ZERGA DELITUA
ZERGA DELITUAK EPAITEGIETAN LOKARTURIK
Daniel Udalaitz
Zerga esparruko gaizkileen kopuru handi bat auzitegiek zerga delituak epaitzeko erakusten duten moteltasunaz edo interes kaskarraz baliatzen da, ogasun publikoari milaka milioi pezetako iruzurra egiteko. 1999an haziendak bidalitako 100 espedienteko 7 epaitu ziren soilik.
Zerga iruzurra 15 milioi pezetatik (600.000 libera) gorakoa denean bihurtzen da zerga delitu, eta horrek esan nahi du maila horretako ekonomi ahalmena eduki behar dela, hau da, familia edo enpresa handien kontua dela. Eta esan beharra dago delitu mota hori ez dela eraginkortasun handiz jazartzen, eta, beraz, inolako zalantzarik gabe, etorkizunean delitu kopuru hori geroz eta handiagoa izango dela. Ez dugu zehazki Euskal Herriari dagokion daturik, baina Espainiako Estatuari buruzkoak ditugu, eta ez dugu uste oso ezberdinak izango direnik. Azken urteotan epaitegietara igorritako zerga delitu salaketen %88k epaitu gabe jarraitzen dute. Epaitegien ikuspegitik, berriz, "atzerapena eta gainezkako egoeraren" zergatia legearen zailtasunean eta aldaketetan datza. Besteok, ordea, gure zalantzak izan ditzakegu ez ote den izango hainbat enpresa eta familia epaitu nahi ez dituztelako. Kontua da, arrazoi bat edo bestegatik, milaka milioiren iruzurra egiten zaiola ogasunari, eta erantzukizunek argitu gabe jarraitzen dutela. 1999. urtean bertan 81.278 milioi pezetako (3.251 milioi libera inguru) kopuruari dagozkion salaketak sartu ziren epaitegietan.
ZERGA IRUZURRA ETA ZERGA DELITUA.
Beste ezer baino lehen argitu beharra dago zerga iruzurra eta zerga delitua ez direla gauza bera. Gaur egun indarrean dagoen legeriaren arabera, zerga iruzurra zerga delitu bihurtzeko bi baldintza bete behar dira: ogasunari egiten zaion iruzurra 15 milioi pezetatik gorakoa izatea eta zergadunak iruzurra egiteko asmoa zuela nabarmentzea. Bi baldintza horiek betetzen ez dituzten iruzurrak ez dira delitu bihurtuko; iruzur soilak izango dira, eta ogasunak jarritako zehazpenen bidez ebatziko dira, epaitegietara joan gabe.
Bestalde, zerga iruzurrak lau urtetan iraungitzen dira, eta delituak bostetan, eta berdin da ogasuna ez ohartu izana edo epaitegietan egotea. Iraungipenaren egutegia eten egiten da eta hutsetik hasten da berriro ogasunak edo epaileek zergadunari diligentzia bat helarazten dioten bakoitzean. Beraz, zerga delituen espedienteak pilaturik daude fiskaltzetan nahiz epaitegietan. 1992tik 1999ra bitartean zerga delituei buruzko 3.049 salaketa jaso zituzten epaitegiek, baina 368 besterik ez zituzten epaitu, %12, Zerga Agentziaren arabera. Gainerako %88 ebazteko daude oraindik. 1999an 100 espedienteko zazpi besterik ez zituzten epaitu. Horrela ageri da "El PaØs" egunkariak duela gutxi ezagutzera eman duen txosten batean, eta, horrez gainera, dio ustezko zerga delituen artetik auzitegien epaia jasotzera heldu diren salaketak behera egin dutela azken urteotan. 1994an izan zen salatuen arteko kopururik txikiena epaitutako urtea, %5,7. Handik aurrera pixkanaka goraka joan zen 1997 arte, 59 salaketa epaituz, urte horretan aurkeztutakoen %20,1.
Egoera, ordea, okerragora doa. Ogasuneko ikuskaritzak 1999an epaitegietara bidalitako 691 salaketetatik 47 besterik ez ziren epaituak izan, hots, %6,8, urte horretako Zerga Agentziaren memorian ageri denez. Eta zerga delitu horiek ez dira huskeria. Ez. Altxortegi publikoari iruzur egindako diru kopuru handiak dira. Horrela, auzitegiek 1998an jasotako salaketek 63.070 milioi pezetako iruzurra adierazten zuten, eta 1999an 81.287 milioi pezetara iristen zen.
Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak (BJKO) aitortzen du zerga delituak epaitzeko epaitegietan gertatzen den atzerapena, baina, aldi berean, salaketa horiek iraungitzeko inolako arriskurik ez dagoela azpimarratzen du, oso zaila delako bost urtean inolako diligentziarik ez egitea. Baina, justiziaren inpartzialtasunaz gehiegi fidatzen ez denari berehala etorriko zaio galdera burura: zer gertatzen da diligentzia horiek egiten ez badira?
Epaitegietako maila goreneko arduradunek aipatzen dituzten arrazoi bakarrak epaitegietako mekanika eta egungo legeria dira, eta ulertzekoa da horiek hori esatea. Horrela, BJKOko bozeramaileak, Benigno Varelak, aipatu dugun egunkari madrildarrak egindako galderari erantzuterakoan zioenez atzerapen horiek delitu hauei buruzko "epaitegi eskuduntzetan izandako aldaketen ondorio" dira. Epaileak esan zuenez, "Kode Penala eraberritu zenetik eskuduntza probintzi auzitegiei zegokien, eta 1998az geroztik eskuduntza horiek penaleko epaitegien esku daude berriro ere". Ordezkari berorrek zioenez, zerga delituen arloan epaitegietan pilatzen den gehiegizko lana "zerga delituaren konplexutasunagatik gertatzen da". Horregatik, eta, agian, ezer ez dutela egin entzun beharrik ez izateko, BJKOk baliabide tekniko eta langile gehiago eskatuak dituela nabarmentzen du, eta, horrekin batera, ogasun publikoaren aurkako delitu hauei buruzko ebazpenak arinagotzeko lege aldaketak ere eskatu dituztela.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.