ERRIOXAKO ARDO ESPORTAZIOEK GORA EGIN ZUTEN 2001EKO LEHEN HIRUHILEKOAN
Errioxa jatorri izendapeneko ardoen esportazioek nabarmen egin dute gora 2001eko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuz ia %50eko igoera izanik -8,6 milioi litro ordez 12,9 milioi esportatu dira-. Errioxako upelategien fakturazioa 10.573 milioi pezetakoa (423 milioi libera) izan zen, hau da, aurreko urteko lehen hiruhilekoan baino %34,4 gehiago, iaz 7.865 milioi pezetako (315 milioi libera) fakturazioa izan baitzen tarte horretan.
Datu honek garbi erakusten du Errioxako ardoa hasia dela prezio igoeren ondorioz galdutako salmentak berriro bereganatzen. Horrela urtearen lehen hiruhilekoan, iaz saldutako 42,6 milioi litrotatik aurtengo 48 milioi litroetara igo da. Horrek esan nahi du salmentek %12,39an egin dutela gora, eta horretan zerikusi handia izan du esportazioak. Espainiako Estatuko merkatuan %3an soilik egin du gora, eta, gainera, urteko ardoari esker izan da. Aurreko urtean, lehen hiruhilekoan, %41,5 jaitsi zen Errioxaren salmenta, ardo horiek izandako igoera izugarriagatik. Nolanahi ere, prezioen igoerak ez zuen lortu salmenten beherakada orekatzerik, eta, beraz, fakturazioa %24,5ean jaitsi zen. Urte osoan zehar, Errioxako ardoaren 39,8 milioi litro saldu ziren, eta 38.639 milioi pezeta fakturatu ziren.
Aurten, litro ardoaren batez besteko prezioa 817 pezetakoa izan zen lehen hiruhilekoan; aurreko urteko 969 pezetako prezioa baino %10 gutxiago. Ardo moten arabera, lehen hiruhilekoan gehien saldu den ardoa ondu gabeko ardoa izan da; 5,2 milioi litro esportatu dira, eta aurreko urtean, berriz, 2,6 milioi litro, %97,5 gutxiago. Ondutako ardoetan, kanpora egindako salmentak %33an igo ziren, 4,7 milioi litrotara helduz, aurreko urteko 3,5 milioi litroen ordez. Erreserba ardoei dagokienez, 2,3 milioi litro saldu dira, hau da, iazko lehen hiruhilekoan saldutako 1,9 milioi litroak baino %20,38 gehiago.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.