Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-06-24 -- 1813.zenb

IPUIN ERROTIKOAK

Karlos Linazasoro
ALBERDANIA
140 orrialde
2.000 pzta./80 lib.


ESPERANTZAREN ABERRIAN ATZERRI SOMATZEAN

Egonezina ziurtatua du bederen Karlos Linazasororen azken liburu kezka sortzaile hau irakurtzen duenak, segurki jo baitaiteke inor ez dutela ezaxola utziko idazle tolosarrak Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratu dituen ipuinok, absurduaren ehunean eta umore itogarriaren baitan idatzitakoak. Izan ere, arrapaladan eginiko izenburuaren lehen irakurketa batetik uler daitekeenaren kontra, «Ipuin errotikoak» dira bereak, eta ez erotikoak. Tristuraren deserrian herri eta esperantzaren aberrian atzerri somatzen duen idazle honek, bi ataletan banatu du liburua: «Hil artekoak» deritza lehena, erabat elkarrizketatuak diren ipuin antzerkituez osatua izan dena; bigarrena, berriz, mikroipuinez osatua dago eta «Akufenoak» izena eman dio egileak, irakurlea jakinaren gainean egon dadin hitz tekniko horren esanahia ezer baino lehen aditzera emanez: hau da, lesio bat edo arazo funtzional batengatik barne-belarrian sortu ohi den entzumenezko sentsazio patologikoa dela akufenoa. Eta titulu hori aukeratzerakoan, erabat asmatu duelakoan nago, sentsazio horixe sortzen baitu ipuinon irakurketak: nahigabetik areago doan mina, nahiz barne-belarrian ez izan.

EURIPEAN KANTARI

Oskorri
BBK FUNDAZIOA
272 orrialde
800 pezeta
32 libera


LASAI DESAFINATZEKO 87 KANTU

Honela deitzen dio Oskorrik euskarazko testu, partitura eta akordeekin 87 kantu biltzen dituen poltsikoko liburuxka honi. Kantu horiek, gainera, frantsesera eta ingelesera ere itzuliak izan dira. «The Pub Ibiltaria» deitu ekitaldiaren ondorioz orain arte kaleratu dituzten bost diskoetan agertzen diren kantuen bilduma da hauxe, edozein afari edo lagunarteko bileretara eramateko erabat aproposa. Kantu herrikoiak dira bertan agertzen direnak, Oskorrik ahanzturaren kutxatik ateratakoak asko, lehendik ezagunak izanda ere bertsio benetakoagoan eskainitakoak besteak, kantu gogoangarriak guztiak. Denen artean kantatzeko abestiak, azken batean, horixe baitzen Oskorriren helburua «The Pub Ibiltaria» martxan jartzerakoan, inguratzen zitzaion guztiari berarekin batera kantuan jartzea. Eta lortu du helburua, lortu duenez. ZENBAKI SORGINDUAK

Xabier Galarreta

HIRIA
127 orrialde
1.950 pezeta
78 libera


XABIER GALARRETAK ESKAINITAKO IPUIN LIBURUA

Bi ataletan banaturik dago Hiria argitaletxearen eskutik Xabier Galarreta donostiarrak plazaratutako idazlan hauxe. Liburuari izenburua ematen dion atalean, «Zenbaki sorginduak» deiturikoan, beren artean loturarik ez duten mikroipuin sorta bat agertzen da, non kontakizun bakoitzak berezko hasiera, bilakaera eta bukaera duen, gazte literatur itxurako ipuin maltzurra izan, karramarro misteriotsuen gaua kontatzen duena, ametsetatik ateratako ametsa islatzen duena, edota izu ipuin moralzalea donostiar erara. Besteak beste, Chiapaseko umeei eskainitako «Eta orduan konturatu zen ez zegoela bakarrik espazioan» eta «Hitz misterioz beteak» narrazioak aurki ditzakegu bertan. «Kaletarren istorioak» deituriko atalean, berriz, bi ipuin labur bildu ditu Xabier Galarretak: «Jazz soinuak gauerdian» eta «Felixen garaia».


DUELA 50 URTE INGURUKO EUSKAL HERRIA BIZIRIK

Jean Dieuzaide argazkilariak Arthaud editore frantziarraren enkarguz bere garaian egin zituen argazkien bilduma da «Euskal Herria mendearen erdian» titulupean Artola argitaletxe donostiarrak orain kaleratzen duen hauxe. Txuri beltzak ahalbideratzen duen ñabardura guztiaz islatu zuen argazkilariak duela 40-50 urteko Euskal Herria hura: Ameriketara joan beharrean ziren iparraldetarren aldez aurretiko herrimina, Gerra Zibilak utzitako zauriak, anai-arrebak banatzen zituen muga zitala, pastoralen oroitzapenak, pilota partidak, arrantzaleen bizimodua, artzainen transhumantzia, ferietako alaitasuna eta aldian aldiko tristura... Hori eta gehiago aurki daiteke «Euskal Herria mendearen erdian», argazkilari frantziarraren irudi gogoangarriek Txomin Laxalt kazetariaren idazkiak lagun dituzten liburu zoragarri honetan.

EUSKAL LIBURUAK 2000

Juan Luis Zabala
OLERTI ETXEA
37 orrialde


2000. URTEAN KALERATUTAKO LIBURUEN ZERRENDA

Iaz plazaratu ziren euskal eleberri, ipuin, olerki, saiakera, antzerki lan, haur eta gazte literaturako idazlan, euskalduntzerako fikzio liburu, literatur aldizkari, testu zahar, berrargitalpen, bilduma, antologia, bertso, kantu eta disko-liburu, liburu-zinta eta komiki guztien zerrenda da, besteak beste, Zarauzko Olerti Etxearen eskutik Juan Luis Zabalak plazaratzen duen liburuxka honetan agertzen dena. Zerrenda hau Internet sarean ere aurki daiteke, www.egunkaria.com helbide elektronikora joaz. Izan ere, zerrenda hau osatzerakoan «Euskaldunon Egunkaria»ko Kultura sailean egunez egun agertu izan diren liburu aurkezpenez baliatu izan da Juan Luis Zabala, eta liburu bakoitzaren alboan, parentesi artean, ematen den data, gure hizkuntza nazionalean kaleratzen den eguneroko bakarrean lan horren berri eman zenekoa da.

DEABRUA
GORPUTZEAN

Seve Calleja
ELKARLANEAN
89 orrialde
990 pezeta
39 libera

DEABRUA UXATZEKO ERREMEDIOA

Hamar urtetik aurrerako neska-mutikoei zuzendua dago Seve Callejak Elkarlanean argitaletxean kaleratu duen «Deabrua gorputzean» liburua. Erramun du bere protagonista nagusia, aiton burugogor bat izatea egokitu zaion mutikoa. Eta aiton horrek, komeni baino gehiagotan adarra jotzen dio Erramuni. Halako batean, serio-serio jarri eta deabrua duela gorputzean ez dio bada esaten bilobari? Erramun beldurtzen da, jakina, adarrak eta isatsa ateratzen ari zaizkiola iruditzen baitzaio. Hainbestekoa da bere kezka, gaixotu ere egiten dela. Baina bitarte horretan, aitona Benidorm-era doa, urtero bezala, eta Erramunentzat gauzak aldatzen hasten dira. Aholku on batzuei esker, bera izango da handik aurrera aitonari adarra jotzen ikasiko duena. Baina mutikoa ez da mendekuzalea, eta gainera maite du agure kaskagor hori.

ZE AZKAR
DABILEN
DENBORA!

Paco Capdevila
AIZKORRI
24 orrialde
395 pezeta
15 libera

HAURRAK DENBORAREN KONTZEPTUA IKAS DEZAN

Etxeko txikienek, hau da, hiru-sei urte bitarteko neska-mutikoek denboraren kontzeptua modu atseginean ikastea helburu kaleratu du Aizkorri argitaletxeak, «Nortasun eta autonomia pertsonala» lantzeko aproposak diren lanak hedatzen dituen sailean, Josu Lartategik euskaratutako Paco Capdevila kataluniarraren lan hau, «Ze azkar dabilen denbora!». Bertan gaur, atzo, bihar, goizean, eguerdian, arratsaldean, gauean, dagoeneko, goiz, berandu, orain, lehenago, ondoren, oso goiz, inoiz ez, beti, luzaroan eta datorren urtean bezalako kontzeptuen esanahia garbiro azaltzen da. «Ze azkar dabilen denbora!» material lagungarria izan daiteke irakasle zein gurasoentzat, kontzeptu hauen guztien esanahia eta ezberdintasunak haurrei agertzeko orduan, kontakizunean zehar era oso adierazgarrian islatzen direlako.

EUSKAL HERRIA MENDEAREN ERDIAN

Jean Dieuzaide/
Txomin Laxalt
ARTOLA
103 orrialde
4.000 pezeta
160 libera

NOIZ ARTE?

Epelde eta Larrañaga
ELKARLANEAN
14 kanta
2.195 pezeta
87 libera


EPELDE ETA LARRAÑAGAREN MELODIA ETA ABESTIAK

Azkoitiarrak ditugu «Noiz arte?» , bere bigarren diskoa, kaleratu berri dutenak. Etorri handiko trikitilari autodidakta da Tomas Soraluze «Epelde», hainbeste erromeriatan entzun ahal izan den soinujolea. Anjel Larrañaga, berriz, eskola zaharreko bertsolaria dugu, herritartasunaren baitatik sortutako gatza eta piperra ederki uztartzen dakien kantaria. Biek elkartu, eta herri xeheak bizitzaren ankerkeriak ahazteko erraietatik sortutako melodiak eta abestiak eskaintzen dizkigute bere 14 kantuko emaitza honetan: «Samiño», «Ilberri edo ilbeherak», «Plazatik plazara», «Oleta», «Garo sailean», «Aita-semeak», «Mahasti baten ondoan», «Larpe», «Hau da hau», «Ezin leike hola», «Euskara harkaitzetik», «Kirolaren harrobia», «Trikiti herria» eta «Dator foxa».

hemeroteka

1812. zenbakia | 2001-06-17
1811. zenbakia | 2001-06-10
1810. zenbakia | 2001-06-03
1809. zenbakia | 2001-05-27
1808. zenbakia | 2001-05-20

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan