Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-07-01 -- 1814.zenb

Jose Mari Olarra, HBko Mahai Nazionaleko kide ohia: «Burujabetzaranzko akordio zabal batek amankomuneko puntuak lantzea exijitzen digu, horiek gauzatzea posible eginez eta beren sendotasunerako oinarriak jarriz».
Gabi Basańez, Euskal Herrian Euskarazeko kidea: «Hortaz, fase batean lege horiek aprobetxatzen ibili gara , baina horrek goia jo duela uste dugu (...)Hor egiten duzu topo ofizialtasunarekin: itxurazko ofizialtasuna badago, baina edukirik ez».

Jakoba Errekondo

Bougainvillea ondo izen zaila izanagatik, erraz asko ikasia du, dagoeneko, lorazale jendeak. Bougainville abizeneko Louis Antoineri (Paris, 1729 - 1811) zor diogu. Matematikari, zientzialari, legegizon, gudari eta esploratzaile, 1767 eta 1769 artean munduari bira jo eta idatzi eta Itsaso Bareko zoko ugaritan izen-arrastoa, ezagunena Papua Ginea Berrian, utzi zuen marinel honen ohorez darama landare-genero batek izen korapilatsu gogaikagarri hau.

Hego Ameriketako lur tropikaletakoa bada ere, egun mundu osoko lurralde epeletan landare apaingarrietan erabilienetakoa dela esan daiteke; Nairobiko aireportutik hiribururainoko kilometro eta kilometro autopistan, Dubrovnikeko jauregi edo txabola, etxe gehienetan, itsasoko haize-punttua duten euskal herrietan... turismoak eragindako kolonizazio bizian ari da Bougainvillea mundu osoan. Epelaren bila joan eta txoratu antza dabilen egun apur horietan bere loraldiaren onenean ikusten du eta etxera nahi eta nahiez ekarri egin behar. Hogeita bost metro arte hazita, lore more, larrosa, laranja edo zuriz lepo, espektakulu txoragarria da bai, baina han. Landareak ekarri eta orduantxe hasten dira komeriak: ez da hazten, berdea zena ihartze-aldera makurtzen da, soildu eta laster batez! Bougainvillea ohaide garesti horietakoa da: lur asko eta gozoa, ura ugari baina ito gabe, lasai hazteko hesi, horma edo abar eskuera, egutera-egutera, neguan berokia eta abar dira lorea oparo ematea nahi baduzu ezkontza kontratuan jarriko dizkizun oinarrizko eskaerak. Hortik aurrerakoak zerorren abilidadea, bakoitzak bere artea...

Jabier Agirre

Alkohol kontsumoak behera egin du. Espainian, oro har (eta pentsatzekoa da Euskal Herrian ere antzera ibiliko garela), baina gazteen artean, eta bereziki nesken artean, kontsumoa igo egin da.

Duela hilabete pare bat aurkeztu zen Drogei buruzko Plan Nazionala esaten zaion ikerketa handia, 3-4 urtean behin egin eta ondoren kaleratzen dena. Alkohola drogen artean sartzen da, eta ikerketa horrek puntu honetan erakusten dituen emaitzak kezkagarriak dira, nire iritzian bederen. Goazen pausoz pauso.
Espainian asko (eta seguruenik gaizki) edaten da. Baina kezkagarriena ez da hori, alkoholaren kontsumoaren inguruan eta horrek dakartzan arazoen inguruan gure artean dagoen tolerantzia sozial ikaragarria baizik. Alderdi positibo bezala esan daiteke alkohol-kontsumoa, pertsonako eta urteko, nabarmen jaitsi dela azken urteotan. Horrela, 13,5 litrokoa zen 1980. urtean eta 10,1 litrokoa 2000. urtean. Baina alderdi kezkagarrienetako bat bezala, nabarmendu beharra dago gazteak gero eta goizago hasten direla alkohola edaten; horrela 15-19 urte bitarteko gazteen laurdena baino gehiago (% 26) 15 urterekin hasi ziren alkohola kontsumitzen: zerbeza hasieran, eta konbinatuak (alkohol-graduazio altuagoa dutenak) ondoren.
Neska gazteen taldera etorriz, 15-19 urte bitarteko nesken erdiak aitortzen du azken hilabetean edan egin zuela, 1997an galdera horri baiezkoa eman ziotenak % 37,7 izan ziren bitartean. 13 puntuko igoera, beraz, 3 urtetan. Agian, "gertakari edo episodio iragankorra" izango da, baina gurasook badugu zertan arduratu eta zerekin kezkatu, nire ustez


BATASUNA ABIAN DA

HERRI Batasunak 23 urteko ibilaldia egin ondoren, Batasuna ezker abertzaleko erakunde berriak hartu du haren lekukoa. Euskal politikagintzaren ardatzetakoa izan da HB urte hauotan, eta Batasunaren garrantzia ere berezia izango bide da, ezkerreko abertzaletasunaren agerle politiko garrantzitsuena da eta. Molde desberdineko erakunde berri bat atera da -batez ere Euskal Herri osoan arituko delako eta eraketa berria izango duelako- baina ukitu zahar asko atzean uztea ere ez da gauetik egunera gauzatzen dena. Ageriko bi koxka behintzat agertu zaizkio bere abiatze honetan: bata Batasuna prozesuan parte hartu eta azkenean Batasunan sartu ez direnak; bigarrena, Iparraldean ABren baitan sortu duen arraila, denborak esango duena norainokoa den.


ALAIN LAMASSOURE HAUTETSIEN LEHENDAKARIA

BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) barrutiko Alain Lamassoure presidentea da Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko lehendakari berria. Alain Lamassourek Paueko Kontseilu Nagusiko Jean-Jacques Lasserre lehendakariaren lekua hartu du. Lehendakari berriak teknologia berrien irakaskuntza, kultura eta hizkuntza sailak molde berezi batez sustatuko dituela adierazi du. Hizkuntzaren aldeko Hitzarmen Berezia gauzatuko duela berretsiz.


ETA-REN AZKEN ELKARRIZKETA

ETArekin «Gara» eta «Egunkariak» argitaratutako azken elkarrizketan, Interneten «Gara»k hasiera batean jarritako elkarrizketaren word dokumentuak ordenagailuko jabearen izena eta data agertzen zituen: «Omega Consultants» enpresako Blanc izeneko bat. Informazio hau Euskadi interneteko informazio buletinak zabaldu zuen, zerrendako bazkide batek aurkikuntza egin ondoren. Buletinaren arabera, word documentu hori elkarrizketa argitaratu baino hiru egun lehenago sortu zen.Word dokumentu honek akaso zenbait pista agerian uzten dituela dio buletineko notiziak, nahiz eta informatikako ezagutza txiki batzuk izanda, datu hauen manipulazioa erraza dela zehazten duen.


ESPAINIAKO INKESTAK

ESPAINIARREN %43,6k Estatua ETAren aurkako borrokan indarra galtzen ari dela uste du; %72,6aren ustez, odol delituak izan eta damutzen ez diren etakideei bizitza osorako espetxe zigorra jarri beharko litzaieke; eta %80,4aren iritziz, «kolaborazioa» eta «talde armatuko kide izatea»ren delitu moldeak zabaldu beharko lirateke. «El Mundo»k egindako inkestaren datuak dira. Inkesta egiteko moduak, emaitzen aurreikuspena dakarrela diote adituek; bestelako emaitza asko ere ateratzen dira Espainiako inkestetatik, baina oraingoan egunkariko editorial batek Batasuna erakundearen sorrerarekin lotu ditu inkestaren emaitzak.


AB-REN ESTRATEGIA

BATASUNA dela eta azken boladan izandako ika-miken ondorioz, irrika handia zegoen hilaren 22an Uztaritzen egin zen Abertzaleen Batasunaren biltzarra nola garatuko zen ikusteko. Bost proposamen aurkeztu ziren: Burujabe, Matalaz, Bateginez, Herriaren Alde eta Les 46. Udan edukiak jorratzen jarraituko da, irail hasieran txostenak militanteen artean banatuko dira eta urriaren 6an norabide estrategikoaz erabakiko duen beste biltzar bat egingo da.


NAFARROAKO KARTZELA

MIGUEL Sanz lehendakariak Nafarroan kartzela egiteko leku bila jarraitzen dutela jakinazi du. Rafael Gurrea bere lehendakariordeak, mobilizazioak beti ez direla arrakastatsuak gogorarazi nahi izan die etorkizuneko kaltetuei.

hemeroteka

1813. zenbakia | 2001-06-24
1812. zenbakia | 2001-06-17

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan