Pilar Iparragirre
Zergatik titulu hori, «Ipuin errotikoak»?
Bada, ipuin erotikoak idatzi nahi nituelako nik, baina horretarako problemak izan nituen. Izan ere, ipuin erotikoak idazteko nahitaezkoa da esperientzia, eta nik behintzat nahikoa esperientzia gutxi daukat horretan. Ezkondu ginenetik ere, uste dut nahiko esperientzia kaskarra dugula horrelako ipuin liburu bat idazteko.
Esperientzia, eginez hartzen dela diote, ordea...
Eta saiatu nintzen horretan ere! Bainaŕ nahiko petral. Eta gainera problemak izan nituen, batez ere emaztearekin. Azaldu nizkion ipuin erotikoak idazteko neuzkan arrazoiak, erotismoa eta pornografiaren arteko aldea... Baina berari biak oso gauza nazkagarriak iruditzen zitzaizkion. Esan nion ere, matizazio kontua dela, eta jada beroturik, aitatu nizkion filosofo handi batzuen izenak ere: Heidegger, Schopenhauer, Kierkegard, Savaterŕ Baina Savater aipatu nionean, bueno! Akabo nireak, emazteak ezin baitu Savater begien bistan ikusi! Esan zidan ea ni ere «Basta Ya!»n sartzekotan ote nenbilenŕ Beno, ez nuen konbentzitu. Beraz, ipuin erotikoak idatzi ezin nituenez, ipuin errotikoak idatzi ditut.
Eta zer kontatzen duzu horietan?
Neure betiko obsesioak, hausnarketak, buruhausteak eta miseriak. Beti liburu berdina ari omen naiz idazten, eta jada literatura uztea ere desiratzen nago, bainaŕ ezin dut. Barrenengo zera bat daukat, bakean uzten ez nauena, eta aurrera jarraitzen dut. Santa Teresak zioen arriskatu egin behar dela bizitzan. Nik ez dut horrenbeste egin, baina literatura arrisku gisa ulertzen dut eta arriskurik gabeko literaturak, niri behintzat, ez dit interesik sortzen.
Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre
Literaturarekin zita bat genuen, eta zita literarioak medio Harkaitzek bere idazle kuttunenak gonbidatu ditu gurekin kafea hartzera. Absurdua bizio, musikaren maitale, egiazko pasioa lerro artean ezkutatzen denak sortarazten dio.Poeta bat New Yorken, euripean dantzan "funky chicken" totala. Euskaldun bat Madrilen, "zezen brabo" kastako literato espainolentzat ezezaguna, ulergaitza eta beraz idazlea ez beste dena. Bere bizitza «Canokeria» bat da (zer besterik izan daiteke?)
guztia irakurri
Mikel Asurmendi
Zure alderdiak (PSE-EE) emaitzik onenak Araban lortu zituen, EAEko azken hauteskundeetan. Hala ere, oro har, ez dira aski izan alternantzia politikoa gauzatu ahal izateko.
Arabako emaitzak oso onak izan dira guretzat, bi osagai garrantzitsu dituztelako. Hau da, EAJk lehendakaria jarri zuen hautagai nagusi gisa; hobekien baloraturiko hautagaia zelarik, eta PPk Mayor Oreja. Araba politikagintzaren eredu gisa jarri zuen PPk. Bien aurka lehiatu gara arabar sozialistok, itxura guztien arabera, haientzako deus gutxi kontatu genuelarik. Arabako alderdi sozialistak, ordea, botoen %21 lortu du. Alderdi popularra erabat harrituta geratu da.
Hauteskundeen ostean garai eta egoera berri batera pasa al gara?
Hasteko eta behin, nik Ibarretxe eta EAJri ezer gutxi sinesten diet, benetan. Ez dut emaitzak onartzen ez dituenaren amorruz esaten, ez naiz euskaldunek bozkatu dutenaren aurka inola ere. Ordea, nazionalismoarekin buruturiko ibilaldi politikoaren perspektibatik begiratua desleialtasun izugarriak antzematen ditut, hitzeman ziguten gauza asko ez dira bete. Gainera, ez dut uste hori alderdi sozialistari soilik gertatu zaionik, beste alderdi batzuek ere nazionalismo demokratikoarekin izaniko itunak ez dituzte beteak ikusi.
Nortzuk dira beste horiek?
Beste batzuek. Beraiek badakite. Nik alderdi sozialistari gertatu zaiona dakit. Badakit beste batzuk nazionalistekin kexu daudela elkarrekiko izaniko desleialtasun eta itunen ez betetzea dela-eta. Edonola ere, nik Ibarretxe jaunak asmatzea nahi dut, arrakasta handiena opa diot. Izan ere, nire zoria bere arrakastaren baitan baitago, bere arrakasta nire arrakasta izango da. Oso gutxi exijitzen diot Ibarretxeri, ia ezertxo ere ez: hau da, legealdia bukatzerako bizkarzainik ez izatea. Bestela esanda: nazionalista ez garenok nazionalista bezala bizi gaitezen. Denok berdin bizitzearekin bikain biziko gara.
Ibarretxerengandik ezer gutxi espero duzu antza, baina udalerrietan akordioetara iristeko proposamena egin diozue sozialistek? Laudio eta Amurrioko udaleetan, esate baterako.
Guk Ibarretxeri koherente izaten lagundu nahi diogu, benetan diotsut. Planteatzen dudan honetan ez dago trikimailurik ez tranparik. EAEko hauteskundeak oso garrantzitsuak izan dira bi arrazoiengatik. Bat: euskaldunon %80k bozkatu dugulako. Jendea kezkatua dago, politikariok irtenbideak aurki ditzagun nahi dute herritarrek. Bi: Ibarretxe lehendakariak bete beharreko konpromiso oso garrantzizkoak dituelako. Ibarretxek zer ez duen egingo esan du. Hau da, ez zuzen ez zeharka, ez duela EHrekin harremana gauzatuko. Horretan koherente izan behar du eta hitza bete. Badakit oso zaila dela berak hori bakarrik egitea. Horregatik lagundu behar diogu, bai berari, nahiz EAJ zein EAri. Horretarako, gutxiengo batek gobernaturiko udaletan gehiengo demokratiko egonkorrak finka daitezen nahi dugu, eta udal horiek demokratikoki gobernatuak izatera pasa daitezen. EAJk du giltza. Konplikatua dela? Jakina. Politikan halaxe da dena. Baina kontrakoa egitea ez da gizalegezkoa, ez da ondradua. Joseba Permachek esaten duenez, argiki esan ere -EHk garbi hitz egiteko duen moldea gustatzen zait. Nahiz beren irizpideak nireak ez izan, EHkoak gardenak dira behintzat, eta niri ere horrela gustatzen zait izatea-, EHk biolentzia gaitzestea basarmortuan ura aurkitzea baino zailagoa da. Beraz, horra zein den norabidea. Ibarretxek horren arabera behar du jokatu orain. Instituzioak herritar gehiengoaren mesederako jarri behar ditu. Horixe da Ibarretxeri planteatzen dioguna. Halaber, EAJri eta EAri.
EA eta EAJ alderdiek maniobra politikotzat jo dute zuen poposamena. Joseba Egibarrek protagonismoa bilatzen ari zaretela esan du.
Bada, horrela bada, alderdi bi hauek ihesi dabiltza berriz ere, aurrerantz ihesi. Badakit, alderdi hauek oso etorkizun konplikatua dutela, eta hartara edozein proposamena deskalifikatzen dute. Tira, herritarrek juzka dezaten PSE-EEren jarrera. Gure proposamena zintzotasunez egina da, ordea. Ezin dutena eskatu da gu oposizioan egonda oposizio lanik ez egitea. Oposizio lana egin eta nazionalismoaren alternantzia politikoaren alde jardun behar dugu. Eta egin egingo dugu, eta hartara herritarrek juzka dezaten batzuek nahiz besteek esan eta egiten duguna.
Halaber, nik badakit Joseba Egibarrek proposamen honetaz pentsatzen duena. Nola onartuko du Egibarrek honelako proposamen bat EHko jaunekin liluratua izanda? Pertsona bat ez da aldatzen gauetik biharamunera, ez du urteetan esan eta egin duena bat-batean aldatuko. Egibar jaunari ulertzen diot. Egibar hauteskundeetan ezkutuan jarri dute alderdian. Nazionalista batzuk ezkutatu eta bestetzuk plazara atera dituzte. Egibarren ildokoak ezkutuan izan dira hauteskunde kanpainan; Arzalluz barne. Orain besteak atera dira: Atutxa, Ibarretxe... Hau da, nazionalismoaren sektore light. To! Aldatzen hasiak dira berriz ere, ezkutuan izan direnak ateratzen ari dira. Erantzukizun eta gardentasunaren garaia da ordea, mesedez, ez gaitzaten deskalifikatu.
PSE-EE Eusko Legelbiltzarrean oposizioan gelditzeko erabakia presazkotzat jo du zenbaitek.
Ez dut uste presazko erabakia izan denik, herritarrek jarri gaituzte oposizioan. EAE oso atipikoa da. Herritarrek botoa eman dute batzuek goberna dezaten eta bestetzuk oposizioan egon gaitezen, edota hirugarren batzuek, Javier Madrazo bezala, botafumeiroarekin jardun dezaten. Madrazok nahi zuen Jaurlaritzan hankaz eta buruz sartu, eta sartuko da. Madrazori sozialistak EAJ eta EArekin Gobernuan egon ginen bitartean berak esan zituenak aztertzeko eskatzen diot. Madrazok hiru parlamentarioekin hogeita hamairu dituenari oposizio politika egingo diola esaten du. Gu inozoak izan gaitezke, baina ez ergelak. Herritarrek oposizioan jarri gaituzte alternantzia politikoa gauzatzeko. Nazionalismoa ez da betiereko. Gainera, alderdi sozialista gobernuan sartu izana bai okerra litzatekeela, ez zuen inork ulertu izango. Politikak koherentzia behar du.
Esparru natural beretsukoak izaki, IU-EB Gasteizko Gobernuan egoteak ez dizu arrangurarik sortarazten?
Ezta gutxiagorik ere. Madrazo bozkatu duten ezkerreko botoemaileak ez daude Gobernuan sartzearen alde. Ez daude ados, ez duelako logikarik ez, koherentziarik, ez zentzurik. IU-EBk Gobernuan egon nahi duela, egon dadila eta Madrazo jaunari besarkada eman diezaiotela. Alajaina, Gaspar Llamazares jaunari kosta egingo zaio erabaki hori Andaluzian, Extremaduran, Valentzian edo Madrilen azaltzea. Bai horixe!
Zure alderdikide batzuen ustez garai berri batez hitz egitea ez da aski, zerbait erakutsi beharra dago. Estrategia berritu behar al dute sozialistek?
Zergatik ez? Gure politikaren hainbat atal berrikusi behar dugula? Baliteke. Baina, erne, Euskadiko politikan ez dira politika normalaren parametroak erabiltzen; ez beste inon erabiltzen diren parametroak behintzat. Politikan ari garen herritar eta sozialistok -popularrak beste hainbeste- oso baldintzatuak gaude. Gure mugimenduak ez dira nazionalisten mugimenduekin parekatzen ahal. Denok ari gara politikan, baina neurri ezberdinen arabera. Ulertzen dut nazionalistek ez ulertzea, haiek ez baitaude gure egoeran. Geure egoera pertsonala ez da logikoa politika egiteko, erabateko demokraziarik ez duen herri batean bizi gara. Politikan dihardugunon erdiak bizkartzainak behar ditugu. Politika baldintzapean dago, guztiz kondizionatua. Horregatik gure lehen baldintza da besteen baldintza berberan aritzea, hori da legealdi honetarako Ibarretxe jaunak bete behar duen lehen helburua. Ez zenbat hileta elizkizunetara joango den eta guretako zenbati deitu beharko dioen telefonoz doluminak emateko eta gurekin dagoela esateko. Horrek ez du zentzurik. Hemen, lau urte barne denok egoera berdinean izatea bermatu behar du Ibarretxek, politikaren planteamendu libreen arabera. Egungo egoerak estrategia politikoa aldatzea baldintzatzen du, aldaketa edozein eta txikiena dela ere. Euskadi bitan banaturik dago, erdiz erdi. Hori da errealitatea eta horrek izan behar du Gobernuaren kezka nagusia. Kontuz, herri hau erdibitzen duen ezpata hain zorrotza izanik, denok moztu gaitzakeenaren kontziente izan behar dugu.
Elkarri Bake Konferentzia antolatzen ari da. Zein da zure iritzia?
Herritarren %80k bozka eman du eta Eusko Legebiltzarra erabat legitimoa da beraz, erabakiak bertan hartu behar dira. Elkarrik egin nahi duena ondo dago, baina bazeukan hauteskundeetan aurkeztea. Ezin dena da debatea parlamentutik kanpora atera.
Mugimendu sozialek badute politikan partehartzerik, ezta?
Bai, bai. Munduko eskubide guztia dute. Baina egoeraren protagonismoa ez zaio herriak erabaki duenari kendu behar, hau da, Euskal Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari. Eztabaida eta erabakien ardatza parlamentuari dagozkio, eta gero eztabaidatzeko nahi den mintegi edota konferentzia guztiak antola daitezen. Baina kontuz, instituzioetan ez dauden horiek ez dezaten erabaki herri honek nondik joan nahi duen, ezta legearen maila erabaki ere. Ez dezaten herritarrek bozkatu duten ordezkarien protagonismoa kendu, bestela denok den-dena zalantzan jarriko dugu, eta akabo.
Eusko Legebiltzarreko alderdiek bakearen aldeko mahai eraginkor bat antolatzeko abagunerik ikusten duzu?
Egin beharra ikusten dut. Baina ez gaitezen azkarregi joan, bestela helmugak gaindituko ditugu, eta, berriz ere, atzera egin beharko dugu. Hemen formula guztiak erabili dira. Ajuria-Eneako Ituna, kasu. Zailtasunak zailtasun, erkidego honen garai hoberena eman zuena. Gobernuaren funtzionamendua, aniztasuna, autonomiaren garapena eta bizikidetasunerako garai onena izan zen hura. Gero Lizarra etorri zen, desastre bat. Beraz, biak ikusita, zerbait berririk antolatzeko, lehenbizi desastretik aldendu beharra dago. Hobetu dezagun Ajuria-Eneako ituna. Ados. Ehunetik ehunean hartu gabe, har dezagun bere kontzepzioa abiapuntu gisa. Eusko Legebiltzarrak betebehar hori burutu behar du uneon. Bake mahaiaren ardatzak, aniztasuna eta herriaren ordezkaritzaren mahaia izan behar du.
Ibarretxek proposatzen duen euskal erabakiunea barne?
Ibarretxek euskal erabakiuneaz ari denean, zertaz ari den argitu behar du, ez baitu orainokoan argitu. Zein da euskal gune erabakitzailea? Euskadi hiru lurraldek osatua dago. Euskadin marko juridiko bat dago, nazionalistek egina, hain zuzen ere, beraiek gehiengoa zirela bakarrik egina. Lurralde historikoen legea, alegia. Baina, nik gauza bat ulertzen dut, Ibarretxek beste bat, eta ziur Otegik ez duela ulertzen ez Ibarretxek ez nik ulertzen duguna.
Hori ebazteko erreferendum baten aukera ikusten al duzu?
Egun dagoen ordenamendu juridikoa ez bada berritzen, ez. Konstituzioak ebazten du zein eratan egin daitekeen, eta hauxe dio: erreferendum mota hau ezin da EAEn bakarrik burutu. Aitzitik, gai honetan funtsezkoa da espainol guztien partehartzea. Erabaki daiteke, jakina. Hor dago Nafarroaren kasua. Baina bi erkidegoek erabaki behar dute. Konstituzioak metodoa markatzen du, berme juridiko bat behar da horretrako. Ordea, konplikatua da eta ez luke ezer konponduko. Zergatik? Hauteskunde mapa ez delako aldatzen, gizartea bitan banatua dago. Politikariok zuhurrak izatera, ehuneko ehunentzako politika egin behar dugu, eta ez irabazten dugunean besteak gure menpe jarri. Ibarretxek arduraz jokatu behar du. Egingo duena euskal gizarte osorako izan behar duela kontziente betiere. Batzuk nahiz besteak eroso nahiz deseroso egon behar dugu. Bestela ez dugu ezer konponduko eta orain arte bezala egongo gara
Mikel Asurmendi
Eleberriak funtsezkoak dira Laura Mintegiren ibilbide literarioan. Saiakerek ere berebiziko lekua dute. Psikologiaren doktoretzarako «Subjektibitatea euskal nobelagintzan»: Stephen Craneren «The Red Badge of Courage», -1999an argitaratua-, «Sisifo maite minez» eleberriaren gauzapenean berebiziko saiakera eta lana izan da.
Hasteko eta behin, zergatik Sisifo?
Jainkoek ezarritako zigorra jaso zuen Sisifok. Hau da, harritzarra hartuta mendira behin eta berriz igotzearen zigorra. Hamabost urte nituela harrapatu ninduen Sisifok; Albert Camusen «El mito de Sisifo» liburua irakurrita. Burua eta bihotzaren barnean gelditu zitzaidan nonbait. Nobelarako titulu baten bila ari nin-tzela, maitemintzea azken finean harria bera hartzea eta behin eta berriz gora eramatea dela ohartu nintzen. Hau da, jakinik maitasunak berriz ere ihes egingo digula, ez diogu maitasunari uko egiten. Hala ere, maitasuna ez dut zigortzat har-tzen. Erabakia da balio duena, hau da, maitasuna -edo harria- hartuta mendira igotzea eta gero haren bila berriz jaistea.
Nobela fikziozkoa eta aldi berean egiazkoa dela adierazi izan duzu.
Izan ere, ez ditut bereizten egia eta fikzioa. Eta ez naiz zoratzen ari, ez guztiz behinik behin. Ez ditut bereizten, fikzioa bizi egiten dudalako, nire imajinarioan. Bizi egiten dudan momentutik erreala da. Hor dagoen guztia egiazkoa da. Hau da, fikzioa ez da gezurra, ez da simulakroa, ez da nigandik aparte dagoen zerbait, nire buruari eta gogoari lotuta dago guztiz.
Maitasun eta maitemin kasuak agertu dituzu liburuan. Zer da maitemina?
Maitemina emozio guztien nahasmendu lehergarria da. Pertsona bat maitemindurik ikusten dugunean kanpokoentzat pertsona horrek zoroa ematen du, ez du jaten ez lorik egiten, eta kapaz da hamar ordutan euripean egoteko leiho bati begira. Zoramenetik hurbil dago kanpoan dagoenarentzat, kanpotik begiratzen dionarentzat. Barruan dagoenarentzat, ordea, sentimendu kontrolaezina da. Bere senean daudenek inoiz baldin badute zoramen puntua, eskizofrenia moduko bat, maitemintze prozesuetan izaten da.
Zein neurrian laguntzen digu literaturak sentimenduak ezagutzen?
Sentimenduak non hasten eta non amaitzen diren ez dakigu, baina literaturak laguntzen digu hori ulertzen, neurri handi batean behintzat. Bestela ez dago ulertzerik nola identifikatzen garen honenbeste nobeletako pertsonaiekin. Gure bizitzaz ez badihardu eta gure familiako kide ez bada, ez da erraz ulertzen nola identifikatu gaitezkeen fikziozko per-tsonaiekin, beraiekin batera negar eta barre egiteraino.
Fikzioa eta errealitatea. Nobelako protagonistak eta narratzaileak daramate nobelaren kontakizunaren haria. Zein neurrian zaude zu narratzailearen baitan?
Batetik narratzailea orojakile gisa agertu dut, egia da. Nobelan agertzen den psikiatraren «alter ego»a ematen du narra-tzaileak, psikiatra bera dela ematen du. Baina ez dut psikiatraren paperean mugatu nahi izan. Hirugarren pertsonaren rol urruna hartu dut, ahots hori sartu eta ateratzen da berak nahi duen moduan. Tranpa da. Edo bestera esanda, nire bururako hartu izan dudan lizentzia literarioa.
Politika, zientzia, artea eta maitasuna dira pertsonen bizitzako berealdiko arloak. Zein da gakoa?
Maitasuna gakoa da bizitzan, zalan-tzarik gabe. Tesia gauzatzeko irakurri nituen egileen arabera, lau arlo horiek berebizikoak dira subjektua aurkitzeko. Neronek, nire apaltasunean eta maisu handien kontra joan nahi izan gabe, ezetz uste dut. Maitasuna, aurretik, geroztik eta guztiaren gainetik dagoela uste dut. Beste guztiaren elementu ekidinezina dela. Hiru arlo horietan -zientzia, artea edo politika arloan- azken muturreraino joateko, maitasuna funtsezkoa baita.
Liburuaren sarreran Blaise Pascalen aipu hau ipini duzu. «Le coeur a ses raisons, que la raison ne connaît point: on le sait en mille choses».
Alegia, bihotzak baditu arrazoiak buruak ezagutzen ez dituenak. Hala da, horren esperientzia guztiok dugu. Gauza da, erabakitzeko gaudenean arrazionalki mila argudio ipini ditzakegula alde edo kontra, baina azkenean bihotzak agindutakoa egiten dugu.
Iragana gakoa da pertsonaren bilakabidean. Nobelan ere bai, ezta?
Nobelan bertan esaten da iragana beldurgarria dela, batez ere, aldaezina delako, eta horrek egiten du ikaragarri, aldatzerik ez dagoela. Oraina eta geroa gure esku daude nolabait eta, egitear daudenez, aldatu daitezke. Iragana ezin da aldatu. Mozorrotu daiteke, bizitza haren gainean fantasiaz antolatu, disimulatuŕ baina aldatu, ez. Psikoanalisian ere, batez ere lehen garaietako psikoanalisian, iraganaren garrantzia funtsezkoa eta erabatekoa da. Hala ere, eta subjektibitatearen ikuspuntutik, gizaki guztiok daukagu horren gainean oraina egiteko ahalmena. Orainean, nork bere erabakiak har ditzake. Beraz, psikologoek diotena egia izanik ere, filosofoek diotenari eutsiko nioke.
Burutu duzun ahalegin afektiboak itzela ematen du.
Eta arriskutsua eta beharrezkoa ... Niretzat ezinbestekoa da, onerako edo txarrerako. Hausnarketarako joera dut, ez naiz konformatzen gauza sinpleekin. Gainera, liburu bat sinesgarri egin nahi baduzu, norberak sinetsi behar du aurretik. Oso exijentea naiz idazten dudanarekin. Denbora pasa ondo dago, baina ni ez nago horretarako.
Maitasuna gakoa da bizitzan. Berarekin batera malenkonia agertzen da. Malenkonia berriz bakardadean.
Bakardadea zeharka agertzen da nobelan, baina horri buruz hausnarketa gehiago egin behar dut. Bakardadea aho biko ezpata da, komunikatzeko oso zaila. Hitzez transmitiezina da eta, gainera, berataz hitz eginez ezin da uxatu. Izan ere, malenkonia dakar, literarioki emankorra eta goxoa den sentimendua, baina sentimendu antzua da finean. Malenkoniak ez du ezer sortzen, ez du ezer aldatzen, ezer iraultzeko ez du balio. Norberaren fluidoetan ito egiten du gizakia. Niri, aldiz, beste bakardade mota bat gustatzen zait, norberaren burua kuestionatzeko balio duen bakardadea, interpelazioa egiten duena. Erantzuna norberaren baitan baitago beti. Bakardadeak erantzunak bilatzeko baliabidea izan behar du.
«Elbarri emozionalak gara» finean?
Denok gara elbarri emozionalak. Azken finean maitasun mota gehienak gabezia edo karentzia batetik datoz. Indigente edo txiro afektiboak gara denok, maitasuna behar dugu lehenik eta gero ipintzen diogu aurpegia, begiak, sudurrak, baina lehenago maitatu behar dugu. Nerabeek «maite zaitut» esaten dutenean ez dute objekturik. Ez dakite nori esaten dioten, behar duten bakarra da «maite zaitut» esatea. Hainbat kantutan entzuten dugu «maite zaitut» objekturik gabe. Lehenengo eta behin afektibitate hori behar dugu, behar dugu sentitu, maitatu. Askotan ez dago inguruan objekturik, ezerk ez digu atentziorik deitzen, hori gerora dator. Indigentzia edo txirotasun afektiboa agertzen da lehenik, horregatik, maitasun mota gehienak nahiko pobreak dira, gosetiak dira, gabeziatik sortzen dira. Bestelako maitasuna da interesgarria, ordea. Hau da, ez gabeziatik sortutakoa baizik poztasun batetik sortu dena, emaitza batetik. Maitasunak bizipoza eta bizinahia izan behar du, eta hori gutxitan ikusten da l