DISEINUA
EDERTASUN ESERITA
Nagore Zuzuarregi
Originaltasuna eta funtzionaltasuna uztartzea. Hori da Lasarte-Oriako Akaba altzari modernoen enpresak eta DZ Diseinu Zentroak bilatzen duten diseinu mota. Biek beren lanagatik sari bana jaso dute, Espainiako Diseinuaren2.000. Sari Nazionala eta Ohorezko Saria.
Diseinuaren inguruko zenbait sari Euskal Herrira etorri denaren oihartzuna izan dugu azken hilabeteetan; Lasarteko Akaba altzari modernoen enpresa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren herri elkargoa den DZ Diseinu Zentroa izan dira hain zuzen ere sarituak. Lehenengoari Espainiako Diseinuaren 2.000. Sari Nazionala eman diote eta bigarrengoak berriz, bere lanagatik Ohorezko Saria jaso du. 1985. urtean sortu ziren bi proiektu hauek beren hamabosgarren urteurrenarekin batera nabarmenduak izan dira.
Badirudi euskaldunok ez dugula diseinuaren munduan orain artean behintzat arrakasta handirik izan, hein handi batean ez baita orokorrean horretan inbertitu ere egin. Gaur egun, egoera asko aldatu ez bada ere, jendea diseinuarekin lehen hartu emanak izaten ari da eta argi dagoena zera da: "Probatzen duenak, errepikatu egiten du", Ion Sojo DZ-ko zuzendari nagusiaren aburuz. Izan ere, diseinuak produktua asko aberasten baitu.
"Diseinua entzuten dugunean ez dugu filosofia mistiko bat denik ezta objektu arraro eta sofistikatuekin harremana duen artea dela pentsatu behar" , azaltzen du Joxean DĜez Mintegi, Akaba altzari modernoen enpresako zuzendari nagusiak. Izan ere, diseinua beste erreminta soil bat da, produktu bat egitean marketina eta kalitatea kontuan izaten diren bezalaxe, diseinuaren garrantzia ere aintzakotzat hartu behar da.
Hala ere, zaila da enpresariak diseinuaren garrantziaz konbentzitzea, ez baitute bertan irabazi handirik ikusten. Aldaketa ezarian-ezarian ari da ematen. Euskal Herrian produzitzen diren produktuen kostu osotik, diseinuan gutxienez %3 eta gehienez %10 inbertitzen da, egin diren azken azterketen arabera. "Egia esan, forma berrietara egokitzea ez da oso garestia baldin eta modu egokian inbertitzen bada, ostera dirua alferrik botatzea izaten da", azpimarratzen du Ion Sojo-k. Gainera, diseinuan inbertitzeko orduan sektore bakoitzak bere ezaugarri bereziak dituela kontuan izan behar da eta bakoitzaren berezitasunen arabera modu egokienean forma berria diseinatuko da eta etorkizunerako produktu erosoagoa aurkeztu.
Horretarako hainbat faktore erabakigarriak dira: enpresak zein sektoretan egiten duen lan, produktu berriarekin zein helburu lortu nahi dituen, prezioaren mugak... Noski, eta azkenean diseinatzaileek edo diseinatzaile kabinete batek helburu eta ezaugarri horiei guztiei erreparatuz forma berri bat planteatuko dute, erakargarriagoa, beti ere praktikotasuna galdu gabe. "Gaur egun diseinuzko objektuak ez dira gauza arraro eta garestiak, aitzitik, altzairu erakargarri, erabilgarri eta merkeak egiten saiatzen gara", argitzen du Joxean DĜezek. Originaltasunaren eta funtzionaltasunaren arteko oreka bilatzen dute.
DISEINATZEKO PAUSOAK.
Diseinuzko produktu bat egin nahi denean bi pauso daude: batetik, produktuak ekoizten dituzten enpresak eta bestetik, disenatzaile edo diseinatzaile kabineteak, objektuen formaren ideiak aurkezten dituztenak. Normalean bi alor hauek banatuta egoten dira, hau da, enpresek eurek ez dituzte diseinatzaileak izaten eta lan bakoitzerako kontratatu egiten dituzte.
Lasarte-Oriako Akaba altzari modernoen enpresa dugu kasu. Lantegi honen lana altzarietara mugatzen da eta beste edozein enpresa bezalakoxea da. Baina badu bitxikeriarik: hasiera-hasieratik diseinuari garrantzia handia eman dio. Joxean DĜez: "Sorreratik guk pentsatzen genuen diseinuari bere arreta eskaini behar geniola eta erreminta hori asko zaindu dugu, horregatik saritu gaituzte, ez beste enpresekiko ezberdinak garelako". Horrez gain, Euskal Herriko enpresa bat saritzen duten lehenengo aldia da, eta saria lortu izanaren beste arrazoietako bat beren lanak atzerrian izan duen arrakasta da, euren lanaren %60 kanpoan saltzen baitute: Kanadan, Asian, Alemanian, Australian...
Akabak diseinatzaileak kontratatzen ditu eta ondoren beraiek ekoizten dituzte altzariak. Bi lan mota egiten dituzte: batetik, proiektu bereziak burutzen dituzte: Bilboko Metroa, Sevillako aireportua, Koloniako (Alemaniako) aireportua...bezalakoak; eta bestetik, estandarizatutako katalogo bat dute.
DZ Diseinu Zentroak, banatuta dauden bi lan horien arteko zubi lana egiten du: diseinatzaile eta enpresen arteko komunikazioa sortzen du. Beraz, enpresa konkretu batek DZri diseinuzko produktu bat egiteko nahiaren eskakizuna egin eta gero, proiektua diseinatzaile kabinete batera bidaltzen dute, besteak beste, hauexek dira DZrekin lan egiten duten zenbait diseinatzaile: Diara Design, ADN Diseño Industrial, Kefren, mdi, Weiss Design Asociados... Kabinete batera bidali aurretik ordea, sailkapen berezi bat egiten dute produktuaren arabera, sektore bakoitzeko ezaugarriak kontuan izateko: automozioa eta garraiogintza; etxetresna elektronikoak, elektronika eta ekipamendua; industriarako makineria; eskuzko lanabesak eta tresneria; altzariak eta argiztapena; aisia eta kirola eta beste zenbait.
Diseinuaz hitz egiten dugunean objektu arraro eta garestiak bururatzen zaizkigu; baina industriako beste erreminta bat besterik ez dela dio Akabako zuzendariak. Inbestigazio eta garapen departamentuak eramaten du diseinuaren ardura, produkzio departamentua produktuaren beste alderdi batez arduratzen den bezalaxe. Badirudi diseinuari arreta gehien eskaintzen dion sektorea altzariarena dela, baina uste hori okerra da, diseinuzko edozein produktu ikus baitezakegu: zorua garbitzeko ontziak, bizikletako gurpiletarako puzkailuak, txiza-detektagailuak, irratiak, hortzetarako zepiloak...
Hauek guztiak batzuk aipatzearren, diseinuak ez baitu mugarik. "Produktu berri hauen helburua gure bizitza eta gizartea hobetzea da eta hori alor guztietan landu beharra dago" dio Sojok. "Adibidez, Euskal Herrian Espainia osoan produzitzen den makina erreminten %80 egiten da, beraz, guk sektore honi garrantzi handia eskaini diogu". Saiakerak bere fruituak eman ditu eta 1998an egindako "Elektrohigadurazko makina, Techno" saritua izan zen. Egia esan, makina erreminten alor honetan lan asko egiten ari dira Sojoren arabera: "Gizarte bakoitzak bere inguruan dituen enpresetara egokitu behar du eta industria horretan diseinua bultzatu, era horretan, hemen Euskal Herrian makina erreminten sektorea dugu indartsuenetakoa".
DZk diseinuaren promozio lanaz gain, ekintza bitxiak ere jarri izan ditu martxan edozein objektuen eraketan diseinuak duen garrantzia azpimarratzeko, horietako batek, "Erabilera askotako erietxe oheak" hain zuzen ere, "1997ko Ergonomiako Sari Nazionala" jaso zuen.
MATERIALEN JOERAK.
Materialei dagokienean, ez dago material preziaturik diseinuzko objektu bat egiteko orduan, edozein enpresak inbertitu dezakeelako diseinuan eta batzuk egurrarekin lan egiten duten bitartean beste batzuk plastikoarekin eta besteak altzairuarekin aritzen direlako. Hala ere, material zehatz baten erabilera baino gehiago ikuspegi berri bat ari da sartzen diseinatzaileen ideietan, Ion Sojoren aburuz, "ekoproduktuetarako joera nabarmendu da. Hiru Erreak: Berziklapena (Reciclaje), Berrerabilpena (Reutilización) eta Errekuperazioa (Recuperación) dira gaur egungo produktu berrien gakoak". Gaur egungo gizartearen egoeraren ondorio zuzena da joera berri hau, halaber, merkatuak agintzen du eta azken aldiko pentsamoldean ekologismoak eta ingurumenarekiko ardurak indar handia hartu du. Horren eraginez, posible den heinean %100 berziklagarriak diren produktuekin lan egiten da. Ideia berdina azpimarratu digu Joxean DĜezek ere: "Nahiz eta material askorekin lan egin, batez ere, berziklagarriak diren gaiak erabiltzen saiatzen gara, horien artean, lan asko egiten dugu, aluminioa, altzairua, egurra eta plastikoekin".
Tendentzia jakin bati buruz hitz egitekotan, iritzi ezberdinak daude. Indarrean dagoen joera minimalista nabarmentzen du Joxean DĜezek. DZko zuzendariak aldiz, minimalismoa baino sinpletasunerako joera azpimarratu du. Gaur egun, arte kargatuegi eta makaletatik ihes egiten dela eta diseinu praktiko, garbi eta gutxiago kutsatzen duten produktuetarako joera dagoela adieraziz. Horren adibide garbia da Bilboko Metroa.
Aurrera begira Euskal Herriak diseinutik pasa beharko duela uste du Joxean DĜez Akabako zuzendariak. Azterketa baten ostean egindako diseinuzko objektu bat erakargarria, kalitatezkoa eta praktikoa omen da eta horrek munduan zehar burua tente duzula aurrera joateko arrazoia ematen du. Bestela, dio DĜezek: "Munduan dauden aulki guztien artean zergatik erosten du australiar batek Lasarten egindako aulki bat?". Hor dago diseinuaren erakargarritasuna.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.