EUSKAL UNIBERTSITATERANTZ
EIRE Unibertsitateko Euskal Herriko Unibertsitatek euskal irakasleen elkarteak Euskal Unibertsitateari buruzko lehen kongresua antolatu du datorren irailaren 27 eta 28rako. Bilbon egingo den biltzarrean euskarak unibertsitatean bizi duen egoera aztertuko dute eta euskal unibertsitatea erdiesteko estrategiak landuko dituzte 2006 eta 2021 urteak erreferentzia puntutzat hartuta. Orobat, beste hizkuntza gutxituen esperientziak aztertuko dituzte.
EUSKAL KONFEDERAZIOAREN ESKAERAK
Hitzarmen bereziaren hizkuntza ataleko Obragintza Publikoko langile Estebe Eiherabiderekin bildu zen Euskal Konfederazioa maiatzaren hondarrean. Konfederazioaren ordezkaritzak zortzi erakunderen txostenak eman zizkion Eiherabideri, egiten dituzten laguntza eskaerak zehaztuz. Orain arte banaka egindako eskaerak batu eta Obragintza Publikoari helarazi dizkiote, hark ekainaren 21ean egin behar duen bileran azter ditzan.
UDALERRI EUSKALDUNEN XI. EGUNA
UEMAk urteroko festa egin zuen joan den igandean Arbizun, Nafarroan. Aurtengoan bi bazkide berriri egin die ongi etorria mankomunitateak, Mutriku eta Etxarri-Aranatzi. Hala, 44 kide biltzen dira UEMAn. Aurtengoan, Nafarroan hizkuntz eskubideak errespetatzen ez direla salatu zuten Arbizuko festan. Halaber, botere publikoak berauek bermatu behar dituztela adierazi zuten.
GORRENTZAKO EUSKARA IKASTAROA
Gorrek euskaraz ikasteko aukera izango dute aurki Zarautzen. Izan ere, Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro aitzindaria antolatu du, alor honetan dagoen hutsunea betetzeko asmoz. Uztailaren 2tik abuztuaren 8a bitartean, Martha Kaperotxipi irakasleak 30 orduko kurtsoa eskainiko du keinu hizkuntzaren bitartez.
BIDEOAREN SORMENA
EUSKAL Herrian lan egiten duten hamar emakume artisten sorkuntzak bildu dituzte Gasteizko Montehermoson "Leda vuela" izenburupean. Txaro Arrazola, Juncal Ballestin, Itxaro Delgado, Inma Jiménez, Elena Mendizabal, Anabel Quincoces, Mabi Revuelta, Susana Talayero, Begoņa Vicario eta Begoņa Zubero, alor ezberdinetan lanean ibiltzen diren arren, oraingoan bideosorkuntza egin behar izan dute guztiek. Izan ere, uztailaren 15a arte ikusgai izango den erakusketa honetarako, artista bakoitzak hiru minutuko bideo bat sortu du.
BAKARRIK HIZKETAN
BILBOKO La Fundicion aretoak "Txotx ekainean" izeneko ekitaldia antolatu du. Hain zuzen, astebururo antzezle bat, ardo baso bat eta pintxo batez lagundurik, ikusleen aurrean paratuko da, bakarrizketa landuz. Egitaraua ekainaren lehen asteburuan hasi zen Cobayarekin. Ekainaren 22ko asteburuan berriz, Ramon Bareak inoiz egin duen lehen bakarrizketa eskainiko du, hilaren azken asteburuan Itziar Lazkanok eskainiko du "Dulce Puta" ikuskizuna eta ekitaldia uztailaren 6ko asteburuan amaituko da Felipe Lozaren parte hartzearekin. Asteburu bakoitzean, hiru emanaldi eskainiko dira, ostirala eta larunbatetan gaueko hamarretan eta igandetan bederatzietan.
UMOREAREN SARIA
AURTEN sortu du Leioako Umorezko Antzerki Azokak Umore Azoka saria. Sari honen bitartez, kale antzerkiaren alde eginiko lana saritu nahi du Azokak. Hain zuzen ere, "Artez" aldizkaria suertatu da honen irabazle. Horixe izan da, "Artez"ek hil honetan sortu duen arte eszenikoen atarian aurkeztu den lehen albisteetako bat.
JAIZKIBELEN ESTREINALDIA
IBON Cormenzana bilbotarraren "Jaizkibel" film luzea joan den astean estreinatu zen Donostian, Gasteizen, Getxon eta Iruņean, euskaraz eta gaztelaniaz. 95 milioi pezetako (3,8 milioi libera) aurrekontua izan duen film honen une gehienak Gipuzkoa eta Bizkaian izan dira grabatuak. "Jaizkibel"ek pertsona bat bere buruaz beste egitera eraman dezaketen arrazoiei buruz hausnarketa egiten du.
POESIA KAIERAK-EN ALE BERRIAK
HILAREN 15ean egingo du Susa argitaletxeak "XX.Mendeko Poesia Kaierak" bildumako hirugarren entrega. Lauaxeta, Bitoriano Gandiaga, Jose Angel Irigaray, Amaia Lasa, Joxe Agustin Arrieta, Joxean Muņoz, Omar Nabarro (Edorta Jimenez), Felipe Juaristi eta Pako Aristi idazleen lanek osatuko dute entrega hau.Orain arte kaleratutako lanen xehetasunak www.susa-literatura.com helbidean daude irakurgai.
NAFARROAKO JAIALDIAK
UZTAILAREN 26tik abuztuaren 5a arte burutuko dira Iruņeko Ziudadelan Nafarroko Jaialdiak. Egitaraua Mediterraneoko herriei -Grezia, Turkia, Siria, Israel, Libano, Jordania eta Egipto- eskainiko zaie. Kontzertuez gain, zinema, hitzaldiak eta dantza orientala ere izango dira.
Aitor Mendiluzek honela zioen "El Diario Vasco"n: "Bertsolaritza eta bertsolaria nahasten ditu jendeak. Bertsolaritza gizartearekin oso estuki loturik dagoen komunikazio forma bat da, bat-batekoa eta bizia, eta hala den neurrian gertakarien isla ere bada. Beste gauza bat da bertsolari bakoitzak bere ingurunea islatzeko dituen forma eta irizpideak, eta hori ez dago komunikazio formarekin loturik, norbanakoaren izaera eta pentsamenduarekin baizik (...)".
Gari Berasaluzeren aburuz, "Literatura garaikidea eta zentsura ia sinonimoak dira. Ez da atzera begiratu beharrik zentsuraren bideak ikusteko. Egun, hedabideak dira liburuen artaziak. Baita hedabide publikoak ere". "Gara"n emaniko iritzia da hau.
Anjel Lertxundik zera adierazi zuen "El Pais"en: "Euskararen normalizazioak itzulpengintzan du elikagai nagusietako bat. Nobela sorkuntza prozesurako izugarri aberasgarriak dira atzerriko idazleen itzulpenak".
Juan Luis Zabalaren hitzak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n esanak: "Gaur egun, hiru bertsozaletik bat bertsolaria da, eta beste bat nola edo halako aditua (...)".
Euskarari arreta gutxi eskaintzen dio Correosek. Helbidea euskaraz duten gutunak atzeratu egiten direla eta euskarazko telegramak ulertezinak direla salatu dute bertako sindikatuek. Correoseko zuzendaritzak euskararekiko duen jarrera aldatu ezean, mobilizazioak deituko dituztela adierazi dute.
Getari Etxegaraik jaso zuen joan den astean Euskal Aktoreen Batasunak banatzen duen Jokulari Berria Saria, "Errudun Jaioak" antzezlanean eginiko lanagatik. Bilbon egin zen jaialdian gainera, Paco Sagarzazu eta Itziar Lazkano antzerki atalean, Anjel Alkain eta Barbara Goenaga telebistan, Karra Elejalde eta Pilar Rodriguez zineman eta La Fundicion aretoa suertatu ziren saridun.
Txomin Peillenek "Agur Zuberoa" liburua aurkeztu berri du Zumarragan. Zuberoa zer den kontatzen duen lana Urretxu-Zumarragako Biba Xiberua elkartearen enkarguz idatzi du.
Jesus Etxezarraga idazle bilbotarrak "Sugearen tristura" izenburupean 24 narrazio laburrez osatutako lana plazaratu du Pamielaren eskutik.
Etsaiakek laurogeita bost minutuko bideoa kaleratu du. Bertan, zuzeneko emanaldietako irudiak eta hamabi kanta paratu dituzte, besteak beste.
PRINTZA
Ramon Saizarbitoriaren hitzak dira hauek "BetErriko LibuRua" aldizkarian eginiko elkarrizketan adieraziak:
"(...) Ez naiz sekula sarien aldekoa izan. Gero eta sari gehiago dago eta arbitrariotasun handia dago. Literatura, sariek bihurtzen dute notizia, sariek ateratzen dute egunkarietara, 'halakoak saria irabazi du'. Irakurleak, irabazi ez duenak galdu egin duela ulertzen du. Literaturan lan bakoitzak du bere balioa, bakoitzaren egoeraren arabera lan bat gustuko izango zaizu, beste bat ez. (...) Ez diot nire buruari onartu nahi izan idazlea nintzenik, borroka handia eduki dut horrekin; idazle izatea oso gauza handia eta garrantzitsua iruditu izan zaidalako beti. Beharbada, mitifikatuta ditudalako nire idazle maitatuenak. Nire ereduak, bi aipatuko nituzke, Samuel Becket eta Max Frisch, sekula ez naizelako iritsiko horiengana. Nire buruari idazlea naizela aitortzea kosta egiten zait. (...) Ni nobelagilea naiz, ez naiz narratzailea. Oso hizkuntza pobrea dut gainera. Uste dut idazteko ez dela hizjario eta hizkuntza aberatsik behar. Nire meriturik handiena daukadan hizkuntza pobrearekin nobelak idaztea da. (...) Idazkeran, berriz, ez dut nire burua sekula traizionatzen. Nik esan nahi dudana esan behar dut nahiz eta asko kostatzen zaidan sarritan".
Euskarari arreta gutxi eskaintzen dio Correosek. Helbidea euskaraz duten gutunak atzeratu egiten direla eta euskarazko telegramak ulertezinak direla salatu dute bertako sindikatuek. Correoseko zuzendaritzak euskararekiko duen jarrera aldatu ezean, mobilizazioak deituko dituztela adierazi dute.