Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-06-17 -- 1812.zenb

ARDOA

TXAKOLIN EGARRIA ERAGIN NAHIAN

Daniel Udalaitz

Geroz eta txakolin gehiago egiten eta edaten da Euskal Herrian. Datuek behintzat horixe adierazten dute: 2000. urteko uztak milioi eta erdi litro baino gehiago eman ditu, eta Getariak jarraitzen du ekoizle nagusia izaten, Bizkaia eta Arabaren aurretik.

Txakolinaren ekoizpena eta kontsumoa geroz eta handiagoa da, eta hala erakusten du azken urteotako bilakaerak. Zenbait jende ahalegin handia ari da egiten txakolina Euskal Herriko tabernetako poteoan sustatzeko. Ekoizpena, oraindik ere, Gipuzkoan egiten da batez ere; Bizkaian eta Araban baino dezentez gehiago. Bestalde, Nafarroan eta Iparraldean ere badira ekoizle batzuk, baina aipatutako beste lurraldeetan egiten eta merkaturatzen denaren ondoan ez dute oraindik presentzia handirik.
2000ko uztaren emaitza gisa 1.500.000 litrotik gora txakolin egin da, eta horren merkaturatzea duela gutxi hasi da. Azken aste hauetan egin dira lehen aurkezpen ofizialak, eta, halaber, inguru bakoitzeko herriek txakolin egunaren ospakizunak izan dituzte. Ardo honen ekoizpenerako erabiltzen diren hektareak 350etik gora dira: 150 Bizkaian daude, 147 Gipuzkoan eta gainerakoak Araban. Azken uztan 2 milioi kilo mahats baino gehiago bildu da: 1.350.000 kilo Gipuzkoan, 600.000 kilo Bizkaian eta 150.000 kilo Araban.


GETARIA, EKOIZLE NAGUSIA.

Oraingoz Gipuzkoa da Euskal Herriko txakolin ekoizlerik eta esportatzailerik handiena. Getariako Txakolina jatorri izendapena aitzindaria izan da sektorean, eta urte asko darama bidea egiten. Bizkaia eta Araba, berriz, askoz beranduago hasi dira merkaturatze lanetan, baina hala ere, gaur egun, ekoizle gisa finkatzen ari dira.
Azken uztan 1.300.000 kg inguru bildu dira, %90 Hondarribi Zuri mahats zuriaren motakoak ziren, eta gainerako %10a Hondarribi Beltza motakoa. Biak aldi berean biltzen dira, garai bateko mahastietan bata nahiz bestea nahasirik landatzen zituztelako. Azkenaldiko landaketetan bereizi egiten dira, horien heldutasun maila hobeto kontrolatu ahal izateko. Uzta horren emaitza gisa milioi bat botila merkaturatuko da, eta horrek esan nahi du uztak 800.000 litro baino gehiago eman dituela.
Aurten 22,5 hektarea gehiago erabili dira, landaketa berriak egin direlako. Aurreikusten denez, 2003. urterako Getariako Txakolina jatorri izendapenaren barruan izena emana duten mahastiek 180 hektarea inguruko azalera bilduko dute. Gaur egun 147 hektarea inguruko azalera hartzen dute, Aia, Getaria eta Zarauzko herrien artean banaturik. 17 upelategi daude; guztiak ekoizleak dira eta beraiek egiten dute botilaratze lana ere.
Getariako Txakolina jatorri izendapena daraman txakolina Euskal Herrian bertan edaten da nagusiki: ekoizpenaren %80-85. Nolanahi ere, horixe da hemendik kanpo merkaturatzen eta esportatzen den bakarra: %10-12 Espainiako Estatura, batez ere Madril eta Bartzelonara; eta %2-3 Estatu Frantsesera eta Estatu Batuetara. Gauza bitxi modura, aipatzekoa da joan den urtean kopuru txiki bat Puerto Ricora esportatu zela.


BIZKAIAREN EKOIZPENA %20 HAZI DA.

Bizkaiko txakolinaren ekoizpena 475.000 litrokoa izan da 2000-2001 urteko uztan. Beraz, %20 igo da aurreko urteekiko, eta, gainera, oso kalitate onekoa da: suabea, gradu gutxikoa, fruta gustukoa, garraztasun arinekoa eta pindar ukitu naturalekoa. Bost urteko epean, sektore hau babesten eta bultzatzen ari den Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek diotenez, 1.500.000 litroko ekoizpena lortuko dute. Azken urte honetako ekoizpenaren igoera, nagusiki, lehengo mahasti zaharrak berriekin ordezkatzearen eta ekoizpenerako egitura berriak erabiltzearen ondorioz lortu da.
Urtean zehar Bizkaian egindako eguraldiagatik, batez ere udako euri ugariagatik, uztak hamar bat eguneko atzerapena izan zuen aurreko urtekoarekiko. Uztaren abiatzea, loratzea eta heltzea ondo gauzatu zen, baina uztaileko euriek lan handia eman zieten ekoizleei, sor zitezkeen hainbat arazo eragozteko. Gero, abuztuan euri gutxi egin zuelako eta irailean eguraldi paregabea gertatu zelako oso uzta ona izan zen, lortutako mahatsaren heldutasun onari esker.
Ekoizpenerako inguruak, batez ere, Uribe Kostan, Txoriherrin, Enkarterrin, Mungialdean eta Bakion daude. Enkarterrin bertan bakarrik 104.000 litro ekoiztu dituzte guztira, eta Txoriherri, Mungialde eta Bakioren artean 260.000 litro. Ekoizle kopuruak ere gora egin du 2000. urteko uztan; 231 ekoizle aritu dira, iaz baino 16 gehiago. Upelategiek ere gora egin dute, eta gaur egun 65 daude. Mahatsa landatzeko erabiltzen diren hektareak asko hazi dira, berriz, 1980an 15 hektarea erabiltzen ziren, eta gaur egun 150 hektarea.
Txakolinak Bizkaian izan duen bilakaera benetan ikusgarria izan da. Bizkaiko Txakolina jatorri izendapena 1994an onartu zenetik, lehen urte horretako 140.000 litroetatik 2000ko 475.000 litroetara igo da. Orain dela zazpi urte 60 hektarea erabiltzen ziren, eta gaur egun 150 hektarea. Halaber, upelategiek ere nabarmen egin dute gora: 28tik 65era. Bost urteko epean 70 upelategi izango direla uste da, eta 200 hektarea erabiliz 1.500.000 txakolin litro inguru ekoiztuko direla.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta txakolingileek asmo tinkoa dute txakolinaren kontsumoa gehitzen saiatzeko, eta horretarako ostalaritzaren sektoreko eskaintza areagotu nahi dute. Guztiz aurreikuspen baikorrak egiten dituzte eta, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunen ustez, ardo hau ohiko bihurtu dadin saiatu nahi dute, poteoko edari bihurtzeraino.


ARABAK EKOIZPENA HIRUKOIZTU NAHI DU.

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak Arabako Txakolinaren jatorri izendapena onetsi zuen behin betikoz. Horrela, Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondoko inguruetan ekoizten den ardo honen kalitatearen maila ona onartu dute. Hain zuzen ere, azken urte honetako uzta inoiz izan den kalitate handienekoa izan da. Arabako txakolingileek etorkizun hurbilean ekoizpena bikoiztea, eta are hirukoiztea ere, espero dute.
Urtean zehar egindako eguraldia ona izan bazen ere, mahatsa biltzeko garaian euri ugari egin zuen, eta biltze lanak geldiarazi zituen tarteka. Hala ere, mahatsaren kalitatea ona eta oso ona izan da. Txakolinak 11 gradutik gorako alkohol maila eta 7 graduko garraztasuna izango duela uste dute.
Azken uztaren mahats bilketan, 2000ko urrian, txakolingileek 150.000 kilo mahats bildu zituzten, hau da, aurreko urtean baino %30 gehiago: erabateko marka. Horren emaitza gisa, 100.000 litro txakolin ekoiztu ziren, eta 120.000 litro botilaratu zituzten.
Herrien arabera, honela banatu zen uzta: Amurrion, 90.000 kilo; Artziniegan, 15.000; Aialan, 10.000 kg; Okondon, 15.000 kg; eta Laudion, 20.000 kg. Bestalde, hektarea bakoitzaren ekoizpena aldatu egiten da batzuetatik besteetara: duela bi urte landatutako lur sailetan 2.000 kilo, eta hamar urte dituzten lur sailetan 12.000 kilo.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan