- Floren Aoiz, HBko bozeramaile ohia: «Bake Konferentzia antolatzea izugarrizko ekimen zuzen eta baliagarria iruditzen zaidalako, auzi zahar baten konponketa eta gizaki ugariren sufrimendua mahai gainean dagoelako, uste dut Elkarriko burukideen esku baino gehiago, pertsona xume, serio eta zintzoagoen esku utzi beharko litzatekeela Bake Konferentzia bat antolatzeko ardura. Bien bitartean agian hobe ekimenak ez erretzea eta tinbalak nahiz tronpetak umilago erabiltzea».
- Juan Maria Uriarte Gipuzkoako gotzaina: «Bat egiten dut beren hildakoei negar egiten dietenekin, beren bizitzak eraginduak dituzten mehatxatuekin, senideak espetxeratuak dituztelako sofritzen duten senideekin, beren seme-alaba atxilotuen argirik gabeko egoeragatik sofritzen duten senideekin».
- Iñigo Urkullu, EAJko BBB lehendakaria: «PPrekin duten burdinezko ituna apurtzen ez duten bitartean, ez ez dugu gobernua osatzeko kontakturik izango sozialistekin».
- Nicolas Redondo Terreros: «Jakin beza HBk ETA sostengatzea ez zaiola doan aterako».
Juan Jose Ibarretxe Argantzunen egindako Araba Euskarazen egon izanak haserre bizia sortu zuen Gaztela-Leongo agintariengan, eta aurreratzean Trebiñori buruz zerbait negoziatu behar denean kontuan hartuko dutela adierazi dute. PPko Ramon Rabanera ere izatekoa zen baina azkenean Diputazioko kultura sailburua izan zen bertan.
Joxe Mari Etxaniz bergararra, euskal preso beteranoena zen eta Espainiako espetxeetan 21 urte eta lau hilabete egin ondoren kalean da jada. Duela sei urte beteta zituen zigorraren hiru laurdenak, eta normalean aspaldi beharko zukeen baldintzapeko askatasunean.
Xabier Aizpurua Hizkuntza Politikarako Kontseilariordeak jakinarazi duenez, Jaurlaritza eta Nafarroak euskararen eremuan elkarlanean egin beharreko proiektuak bazterreratuak izan dira.
OPOSIZIO LANAK NAFARROAN
PSN-K oposizio lana serio hartu omen du Nafarroan. Hori diote oposizioko talde gehienek. EHrekin ezik, gainerako oposizioko alderdi guztiekin erronda egin dute PSNko buruzagiek. Azken hilabeteetan, halaber, UPN zenbait lege atera ezinean geratu da behin baino gehiagotan eta oposizioak bereak atera ditu UPNren aurkako jarrerarekin. Tira-birak ere izan ditu UPN eta PSNren aurrekontuen akordioak, ez zalantzan jartzeraino, ordea. EAEko hauteskundeen ondorengo emaitzen zain egon omen da Juan Jose Lizarbe idazkari nagusia. UPNren gonetatik urruntzea izan daiteke epe laburreko asmoa; azken helburua, UPNren gobernu alternatiboa lantzen hastea.
PEPE REI BERRIZ ASKE
PEPE Rei kalean da berriz, Entzutegi Nazionaleko penaleko laugarren sekzioko epaileek Baltasar Garzonen instrukzioari berriz jipoia eman ondoren. «Ardi Beltza»ko zuzendariak kazetaritza egiten du eta ETA ez dago aldizkariaren zain bere ekintzak egiteko, hori ondorioztatu dute epaileek. «Ardi Beltza»ko itxierarekin, beraz, beste horrenbeste gertatu beharko litzatekeela ondorioztatu daiteke eta haren itxieran atzera egin beharko litzatekeela. «Gara» eta «Euskaldunon Egunkariak» ETAren azken elkarrizketa ateratzeagatik ere deklaratu behar izan dute egunkariotako zuzendariek, nahiz eta fiskaltzak jarritako kereilak ez duen aurrera egin. PPk kereilarekiko adostasuna agertu zuen, PSE-EE isilik eta gainerako alderdi guztiek gogor kritikatu zuten Entzutegi Nagusiko fiskaltzaren asmoa. Fiskaltzak ez du ageriko ezer lortu, baina edozein komunikabideren garapenerako ez da ona Entzutegi Nazionalean ETArekin nahastuta ibil-tzea atzera eta aurrera.
MOBILIZAZIOAREN INDARRA
IZARBEIBARRAN gartzela berria egin behar zela ezagutu zenetik, bailara osoak -udaletxeak buruan-, aurkako jarrera tinkoa erakutsi du modu desberdinez, nagusiki kalean egindako mobilizazioekin. Emaitza, kartzela berria ez dela bailaran eraikiko. Kostua handia izan zitekeen eta UPNk amore eman du. Auzia itxita dago oraingoz, eta aurrera begira UPNk hor du arazoa mahaiaren gainean: lehen kartzela berria behar bazen, orain ere beharko da, beraz, arazoa izango bide da bere kokagunea eta bertako biztanlegoaren erreakzioa.
FUTBOLA ERE SUSMAGARRI
OSASUNA futbol taldeak lehen mailan jarraitzeak -Realari irabazi ondoren- kirol eremua gainditu du eta susmo kezkagarriak eragin ditu Espainiako gune zenbaitetan. Era guztietako zurrumurruak entzun dira Athletik, Reala eta Osasunaren ezkutuko akordioaren inguruan. Errealaren jokoa ere susmagarria izan zen, eta berdin Osasuna sostengatu zuen realzaleen jarrera orokorra. Halako gertakizunen esanahia bere lekutik atera gabe, zenbait gauza berez mintzatzen da lurralde eta herritarren loturen indarra azaltzerakoan.
ARRASATEKO POLIZI OPERAZIOAREN HELBURUAK
ETA-REKIN zerikusirik izan dezaketen polizia operazioen ageriko lehen helburua komandoak desegitea da; sarri bestelako helburuak ere izaten dira, ordea, eta Arrasateko operazioak hori adierazten du, kasu honetan bertako Herriko Tabernan egindako miaketagarik batez ere. Ordubeteko miaketa lan æeskasaÆk eta bertatik eramandako materialeak ikusita -kareta zuriak, etxafuegoak, latex eskularruak...- beste ezer baino helburua elkartea miatu zutela ezagutaraztea izan zela aditzera ematen du. ETA, Ekin eta Herriko Tabernak bat direla baieztatzeko gero Mariano Rajoy barne ministroak egindako adierazpenek ere aipatu susmoa berrindartzen dute.
SEGI ERAKUNDEA SORTU DA
BALTASAR Garzonek Haika ezker abertzaleko gazte erakundea legez kanpo utzi ondoren eratutako Gazte Bilgunearen ekimenetik Segi gazte erakundea sortu da Iruñean hilaren 16an. Erakunde berriak «nazionala, independentista, sozialista eta iraultzaile» gisa definitu du bere burua.
AB: ETORKIZUNA MIATZEN
Ekainaren 22an, ostiralez, sei urteko lan politikoaren balorazioa eginen du Abertzaleen
Batasunak. Biltzar Nagusi honetan, azken hauteskundeez geroztik gauzatzen ari den barne
eztabaidaren lehen zatia amaitutzat emanen du Iparraldeko mugimenduak. Biltzarra, halaber, ABren garai berri baten abiapuntua izanen da. Azken asteotan, EHk abian jarritako Batasuna prozesuak Iparraldean izan beharko lukeen hedapena dela eta, tira-birak izan dira ABren baitan. Nazio mailako erakunde berri bat izango da asteburu honetatik aurrera Euskal Herrian -Batasuna-, eta ikusi beharko da nola eragiten duen Iparraldeko dinamika politiko korapilotsuan.