUSTEGI, «GAILURREAN» BILDUMAN

Nafarroako Sakana bailaran ahoz aho aspaldi batez kontatu ei ziren ipuinak jasotzen ditu Jose Mari Satrustegik «Mattin Mottela» liburuan, Ibaizabal argitaletxean plazaratu duen honetan. Ipuin horiek denek dute puntu amankomun bat, alegia norgehiagokan apalak, haundi-maundiak edota ahulak indartsuena garaitzen duela beti, eta bistan da, oso atseginak suertatzen zaizkio edonori, irakurleak bere ezintasun eta gabeziak uxatzen dituelako pertsonaiaren garaipenean bere ametsak txertatuaz. Ama gabeko haur tentel antzeko bat dugu Mattin Mottela, eta halere agintedunei, elizgizonei zein lapur ankerrei irabazten daki. Bere antzekoa da Joan Soldadu, beste ipuin sortaren protagonista. Elezuri, berriz, baserritar alfer handi bezain azkarra dugu. «Burundako sei gizon» deitu atalak eta «Emakume indardunak» osatzen dute liburua.

DULCE TIERRA PROMETIDA. UN PASTOR VASCO EN EL OESTE AMERICANO
ROBERT LAXALT
Ttarttalo
188 orrialde
2.500 pezeta
100 libera


ARTZAIN EUSKALDUN BATEN BIZITZA AMERIKETAN

Nevada estatura etorkin gisa joandako artzain euskaldun batek bizi behar izaten dituen gorabeheretan oinarriturik dago Robert Laxalt idazle ospetsuak jadanik duela hogei urte ingelesez argitaratutako nobela hau, orain Ttarttalo argitaletxeak gazteleraz eskaintzen duen «Dulce tierra prometida. Un pastor vasco en el oeste americano». Maite Puignauk gazteleratua izan da, Roslyn M. Frank-en laguntzarekin. Liburuaren hitzaurrea, berriz, David Río Raigadasek idatzi du. Robert Laxalt, EEBBetako sartaldera etorkin gisa joandako euskaldun batzuen semea genuen. Oso kazetari ospetsua izateaz gainera, narratibari eskaintzen zaion Pulitzer sarirako bi aldiz izendatua izan zen eta Estatu Batuetan zein Europan zehar best-seller izatera iritsi ziren hamasei libururen egilea ere bagenuen.

TXAPELKETA NAGUSIRAKO
GIPUZKOAKO SAILKAPENA

Batzuen artean
GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
240 orrialde


HIRUROGEI BERTSOLARIEN BERTSO HAUTATUAK

Hirurogeita sei bertsolarik eman zuten aurten bere izena Gipuzkoan jokatu zen Txapelketa Nagusirako sailkapenean parte hartzeko, horietatik sei bigarren faserako zuzenean sailkaturik geratu baziren ere. Eta bi hilabeteren bueltan Gipuzkoan zehar jokatutako sailkapenetan gertatutakoaren lekukoa izan nahi du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak kaleratu duen «Txapelketa Nagusirako Gipuzkoako Sailkapena 2001- Bertso aukeratuak» liburuak. Baina ez du soilik burututako hemezortzi saioetan entzun ahal izan ziren bertsoen testigantza eskaintzen, horien atzean egon den lan itzelaren eta oraindik burutzeke dauden hainbat proiekturen azalpena ere izan nahi duelako, bide batez oraindaino eta etorkizunean bere egitasmoan parte hartu duten eta hartuko duten guztiei bere eskerrik beroenak emanaz.

MITOAREN AGERPENA
MIGEL ANGEL UNANUA
HIRIA
76 ORRIALDE
1.450 PEZETA
58 LIBERA


HIZKERA POETIKOA HIZKERA LOGIKOAREN ALDEAN

Hamarkada oso bat joan zaio Miguel Angel Unanuari -1989an «Ogen-liliak» poemarioarekin Lizardi Saria eskuratu zuen zaldibitarrari- «Mitoaren agerpena» burutzen. Poema bilduma da hauxe ere. Tarteka, etenaldi luzeen buruan eta jarraipen handiegirik gabe, olerkariak ondutako poemak jasotzen baitira bertan. Eta poema hauek duten lotura formala da izatez, Miguel Angel Unanuak esateko era lehenetsi duelako esateko zuenaren gainetik, eta esateko zuen horixe azaltzerakoan ere ahalik eta irizpide formalenean ematen saiatu delako. Poeta honen iritziz, literatura da mitoaren erresuma eta poesia mitoaren mintzoa. Beraz, poesiaz baliatu da mitologiaren epifania hau burutzeko orduan ere, Lawrence Durrell, Oteiza edo Txillida itsumutil izan dituelarik ezagupide eta eremu poetiko berriak aurkitzerakoan.

MUSIKER. CUADERNOS DE MUSICA 12
BATZUEN ARTEAN
EUSKO IKASKUNTZA
212 ORRIALDE
2.300 PEZETA
92 LIBERA


LUIS DE PABLO EUSKO IKASKUNTZAREN «MUSIKER»EN

Iaz bete zituen hirurogeita hamar urte Luis de Pablo musikagile bilbotarrak, eta hori zela-eta makina bat ekitaldi antolatu ziren han-hemen. Eusko Ikaskuntzaren «Musiker. Cuadernos de Música» aldizkariak ere, bere hamabigarren zenbakian, harekiko duen eskerra azaldu nahi izan du, Luis de Pablok eginiko lanari buruzko lau idazlan bere orrialdetan jasoz. Horretaz gain, eta besteak beste, organoari eskainitako bi lan ere baditu, Jose Antonio Arana Martijak argitara emandako «Musikaren argitaratzea Euskal Herrian», Fernando Remacha musikagile tuterarra oroitzen duen Marcos Andrés Viergeren «Arte, música y semántica de autores. Un caso práctico: Fernando Remacha y la poética del 27» azterketa, eta Carmen de las Cuevas Heviak idatzi duen «Donostiako Orfeoia eta euskal konpositoreak» lana.

hemeroteka

1813. zenbakia | 2001-06-24
1812. zenbakia | 2001-06-17
1811. zenbakia | 2001-06-10
1810. zenbakia | 2001-06-03
1809. zenbakia | 2001-05-27

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan