Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Ihesi >
  • Deba-Urola-Oria Kostaldea. Mutriku Hondarra eta harria arrantza sarean

2001-06-24 -- 1813.zenb

Deba-Urola-Oria Kostaldea. Mutriku Hondarra eta harria arrantza sarean

Iosu Etxaniz


Deba Behea

Gipuzkoar kostaldeko lehenbiziko hondartza, eta baita ikusgarrienetako bat, Saturraran arrokatsua da, oraindik Ondarroaren ondoan.
Lehenbiziko herria berriz, hondartza eder honetatik errepidera atera, eta ezkerrera eginez harrapatzen dugun Mutriku da, alde zahar interesgarri bezain aldapatsua (kotxea herriko alde altuan utzi beharko duzue) erakusten duen itsasgizon ospetsuen sorterria. Errepidea jarraituz, kilometro bat geroago portu atsegineraino jaisteko bidea aterako zaizue (horra bai sar daiteke kotxez). 500 metro aurrerago aldiz, aparkatzeko lekurik uzten ez duen begiratoki handi bat duzue.


MUTRIKU

Betidanik arrantzarekin lotua, bere armarrian irudikatzen den balearen arrantzak erakusten duen moduan, maldan gora antolatzen den herri polit hau itsasgizon eta pertsonaia garrantzitsuen jatorria izan da, Trafalgarreko batailan hil zuten Txurruka itsasgizon ilustratua kasu. Neolitiko arotik populatua, hiri gisa 1209an fundatu zen, eta XVI. mendearen erdialdean berau suntsitu zuten suteak pairatu behar izan zituen. Urbanistikoki, herriaren alde altuko bi plazak eta beheko portua lauxatutako kaleek lotzen dituzte, Gipuzkoan hoberen zaindu den alde zaharretako bat osatuz.


Ikustekoak

Txurruka enparantzan hasiz, (gaur egungo herrigune nagusia), bere erdian Txurruka berari eskainitako estatua altxatzen da. Plaza inguratuz eraikin interesgarriak ditugu, hala nola, udaletxea (hiru armarrirekin), Jasokundeko Ama Birjinaren eliza neoklasikoa (kapera batean Zurbaranen margo bat dago) eta harlanduz eginiko Galdona Etxea, lehen solairuan armarria erakusten duena.
Mutrikuko Kondea kalea hartuz Txurrukaren etxea aurkituko dugu, «Arrietakua» izenez ezaguna, Gaztañetak Arrieta dorrearen gainean eraiki zuelako. Beranduago Txurrukak erosi zuen. Plazatik Erdiko kalea hartzen badugu aldiz, Zabiel jauregiarekin topo egingo dugu, XVI. mendekoa eta gaur egun kultur etxea. Beherantz antzinako parrokia gotikoa dagoen bigarren plazaraino iritsiko gara, eta pare bat aldiz eskuinerantz joz, Barrenkalen Olazarra-Mizkia etxea parean geratuko zaigu, bere harlanduzko aurrealde, balkoi eta armarriarekin.
Porturaino jaisten den Tranpakaletik jarraitzen dugun bitartean XVIII. mendeko Montalibet jauretxea, eta Berriatua dorretxea edo "Sulengokua" (1533ko suteari aurre egin ahal izan ziolako) behatzeko parada izango dugu. Azken honek, bere atarian arku bikoitza eta arku konopialeko leiho bikiak erakusten dizkigu, erreformak jasan aurreko aztarna gisa.
Amaitzeko, zenbait dike eta harrizko hondartza kala artifizial (edo igerileku natural, nahiago duzuen moduan) baten inguruan arrantza portu oso atsegina dugu, bertatik paseo ederra egitera gonbidatzen gaituena. Portu tipikoa izanik ere, gaur egun turismoari zerbitzuak eskaintzen dizkioten enpresa txikiak daude, hala nola, urpekaritza, belauntziak, uretako motorren alokairua, piragua alokairua...


Saturraran Hondartza

Ondarroatik oso gertu badago ere Mutrikuko udalerriarena den hondartza honek Gipuzkoako hasiera markatzen du, eta kostaldeko hondartza basatienetakoa eta ederrenetakoa da. Uren gainetik gailentzen diren itsas-haitz handi eta ederrez inguratuta, alboko berdegune, atzeko Ondarroa eta bertoko hondar finaz, herrialde honetako hondartzarik atseginenetakotzat jo dezakegu. Gainera, ez dago apenas urbanizaturik eta itsasbeheran ezkutuko kala bat baino gehiago erakusten du. Saturraran alboan, zazpigarren hondartza bezala ezagutzen duguna dago, hondartza nudista.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan