Pilar Iparragirre
Euskal Herriaren geroaz kezkaturik agertzen zen J. Elustondo eta bide batez ZERUKO ARGIA ere, gai hari bere lehen orrialde osoa eskainiz. Horretarako arrazoiak bazituzten, nonbait, "euskal lanbidea, atzeratua" zegoela somatzen zutelako, eta jakina, gauzak aldatzearen premia ikusi ikusten zuten ere, "baińa zer aldetatik?" galdetzen zuten hasteko.
Izan ere, aldaketek hori dute: ondo aztertu eta gero egin behar direla, bestela, edozein eratara gauzak desberdin bilakaraziz, arazoa areagotzea legokeelako. Eta hori ez zuten inolaz ere nahi, ez Elustondok, ez gure aldizkariak.
EUSKAL HERRIAREN ETORKIZUN GARRATZA
Gauzak oso garbi omen zituzten; behintzat "ez gara nekatuko" ohartarazten zuten lehenengo lerrotik hasita. "Guk, behin eta berriz geureari elduko diogu. Beti gauza berdinak esaten ditugula... Etzaio ajolarik. Gure erriaren etorkizun garratza ikusirik, ezin genezake besterik arazo berdinak behin eta berriz aztertu ta adierazi, baizik. Honela jendea esnatu ta jabetuko da zein eskasa dan, alderdi askotatik begiratuta, Euskal erriaren etorkizuna".
Horrelako ikuspegi etsiak, ordea, gutxieneko azalpentxo bat merezi zuen, eta azalpen hori ematen saiatzen zen gogotik Justo Elustondo, Z. ARGIA osoaren bozeramaile bilakaturik: "Sozial ta ekonomi saillean gabiltza ta gauzak zehatzago esateko, profesio alderdia nolakoa dan, gure errian, adierazi nahi genduke. Ekonomi arazoak aurrera eramateko jende preparatuz ornituta al gaude? Ez al da gure egoera erri atzeratu baten egoera?".
Galdera gogorrak ziren biak. Eta beharbada gogorregiak izan zitezkeela pentsatuz-edo, irakurlea gehiegitxo ez izutzearren, honakoaz haren barrena lasaitzeari ekiten zion Elustondok: "Edozein gizarte arkitzen da beharturik galdera hauei erantzuteko. Ta bestalde, etorkizunari buruz kezkatuta dagoen edonorri sortzen zaizkion galderak dira. Pentsa besterik ez daukagu ta au sozialista deritzaien estaduetan guzietan gertatutakoa da, Rusian teknikoen gabeziak Lenini sortu zizkion arazoak ta orain bertan ere sortzen dituanak. Beraz sistema guziei dagokien arazo batekin gabiltza".
Zaudete trankil, bada, besteok bezalakoxeak gara-eta, ematen zuen esan nahi ziela idazleak bere irakurleei. Baina behin animoak nahikoa baretu zituela iruditu zitzaion unean, kritikaren ezpata dantzan jartzeko ordua zela estimatuz, hauxe argitzen zuen: "Garrantzi andiko gauzak ditugu eskuartean. Euskaldun den edonork planteatu behar dituan arazoak. Burgesiari dagozkionak ta langilleriak ezer ikusirik ez duanak direla diotenak ińuzu batzuk besterik ez dira!!!".
GIZARTE INDUSTRIALAREN HIRU FASEAK
Hortik aurrera, gizarte industrialean eman ohi diren hiru fase edo garaiak garbiro azaltzeari ekiten zion gizonak. Laburbilduz, "ofizio duan jende asko", "peoi jendea ere ugari" eta "karrera duan gizonik bat edo beste ez bada" ikusterik ez zen aldia zen, berarentzat, lehena. "Mekanizazioa geroz eta andiagoa" zuena zen bigarrena eta, noski, "karrera duan jende gehiago eskatzen du", nahiz "langille xehea, ofiziorik gabeko langillea gehitzen" zuena izan ere. Hirugarren aldian, berriz, "teknika aldetik iraultza bat sortzen da. Aurreko bi maillen eboluzioa erro errotik aldatzen du. Peoi lana galdu egiten da. Lan espezializaturik ez dago edo asko gutxitzen da. Jende preparatua behar da".
Eta nola ikusten ote zuen Elustondok Euskal Herria gizarte industrialari zegokionean? Bada, gaizki samar, antza. "Nere iritziz eta beldurrik gabe esaten dut, lehen aldian arkitzen da. Goierrik obeto adierazten du Euskalerriaren egoera Mondragoek baino. Euskalerriko industria askoz atzeragotua da Mondragoeko industria baino, naiz eta Mondragoen bertan ere industria batzuek oso atzeratuak izan. Beraz datoak ikusi ondoren, gure egoera zinez tristea dala esan behar dugu". Are gehiago, "parregurea ematen digu zenbaiti entzutean Euskalerriaren egoera 'postindustriala' dala norbaitek, itzaldietan gainera, dioenean. Baina gure parregurea tristea da, erri atzeratua gerala ikusirik. Euskalerria industria aldetik atzeratua da. Nahi duanak nahi duana esan, baina hori ukatzerik ez dago. Ez al dago soluziobiderik? Aldaketarik ezin al diteke egin? Galdera honi erantzuteko, Mondragoeko egoera datorkigu oso ondo. Mondragoen egin den aldaketa beste lekuetan ere egiten bada, Euskalerrian peonaje gehiago sortuko da. Mondragoe aurreratuago dago baina langille espezializatu gehiago sortu du. Ta au da guk onartu ezin duguna".
Zer zela-eta iruditzen zitzaion hain onartezina hori, ez zuen argitzen. Baina harentzat "Euskalerriak aldaketa egin behar du lehen alditik irugarrenera paseaz. Beste biderik ez daukagu. Gauza al gera? Beldur naiz ezetz. Azken aldi onetan ez dugu asko erakutsi behintzat"
Daniel Udalaitz
Nazioarteko Moneta Fondoaren (NMF) eta Munduko Bankuaren (MB) aurka urrian Pragan izandako mobilizazioko irudiak gogoan ditugu oraindik. Beren jarduera eta jokabide neoliberalekin pobreak egunetik egunera pobreagoak eta aberatsak aberatsagoak bihurtzen dituen munduko globalizazio ekonomikoaren ordezkari eta eragile diren erakundeok urteko batzarra egiten ari ziren hiriburu horretan. Erakunde horiek Iparraren eta Hegoaren arteko harremanen adierazgarri ere badira. Pragakoa Seattle-ko eta Davos-eko mobilizazioen jarraipena izan zen, eta herri-mobilizazio berri eta gogorragoetara jo zuen; eta globalizazioaren aurkako mugimendua geroz eta hobeto antolatzea eta koordinatzea ekarri zuen. Globalizazioaren aurkako nazioarteko mugimendua olio orbana bezala ari da hedatzen mundu osoan zehar, eta Euskal Herriko sektore batzutan ere sartu da, oso berriki bada ere. Honek guztiak hasi besterik ez du egin.
Datorren asterako, ekainaren 25etik 27ra, 2001eko Europako Ekonomiaren Garapenari buruzko Konferentzia zegoen iragarrita Bartzelonan, Munduko Bankuak antolaturik. Azkenerako, bilera bertan behera utzi beharrean gertatu dira, globalizazioaren aurkako herri-mugimendu gehiagoren iragarpenen ondorioz. Baina, zer dago bizi izan genuenoi, 1968ko maiatzean Frantzian izandako mugimendua gogorarazten digun nazioarteko mugimendu honen atzean? Mugimendu honen ezaugarri batzuk adierazten saiatuko gara erreportaje honetan.
GENEVATIK PRAGARA SEATTLETIK IGAROZ.
Lehenik, zer da globalizazioa? Batzuentzat mundu osoa gune bakartzat hartzea da, eta beste batzuentzat, berriz, «mundu mailako fabrika». NMFren iritziz «prozesu historiko baten emaitza da, gizakiaren aurrerapenak eta teknologiaren berrikuntzak ekarria, batez ere merkataritzaren eta finantza mugimenduen bidez». Globalizazioaren helburuak hazkunde ekonomikoa areagotzea, bizi maila hobetzea eta aukera berriak sortzea dira... Baina, norentzat?
Nazioen gaindiko erakunde horiek beraiek onartu egiten dute globalizazioaren ondorioz Hirugarren Mundua geroz eta Hirugarren Munduago bihurtzen dela, hau da, geroz eta esplotazio eta desberdintasun maila handiagoak eragiten dituela herri aberats eta pobreen artean. Horretaz jabetzeko nahikoa da beren datuei begiratzea: munduko biztanleen %21ak mundu osoko Barne Produktu Gordinaren %79a ekoizten eta kontsumitzen du; aldiz, garapenean sartzen ari diren herrialdeek, munduko biztanleen %80a izanik, gainerako %21a besterik ez dute bereganatzen. Munduko biztanleen herena baino gehiago erabateko txirotasunean bizi da, egunean 200 pezeta (8 libera) eskas izanik bizitzeko. Horiei errentaren %8a besterik ez zaie egokitzen. Beraz, globalizazioak beste edozein balioren aurretik jartzen ditu irabaziak, onura ekonomikoak. Ekonomiaren prozesu ekonomikoak geroz eta gehiago egiten dio ihes politikaren kontrolari, kanpo merkataritzaren etengabeko hazkundea dela-eta.
Bigarrenik, zein dira globalizazioaren aurka daudenak eta zer eskatzen dute? Globalizazioaren aurkako mundu mailako mugimendu hau osatzen duen jende gehiena ez da alderdi politikoetan antolaturik dagoen jendea. Nagusiki nekazaritzatik, unibertsitatetik, lantokietatik, ekologiaren aldeko mugimenduetatik, mundu indigenatik, Gobernuz Kanpoko Erakundeetatik datoz eta, asko, anarkismoaren esparrutik. Ezkerreko hainbat intelektual ere hurbildu da mugimendu honetara. Nahiz eta, tarteka, talde batzuk bortizkeriaz jokatu izan duten, poliziaren erasoei aurka egiteko sarritan, mugimendu honen filosofia indarkeriarik ez erabiltzearen eta batzarrak agintzearen aldekoa da.
Horien aldarrikapenak honako dekalogoan bildu ditugu: gizarte eta garapen zuzen eta jasangarria; duintasunean eta zoriontasunean bizitzeko eskubidea; bidezko merkataritza, zuhurtasunezko kontsumoa, eta bizi kalitatea hobetzea herrien integraziorako oinarri gisa; nazioarteko esparruan egitura ekonomiko eta ekologiko berri batera igarotzeko plana; teknologiaren berdintasunezko trukea, eta teknologia berrien aldeko ikerkuntza; nazioez gaindiko enpresen kontrol demokratikorako plana; aukeren berdintasunerako planak; mugitzeko askatasuna pertsona guztientzat; Parisko Klubeko kide diren Gobernuak hartzaile diren zor ofizialak %80tik %100era indargabetzea.
Nola eratu zen nazioarteko mugimendu hau? Merkatu globalaren aurkako mugimenduen mundu mailako koordinazioa 1998ko otsailean hasi zen gorpuzten, Genevan. Suitzako hiriburuan sortu zen delako Herrien Ekintza Globala, merkataritza librearen eta Munduko Merkataritzaren Erakundearen -MME- aurka. Baina, hala ere, 1999ko azaroan Estatu Batuetako Seattle hirian MMEk egindako bilkuraren inguruan lortu zuen nazioarteko oihartzun nabarmena. 40.000 manifestari bildu ziren bertan, merkataritza librearen aurka. Hiru egunez Seattle guztiz harturik eduki zuten ehunka poliziak eta Guardia Nazionaleko soldaduk, kolkoa bete arma zutela, eta erantzun bortitza eman zieten ehunka pertsona atxilotuz eta beste hainbeste zaurituz. Aipatzekoa da hiriak bere lehen etxeratze agindua bizi izan zuela II. Mundu Gerraz geroztik.
Gero Davos-eko foroa etorri zen, urte bereko urtarrilean, eta globalizazioaren alderdi onak eta txarrak eztabaidatu ziren. Apirilean, udaberriko bilerak egin ziren Washingtonen, hau da, NMFaren eta MBaren egoitzak dauden hirian. Globalizazioaren aurkako mugimenduek bi aukerak erabili zituzten beren ahotsa eta aldarrikapenak era baketsuan aditzera emateko. Europan, berriz, Bové kasua izan da elkartasunezko mugimendu hau indartu duena. Bovék, beste nekazari batzuekin batera, Tolosatik 100 kilometrora dagoen Millau izeneko Frantziako herri txiki batean, urte honetako abuztuaren 2an gerra piztu zuen hanburgesaren aurka, janari-zaborraren adierazgarri nagusitzat harturik, eta eraikitzen ari ziren McDonaldĘs bati eraso zion traktore batekin. Hiriaren eta nekazaritza arloaren arteko borroka adierazi nahi izan zuten, benetako elikaduraren eta zabor hutsaren artekoa, tokian tokikoaren eta globalizazioaren arteko borroka. Bovéri hiru hilabeteko atxiloketa ezarri zioten, baina egun horretatik aurrera globalizazioaren «martiri» bihurtu da. Joan den urrian, globalizazioaren aurkako munduko mugimendu honek beste urrats oso garrantzitsua egin zuen Pragan, erreportaje honen hasieran adierazi dugun moduan. Izan ere, NMF eta MBk han egindako bilera zela-eta Erresistentzia Globalerako Mugimendua (EGM) Praga 2000 eratu zuten.
EUSKAL HERRIAN HASTEN ARI DEN MUGIMENDUA.
Globalizazio ekonomikoaren aurkako mugimenduak gorputza hartzen hastea besterik ez du egin oraindik Euskal Herrian. Nolanahi ere, ari da bere urratsak egiten mugimendu hori Europako edo munduko mugimenduekin koordinatzeko. Pragako martxan nazioarteko harremanak sendotu zituztenez geroztik, bertako ahaleginak ere tinkoagoak dira gaur egun. Egia da, bestalde, Euskal Herriko hainbat sindikatuk eta ezkerreko alderdi politikok (LAB, ESK, ELA, EHNE, CCOO, UGT, EH, HAIKA, IU...) beren ekarpena egin dutela, bertako militanteek Pragako mobilizazioetan esku hartuz, eta, geroago, Biarritzen egin zen Europako Goi-bileran eta, are geroago, Nizakoan. Bartzelonan egitekoa zen eta bertan behera utzi den Munduko Bankuaren bilerarako ere prestatzen hasiak ziren globalizazioaren aurkako euskal taldeak.
Nolanahi ere, gaur egun, globalizazioaren aurkako taldeen artean jende gehien biltzen duten mugimenduak, batez ere ikasle gazteenak, kanpo zorra indargabetzearen aldekoekin, GKEkin eta Komite Internazionalistekin dute lotura. Euskal Herriko talderik jendetsuenak, nahiz eta oraindik kopuruz oso handiak ez izan, 0,7 Plataformako kideen bidez aurtengo martxoan sortutako Kanpo zorra Indargabetzeko Hiritarren Sarearen ingurukoak dira. Ez da erraza mugimendu horietan zenbat euskaldun ibiliko den jakitea, baina ehunka batzuk badirela esan genezake. Espainiako Estatuaren barruan, mugimendu honek Katalunian izan du garapenik handiena, eta ondoren Madrilen, Andaluzian eta Asturiasen.
Talde horiek nazioarteko sare edo plataformetan biltzen hasiak dira, sektore eta helburu ezberdinen arabera. Hala, honako hauek ditugu, besteak beste: INPEG, Globalizazio Ekonomikoaren aurkako Ekimena; Nekazaritza Ildoa, Euskal Herriko EHNE nekazarien sindikatua kide delarik; Jubileo 2000, kanpo-zorra indargabetzearen aldeko taldeek osaturik; ATTAC, Frantziako herri mugimenduak biltzen dituen taldea; MME Kontrolatzeko Hiritarren Koordinadora, Iparramerikako taldeak bilduz; Talde Ekologistak, bertako kide izanik Greenpeace eta Earth Firts
Joxemi Saizar
Irene Hurtado filologoaren «Goierriko eta Tolosalde hegoaldeko hizkerak» lana IX. Gerriko Ikerlan-Sariketan saritua izan da eta argitalpena jada kalean da. Dialektologia lan honetan egileak aspaldiko xede bat bete du: «Tolosaldeko euskararen azterketa egiteko eta ingurukoekin konparatzeko proiektoa nuen. Goierriko hizkerarekin konparatzen hasi nintzen. Gero Gerriko sariarena sortu zen Goierrin eta horretan hasi nintzen». Bera sodupearra izan arren, aspaldidanik du harremana bi eskualde horiekin, euskara ikastera horietara jotzen baitzuen. Txikitan A ereduan ikasi zuen. Sodupe erabat erdalduna denez, txikitandik Lauaxeta ikastolako ikastaroetara eta Gipuzkoako alderdi horietara joaten zen euskara hobetzera.
Esan bezala, Tolosaldearekin hasi zen eta bailara horretako datu dezente zituen, baina Gerriko sariketaren aukera sortu zenean, Goierrira zabaldu zuen ikerketa. Tolosalde hegoaldea deitzen dena Alegia, Altzo, Amezketa, Abaltzisketa, Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain herriek osatzen dute. Lan egiteko bi eratako datuak bildu ditu Hurtadok: berak prestatutako galdekizunen erantzunen grabazioak eta testuetako datuak (artikuluak, lanak, testu zaharrak eta berriak, XX. mende erdialdekoak gehienbat). Bere ikerketaren ondorio nagusia da Goierriko hizkeran nahasketa handia dagoela. Batetik Euskal Herriko mendebaldeko hizkeraren (batez ere Deba ibarrekoaren eta Bizkaiakoaren) ezaugarriak ere badaudela gipuzkeran (nahiz eta batzuk galbidean izan) ikusi du ikerlariak, adibidez «patatea» bezalako bukaerak (artikulua eranstea) eta «emakuma», «lora», «andra» bezalako bukaerak. Tolosalde hegoaldean berriz, ez daude mendebaldeko hizkeren eragin horiek edo gutxiago behintzat. Bestetik, Gipuzkoa iparraldeko, Euskal Herriko erdialdeko ezaugarriak Tolosalderaino iristen direla nabaritu du Hurtadok, baina Goierrira ez hainbeste. Gipuzkoa iparralde osoan epentesiak («ogiya», «txoriya», «munduba», «buruba» bezalakoak) daude eta Tolosaldean ere bai, baina Goierrin ez.
Goierri eskualde zabala izanik, sartaldea eta sortaldea bereizi ditu filologo bizkaitarrak zenbait elementu aztertzeko. Aldaketa batzuk herriz herri ematen dira eta beste kasu batzuk Goierri osoan ematen dira eta baita Tolosaldean ere. Bi eskualde nagusi horien arteko hizkera-muga Alegia eta Legorreta artean kokatuko litzateke.
Arabar eragina Goierrin.
Araba Goierritik gertu egonda, Araba aldera jotzeko joera handia izan da goierritarren artean, batez ere sartaldean (Zegama, Idiazabal, Segura, Zerain). Eta harreman horrek nola edo hala eragina izan du hizkeran. Gaur egun oraindik ere eragin hori mantentzen dela uste du egileak, «norentzako» esan beharrean «norendako» erabiltzen baitute adibidez.
Dena ez da desberdin noski, Goierri eta Tolosaldeako hizkeren artean. Gauza komunak ere badaude. «Azken batean hizkera hauek gipuzkeraren ezaugarri indartsuak dituzte: ędetĘ esatea (eta ez ędutĘ edo ędotĘ), ęgeraĘ (ez ęgaraĘ)» .
Tolosako euskarak bere garbitasunagatik duen famaz galdetu diogu filologari eta hori mitoa izan arren, batez ere bere lanean aritutako adinekoek aipatu diotela dio. Bestalde lekukotasunak (idazleenak, Lekuona adibidez) bildu ditu. Eta agian horregatik izen on horregatik, tolosaldeko hizkeraren ezaugarri batzuk mantendu egin direla dio, eta mendebaldeko euskararen ezaugarri batzuk, aldiz, behera doazela.
Batuaren eraginaz ere galdetu diogu. «Askotan zonalde horietan batua ez dute oso arrotz ikusten. Batez ere gazteek. Batua hezurdura da, baina nahi bezala jantzi behar dugula iruditzen zait, gipuzkeraz edo bizkaieraz edo...» esan digu Hurtadok. Hala ere, batuak hizkera horietan duen eraginean ez da sartu gehiegi.
Filologo hau ez da geldirik egotekoa eta hurrengo lanean hasita dago. «Tolosan zentratuko naiz hurrengoan. Herri jakin bateko lana izango da edo gehienez inguru hurbilekoa (Izaskun, Ibarra, Belauntza). Gaur egungo hizkera jasoko dut, baina ahal dudana egin beharko dut» dio. Horretarako Tolosako Udalaren beka bat jasotzeko itxaropena du ikerleak.
Orain arte oso gauza gutxi dago Tolosako hizkeraz: Lekuonaren artikulua Tolosako VII. mendeurreneko liburuan eta Izagirrek BAP aldizkarian Tolosa, Ibarra eta Belauntzako baserritarrekin egindako elkarrizketa, 1967koa. Orain Irene Hurtadok urtebetean egingo duenarekin ederki osatuko da ikerketa hau
Iosu Etxaniz
Gernika, Durango, Markina eta Lekeitio herriek mapan sortzen duten erronboaren bihotzean, Bizkairik eta Euskal Herririk euskaldunenean, Lea ibaiaren urek bizitza sortzen jarraitzen dute. Jaiotzen den Oiz mendiko magaletik Kantauri itsasoraino, iparrerako bidean igarotzen dituen nekazal kutsuko herrien nortasun komuna eraikitzen jarraitzen du. Ezaugarri geografiko eta sozio-ekonomiko komunak dituzte, bai, eta euren harreman estuaren emaitza nagusietako bat Lea Ibarreko Udal Mankomunitatea dugu, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa herritxoak biltzen dituena; berez, Leak Lekeitio eta Ipazter ere ukitzen ditu, baina bertako errealitateak ezberdinak direnez ez dira mankomunitatearen partaide. Zonalde hau Bizkaia osoko ezezagunenetakoa izan da orain arte, -baita gutxien populatuenetakoa ere, herrialdeko lurraldearen %3,2an biztanle guztien %1,7 soilik bizi baitira- baina Mankomunitatearen helburuetako bat egoera horri buelta ematea da, eta horretarako zonaldea ezagutarazteko CD-ROM bat editatu du. Bertan bost udalerri hauetaz eta ingurukoetaz denetariko hainbat datu zehatz eta interesgarri aurki daitezke, hala nola, kokapena eta ezaugarri geografikoak, populazioa, klima, fauna eta landaredia, historia...; azken finean, Lea ibarrari buruzko datu-base ezin zehatzagoa osatu dute, bailara hau gero eta ezagun eta erakargarriagoa bihurtu asmoz.
Bailara ezezagun baten fisonomia.
Mintzagai dugun lurralde menditsu honek 76,3 km2 betetzen ditu Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean eta bere populazio osoa ez da 2.000 pertsonara iristen, horietatik asko erdigune txikietan baino baserrietan bizi direlarik, barreiaturik aurkituko ditugun auzune ugarietan zehar. Beraz, bertako klima epel (batez beste 14ŗ urtean) eta euritsuak (181 egun euritsu urtean) lagundurik, historian zehar bertakoen zeregin nagusia laborantza eta basogintza izan da. Azken honen eraginez adibidez, lehen harizti zabalak zirenak gaur egun Intsigni pinuz beterik ikusten ditugu eta, errentagarritasun azkarraren izenean, hauek jadanik ibar osoko zuhaitz guztien %76 suposatzen dute (4.444 hektarea osorik), pagadiak adibidez 13 hektarea besterik ez diren bitartean.
Pinuek ez dute, hala ere, bertakoentzat baliabide ekonomiko nahikoa ekarri, eta nekazal zonalde askotan gertatu bezala Lea ibarrak XX. mendean bere biztanleriaren erdia baino gehiago galdu zuen (3.960 biztanle 1900ean, 1.900 biztanle 1999an), nahiz eta azken urteetan kopurua bere horretan mantentzea lortu duten. Garai berean ondoko Lekeitioren bilakaera ikusiz gero (3.944 biztanle 1900ean, 7.466 biztanle 1999an) argi dago joandako asko lan aukera gehiago eskaintzen zituzten inguruko herrietara mugitu zirela, baina herri hauen eragile nagusietako bat izan den emigrazioa ez da soilik horretan geratu. 1970-75 artekoak urte beltzak izan ziren leatarrentzat: lan aukerarik ez, garraio egokirik ez, etxebizitza urritasuna, ume gutxi eta eskolak mantentzeko arazoak medio askok inguruko industriguneetara joan beharra izan zuten. Zorionez, gauzak aldatu egin dira eta gaur egungo bertako migrazio bakarrak baserritik erdigunera edo alderantziz eginikoak dira. Izan ere, ondoko Markinako Ikastetxeak eskaintzen dituen ikasketa profesional eta teknikoei esker eta bailaran bertan abian jarri duten Okamikako Industrialdearen laguntzaz, leatarrek oso bestelako egoera bizi dute gaur egun.
Pasa den mendeko arazoak izan baino lehen, Leako herritarrak betidanik bere premiak asetzeko gai izan zirela esan liteke, bertako gizarte nekazariak beharrezko zituen elementu oro (tresneria, jantziak, oinetakoak...) egiteaz norbera arduratzen baitzen; horrela, 1850 arte inguruan ez zen ia artisautza edo merkataritzarik ezagutzen, eta industriaren eragina burdinola eta errota (ugariagoak, garia eta artoa eho behar zuten neurrian) batzuetara mugatzen zen; gaizki komunikatua zegoen bailara honetan gizarte mota ere nahikoa itxia zen, botere politiko-ekonomiko osoa kontrolatzen zuten leinu-sendi gutxi batzuek eta hauen maizter aritzen ziren beste guztiek osatua, menpetasun harreman gero eta okerrago batean (uztaren eta jaunen menpe erabat). Gizarte egoerak jadanik ez du zerikusirik antzinakoarekin, jakina, baina jarraitzen duena leatarrek beren arazoak beraiek konpontzearen aldeko jarrera da, eta horren adibide nagusia dugu gaur egun 1983an sortutako Lea Ibarreko Udal Mankomunitatea. Horrek bertan bildutako udalerri bakoitzaren hainbat gastu murriztea ahalbidetu du, baina hori baino garrantzitsuagoa dena, bailararen hondoratze isila gainditu ahal izatea ekarri du, Okamikako Industrialdea bezalako ezinbesteko ekimenak aurrera eramateko gai izanez.
Okamikako miraria.
Mankomunitatearen hastapenak 70eko hamarkada ilunean bilatu behar dira, hainbat gazte orduko emigrazioaren aurrean herri txikien bizitza eredua aldarrikatzeari ekin ziotenean, bat-bateko mugimendu dinamiko indartsu bati hasiera emanez. Hortik aurrera, gero eta baztertuago eta inkomunikatuago zeuden udalerrion ordezkariak batu eta mahai-inguru, kultur aste eta abarren laguntzaz arazoak zehaztu, egoera analizatu eta lehen proposamen zehatzak mahai gainean jarri zituzten, Mankomunitatea bera sortzea (1979an udalen koordinakundea) edota azpiegitura industrialen beharra esaterako. Hortik aurrera hainbat ekimen aurrera atera dute, hala nola, ongizate zerbitzua (1985), udalen kontabilitate zerbitzua (1986-87), ur lohien estolderi zerbitzua (1988), zerbitzu enpresa baten sorrera (1989), pobrezia egitasmoa (1990), etxebizitza eta garraio zerbitzuak (1993), Bizkaibus linea bertatik igarotzea (1996), enpresa-proiektu berrien mintegia (1999) edota bailara osoaren promozio kanpaina bideratzeko oinarriak (2000).
Dena den, bada beste guztien gainetik gailentzen den eta berez mankomunitatearen hasierako helburu nagusia zen lorpena: Okamikako Industrialdea. 1984an sortua, dagoeneko ekimen honek 30 bat enpresa eta 400 lanpostutik gora sortzea lortu du, bailara osoari bizitza berria emanez. Industrialdea berez Gizaburuagako lurretan dago, baina udal honek zergen bidez jasotzen duen diruaren %40 mankomunitatearen esku geratzen da, enpresa berrientzako dirulaguntzetan erabiltzeko. Gainera, mankomunitateak sortutako Legamin mintegi industrialaz gain, aipatzekoa da ekimen garrantzitsu honetan Markinako Udalak, bertako Eskola Teknikoak edota Lea Ibarreko Udal Mankomunitateak luzatutako laguntza, Azaro Fundazioaren bitartez ekimen berriak sortzeko eta egungoak garatzeko laguntza alegia. Bestalde, hortxe dago Bizkaiko Diputazioarekin, BBKrekin edota EUDELekin lanpostuak sortzeko Behargintza hitzarmena ere. Honek guztiak bertako bizimodua hobetzeko helburua du, eta hein handi batean lortzen ari dela ematen du: besteak beste, bailarako errepideak hobetu dira, telebista eta telefono estaldura handitu eta hobetu da, saneamendu sarea bideratu da...
Datu esanguratsu bat aipatzearren, duela 30 urte lan ezak bailara osoa jendez hustutzearen mehatxupean jartzen bazuen, gaur egun, eta INEMek 1999an eskainitako datuen arabera, Lea ibarra osoan 19 besterik ez dira lanik ez duten pertsonak, hamar emakume eta bederatzi gizonezko. Beste alde batetik, lanean ari diren pertsonen artean, gehienek zerbitzuetan egiten dute lan (%43,5) eta gutxienek eraikuntzan (%9,1); industrian (burdinola, kartoiak, grafikagintza, burdingaiak...) hiru leatarretik bat ari da eta, azkenik, antzina ogibide nagusia zen nekazaritzan bakarrik %13,6k jarraitzen du.
Bailarak oraindik zenbait hutsune ageri ditu ekonomikoki, hala nola erosketak egitera inguruko herrietara joan behar izaten dela, baina orokorrean Lea ibarrak iraultza handia ezagutu duela esan genezake, hau da, bere etorkizuna inoiz baino argiago ikustea, baina aldi berean bere izaera eta nortasuna gordetzea ahalbidetu izan dion bilakaera sakona alegia. Orain leatarrek euskal herritar eta kanpotar guztiak beren berpizkundearen lekuko izatera gonbidatu nahi dituzte, bide batez turismoaz baliatuz bertako bazter lasai eta ederretaz goza dezaten
Nagore Irazustabarrena
Izebaren etxeko salako apaletan distiratsu eta hauskor begiratzen gaituzten iruditxo gorrotagarri koadrilaren atzean, zabal, aberats eta, batez ere, erabilgarri ageri da portzelanaren eta, oro har, zeramikaren mundua. Noski, Ming dinastiako jarroi autentikoa ez dugu kantinplora moduan erabiliko. Baina egia da artelan gisa erakutsi ohi zaigun antzinateko hainbat pieza garai hartan sukaldean erabiltzen zela. Eta egia da egun ere artista ezagunen diseinu berritzaileetan zopa edo entsalada jan daitekeela.
Egunotan eta uztailaren 8a bitartean, Irungo Amaia Kultur Zentroan paratu duten «XX mendeko Formak eta Objektuak: Buztinetik portzelanara» izeneko erakusketan agerian geratzen da hori. Eta toki egokian antolatu dute, gainera, erakusketa hau, Irunek tradizioa bai baitauka langintza honetan, Porcelanas Bidasoa fabrikari esker batez ere.
Baina erakusketaren ibilbidea lehenago hasten da, 2.000 urte lehenago hain zuzen ere. Erromatarren garaian, Estrabon, Plinio edo Ptolomeok, besteak beste, Oiasso izeneko hiriaren aipamena egin zuten euren testuetan. Oiasso egun Irun dagoen tokian zegoen eta bertako Santiago auzoan 1992 eta 1993. urteetan burututako indusketetan hainbat objektu aurkitu zuten. Horietako batzuekin (guztira 14.000 zeramika puska aurkitu ziren) osatu dute erakusketaren lehen zatia, gure garaiko I. eta II. mendeko objektuei dagokiena. Buztinezko fusaiola, pitxer edo adreiluak daude ikusgai, baita zeramikazko anfora eta kaikuak ere. Baxera eta sukaldeko tresna ugari dago terra sigilata bezala ezagutzen den materialak emandako ohiko kolore gorrixka dutenak.
Kikaratik orinalera.
Denboran salto handi samar bat egin (erakusketan urrats pare bat baino ez) eta XIX. mende erdialdera iritsiko gara. Pasai Donibaneko Portzelana Fabrika 1851. urtean sortu zen. Hasieratik pasta zuri eta arina erabili zuten fabrika horretan, Limoges-ko eran. Materialaz gain, estiloak ere Frantziako eragina uzten zuen agerian, errestaurazio estiloari jarraitzen baitzioten. Horren lekuko hainbat plater, kafe joko, zutargi eta irudi bildu dute. 1878an fabrika honek hondoa jo zuen eta nekez aurrera egitea lortu bazuen ere, handik aurrera eta 1915ean bere ateak behin betiko itxi zituen artean bere ekoizpena pitxartxo oroigarri, orinal eta instalazio elektrikoen isolatzaileetara mugatu zen.
Hurrengo jauzia ez da denboraz horrenbestekoa. Bai, ordea, jatorrian behintzat, geografikoki. Francisco Ybańez valentziarrari eskaini baitiote erakusketaren hirugarren zatia. XX. mende hasieran iritsi zen ingeniari hau Gipuzkoara eta Hernanin Cerįmica San Miguel fabrika fundatu zuen. Abangoardiako ikuspegia erantsi zion Ybańezek zeramika produkzioari. Artista ezezagun honek art nouveau kutsuko lanak egin zituen, baita eskultura modukoak ere. Azken hauen artean Goya edo Beethoven-en bustoak dira aipagarri (Beethovenena Irungo erakusketan ikus daiteke). Horretaz gain, ontziak emakume irudiak, fraide baten eskultura txikia eta beste hainbat pieza bildu dituzte bertara. Portzelana modernoaren aitzindaritzat jotzen dute valentziarra eta erakusketa honetan, orain arte behar bezala jaso ez duen errekonozimendua eman nahi izan diote.
Bidasoa eta artistak.
Erakusketaren azken zatia, zabalena, Porcelanas Bidasoaren lanen bilduma da. Fabrika honen Irungo Ventas auzoko eraikina 1935ean hasi ziren altxatzen. Lehen garai haietan estilo klasikoa izan zuten ardatz Bidasoaren lanek: Sevres, Luis XIV, Napoleon, Sajonia... Estilo horien isla moduan, hainbat baxera, ontzi, azpil, kikara, pitxer eta jarroi bildu dituzte Amaia Kultur Zentroan. 60ko hamarkadatik aurrera nazioarteko hainbat sari jaso zuen fabrika honek eta, ondorioz lortutako ospea medio Picasso, Dali, Tharrats, Rueda, Benedito, Laca eta beste hainbat artista ezagunekin elkarlanean jardun zuen. Egun artistekiko elkarlana ez du eten eta erakusketako lan berrienen artean hainbat adibide aurki daitezke. Quatrum baxera zuriaren forma sinpleak Agatha Ruiz de la Pradaren diseinu asimetriko eta koloretsuekin kontrastean ipini dituzte. Ondoan Arzakentzat Andres Nagelek diseinaturiko baxera, zuria eta zimurra. Eskultore beraren kafe jokoak, ordea, ez du aurreko lanarekin zerikusirik: forma geometrikoak eta kolore biziak dira nagusi. Azkenik, Mariscalen lana erraz identifikatzen da koloredun plateretan ipini dituen irudiei esker.
2.000 urtetako ibilbidea amaiturik, bisitariak asko ikasi duela pentsa dezake. Hala ere, gehiago ikasi nahi duenak badu horretarako aukera: «Mahaiaren aurkezpena» bideo ikustaldia. Ba al zenekiten mahaian jartzen ditugun loreek ez dutela usainik izan behar? Janariaren usainekin nahastea ez omen da komeni. Eta aurkezpen platerak mahaiaren ertzetik bi zentimetrora jarri behar direnik? Eta labana jartzeko orduan, mozten duen aldea beti platerera begira jarri behar denik? Horiek eta gehiago azaltzen dira bideo horretan Subijana edo Arzak bezalako sukaldari ezagunen laguntzaz. Portzelana erabiltzeaz gain, nola erabili ere jakin behar baita.