«Industrian zein turismoan badugu zer erakutsi»
Juan Tomas Eigurenek, Lea Ibarrako Mankomunitateko arduradunak, mankomunitate hori osatzen dutenek egiten ari diren ahaleginen, dituzten asmoen eta ideien inguruan hitz egin digu.
Nola eta zein helbururekin kaleratu duzue Lea Ibarrari buruzko CD-ROM hau?
Bost herriok garatzeko egin genuen plangintza-txostenean, besteak beste, hainbat azpiegituren falta ageri zen (egoera negargarrian jarraitzen duen errepidea esaterako), baina baita bailara hau Bizkaian bertan -eta zer esanik ez Euskal Herrian- oso ezezaguna zela, hau da, bere errealitatea ezagutarazteko eta kanporatzeko premia handia genuela. Horrela, Okamikako Industrialdean garatu dugun enpresa berrien mintegia promozionatu nahi izan dugu, enpresa-ideiak dituen jendeak ekimen horiek non garatu (alokairu txiki baten truk) badituela ikus dezan.
Baina industrialdea promozionatzeaz gain beste arlo batzuk ere jorratu dituzue.
Bai, zeren txosten horretan agertzen diren hainbat datu eta irudi bildu ostean, zergatik ez bailara bere osotasunean ezagutarazi, bere bizimodua, azpiegiturak, erakarpen turistikoak eta abar? Hemen badago non lan egin, zer ikusi eta zertaz gozatu, eta horregatik promozio-kanpaina bati ekin diogu: Euskal Herrian zein hemendik kanpo, bai bertoko jendeari edo joan behar izan duten leatarrei begira, industrialdea gara dezaketen enpresari edo eskola teknikoei begira, edota Leako turismoa bultzatu dezaketen eragileei zuzendua. Horren emaitzak? Enpresarientzako industria-katalogoak, lau hizkuntzatan dagoen CD-ROM edo entziklopedia zehatz eta interaktibo hau eta honekin lotzeko aukera emango duen webgunea besteak beste.
Nola ikusten duzu Lea Ibarraren oraina eta etorkizuna egindako lan guzti honen ondoren?
Bost herri txikitaz ari gara, kolore politiko ezberdinak dituzten baina egoera orokorraren ikuspegi berbera duten bost herritaz, eta denon arteko elkarlana eta batasuna oso garrantzitsuak izan dira gauzak aurrera eramateko, hau da, orain elkarrekin burutzen ditugun zerbitzuak eta industrialdea bera abian jartzeko. Gainera, lan gogor eta harreman estu horren ondorioz populazioaren beherakada geratzea lortu dugu, jaiotzak eta eskolak adibidez mantendu egiten dira eta langileei ez zaie lanik falta, beraz itxaropentsu gara.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.