NORTASUNAHira
IZ
10 kanta
1.895 pezeta
71 libera
ARIMA HEAVYA DUTEN GUZTIEI ESKAINITAKO DISKOA
Hamar kanta ditu, denera, Oiartzungo Hira heavy metal taldea osatzen dutenek arima heavya daukaten guztiei eskaini nahi dieten disko honek. Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketako entzuleen saria jaso zuen Hirak "Nortasuna" kantuarekin, eta izen horixe jarri diote Hirakoek IZ disketxean grabaturiko beren lehen emaitza honi ere. Alain Fernandinoren bateriak, Urtzi Olaziregiren baxuak, Borxa Fernandezen gitarrak eta Ibai Marinen gitarrak, ahots nagusiak eta ahotsak osatzen dute Hira. Diskoan agertzen dituzten kanten izenburuak, berriz, hauexek dira: "Lurraldeetako zaindaria", "Begiak itxita", "Nortasuna", "Erreinu galdua", "Naturaren eremuak urratuz", "Zenbakidun gorpua", "Koldar", "Babesgabeko infernua", "Hilezkorra" eta "Itsas bortitza".
MAQUIS. LA GUERRILLA VASCA M. Rodríguez
TXALAPARTA
267 orrialde
2.100 pzta./84 lib.
EUSKAL GERRILLARIEN HISTORIA EZKUTATUA (1938-1962)
Victorio Vicuña, Celestino Uriarte, Jesús Monzon, Luis Fernandez edo Fermin Isasa bezala, oraindik bizirik dirauten euskal gerrillarien lekukotasunen bidez eta alderdi komunistak argitaragabe zeuzkan hainbat dokumentuetan oinarriturik osatu du Mikel Rodriguezek "Maquis. La guerrilla vasca (1938-1962)". Gaur arte historialariek bazterrera utzia izan den historia, hau da, Euskadiko Gerrillarien Elkartearena, zeinek apenas laguntzarik eta baliabiderik gabe hogei urte luzez borrokatu zuen faszismoaren, nazismoaren eta Francoren diktaduraren aurka, 1936ko gerran, Bigarren Mundu-Gerran eta gerora ere. Borroka desorekatu hori aurrera eraman zuten gizon eta emakumeen gerrillari bizitza eta jasan behar izan zuten jazarpena ezagutu ahal dira Mikel Rodriguezek Txalaparta argitaletxean plazaratu duen lan honen bitartez. Duintasunaren historia da berea, alegia mundu guztia aurka jarri zitzaien arren, askatasuna, demokrazia eta berdintasuna eskuratu nahian irmo irauten jakin zuten gizon-emakumeena. Izan ere, behin nazismoa garaitua, aliatuek frankismoaren aurka ekingo zutela espero zuten makia osatzera animatu ziren gerrillariek, baina hori ez zen sekula gertatuko.
GURE URNIETAMikel Atxaga
URNIETAKO UDALA
144 orrialde
URNIETARI BERE NORTASUNA EMAN DIOTENAK AIPU
Egungo Urnietako herriaren nortasuna osatzerakoan eraginik handiena izan duten gizon-emakumeen aipua egiten du Mikel Atxagak idazlan honetan, Urnietako Udalak, Dabid Etxeberriaren itzulpena medio, euskaraz eta gazteleraz argitara emandako "Gure Urnieta" liburuan. Liberalek Urnieta kiskali zutenekoa gogora ekarriz hasten du Mikel Atxagak bere ibilbidea, eta harrez geroztik herri horretan euskalgintzan gehien nabarmendu diren urnietar zein urnietartuen izenak biltzen ditu eta haien lanen berri eman. Mikel Atxagak dio, etorkinen uholdeak eta bat-bateko hazkundeak gehiegi aldatu dutela Urnieta, gaurko gazteek haren izaera eta bilakaera behar bezala ulertzeko. Eta bereziki horiexek herria hobeto ezagutu eta gehiago maita dezaten saiatu da "Gure Urnieta"n argibideak eta ereduak eskaintzen.
SENTIMENDUEN MESTIZAJEABatzuen artean
GERO
164 orrialde
4.950 pezeta
194 libera
KUBA BIZIRIK ZIGOR ALKORTAREN ARGAZKIETAN
Kuba eta kubatarren bizinahia, itxaropenak eta erronkak jaso nahi izan dituzte Zigor Alkortak eta Iñaki Mendizabalek, beste batzuen laguntzarekin osatu duten "Sentimenduen mestizajea" liburuan. Bizikletan zeharkatu zuten Kuba hari bertako poetek idatziriko poemen bidez eman diote hitza, Iñaki Mendizabalek eginiko aukeraketa baliatuz. Irudiak, berriz, Zigor Alkortak ateratakoak dira. Kuba asko dago Kuba barruan ere: iraultzaren lorpenekin pozik bizi direnena eta haren moldeak hautsi nahi dituztenena; dolarra erraz eskura dezaketenena eta ezin dutenena; hiri handietan bizi direnena eta bestea, herri koskorretakoa... Eta ezberdintasun horiek guztiak jasotzen saiatu da argazkilaria, Kubak bidaiariari eskaintzen dion aberastasun guztietatik kubatarren begiradaren aldaerak, irekitasuna eta irudimena gaitzat hartuz.
HEZKUNTZA ELEANIZTUNE-RAKO BIDE BERRIAKBatzuen artean
EUSKO IKASKUNTZA
256 orrialde
2.300 pezeta
92 libera
HEZKUNTZA ELEANIZTUNARI BURUZKO LANAK
Gaztelueta Fundazioak antolatutako Hezkuntza Eleaniztunari buruzko IV. Jardunaldietan aurkeztutako lanak biltzen ditu Eusko Ikaskuntzak "Cuadernos de Educación" delakoaren 11. zenbakian. Besteak beste, Piero Floris-ek italieraz eta frantsesez aurkeztu zuen "Materiale didattico e formazione degli insegnanti", Josu Sierraren "Hizkuntzak ikasteko benetako esperientziak 'chat' edo bideokonferentziaren bidez", Pilar Sagasta eta Mikel Usabiagaren artean eginiko "Teknologia berrien erabilpena hizkuntzen irakaskuntzan", Luis M. Larringanen "Hizkuntzaren kalitatea", Joaquim Arnauren "Pensamiento de los profesores relacionado con la prßctica", Xabier Goragorriren "Eleaniztasun goiztiarrari bai, baina ez edonola" eta Maribel Valeroren "Lectoescritura en tres lenguas".
DENBORAREN LEKUKOAKBatzuen artean
EUSKO LEGEBILTZARRA
328 orrialde
EUSKO LEGEBILTZARREAN EGONDAKOEN EPAIA
Juan Mari Atutxak eginiko aurkezpenarekin ematen zaio hasiera Eusko Legebiltzarra osatu duten guztien artean eginiko liburu honi, "Denboraren lekukoak" izenburuarekin aipatu erakundeak bere XX. urteurrena ospatzeko gazteleraz zein euskaraz plazaratu duenari. Hogei urte horietan Eusko Legebiltzarreko eserlekuak inoiz erabili izan dituzten guztiei eskatu zitzaien orri batean laburtzeko erakunde honetan lan egin izanak sortzen zizkien oroitzapen, bizipen, hausnarketa eta ekarpenak. Hirurogeita bederatzik bete zuten eginkizuna eta horiexen lanak eta argazkiak osatzen dute liburua, non jasorik dauden politologoen diagnostikoak, zenbaitzuen gogoeta lasaiak, bidean gelditutako legebiltzarkideen oroitzapenak, kritikoen iritzi gupidagabeak eta marrazkilarien arkatz zorrotz bezain umoretsuen emaitza.
JAKIN 123/124Batzuen artean
JAKIN
238 orrialde
2.500 pezeta
100 libera
HIZKUNTZ POLITIKAREN AUZIA "JAKIN"EN
Espainiako komunikabideetan euskalgintza osoa auzitan jartzeko fenomenoa ematen ari dela-eta, horren azterketa egiteari ekin dio "Jakin" aldizkariak bere 123/124. zenbakian. Horretarako, batetik, Joan Mari Torrealdaik eginiko "iritzi argitaratu" horren bilketa zabala eta azterketa eskaintzen du. Eta bestetik, fenomeno horren jatorriari eta eraginari buruz Luis Barinagarrementeriak, Gabi Basañezek, Andolin Eguzkitzak, J. Iñaki Etxezarretak, Joxerra Garziak, Jorge Gimenezek, Iñaki Irazabalbeitiak, Jose Angel Irigarayk, Mikel Irizarrek, Xabier Isasik, Xabier Kintanak, Joan Mari Larrartek, Xabier Mendiguren Bereziartuk, Jose Luis Mendozak, Olatz Osak, Fernando Perez de Viñasprek, Estebe Petrizanek, Jose Maria Rodriguezek, Iñaki Uriak, Jose Manuel Orrozek eta Andres Urrutiak pentsatzen dutena.
MISTER DAFFODIL ETA BERE DENDA Asun Balzola
ELKARLANEAN
21 orrialde
620 pezeta
24 libera
AMESGAIZTOAK BIRZIKLATZEN DITUEN DENDA
Asun Balzolak idatzi eta marraztu du "Mister Daffodil eta bere denda", sei urtetik aurrerako irakurleentzat aproposa den ipuina. Nina izeneko neskatotxo bat dauka protagonista. Eta amesgaizto handi-handi bat izan du Ninak. Ez zaio batere gustatu, jakina, baina berarekin zer egin ez dakienez, etxean gordeta dauka, sekula egin behar ez dena. Baina halako batean mister Daffodilek duen denda bereziaren berri izango du eta bere arazoa konponduko da. Izan ere, Ninak jakin bazekien gizon atsegin hark zer edo zer birziklatzen zuela, bere dendako sarreran "Daffodil Birziklapenak" jartzen zuelako. Zer birziklatzen ote zuen, ordea? Hori jakin nahian, dendara sartzea erabakitzen du Ninak. Eta orduan jakiten du mister Daffodilek amets txarrekin eguzki-gaztatxoak eta izar-gaztatxoak egiten dituela.