Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-06-10 -- 1811.zenb


EUSKARAZKO KALETEGIA

Bilbatu elkarte euskaltzalea sortu da Bilbon. Aste honetan Bilboko kaletegiaren inguruko mintegia egin du. Izan ere, elkarte horrek euskararen normalizazioan laguntzea du helburu, horretarako, hizkuntzaren estatus eta korpusaren hainbat alor lantzeko asmoa izanik. Kale izenak euskaraz zuzen erabiltzeko beharraz ohartuta, Euskaltzaindiak osatutako kale izendegia ezagutarazi eta jendea berau erabiltzera animatu nahi dute.


GIPUZKOAKO ESKOLA TXIKIEN FESTA

Datorren igandean Gipuzkoako Eskola Txikien XIV. jaia egingo da Angiozarren "Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik" lelopean. Goizeko hamarretatik hasita, besteak beste, jokoak, tailerrak, puzgarriak, bazkaria eta ikuskizunak izango dira haur eta helduen gozamenerako. Hogeita sei eskola partaideek eskola txikien beharra aldarrikatuko dute jai giroko egun honetan.


EUSKARA JUSTIZIAREN ERREFORMAN

Zazpi autonomia erkidegoek eta Justizia Ministerioak Justiziaren erreformarako akordioa onartu zuten duela bi aste. Horren arabera, euskara jakitea beharrezko izango da oraindik izendatu ez diren justizia esparruko hainbat lanpostu eskuratzeko. Justizia administrazioko beste zenbait lanpostutarako, ordea, euskara meritu gisa hartuko da.


HAUR ELEBIDUN ETA ELEBAKARREN AKATSAK

"Ikastaria. Hezkuntza Koadernoak" liburua kaleratu du Eusko Ikaskuntzak. EHUk 1998an antolatutako udako ikastaro batean hizkuntza asituek plazaratutako iritziak biltzen ditu. Horien arabera, haur elebidunek ez dituzte elebakarrek baino gramatika akats gehiago egiten, eta garuna elebitasunerako ondo prestatua dago.


PIRINIOETAKO JAIALDIA

PIRINIOETAKO herrien arteko kultur trukaketa bultzatzeko xedez, ekainaren 15, 16 eta 17an "Pyrene 2001" jaialdia burutuko da Otsagabian. "El mundo de los Pirineos"ek, Zaraitzuko Bailarako Batzordeak, Otsagabiako Udalak eta Garalur elkarteak antolatu dute ekimen hau. Ekitaldien artean, ekainaren 15ean kale antzerkia izango da; ekainaren 16an, Pyrene Folk Musika Jaialdia egingo da, non besteak beste, Kepa Junkerak parte hartuko duen; eta 17an, Erramun Martikorenak eta Jean Mixel Bedaxagarrek parte hartuko dute jaialdi honetan.


LABURRAK IPAR NORABIDERANTZ

IPAR Norabidea" izena eman dio Zarauzko Olerti Etxeak martxan jarri duen liburu bilduma berriari. 60 orrialde inguruko liburu txikiak plazaratuko dira bertan. Dagoeneko, hiru argitaratu dira. Hain zuzen ere, Felipe Juaristiren "Inazio Muniberen abenturak" narrazio liburua, eta Juan Ramon Madariagaren "Orbanak" eta Jose Luis Padronen "Bihotzak planto" poema liburuak. .


PABLO SARASATEREN BERRIAK

PABLO Sarasate Orkestrak 2001-2002 denboraldirako hainbat berrikuntza aurreikusi du. Besteak beste, datorren urtean orkestra handituko da, hain zuzen ere, lau musikari berri izango ditu; bestalde, orkestrak datorren urteko ekitaldietara zuzendari eta bakarlari ezagunak ekartzeko asmoa du. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ondoan eraikiko da ziurrenik orkestrarentzat eraikin propioa. .


IKUS-ENTZUNEZKO JAIALDIA

EKAINA eta uztailan zehar burutuko da Gasteizen Ikus-entzunezkoen XVI. Jaialdia. Hainbat ziklo eta ekitaldiren ondoren, jaialdiari ekainaren 22an ekingo zaio. Ekainaren 23 eta 24an "Gasteiz, plato bat" ekimena burutuko da. Egun horretan, Gasteizko kaleetan grabatutako filma ekainaren 29an ikusi ahal izango da Montehermoson. Egun horretan bertan, "Bat-bateko Film Laburren gaua" egingo da. Bertaratzen diren zuzendariek 24 ordu izango dituzte film labur bat filmatzeko Euskal Herriko toki ezberdinetan. .


ZIENTZIA ATARI BERRIA

ELHUYAR kultur elkarteak Zientzia.net zientzia atari berria jarri du martxan. Hauek izango dira besteak beste, honek emango dituen zerbitzuak: egunero zientzia eta teknologiaren inguruko albisteak emango ditu; bertan kontsultagai jarriko dira "Elhuyar Zientzia eta Teknika" aldizkariaren aleak eta "Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa". Halaber, nahi izanez gero, Zientzia.net-eko asteko albisteen laburpenak posta elektronikoaren bidez jaso daitezke. Hau guztia, www.zientzia.net helbidean. .


EUSKAL ANIMAZIOA FRANTZIAN

LEHENENGO aldiz izango dira Frantziako Annecy herrian aste honetan bertan egiten ari den Animazio Zinemaren Nazioarteko Azokan EAEko bost animazio ekoiztetxe. Dibulitoon, Irusoin, Lotura Films, Merlin eta Pausoka dira bertan izango direnak, Eusko Jaurlaritzak eta Media-Antena Euskal Herria ikus-entzunezko enpresak antolatutako "Niniak 2001" egitasmoari esker. Honen helburua, euskal animazio ekoizpenak mundu osoan ezagutaraztea da.

- Mikel Laskurain aktorearen hitzak dira hauek "Gara"n bilduak: "Euskal antzerkia da bertoko konpainiek egiten dugulako, baina ez eredurik edo eskolarik dagoelako. Gainera, eredu itxiak ez dira batere komenigarriak. Baina ofizialki, ez dago ez eskolarik eta ez ezer, antzerkiari ez zaiolako behar besteko garrantzirik ematen, eta hori etorkizunean igarriko dugu".
- Lierni Elorzak egunkari berean esandakoaren arabera, "egungo dantza askoz landuagoa da, perfektoagoa. Alabaina, lehengo dantzaren aldean bizitasuna falta zaio".
- Jesus Uriarte injineruak honakoa zioen "Deia"n: "Egiptoera idatzi zen garaian (K.a. 3.100. urtean) present zegoen euskara. Euskarak eman zion gramatika egiptoerari. (...) Euskara hizkuntza afrikarra da".
- Jesus Etxeberria konpositore eta orkestra zuzendariak zera adierazi zuen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Gaur egungo konpositoreen lanek ez dute lekurik orain egiten diren kontzertu eta zikloetan (...) Hemen, batetik, ez dugu musika argitaratzeaz arduratzen den enpresa asko, eta, horrekin batera, nik uste dut kultura musikala falta dela (...)".

Batzuek sariak jasotzen dituzte; besteek kritikak. Halakoa izan ohi da bizitza. Gure kritika Nafarroako Pilota Federazioak jasoko du asteon. Bere webgunean izan gara eta informazio interesgarria topatu dugu, jokoaren araudia kasu, baina dena gaztelaniaz zegoen. Ez dugu euskarazko hitz bat ere topatu.

Leopoldo Zugaza durangarrak jaso berri du Bilboko Liburu Azokak ematen duen Urrezko Luma saria euskal kulturari eskaini dion arretarengatik. Zilarrezkoa berriz, Jean Echenoz eta Toti Martinez de Lezearentzat izan da.
Jose Luis Ezeiza margolariak 1992. urtetik 2001a arte egindako lanak ikusgai daude ekainaren 9a arte Tolosako Aranburu Jauregian.
Juan Mari Beltranen disko berria hemendik bi hilabete ingurura izango da kalean. Amasako IZ estudioetan grabatu eta No-CD Records diskoetxearen eskutik plazaratuko du lan hau. Bertan euskal soinu tresna, tinbre, hots erritmo eta estiloen bilduma grabatu du.
Karlos Linazasorok "Ipuin errotikoak" izeneko lana plazaratu berri du Alberdania argitaletxearen eskutik.

PRINTZA

Lourdes Oņederrak esanak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n:
"(...) Luisa Etxenikeri irakurri diot 'literatura femeninoa' emakume egongunetik idazteko tradizioari dagokiola. Egongunea, gunea, muina, itzulien zentroa, fokoa. Asko hitz egiten da emakumeez. Modan gaudela, eta hau, eta bestea. Kontua da 'gutaz' hitz egiten dela, ez 'gugandik': gu oso gutxitan garela gune; literatura, kultura, elkarrekin egiten dugun mundu-antolaketa oso gutxitan dela 'femeninoa'. Pixka bat erreparatzea besterik ez dago:
Felipe Juaristik irrati-elkarrizketa batean zioen kantari batek, emakume izena duen kanta egiten duenean, emakume hori beretzat inportantea dela adierazten duela, edo antzeko zerbati. Elkarrizketatzaileak esan zuen, beranduexeago, emakumeek bizitza alaitzen dutela. (...)
Emakumeak kantarientzat inportante izan daitezke, baten bati bizitza alai diezaiokete, senar mozkorrari bronka botako diote edo poemetan agertuko dira eta, fikzioa zer den ez jakiteaz aparte, poemetan agertzen diren emakume horiengatik jelos izango dira. Hori bai dela generoduna, hori bai dela maskulinoa. Esango nuke diskurtso feministarik feministena ere ez dela bere femeninotasunean maskulinotasun horren erdira iristen.
Oraindik orain, gure mundu-kontakizunean emakumeak besteak dira".

Nafarroako alkateek Euskalerria Irratiaren Larreko saria jasoko dute aurki, euskararen alde egin duten lanagatik. Hiru eremutako 58 alkatek Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikaren aurkako helegitea aurkeztu eta Oinarriak plataformarekin manifestazioa antolatu zuten otsailean. Merezi dute.

hemeroteka

1810. zenbakia | 2001-06-03
1809. zenbakia | 2001-05-27

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan