Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-06-17 -- 1812.zenb

Jose Maria Vazquez, Bizkaiko Cebek patronal erakundearen lehendakaria: "Errealismo handiagoa lukeen bigarren su-eten baten aurrean egon nahiko genuke, elkarbizitza eta bakerantz abiatzeko gauza inportantea litzateke (...) Bigarren aukera hau leialtasun handiagoko demokraziaz ulertu beharko litzateke, eta mila kontuez hitz egin ahalko litzateke".

Carlos Garaikoetxea, EAko buruzagia: "Herri honetan eman beharko den negoziazio prozesuan, lurraldetasuna-burujabetza binomioa jarri beharko da mahai gainean eta egin beharko diren transakzioetan, lurraldetasunari lehentasuna eman beharko zaio".

Jaime Mayor Oreja, PPko buruzagia: "Umiltasun handiagoarekin jokatu beharko dugu aurrerantzean, eta eraiki behar den alternatiba hori beste inon baino Euskadin gehiago landu behar dela erakutsi".

Arnaldo Otegi, EHko eleduna: "Ez da bidezkoa esatea borroka armatuak soilik lortu duela desastre elektoral batera eramatea ezker abertzalea. Ez. Baina horrek inongo eraginik ez duela esatea ere ez da zuzena".

AEKren egoera gogorraz behin baino gehiagotan mintzatu dira koordinakundeko arduradunak, Baltasar Garzon epaileak bertako arduradun ugari auziperatu zituenean. Orduan AEKren kudeaketa eta diru mugimenduak agintari judizialen kontrolpean geratu ziren, baina orain hartutako neurriekin erakundea batetik bestera ito dezakete, bere kudeaketa guztiz lotuta geratzen da eta.
Aski da! plataformakoek aurrerantzean ez dituzte asteroko protesta bilkurak egingo. Hauteskundeen ondorengo giro berria baliatuta, Juan Jose Ibarretxe lehendakariari konfiantza tarte bat eman nahi diotela azaldu dute.
Izarbeibarreko biztanleak gogor ari dira Nafarroako Gobernuak bailaran egin nahi duen espetxe berriaren proiektuaren aurka. Alkate guztiak agertu dira proiektuaren aurka eta jadanik mobilizazio ugari egin dituzte, horien artean ibilaldi jendetsuak eta iragan igandean 3.000 pertsonako manifestazioa Garesen. Alkateen ustez, besteak beste, espetxea egitearekin eskualdean ezagutzen ari den ekonomi garapena etengo da.

LANDAREAK

Jakoba Errekondo

Kretazeo garaiko anbarra aurkitu zuten Araban lehengo mendearen amaieran. Duela 110 milioi urteko erretxin fosilizatu hauek orduko informazio eskerga eskaintzen dute.
guztia irakurri

OSASUNA

Jabier Agirre

Gorputz itxura aldatzeko kirurgia estetikoak eskaintzen dituen teknika desberdinak eta nutrizioak gaur egun dituen joerak aztergai izan dira jardunaldi batzuetan.
guztia irakurri


ZATIKETA DOINUAK AB-N

ABERTZALEEN Batasuneko 100 militanteren gutuna Iparraldeko ezker abertzalean bizi den giro gogorraren agerle da. EHren Batasuna prozesutik sor daitekeen nazio mailako Batasuna erakundearen eraketa atzeratzea eskatzen dute, eta ABn egiten ari den eztabaidarekiko begirunea; besteak beste, bestela Batasunak ez lukeelako ABren gehiengoaren sostengurik. Berriz ere zatiketa giroa somatzen da ezkerreko abertzaleen artean, Richard Irazusta ABko bozemaile eta gutunaren sinatzaileetakoak ARGIAko zenbaki honetan bertan egindako elkarrizketan ikus daitekeenez.


SOZIALISTEN BARNE EZTABAIDA

HAUTESKUNDEETAKO emaitza eskasek eraginda eta aurrera begira eramango duen ildo politikoa aztertzeko, konferentzia politiko batekin amaituko den hausnarketari ekingo dio PSEk irailean. Sektore desberdinetako buruzagi eta militante zenbaitek PPren atzetik ibiltzearena bazterreratu behar dela eskatu dute. Hauteskunde kanpaina okerra izan dela eta politika baskistagoa egin beharra ere entzun dira kritiken artean.


EZUSTEKORIK EZ

ETA-k "Gara" eta "Egunkaria"ri emandako elkarrizketak ikusmin handia sortu zuen, baina ez da ezustekorik izan, behintzat euskal gizarteko eragile politiko-sozialek egindako balorazioaren arabera. ETAk bere ohiko analisia egiten du eta egungo lerroari eutsiko diola jakinarazi du. Ramon Diaz Donostiako Loiola auzoan hil zuen sukaldaria bere helburu ez zela onartzen du halaber. EHren azken hauteskunde porrota nola baloratzen zuen ezagutzeko jakin mina zegoen, baina hausnartu beharko dela esateaz gain, erosotasuna, beldurra eta ezker abertzaleak luzatutako mezua ondo ez ulertzeari egotzi dizkio emaitza txarrak. Oraingoz bederen, hauteskundeen ondotik lau atentatu egin ditu, azkena Logroņon auto-bonbaz eta kalte material ugari eraginda.


ELKARRI: SOSTENGUA EUROPATIK

ANTOLATZEN ari den bake konferentziarako, Europako Legebiltzarreko talde parlamentario guztietako kideez osatutako sostengu batzorde bat eratu nahi du Elkarrik. Oraingoz hemeretzi izen esanguratsu biltzea lortu du, horietako gehienak eurodiputatuak baina beste batzuk ez. Irlandako lehen ministro ohi Albert Reynolds dago, Leo Tindemans Belgikako lehen ministro ohia, Denis Haughey Ipar Irlandarako Lehendakaritza ministroa, PSOEko Jose Maria Mendiluze eurodiputatua, edota "Le Monde diplomatique"ko zuzendari Ignacio Ramonet.


77 EUSKALTZALE ATXILOTUTA

NAFARROAKO Unibertsitate Publikoak euskararekin duen jarrera salatzeko unibertsitatean itxialdia egiten ari zirela, 77 pertsona atxilotu zituen Polizia Nazionalak Iruņean, NUPeko zuzendaritzak unibertsitateko aretotik kanporatzeko eskatu ondoren. Unibertsitateko agintarien aldetik gaitza da halako jarrerarik ulertzea; Iruņean poliziaren jarduera nolakoa den kontuan hartuta, ulergarriagoa da 77 pertsona (ikasle, irakasle eta langile) atxilotzea eta, batez ere, fitxatzea.


ABIAN DA LEGEBILTZAR BERRIA

EAE-KO Legebiltzar berria eratua da dagoeneko eta, aurreikusi bezala, bertako gorabeherak ondo jarraitzeko garrantzitsua den organutik kanpo geratu da EH. Eserleku gutxiago izan arren, EHren ordez Ezker Batua izango da Mahaian. Joseba Egibarrek esan zuen bezala, "gehiengo berriaren jardunaren ariketa praktiko bat" ikusi ahal izan da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan