Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-06-24 -- 1813.zenb

BOST HERRI OIZ MENDITIK KANTAURIRAINO

Iosu Etxaniz

Gernika, Durango, Markina eta Lekeitio herriek mapan sortzen duten erronboaren bihotzean, Bizkairik eta Euskal Herririk euskaldunenean, Lea ibaiaren urek bizitza sortzen jarraitzen dute. Jaiotzen den Oiz mendiko magaletik Kantauri itsasoraino, iparrerako bidean igarotzen dituen nekazal kutsuko herrien nortasun komuna eraikitzen jarraitzen du. Ezaugarri geografiko eta sozio-ekonomiko komunak dituzte, bai, eta euren harreman estuaren emaitza nagusietako bat Lea Ibarreko Udal Mankomunitatea dugu, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa herritxoak biltzen dituena; berez, Leak Lekeitio eta Ipazter ere ukitzen ditu, baina bertako errealitateak ezberdinak direnez ez dira mankomunitatearen partaide. Zonalde hau Bizkaia osoko ezezagunenetakoa izan da orain arte, -baita gutxien populatuenetakoa ere, herrialdeko lurraldearen %3,2an biztanle guztien %1,7 soilik bizi baitira- baina Mankomunitatearen helburuetako bat egoera horri buelta ematea da, eta horretarako zonaldea ezagutarazteko CD-ROM bat editatu du. Bertan bost udalerri hauetaz eta ingurukoetaz denetariko hainbat datu zehatz eta interesgarri aurki daitezke, hala nola, kokapena eta ezaugarri geografikoak, populazioa, klima, fauna eta landaredia, historia...; azken finean, Lea ibarrari buruzko datu-base ezin zehatzagoa osatu dute, bailara hau gero eta ezagun eta erakargarriagoa bihurtu asmoz.


Bailara ezezagun baten fisonomia.

Mintzagai dugun lurralde menditsu honek 76,3 km2 betetzen ditu Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean eta bere populazio osoa ez da 2.000 pertsonara iristen, horietatik asko erdigune txikietan baino baserrietan bizi direlarik, barreiaturik aurkituko ditugun auzune ugarietan zehar. Beraz, bertako klima epel (batez beste 14º urtean) eta euritsuak (181 egun euritsu urtean) lagundurik, historian zehar bertakoen zeregin nagusia laborantza eta basogintza izan da. Azken honen eraginez adibidez, lehen harizti zabalak zirenak gaur egun Intsigni pinuz beterik ikusten ditugu eta, errentagarritasun azkarraren izenean, hauek jadanik ibar osoko zuhaitz guztien %76 suposatzen dute (4.444 hektarea osorik), pagadiak adibidez 13 hektarea besterik ez diren bitartean.
Pinuek ez dute, hala ere, bertakoentzat baliabide ekonomiko nahikoa ekarri, eta nekazal zonalde askotan gertatu bezala Lea ibarrak XX. mendean bere biztanleriaren erdia baino gehiago galdu zuen (3.960 biztanle 1900ean, 1.900 biztanle 1999an), nahiz eta azken urteetan kopurua bere horretan mantentzea lortu duten. Garai berean ondoko Lekeitioren bilakaera ikusiz gero (3.944 biztanle 1900ean, 7.466 biztanle 1999an) argi dago joandako asko lan aukera gehiago eskaintzen zituzten inguruko herrietara mugitu zirela, baina herri hauen eragile nagusietako bat izan den emigrazioa ez da soilik horretan geratu. 1970-75 artekoak urte beltzak izan ziren leatarrentzat: lan aukerarik ez, garraio egokirik ez, etxebizitza urritasuna, ume gutxi eta eskolak mantentzeko arazoak medio askok inguruko industriguneetara joan beharra izan zuten. Zorionez, gauzak aldatu egin dira eta gaur egungo bertako migrazio bakarrak baserritik erdigunera edo alderantziz eginikoak dira. Izan ere, ondoko Markinako Ikastetxeak eskaintzen dituen ikasketa profesional eta teknikoei esker eta bailaran bertan abian jarri duten Okamikako Industrialdearen laguntzaz, leatarrek oso bestelako egoera bizi dute gaur egun.
Pasa den mendeko arazoak izan baino lehen, Leako herritarrak betidanik bere premiak asetzeko gai izan zirela esan liteke, bertako gizarte nekazariak beharrezko zituen elementu oro (tresneria, jantziak, oinetakoak...) egiteaz norbera arduratzen baitzen; horrela, 1850 arte inguruan ez zen ia artisautza edo merkataritzarik ezagutzen, eta industriaren eragina burdinola eta errota (ugariagoak, garia eta artoa eho behar zuten neurrian) batzuetara mugatzen zen; gaizki komunikatua zegoen bailara honetan gizarte mota ere nahikoa itxia zen, botere politiko-ekonomiko osoa kontrolatzen zuten leinu-sendi gutxi batzuek eta hauen maizter aritzen ziren beste guztiek osatua, menpetasun harreman gero eta okerrago batean (uztaren eta jaunen menpe erabat). Gizarte egoerak jadanik ez du zerikusirik antzinakoarekin, jakina, baina jarraitzen duena leatarrek beren arazoak beraiek konpontzearen aldeko jarrera da, eta horren adibide nagusia dugu gaur egun 1983an sortutako Lea Ibarreko Udal Mankomunitatea. Horrek bertan bildutako udalerri bakoitzaren hainbat gastu murriztea ahalbidetu du, baina hori baino garrantzitsuagoa dena, bailararen hondoratze isila gainditu ahal izatea ekarri du, Okamikako Industrialdea bezalako ezinbesteko ekimenak aurrera eramateko gai izanez.


Okamikako miraria.

Mankomunitatearen hastapenak 70eko hamarkada ilunean bilatu behar dira, hainbat gazte orduko emigrazioaren aurrean herri txikien bizitza eredua aldarrikatzeari ekin ziotenean, bat-bateko mugimendu dinamiko indartsu bati hasiera emanez. Hortik aurrera, gero eta baztertuago eta inkomunikatuago zeuden udalerrion ordezkariak batu eta mahai-inguru, kultur aste eta abarren laguntzaz arazoak zehaztu, egoera analizatu eta lehen proposamen zehatzak mahai gainean jarri zituzten, Mankomunitatea bera sortzea (1979an udalen koordinakundea) edota azpiegitura industrialen beharra esaterako. Hortik aurrera hainbat ekimen aurrera atera dute, hala nola, ongizate zerbitzua (1985), udalen kontabilitate zerbitzua (1986-87), ur lohien estolderi zerbitzua (1988), zerbitzu enpresa baten sorrera (1989), pobrezia egitasmoa (1990), etxebizitza eta garraio zerbitzuak (1993), Bizkaibus linea bertatik igarotzea (1996), enpresa-proiektu berrien mintegia (1999) edota bailara osoaren promozio kanpaina bideratzeko oinarriak (2000).
Dena den, bada beste guztien gainetik gailentzen den eta berez mankomunitatearen hasierako helburu nagusia zen lorpena: Okamikako Industrialdea. 1984an sortua, dagoeneko ekimen honek 30 bat enpresa eta 400 lanpostutik gora sortzea lortu du, bailara osoari bizitza berria emanez. Industrialdea berez Gizaburuagako lurretan dago, baina udal honek zergen bidez jasotzen duen diruaren %40 mankomunitatearen esku geratzen da, enpresa berrientzako dirulaguntzetan erabiltzeko. Gainera, mankomunitateak sortutako Legamin mintegi industrialaz gain, aipatzekoa da ekimen garrantzitsu honetan Markinako Udalak, bertako Eskola Teknikoak edota Lea Ibarreko Udal Mankomunitateak luzatutako laguntza, Azaro Fundazioaren bitartez ekimen berriak sortzeko eta egungoak garatzeko laguntza alegia. Bestalde, hortxe dago Bizkaiko Diputazioarekin, BBKrekin edota EUDELekin lanpostuak sortzeko Behargintza hitzarmena ere. Honek guztiak bertako bizimodua hobetzeko helburua du, eta hein handi batean lortzen ari dela ematen du: besteak beste, bailarako errepideak hobetu dira, telebista eta telefono estaldura handitu eta hobetu da, saneamendu sarea bideratu da...
Datu esanguratsu bat aipatzearren, duela 30 urte lan ezak bailara osoa jendez hustutzearen mehatxupean jartzen bazuen, gaur egun, eta INEMek 1999an eskainitako datuen arabera, Lea ibarra osoan 19 besterik ez dira lanik ez duten pertsonak, hamar emakume eta bederatzi gizonezko. Beste alde batetik, lanean ari diren pertsonen artean, gehienek zerbitzuetan egiten dute lan (%43,5) eta gutxienek eraikuntzan (%9,1); industrian (burdinola, kartoiak, grafikagintza, burdingaiak...) hiru leatarretik bat ari da eta, azkenik, antzina ogibide nagusia zen nekazaritzan bakarrik %13,6k jarraitzen du.
Bailarak oraindik zenbait hutsune ageri ditu ekonomikoki, hala nola erosketak egitera inguruko herrietara joan behar izaten dela, baina orokorrean Lea ibarrak iraultza handia ezagutu duela esan genezake, hau da, bere etorkizuna inoiz baino argiago ikustea, baina aldi berean bere izaera eta nortasuna gordetzea ahalbidetu izan dion bilakaera sakona alegia. Orain leatarrek euskal herritar eta kanpotar guztiak beren berpizkundearen lekuko izatera gonbidatu nahi dituzte, bide batez turismoaz baliatuz bertako bazter lasai eta ederretaz goza dezaten

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan