Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-06-24 -- 1813.zenb


EUSKARA BELAUNALDI BERRIETAN

Euskal Kultur Erakundeak egindako «Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara» inkestaren arabera, Ipar Euskal Herriko euskararen ezagutzak behera egin du; euskara ongi menperatzen dutenak 13 eta 14 urteko gazteen %9 da soilik. Hegoaldean, aldiz, 25 eta 15 urte arteko euskaldunen kopurua bikoiztu egin da. Baina euskararekiko atxikimendu handiagoa agertu dute Iparraldeko gazteek. Oro har, hiztun euskaldunak bikoiztu egin diren arren, garapena ziurtatzeko hizkuntz politika egoki baten beharra azpimarratu dute arduradunek.


KUADRILLATEGI EGITASMOA HEDATZEN

Gazteen artean hizkuntz ohiturak aldatzeko asmoarekin Kuadrillategi egitasmoa jarri zuen abian Lasarteko Ttakun Euskara Elkarteak 1998an. Aurten, Deba, Bergara, Beasain, Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Andoainek ere parte hartuko dute egitasmoan. Guztira 14 eta 16 urte bitarteko 300 bat gazte ariko dira kultur eta hizkuntz tailerren bidez euskara lantzen.


HIZKUNTZA GUTXITUENTZAT BABESA

Europako Eskualdeen Batzordeak hizkuntza gutxituak babestu eta sustatzeko plana abian jartzeko eskatu dio Europako Batzordeari. Babesa, belaunaldien arteko transmisioa, erabilera, sustapena eta kalitatea ditu helburu egitasmoak. Eraberean, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna ere tresna baliagarria dela-eta, Europako Batasuneko estatuei ituna sinatu eta berresteko deia egin die.


AMIKUZEKO IKASTOLAK HIRU HAMARKADA

Nafarroa Behereko lehenengo ikastolak 30 urte bete ditu. Hastapenetik izan dituzten oztopoak gaindituz, azken urteetan laurogeita hamar bat ikasleri egin die leku eta guztiek ospatu ahal izan zuten urtebetetzea iragan asteburuan.


GAILURREKO BILDUMA

IBAIZABAL argitaletxeak bilduma berri bat jarri du martxan aste honetan bertan. «Gailurrean» izenburupean, euskal idazleek sortutako maila goreneko literatura bilduko du. Bilduma honen lehen hiru liburuak dagoeneko kalean dira. Aitor Aranaren «Ipuin-entzulea», Juan Manuel Etxebarriaren «Biziak bizilan» eta Jose Mari Satrustegiren «Mattin Mottela» dira hain zuzen, lehenengo hiru emaitzak.


IKASTAROAK ETA JAIALDIAK

NAFARROAKO Antzerki Eskolako Udako Ikastaroetako matrikula epea irekia dago dagoeneko. Ikastaroak ordea, abuztua eta irailan zehar burutuko dira. Hauexek dira hain zuzen aurtengoak: abuztuaren 20tik 24ra Gorputzeko mimoa; abuztuaren 27tik 31ra Abestien interpretazioa; irailaren 3tik 7ra Dramaturgiaren konplexutasuna; eta irailaren 10etik 14ra Aktorea kameraren aurrean izenekoa.
Bestalde, aurten hamabigarren aldiz egingo da Lekeition Kale Antzerkiko jaialdia. Uztailaren 13an hasi eta 15a bitartean hemengo taldeetaz gain, kanpokoak ere ikusi ahal izango dira. Esaterako, Kataluniako Los Galindos eta Frantziako Transee Express konpainiek parte hartuko dute. Aurten bereziki herri antzerkiari jarriko zaio arreta. «Herri antzerki eremua» sailaren baitan Ligi-Atherei herriak antzeztutako Zuberoako maskaradak eta Kataluniako El grup de diables d lÆalt Urgell taldeak osaturiko «Correfoc» ikusi ahal izango dira.


ARTISTEN PRESTAKUNTZARAKO

BIGARREN aldiz burutuko da Bilboko Arriaga Antzokian eta Euskalduna Jauregian Hobekuntza artistikorako egitaraua, «Ikasantze» izenekoa. Uztailaren 2tik 14ra artista gazteek prestakuntza hobetzeko aukera izango dute. Horretarako ospe handiko irakasleak izango dituzte. Besteak beste, Carmen Werner koreografoak emango du dantza ikastaroa, eta bertan izango dira baita ere Mikhail Khokhlov pianista edo Mihai Dancila biolontxelo jolea.


SENPEREKO KANTU ZAHARRAK

HIRU urtez aritu da Oxtikenekoak kultur elkartea Senpere eta inguruetako kantu zaharrak biltzen. Orain, kantu zahar guzti horiek bilduz «Senpereko kantu xaharrak» liburua argitaratu da Eusko Ikaskuntza eta Senpereko Udalaren eskutik. Ehun orrialde inguru ditu lanak eta hirurogeita hamaika kantu biltzen ditu, gaika.


2000KO TXAPELA, GAZTETUA

GUZTIRA 23 ikastaro eskainiko dira aurten bigarren aldiz «Hik Hasi» proiektuak antolatzen dituen Udako Topaketa pedagogikoetan. Uztailaren 3, 4 eta 5ean goizez egingo dira ikastaroak eta arratsaldez berriz, hitzaldiak, eztabaidak eta aurkezpenak. Ikastaroen artean aipatzekoak dira: «Aldizkari elektronikoaren prestaketa», «Munduko dantzak eskolan», «Euskaraz aritzeko kantak eta jolasak», «Literatur txokoa», «Gatazken gobernatzea» edota «Heriotza heziketan».


LARRU GORRITAN

Abuztuaren 19a arte larru gorritan utzi dute Bilboko Arte Ederretako Museoa. Izan ere, Pablo Picasso, Jean Dubuffet, Willem de Kooning, Francis Bacon eta Antonio Saura maisuen laguntzarekin, gorputz biluzien margo biluziak bihurtuko baitira Museoaren jantzi nagusi ordura arte. Makina bat buruhauste ekarri dizkio museoari arropa kentzea. Batez ere, bost margolari hauen lanen bila nazioarte mailako museo eta kolekzioetara jo behar izan duelako. Eta bera izango da Europa osoan larru gorritan jarriko den museo bakarra. «Pintura al desnudo, Picasso, Dubuffet, De Kooning, Bacon, Saura» erakusketaren aitzakia jarrita.

- Silvia Artola editoreak honakoa zioen «Gara»n: «Euskal rocka euskal gazteriaren bilgune garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Iparraldeko gazte asko Hegoaldekoekin identifikatzen dira musikari esker».
- Garbi Losada antzerkigilearen hitzak dira hauek «El Diario Vasco»n esanak: «Gogorra da, baina bizitzeko erdarazko bertsioa behar da. Programatzaileek bi aukerak eskuetan izanda, gazteleraz egiteko eskatzen digute, æjende gehiago etorriko delakoÆ».
- Mirentxu Purroy kazetariak adierazitakoaren arabera, «hemengo kazetaritza militantea da, horregatik dauka hain ospe txarra. Herrialde anglosaxoietan ez da horrelakorik gertatzen. Hemen egiten dena propaganda da ez kazetaritza (...)». Hitzok «Euskonews & Media»k bildu ditu.
- Iñaki Irazabalbeitia Elhuyarreko zuzendariak zera zioen «Deia»n: «Euskarak tresna bezala badu gaitasuna zientzia eta teknologiako alorretan aritzeko. Gerta daiteke zenbait esparrutan terminologia landu gabe izatea; baina nola egin behar den, oinarriak, finkatuta daude».

Ekainaren 9an Sanse eta Izarra futbol taldeen arteko partidarako gonbitea luzatu zuen Real Sociedad de Futbol elkargoak. Gonbitea askori luzatuko zioten, baina horien artean ikastetxeak ziren. Eskoletako haurrak Anoetako estadiora eraman nahi zituzten. Gonbite erakargarria, baina gazteleraz.

Jabier Muguruzak bostgarren diskoa grabatzeari ekin dio. Katarain estudioan egingo du bai grabaketa eta baita nahasketa ere. Diskoan Txema Garces, Mikel Azpiroz eta David Gomez arituko dira nagusiki Muguruzarekin batera.
Hèlène Etchecopar Etchart ikerlariak idatzitako «Thèâtres basques. Une histoire de thèâtre populaire en marche» liburua plazaratu berri da Gatuzainen eskutik. Lan honek pastorala, tobera eta Ipar Euskal Herriko antzerki herrikoien garapena jasotzen du.
Juanma Bajo Ulloak «Pipi. Mission: Improbable» izeneko filma estreinatu du Interneteko plus.es helbidean.
Ana Laura Aláez eta Javier Pérez artista bilbotarren lanak daude ikusgai Veneziako 49. Nazioarteko Bienalean.

Antxon Ezeiza zinemagileak «Euskaldunon Egunkaria»n egin zioten elkarrizketan zinema bikoizketari buruz eginiko adierazpenak dira honakoak:
«(...) Bi arazok egiten dute talka hor. Batetik, sormen artistikoarena dago, benetako normalizazioarena, ikusle euskaldun bati normaltasun osoz bere hizkuntzatik abiatuta eginiko filmak ikusteko aukera ekarriko diona. Bestetik, euskaldunak beste kultura batzuetako lanak euskarara ekarrita ikusteko aukeraren kontua dago. Normalizazioaren bigarren parte hori bakarrik jorratzen baldin bada, gaurko asea biharko gosea bilaka daiteke. Espainian horixe gertatu da Francok 1942an EEBBetako filmak bikoiztea erabaki zuenetik. Hamar urteren buruan, Espainiako zinemaren pantaila kuota %30etik 8ra jaitsi zen. Yankiak izorratu beharrean, opari egin zien, bertako zinemak txertatze erabatekoaren aurka zuen babes bakarra, hizkuntza, ezabatu zuelako. Eta bidenabar, Espainiako zinema industria miseria gorrira eraman zuen. Orduan, ahalegin txiki batekin euskaraz iraupen erdiko film bat egin beharrean, æTitanicÆ euskaraz eman nahi dugu, ateak erabat zabalduz eredu horri. Multinazionalak oso gustura daude. (...) Produktu kulturalarekiko errespetu falta ikaragarri batetik abiatzen da bikoizketa. Bikoizketa obraren suntsitze bat da beti, hizkuntza bakoitzak bere dramaturgia daukalako (...)».

Andoain, Amoroto, Anoeta, Belauntza, Berriozar, Billabona, Bortziriak, Getxo, Goizueta, Hernani, Iurreta, Legazpi, Lekeitio, Mendexa, Muxika, Malerrekako mankomunitatea, Lizarra, Oiartzun, Ormaiztegi, Otxandio, Pasaia, Urretxu, Zaldibar. Udalok, UEUko ikastaroetan izena eman dutenak diruz lagunduko dituzte.

hemeroteka

1812. zenbakia | 2001-06-17
1811. zenbakia | 2001-06-10

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan