AEK-RI SOSTENGUA
Euskal Herriko euskara eta kultura mailako pertsona ugarik atxikimendua adierazi dio AEKri, Entzutegi Nazionaleko epailea den Baltasar Garzonek Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearen aurka abiatutako prozesua dela-eta. Sinatzaileen artean, LABeko idazkari nagusi Rafa Díez, Jabier Muguruza abeslaria, Joxe Austin Arrieta idazlea, Pello Zubiria ARGIAko zuzendaria eta Kike Amonarriz umorista daude.
EUSKARA NAFARROAN ZABALTZEKO
Nafarroako seiehundik gora hautetsik euskara Nafarroan zabal dadin neurriak hartzeko eta oroimen historikoa berreskuratzeko konpromisoa hartu dute. Ekimena Oinarriak plataformarena da eta hainbat herritako hamabi alkate eta zinegotzik bultzatu dute. Hautetsien idazkia sinatu dutenen artean, PSN eta UPNkoak izan ezik, beste alderdi politikoetako ordezkariak daude.
121 ENGAIAMENDU IPARRALDEAN
Bai Euskarari akordioa Iparraldean izenpetu zuten gizarte eragileetatik 121ek konpromisoak hartu dituzte eta horren berri emateko ekainaren 20an Miarritzeko udal kasinoan ia hirurehun lagun bildu ziren. Denera 1.300 engaiamendu hartu dituzte. Hurrengo pausoa herrietako akordioa lantzea izango da. Sarako herriak dagoeneko izenpetu du akordio hori.
GU BE BAI HITZARMENAREN ZERBITZUAK
Horiexek biltzen dira Arrasateko Udaleko Euskara Zerbitzuak kaleratutako liburuan. Gu Be Bai hitzarmenak hamaika urtetan 122 erakunderen atxikimendua erdietsi du. Erakunde horiek hitzarmenak eskaintzen dituen zerbitzuak kontsulta ahal ditzaten kaleratu da oraintsu liburuxka.
UZTAPIDEREN OROIMENA
BI liburukitan bildu ditu Sendoak Manuel Olaizola Uztapide bertsolariaren bertso eta bizipenak. «Uztapide, berriz plazara» lana hiru ataletan dago banaturik: «Lagunen oroitzapenak» atalean, besteak beste, Imanol Lazkanok, Joxe Agirrek eta Rufino Iraolak Uztapideren berri ematen dute; «Lagunen aitorpenak» izenekoan berriz, hainbat bertsolarik «Uztapide»ri jarritako bertsoak biltzen dira; azkenik, «Aldizkari eta abarretan bildutako bertsoak» atalak «Boga Boga», «Anaitasuna» edota «Zeruko argia» bezalako aldizkarietan argitaratuak izan diren bertsolari zestoarraren saioak jaso dira.
JUAN ANTXIETATIK ARTEBI-RA
ORAIN gutxi itxi zen Bilboko Juan Antxieta zentroa, arazo ekonomikoak zirela-eta. Bertan arte eszenikoak ikasten zituzten 800 ikasleak kalean geratzeko arriskua ikusirik, ikasleen gurasoek kudeatu eta zuzenduko duten Artebi izeneko zentro berria jarri da martxan. Arte eszenikoak eta musika irakatsiko dira Deustuko Jon Arrospide kalean kokatuko den zentro honetan.
EZAGUTU ETA EZAGUTARAZI
NAFARROAKO Unibertsitate Publikoko ikerlari talde batek Nafarroako ondare musikala berreskuratzeko lanean dihardu. Taldeak garai guztietako musika dokumentuak ezagutu eta ezagutarazteko xedea du. Lanaren lehen emaitza, «Música y tradición en Estella. El canto de la Aurora y la marcha de San Andrés» liburua da.
GETXOKO JAZZA
HOGEITA bost urte beteko ditu aurten uztailaren 4tik 8ra burutuko den Getxoko Jazzaldiak. Guztira, 14 talde igaroko dira bi eszenatokietatik. Bihotz Alai enparantzan eta lehiaketan Alemaniako Symbiosis eta Tetrachord, Ukrainako Du Cha, eta Finlandiako U-Street All Stars izango dira. Eta Getxo antzokiko plazan, «Hirugarren milurtekoa» ekitaldiaren baitan, doaneko kontzertuak eskainiko dira. Gainera, Branford Marsalis saxo jolea gonbidatu du Jazzaldiak.
ANTZERKIAREN FERIA
UZTAILAREN 11tik 14ra bitartean egingo da Donostian VIII. Antzerki Feria. Guztira, hogeita bost ikuskizun eskainiko dira, horietatik bederatzi, estreinaldiak. Besteak beste, Trapu Zaharrak taldearen «Pan con pan» lana eta Tricicle eta Nearco ekoiztetxearen «Familia» antzezlanak estreinatuko dira jaialdian.
- Urtzi Urrutikoetxeak «Gara»n literatur lehiaketei buruz: «Zilegi ote da udal baten dirua jaso duen idazleak lana halabeharrez argitaletxe jakin batekin garatu beharra?».
- Imanol abeslariak «irunero» aldizkarian adierazitakoa da honakoa: «Nik beti euskal poesia eredutzat izan dut, izan ere eta Koldo Mitxelenak esaten zuen bezalaxe, zorionez euskaraz erditu gaituzte. Baina aldi berean ere gaztelania eta frantsesa hor ditugu eta horrek aberats egiten gaitu. Lope de Vega, Machado, Neruda... oso gustuko ditudan poetak dira».
Luis Mariano kantari irundarrari omenaldi ekitaldea egingo diote Biarritzen uztailaren hamahiruan eta Pauen uztailaren hamalauan. Gure herriko pertsonaia garrantzitsu eta famatuez gogoratzea ondo dago beti baina informazio guztia frantsesez idatzia egotea kritikatzekoa da.
Luis Mari Mujikak «Barne ibilerak» izeneko poema bilduma kaleratu berri du Hiria argitaletxearen eskutik. Bertan idazleak 1985etik 1996ra idatzi dituen sei olerki lan biltzen ditu.
Panteras Negras talde txiletarraren disko berria aurkeztu zuen Oihuka diskoetxeak joan den astean. «Hip-hop combatiendo» da taldearen bosgarren lanaren izenburua.
Asier Ena eta Maite Lazkano suertatu ziren Segurako XXV. Sueltoko Dantza Txapelketaren irabazle.
Pablo Antoñana idazle nafarrak «Último viaje y otras fábulas» izeneko liburua kaleratu du Ttarttalo argitaletxearen eskutik.
Alberto Schommerrek Txinako Shangai hirian eta inguruan ateratako 60 argazkiz osatutako erakusketa dago ikusgai Donostiako Kutxa erakusketa aretoan uztailaren 8a arte.
Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak duela gutxi bi herrietako euskaltzaleak biltzen dituen Zintzo-Mintzo elkartearekin sinatu zuen akordioa. Emaitzak ikusi dira jada. Elkartearen barne komunikazioa euskaldundu dute eta 20 merkatari inguruk euskaraz ipini dituzte euren kartelak.