Euskal lanbidearen egoeraz kezkati
Pilar Iparragirre
Euskal Herriaren geroaz kezkaturik agertzen zen J. Elustondo eta bide batez ZERUKO ARGIA ere, gai hari bere lehen orrialde osoa eskainiz. Horretarako arrazoiak bazituzten, nonbait, "euskal lanbidea, atzeratua" zegoela somatzen zutelako, eta jakina, gauzak aldatzearen premia ikusi ikusten zuten ere, "baiņa zer aldetatik?" galdetzen zuten hasteko.
Izan ere, aldaketek hori dute: ondo aztertu eta gero egin behar direla, bestela, edozein eratara gauzak desberdin bilakaraziz, arazoa areagotzea legokeelako. Eta hori ez zuten inolaz ere nahi, ez Elustondok, ez gure aldizkariak.
EUSKAL HERRIAREN ETORKIZUN GARRATZA
Gauzak oso garbi omen zituzten; behintzat "ez gara nekatuko" ohartarazten zuten lehenengo lerrotik hasita. "Guk, behin eta berriz geureari elduko diogu. Beti gauza berdinak esaten ditugula... Etzaio ajolarik. Gure erriaren etorkizun garratza ikusirik, ezin genezake besterik arazo berdinak behin eta berriz aztertu ta adierazi, baizik. Honela jendea esnatu ta jabetuko da zein eskasa dan, alderdi askotatik begiratuta, Euskal erriaren etorkizuna".
Horrelako ikuspegi etsiak, ordea, gutxieneko azalpentxo bat merezi zuen, eta azalpen hori ematen saiatzen zen gogotik Justo Elustondo, Z. ARGIA osoaren bozeramaile bilakaturik: "Sozial ta ekonomi saillean gabiltza ta gauzak zehatzago esateko, profesio alderdia nolakoa dan, gure errian, adierazi nahi genduke. Ekonomi arazoak aurrera eramateko jende preparatuz ornituta al gaude? Ez al da gure egoera erri atzeratu baten egoera?".
Galdera gogorrak ziren biak. Eta beharbada gogorregiak izan zitezkeela pentsatuz-edo, irakurlea gehiegitxo ez izutzearren, honakoaz haren barrena lasaitzeari ekiten zion Elustondok: "Edozein gizarte arkitzen da beharturik galdera hauei erantzuteko. Ta bestalde, etorkizunari buruz kezkatuta dagoen edonorri sortzen zaizkion galderak dira. Pentsa besterik ez daukagu ta au sozialista deritzaien estaduetan guzietan gertatutakoa da, Rusian teknikoen gabeziak Lenini sortu zizkion arazoak ta orain bertan ere sortzen dituanak. Beraz sistema guziei dagokien arazo batekin gabiltza".
Zaudete trankil, bada, besteok bezalakoxeak gara-eta, ematen zuen esan nahi ziela idazleak bere irakurleei. Baina behin animoak nahikoa baretu zituela iruditu zitzaion unean, kritikaren ezpata dantzan jartzeko ordua zela estimatuz, hauxe argitzen zuen: "Garrantzi andiko gauzak ditugu eskuartean. Euskaldun den edonork planteatu behar dituan arazoak. Burgesiari dagozkionak ta langilleriak ezer ikusirik ez duanak direla diotenak iņuzu batzuk besterik ez dira!!!".
GIZARTE INDUSTRIALAREN HIRU FASEAK
Hortik aurrera, gizarte industrialean eman ohi diren hiru fase edo garaiak garbiro azaltzeari ekiten zion gizonak. Laburbilduz, "ofizio duan jende asko", "peoi jendea ere ugari" eta "karrera duan gizonik bat edo beste ez bada" ikusterik ez zen aldia zen, berarentzat, lehena. "Mekanizazioa geroz eta andiagoa" zuena zen bigarrena eta, noski, "karrera duan jende gehiago eskatzen du", nahiz "langille xehea, ofiziorik gabeko langillea gehitzen" zuena izan ere. Hirugarren aldian, berriz, "teknika aldetik iraultza bat sortzen da. Aurreko bi maillen eboluzioa erro errotik aldatzen du. Peoi lana galdu egiten da. Lan espezializaturik ez dago edo asko gutxitzen da. Jende preparatua behar da".
Eta nola ikusten ote zuen Elustondok Euskal Herria gizarte industrialari zegokionean? Bada, gaizki samar, antza. "Nere iritziz eta beldurrik gabe esaten dut, lehen aldian arkitzen da. Goierrik obeto adierazten du Euskalerriaren egoera Mondragoek baino. Euskalerriko industria askoz atzeragotua da Mondragoeko industria baino, naiz eta Mondragoen bertan ere industria batzuek oso atzeratuak izan. Beraz datoak ikusi ondoren, gure egoera zinez tristea dala esan behar dugu". Are gehiago, "parregurea ematen digu zenbaiti entzutean Euskalerriaren egoera 'postindustriala' dala norbaitek, itzaldietan gainera, dioenean. Baina gure parregurea tristea da, erri atzeratua gerala ikusirik. Euskalerria industria aldetik atzeratua da. Nahi duanak nahi duana esan, baina hori ukatzerik ez dago. Ez al dago soluziobiderik? Aldaketarik ezin al diteke egin? Galdera honi erantzuteko, Mondragoeko egoera datorkigu oso ondo. Mondragoen egin den aldaketa beste lekuetan ere egiten bada, Euskalerrian peonaje gehiago sortuko da. Mondragoe aurreratuago dago baina langille espezializatu gehiago sortu du. Ta au da guk onartu ezin duguna".
Zer zela-eta iruditzen zitzaion hain onartezina hori, ez zuen argitzen. Baina harentzat "Euskalerriak aldaketa egin behar du lehen alditik irugarrenera paseaz. Beste biderik ez daukagu. Gauza al gera? Beldur naiz ezetz. Azken aldi onetan ez dugu asko erakutsi behintzat"
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.