AMUKO HEGALUZEA KONTSUMITZEA
Ez da gauza bera amuko hegaluzea edo bolanten bidez harrapatutakoa jatea". Hori zen Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradiek egin zuten publizitate kanpaina handiak zabaltzen zuen mezua. EAEko egunkari guztietan zabaldu zen. Aurten ere iaz bezain egia izango da mezu hori. Kanpaina horren helburua merkatuan sartzen ari zen bolantaz harrapatutako hegaluze kopuru handiari aurre egitea zen. Iragarki horrek arrandegietan hegaluzearen jatorria galdetzera bultzatu nahi zituen kontsumitzaileak. Bolantek hegaluzearen stocka suntsitzen dutela nabarmendu nahi zuten kanpainaren bidez, eta, gainera, izurdeei eta marrazoei ere gogor erasotzen dietela.
Beste herrialde batzuetatik "bolantekin arrantzatu eta kamioietan garraiatutako" hegaluze asko sartzen ari zela ohartarazten zuen iragarkiak, eta, aldiz, euskal arrantzaleek "amu bidez eta banan banan harrapatzen zutela" eta, horregatik haien arrainak kalitate ezin hobean iristen direla arrandegietara.
Hemengo hegaluzea arrantzatzeko erak -zioen iragarkiak- "Europako araudia betetzen du, espeziea zaintzen du eta ez du arriskuan jartzen arrantza ondarea; eta, gainera, gure arrantza-industriaren aberastasunari eusten laguntzen du". Eta, amaitzeko, honela zioen: "Baxurako arrantza ontzien jarduera guztiz funtsezkoa da itsasertzeko hainbat herrirentzat. Arrantzan aritzen diren 350 ontzik 3.000 arrantzale ingururi ematen diote lana. Gure arrantzaleek harrapatutako hegaluzea kontsumitzea kalitatea kontsumitzea da".
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.